2013/03/28

Hanami


Egia esan, ez dut udaberriaz gozatzeko aukera handirik, lanak eta eskolak denbora gutxi uzten didatelako, baina izpi txikiei probetxua atera diet azken aste parean. Gustuz hartu ditut unibertsitatetik bueltan etorri eta Artzai Onaren parean autobusetik jaistean bertako gereziondoen lehen loreak, edo goizetan lanera noanean Astigarragan autobusetik jaitsi eta bulegorako bidean dauden hurritzen hosto leunak, kimutik atera berriak. Aste honetan Bergarara joan gara lankide bat eta biok, eta kopilotu nintzela aprobetxatuz, gure mendietako elorri zuriak eta gereziondoak loretan ikusi ditut han hemenka. Paisaian modu errazean desberdintzen diren urtearen sasoi bakarra hauxe da. Gauean amets eta guzti egin dut; Kandinskyren mendi urdinaren antzekoa zen malda bat ikusten nuen, baina nire kasuan zilar kolorekoa, loretan zeuden gereziondoz josia.

Japonian bitan baino ez naiz izan, baina oso interesgarria iruditzen zait bertako kulturan edertasunak egunerokotasunean duen tokia, eta efimerotasunaren edertasunaz duten kontzeptua, baita perfekzio ezan edertasuna aurkitzeko duten gaitasuna ere. Aste hauetan hor egongo dira herritar gehienak, komunikabideen bitartez sakura zensen-a jarraitzen, udaberriaren edertasun efimeroak hain luze den artxipielagoa hegoaldetik hasi eta iparralderaino nola zeharkatzen duen ikusten, eta urtean behin kuku egiten digun naturaz parkeetan gozatzen.

Oso garrantzitsua iruditzen zait haurrei edertasunaz jabetzen laguntzea, hura estimatzen eta bilatzen ikasten laguntzea, instant bat baino irauten ez duen zerbaitean edertasuna aurkitzen jakin dezaten, eta beldurrik gabe edertasunari alde egiten utz diezaioten. Aste honetan autoan gindoazela leihotik elorri zuriak zuri ikusi nituenean azken horri buruz pentsatu nuen; amonatxo baten itxurarekin nire burua ikusi nuen, leihotik begira, hurrengo udaberrian elorri zuriak loretan ikusteko moduan egongo ote zen bere buruari galdetzen zion amonatxoa.

2013/03/24

Inoizkako txisteak



Source: i.imgur.com via Randee on Pinterest

Hezkuntza elebidunean seme-alabak hezi eta gurasoak elebakarrak edo elebidun pasiboak izanda haurrak elebidun orekatuak izatera irits daitezen aholkuak


EAEko guraso askoren kezka da hori: gurasoek euskara menderatu gabe (edo batere ezagutu gabe), nola erraztu dezakete haien seme-alaben euskararen jabetza elebidun orekatuak izatera iritsi arte? Ondoko bideoan Paula Kasaresek horren inguruko aholkuak ematen ditu. Horrekin batera, beldurren bat uxatzen du (lasai, haurrak ikasitako euskarak ez dio lekurik kenduko erdarari bere buruan eta bere bizitzan), eta etxean euskara bultzatzeko arrazoiak ematen dizkigu (urtean zehar haurrek eskolan denboraren %15a baino ez dute iragaten; beraz, eskolan euskara erabiltzea ez da nahikoa elebidun orekatua izateko).


2013/03/10

Haurren partaidetza

UNICEFeko irakurgai bat aitzaki hartuta, ikasleen partaidetzari buruzko idazlan bat prestatzeko eskatu zaigu Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian, gonbidatutako irakasle batekin egindako saioan. Argitalpenaren abiapuntua blog honetan aspaldian lantzeko dudan gai bat da: Haurraren Eskubideen inguruko Hitzarmena. Gogoan izan behar da 1989ko hitzarmen hori ez dela Nazio Batuek haurren inguruan onartutako bakarra; hortxe daude 1973ko (lanerako) gutxieneko adinari buruzkoa, 1999koa haurren lanik okerrenen ingurukoa, eta hainbat deklarazio eta bestelako arau-dokumentu 1959ko Haurraren Eskubideen inguruko Deklaraziotik hona onartutakoak. Bereziki, badut gogoa haurren eskubideen aitorpenak hezkuntza-sisteman izandako isla aztertzeko, haurren gizatasunaz jabetzeak hezkuntzan zer nolako eragina izan duen aztertzeko. Baina horrek beste batean izan beharko du, orain partaidetzaz aritu behar gara eta.

Aipatutako Hitzarmenak aitortzen duen haurren eskubideetako bat parte hartzeko eskubidea da. Irakurgaiak hiru esparru nagusi identifikatzen ditu haurraren partaidetzarako aproposak direnak: familia, eskola eta udalerria, edo tokiko maila. Maila pedagogikoan aipaten diren erreferenteak Freire, Giroux eta Apple dira. Bukatzeko, blog honetako Hezkuntzaren Mapa izeneko orrian landutako Arnsteinen eskailera aipatzen da irakurgaian:







Arnsteinek 1969an zioen moduan, benetako partaidetza seigarren urratsetik aurrera ematen da, eta guk landu dugun UNICEFeko irakurgaiak aipatzen duen Roger Hart-ek 1992an Arnsteinen eskailerako zortzi urratsak haurren partaidetzari buruzko argibideekin azaltzen ditu. Argi dago, hortaz, informatzea, galdetzea edo despotismo ilustratuan egiten zen moduan, haurrentzat baina haurren partaidetzarik gabe erabakiak hartzea ez dela haurren partaidetza bermatzea.

Irakurgaia lantzen hasi bezain pronto Tonucciren "La Città dei Bambini" (Haurren Hiria) egitasmoa etorri zait burura, haurren partaidetza errealitate arrakastatsu bihurtzea posible dela frogatu duena mundu osoko ehunka hiritan. Beste sarrera baterako utzi beharko dut ekimena sakontasunean ezagutzea eta horren inguruan gogoeta egitea. Haurren partaidetza sakontasunean landu duen beste eredu bat, kasu honetan blogean jada landutakoa, Ekuadorreko Pesta eskola litzateke.

Bukatzeko, hezkuntzan ikasleen partaidetzaren alde egiteko eskatu zaigu hasieran aipatutako gelako saioan. Nik proposatutako goiburua ondokoa litzateke: partaidetzak egiten du komunitatea. Hortaz, hezkuntzan inplikatutako eragile guztien parte-hartzerik gabe ez dago hezkuntza-komunitaterik. Ikasleen partaidetzak dakartzan abantailak azaltzeko beste sarrera batean aztertu nuen hitzaldia erabiliko nuke, bigarren lauhilekoaren ardatza aniztasuna izanik, bereziki aproposa dena. Bertan, Chimamanda Adichie-k adierazten diguna hezkuntzan haurren partaidetza txertatzeari aplikatuz, esango genuke haurren (eta beste eragile guztien) begirada alde batera utzita eraikitzen den hezkuntza nahitaez izango dela osagabea, duen potentzialtasunaren zati handi bat itzalpean ezkutatuko baitu.

Inoizkako txisteak




2013/03/02

Irribarrea


Haurtzaroaren Psikologian ikasi dugunaren arabera, Haur Hezkuntzako etaparen adin tarteari (0-6 urte) dagozkion urteetan haurrek gutxika emozioak espresatzen eta hautematen ikasten dute (norberarengan eta besteengan), oinarrizkoeetatik hasita (poza, haserrea, beldurra, tristura, harridura), konplexuagoak diren emozio moraletara iritsi arte (lotsa, esker ona, errunduntasuna, eta abar). Ikaskuntza horretan lagungarri zaie helduok gure emozioei buruzko mezu argiak bidaltzea. Bestetik, pertsona gehienok badugu inguratzen gaituzten beste pertsonen emozioen "uhinekin" bat egiteko joera, haien emozioekin "sintonizatuz".

Hori horrela izanda, Haur Hezkuntzako irakasleari oso lagungarri izango zaio irribarrea ahalik eta denbora eta egoera gehienetan aurpegian izatea. Practicum Iean izan nintzen epean nire burua gelan grabatu nuen bizpahiru aldiz, eta iruditu zaitzaidan irribarre gehiago egin behar nuela, nire aurpegiak ez zuela nahikoa aditzera ematen barruan sentitzen nuen poza. Pentsatu dut urte pare bat geratzen zaizkidala oraindik gradua bukatu aurretik irribarrea lantzeko, bizi-jarrera gisa. Noski, irribarreak ezin du ordezko bibotearen modukoa izan, Daniel Day-Lewisek elkarrizketa batean zioen bezala, barrutik irten behar du.

Irribarreak ondorio onak baino ezin ditu ekarri: konfiantzazko giroa, motibazioa, lasaitasuna, autoestimu egokia, jarrera positiboa, eta abar. Beraz, beldurrik gabe erabili beharreko osagaia da, eta ez hezkuntzan bakarrik.

Inoizkako txisteak

Begirada bakarraren arriskuak


Pertsonak, gertaerak, giza-taldeak, herriak kaleidoskopikoak garela gogorarazten digu Chimamanda Adichie-k, eta gure inguruarekiko begirada/iritzi/aurreiritzi bakarra eraikitzen dugun bakoitzean ikusten dugun horren izaeraren zati handia itzalpean ezkutatzen dugula dio. Bereziki aproposa iruditu zait bere hitzak hona ekartzea, lauhilekoaren ardatza aniztasuna dela kontuan izanda. Egin dezagun topa, bada, begirada anitzen alde!