2012/11/30

Practicumean maiteminduta?

Ikastetxearen Antolakuntzako irakasleak helburu horixe jarri zigun practicumaren egonaldirako, maitemintzea. Hitz potoloa da hori. Gelan galdetutakoan, ezetz esan nuen nik.

Maiteminduta al nago orain dudan lanbidearekin? Hasieran esango nuke baietz, maitemindurik nengoela. Orain ere oso gustuko ditut iraunkortasuna, biodibertsitatea, partaidetza, lurralde-antolamendua eta nire eguneroko lanean jorratzen ditudan beste hainbat gai. Hala ere, lanbidearekin maiteminduta nagoenik ez nuke esango. 

Alde batetik, lanarekin ez nago maitemindurik, sistemarekin, alegia. Nire ustez, espezie bezala erabat erratu gara horretan. Bizitza hain motza izanda, ez diot inolako zentzurik hartzen egunero horrenbeste orduz lan egin behar izateari. Ez dut ulertzen zergatik den beharrezkoa planetan egunero lanordu produktibo kopuru erraldoia sortzea gizaki guztion artean. Pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko gizarteen antolaketa egokia izanez gero, posible izan beharko litzateke bakoitzak bizpahiru ordu egunean lan eginez guztiok duintasunez bizitzea, eguneko beste orduak benetan garrantzitsuak diren gauzetan erabiltzeko: maite ditugun pertsonekin egoteko, natura behatzeko, gizakiak egindako gauza ederretaz ohartzeko, pentsatzeko, gauza berriak ikasteko... Eta guzti horren ordez, beharturik gaude lotan ez gauden ordu gehienak lanari emateko. Gainera, krisialdiarekin batera badirudi aukeran ditugun egoerak zein baino okerragoak direla, egunkarietan aditzera ematen zaiguna sinisten badugu, behintzat. Zehazki, hezkuntzari dagokionean, kezka eragiteko modukoa da kapital pribatuak arlo horretan sartzeko interesa erakutsi duela jakitea, artikulu honetan azaltzen zaigunaren arabera. Hezkuntzaren prozesuak eta emaitzak eurotan soilik neurtzen baditugu, etorkizun latza izango du lanbideak, egia esan.

Bestetik, lanak momentu gozoak eta garratzak ekartzen dituela esperimentatu ahal izan dut, eta ingurukoengandik ikasi dudanaren arabera, hori horrela da ia pertsona guztientzat. Gauza positiboak gehiago dira nire kasuan, eta horiei jaramon gehiago egiten diet, baina alderdi negatiboak ere badira orain, eta dudarik gabe lanbide berri batean aritzea lortzen badut, azken horietakoak ere egongo dira.

Irakasle-lanaz orain arte dudanaz bezainbeste gozatuko dudala konfirmatzeko balio izan dit egonaldiak, eta gozamen hori oso sakona eta kontzientea izaten ari da; nire tutorearekin eta gelako haurrekin lotura berezia sortu dut (dugu, berez), baina maitemintzea niretzat bestelako esperientzia da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina