zientzia esperimentalak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
zientzia esperimentalak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/03/15

Galderak eta ikastea

Oso interesgarria iruditu zait aste honetan BERRIAn irakurritako elkarrizketa bat, zientziaren didaktikaren ingurukoa, Neus Sanmarti zientzia irakasleari egindakoa. Bere esanetan, ikasteko garrantzitsuena galdera onak egitea da, eta irakaslearen lana galdera onak sortzen ikasten laguntzea da. Garrantzitsuena ez da irakasleak azalpen onak (eta luzeak, eta mamitsuak, eta aspergarriak) ematea, ezta ikasleak izenak ikastea ere, baizik eta galderak pentsatu, bota eta horiek erantzuten saiatzea.

Sinplea, ezta? Orduan, zergatik jarraitzen dugu galderak enbarazu bezala ikusten eta bota ez diren galderen erantzunak inposatzen?

2014/01/25

Baby Human dokumental-saila

Joan den ikasturtean haurtzaroaren psikologiari buruzko ikasgaian dokumental-sail hau ikusi genuen. 2003an egindakoa da, eta sei kapitulu ditu (Oinez ibiltzea, Pentsatzea, Hitz egitea, Sentitzea, Harremantzea eta Ulertzea). Haurtzaro goiztiarrean haurrak duen garapen kognitiboa azaltzen du jaioberriak direnetik bizpahiru urteak bete arteko haurrekin egindako esperimentuen bitartez, modu ulerterrazean.

Izugarri gustukoa izan nuen, eta konturatu naiz hona ekarri gabe nuela. Webgune honetan sei kapituluetara estekak daude, baten bat ez dabilen arren, eta nahiko erraza da YouTuben edo beste iturri batzuetan kapituluak aurkitzea.

2014/01/22

Zientzia Esperimentaletako sekuentzia didaktikoa

Zientzia esperimentalei buruzko ikasgaian egin dugun lan nagusia sekuentzia didaktiko baten diseinua izan da. Hau ere blogetik kanpo jasotako lana izan da, Wix plataforman sortutako webgune batean bildu baitugu, Haizearekin Jolasean izenpean. Webgunea prestatzeko lana nire ardura izan denez, formatuari dagokionean ez naiz konplikatu, eta arte plastikoetako portfolioaren txantiloi bera hartu dut oinarri bezala.

Haizearen inguruan jarduera interesgarriak sortu ditugula iruditzen zait, baina agian, nire ikuspuntutik behintzat, lanaren baliorik handiena metodologiaren atalean landu dugunean dago. Bi ataletan banatu dugu: alde batetik, metodologiari buruzko hainbat azalpen orokor eta, bestetik, metodo zientifikoa jarraituko duten jarduerei buruzkoa. Gainera, pentsamendu matematikoaren ikasgaian landutako kontzeptuak txertatu ditugu, ikuspegia asko aberastu dutenak. Bestetik, zientziako sekuentzia didaktikoa den arren, denetarik jarduerak daude, haizearen gaia bide oso desberdinetatik ulertzeko modukoak, hala nola, antzerkia edo musika. Aurrerantzean oso lagungarri suertatuko zaidala iruditzen zait.