2012/03/25

Taldea bai, taldea ez, bitxilorea orriultzen

Asteko azken sarreran eskolak gure arratsaldeko taldearen etorkizunaren inguruko ez-berriek eragin duten lurrikara txikiaz arituko naiz. Duela astebete nioen talde giro polita sumatzen nuela, hurrengo egunean talderik ez zela ... "maite nau, ez nau maite", bitxilorea orriultzen.

Auzia hasi baino ez da egin, baina oraingoz gauza oso interesgarriak irten dira gelan, eta ikaskuntza aberatsak niretzat behintzat. Jaionek hitzez adierazi zuenaren ildo beretik (arratsaldeko taldean egoteak talde txikian aritzea zekarrela, eta horrek bazuela hobeto ikasteko eta erosoago sentitzeko abantaila) mintzatu zitzaidan Itsaso ere, eta harago joan da Olatz bere blogeko paper-zorroan: arratsaldeko taldearen aniztasuna goizeko taldeen homogeneotasunaren aurrean abantaila dela ere dio. Oso interesgarriak iruditu zaizkit ikuspuntu horiek, ez bainintzen kontziente horretaz. Eta taldea goizera pasa nahiz arratsaldez mantentzen bada ere, hori mantendu beharreko ondarea dela iruditzen zait. Bestetik, gure Aitzpea arinaiztarrak ekintzara jotzeko oihu egin digu, eta arrazoi du ere.

Orain, hemendik irailaren hasieran beste ikasturtea hasi arte egi bihurtuko den utopia bat behar dugu, eta gai honetan parte garen eragile guztion (ikasle, irakasle, eskolako zuzendaritza, eskolako bestelako langileria, unibertsitateko administrazio) borondatea beharko da horretarako. Hona hemen polita iruditu zaidan bat; nork botako ditu ideia gehiago?

Badatorrela PISA!! eta EAEko zein Irakasle Eskolatan egin dituzte inkestak?

Autonomia erkidegoak gobernu sozialista izatearen ondorioetako bat da zenbait komunikabidetan gure txokoko berriek oihartzun nabarmenagoa izatea (hemen, bereziki, ez da neutraltasunik, ezta kasualitaterik ere). Oraingoan, PISA gainean dugula ekartzen digute gogora, gure gazteek zientzia eta teknologia gustuko ez dutela kontatzen digute, eta EAEko Irakasle Eskoletako ikasleok sexuaren araberako diskriminaziorik nahiz estereotipo sexistarik ez dagoela uste dugula diote kezkaturik. Azken hori argi dago ez dutela gure gelan galdetu, Oihaneren bloga begiratu besterik ez baitute kontrakoaz ohartzeko.

Gainera datozkigun murrizketak

Azken egun hauetan asko izan dira hezkuntzari eragingo dioten murrizketei buruzko berriak. Unibertsitateko ikasketetan, taldeko ikasle kopuru minimoa lortzen ez dutenak desagertzeko proposamenak asko dira: Wert ministroak estaturako taldeko 55 ikasletan finkatu du kopuru minimo hori (ikus berria), ministro bera irakasleko ikaslegoaren ratioa igotzearen aldekoa da, Katalunian 40 ikasletik beherako graduak desagertuko dira estrategikoak ez badira (informazio gehiago hemen) eta beste erkidego autonomoetatik datozen ikasleengatik kobratzea proposatu dute (ikus berria hemen), udalek geroz eta arazo gehiago dituzte haurtzaindegiak eta bestelako zerbitzuak eskaintzeko eta erkidego autonomoetako gobernuen gain utzi nahi dute ardura hori (adibidez, Galizan sortutako berria duzue hemen), haien udalerrietatik kanpo derrigorrezko hezkuntzan aritzen diren ikasleei doako jantoki zerbitzuan "copago"a ezartzearen aldeko iritziak daude, edo hezkuntzaren inguruko hainbat ekimenen aurrekontuak murrizten dira (adibidez, Katalunian eskola-porrota gutxitzeko programarena %50ean gutxituko omen da).

Aldi berean, Valentzian hautsak harrotzen dabiltza derrigorrezko hezkuntzan irakaslegoaren eraginkortasuna itxuraz areagotzeko helburua duten neurriekin, irakasleen oporrak abuztuan soilik direla gogoraraziz, arazoak agian beste nonbait dauden arren.
Bitartean, beste herrialde batzuetan hezkuntza ministroek dimisioa ematen dute murrizketekin ados ez daudelako, Txekian bezala, Europako Parlamentuak krisiaren aurrean unibertsitatean gehiago inberti dadin eskatzen du, eta aldian behin estatuko hezkuntza-sistemak hamarkada luzeetan aurrean izan dituen erronkei erantzun egokirik emateko gaitasunik izan ez duela gogorarazten digute batzuk eta besteek.

Nora goaz? Inora ote goaz, ala etengabe harri berean estropuz egiten dugu? Pan para hoy y hambre para mañana.

2012/03/23

Zertarako edertasuna?

Iratik bere blogean gogorarazi zigun astean zehar, eta nik ere gordea nuen txoko bat nazioarteko poesiaren egunerako. Hausnarketa polita duzue horren inguruan blog honetan.

Nik gaia zertxobait ireki nahi nuke, eta Haur Hezkuntzari eta lauhileko honetako ikaskuntzei lotu. Hezkuntzaren Psikologian motibazioaren inguruan ari gara lanean. Beñatek, adibidez, bota digu bere blogetik hausnarketarako deia. Gelan baditugu kide mordoxka bat edertasunari buruz, arteari buruz, asko dakitenak, musika eta dantzaren arloan urte askoz aritu ondoren. Beste askok agian ez dute taldearekin partekatu, baina edertasunaren bila dabiltza ere (ez bakarrik tabernetan ordu txikietan, hori ederra den arren!). Edertasuna zer da, oinarrizko beharra, ala goi-mailakoa? Galdera potoloa da, ezta? Zein toki egiten zaio edertasunari hezkuntzan? Egokia al da?

Edertasuna egungo egoera sozial eta ekonomikoari begirada kritikoarekin lotuz, baita azken egun hauetan gelakideak egiten ari garen unibertsitatearen inguruko hausnarketari ere, 90. hamarkadan Luis Eduardo Autek sozialismoaren "pelotazoari" egindako kritika abestuaren letra eta bideo bat uzten dizkizuet:


La belleza

Enemigo de la guerra
y su reverso, la medalla
no propuse otra batalla
que librar al corazón
de ponerse cuerpo a tierra
bajo el paso de una historia
que iba a alzar hasta la gloria
el poder de la razón
y ahora que ya no hay trincheras
el combate es la escalera
y el que trepe a lo mas alto
pondrá a salvo su cabeza
Aunque se hunda en el asfalto
la belleza...

Míralos, como reptiles,
al acecho de la presa,
negociando en cada mesa
maquillajes de ocasión;
siguen todos los raíles
que conduzcan a la cumbre,
locos por que nos deslumbre
su parásita ambición.
Antes iban de profetas
y ahora el éxito es su meta;
mercaderes, traficantes,
más que nausea dan tristeza,
no rozaron ni un instante
la belleza...

Y me hablaron de futuros
fraternales, solidarios,
donde todo lo falsario
acabaría en el pilón.
Y ahora que se cae el muro
ya no somos tan iguales,
tanto vendes, tanto vales,
¡viva la revolución!
Reivindico el espejismo
de intentar ser uno mismo,
ese viaje hacia la nada
que consiste en la certeza
de encontrar en tu mirada
la belleza…

Biologoek ere inguruneak garapen kognitiboan duen eragina azpimarratzen dute

Azken egun hauetan horrenbeste poz eman dizkigun unibertsitate honetako errektore-ohiak bere blogean aipatzen du zientziak aitortzen duela hezkuntzak geneek baino pisu gehiago duela adimenean, matematikako trebetasunei dagokienez behintzat. Innatistak ez daude sasoian, dudarik gabe.

Zenbat eta aberatsago, orduan eta doilorrago


Inoiz norbaiti gizarteko aberatsenei zuzendutako ikastetxe batean aritzea egokitzen bazaio, interesgarri egingo zaio Diario Vascok jasotako berria irakurtzea. Ipar Amerikan egindako ikerketen arabera, zenbat eta aberatsago dirutan, orduan eta pobreago omen gara etikan. Guztion susmoak frogatu dituzte.

Nola itzuli joera hori? Horra hor hezkuntzarentzat erronka polita.

Kony 2012 gehiago

Beste gelakide bati ere Konyren gaia interesatu zaiola ikusi dudanez, hona hemen Norbert Mao-k Konyri buruz esandakoa, bizitzan eta munduan gauzak zuri edo beltz gutxitan izaten direnaren adierazgarri.

Badakit irakasgaiarekin lotura zuzenik ez duen gaia dela hau, eta agian baten bati zail egingo zaio ulertzea zergatik eman dizkiodan hiru sarrera Konyren auziari blogean. Alde batetik, arrazoi pertsonalak daude, lagunak baititut Uganda, Sudan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta haien bidez iritsi zait ekimenaren berri. Interesgarriak eta hunkigarriak izan dira beraien gogoetak, Norbert Maok gupidari buruz dioenaren ildo berean.

Bestetik, Konyren istorio honetatik niretzat ikaskuntza garrantzitsuak eratortzen dira, eta horregatik egin diot tokia blogean:
  1. Haur Hezkuntzari begira, EAEko egoera ikuspuntu globaletik aztertzen laguntzen du. Eskola 2.0 eta bestelako azken irrintziak kalitatezko hezkuntzan ezinbesteko baliabide direla aldarrikatzen dituzten ahotsak entzutean, gauzak bere tokian jartzen laguntzen du munduan milaka haurrek hezkuntza formalik jasotzeko aukerarik ez dutela gogoratzeak.
  2. Gelakideok epe motzean graduko ikasketei dagokienez dugun ziurgabetasunaren gaia ere bere tokian jartzea ahalbidetzen du. Izan ere, benetako arazoak beste batzuk dira, une honetan hurrengo ikasturteari begira eskolak goizez edo arratsaldez izango ote diren bizi ala hilekoa iruditzen bazaigu ere. Oinarrizko beharren inguruan arazorik ezean soilik bihurtzen dira arazo aipatzen dudanaren modukoak, eta hori bistaz galtzerik ez da komeni.
  3. IKTen ondorio eta eraginei buruz hausnartzera bultzatzen gaitu, eta horregatik eragiten dio zuzenean blog honi. Beste edozein tresna bezala, helburu on eta txarretarako erabil daitezke IKTk, eta haurrak horretaz jabetu behar dira. Noski, on eta txar diodanean, hasierako zuri eta beltzari buruz esandakoa izan behar da gogoan.

Metakognizioa


Blog hau ez da Didaktika Orokorreko irakasleak planteatu zigun helburuekin erabat ados garatzen joan. Azkenean, nire ikaskuntza prozesuaren ibilbidea islatzen ari dena sarreren bilduma luze xamar hau izaten ari da, hor joan bainaiz lauhilekoan zehar deigarri eta interesgarri iruditu zaizkidan gai asko jasotzen. Beraz, pentsatu dut hoberena izango dela Paper-zorroa delakoan ikaskuntza prozesuaren inguruko hausnarketa biltzea, prozesua bera sarreren bilduman jasoz. Hori dela eta, Paper-zorroan idatzita nuenaren zati bat hona dakart, nire metakognizioari buruzko lerroak, hain zuzen ere.

Metakognizioa Hezkuntzaren Psikologian lauhilekoaren hasieratik lantzen aritu gara, eta nire ustez oinarri-oinarrizko gaia da ikasten duen edonorentzat. Hezkuntza etengabeko prozesua dela diogunez, metakognizioa pertsona ororentzat da garrantzitsu. Bakoitzak nola funtzionatzen duen ezagutzean datza, azken finean. Ikas daitekeen zerbait da, hau da, posible da norbanakoa bere adimenaren gaineko gaietaz kontziente bilakatzea, eta haurrei (baita helduei ere, noski) lagundu beharko litzaieke jabetze prozesu horretan. Jarraian doazen lerroetan uzten dizkizuet nireari buruzko ezaugarrietako batzuk.
Nire ohiko ikaskuntza prozesuari jarraituz, lineala eta graduala ez dena (orain arte behintzat), blog honetan islatu beharreko irakasgaiaren ikaskuntza-prozesua ez dut espero modu lineal eta gradualean bilakatuko denik. Orokorrean, gai berri bati heltzen diodanean hasieran sakabanatzera jotzen dut, norabide jakinik bultzatu gabe, jakin-minak eramaten nauen tokira. Kontzeptu eta ideia berriak bata besteari lotzeko saiakerarik ez dut egiten fase horretan. Eta denbora batez "beratzen" egon ondoren, nolabaiteko kristalizazioa gertatzen da, nahiko azkarra, eta kontzeptu/ideia berri horiek antolatu egiten dira aurrekoei lotuz. Beratze horrek maiz luze irauten du, baina denborarekin ikasi dut horrek ez nauela urduri jarri behar. Espero dut nire irakasleak ere izango duela konfiantza eta pazientzia!

Noski, horrek ez du zerikusirik lanaren maiztasunarekin, hau da, ariketak egin edo irakurri modu diziplinatuan egiten ditut, eta egingo ditut, baina emaitzek ez dute erritmo bera izaten, nire kasuan behintzat.


2012/03/19

Talderik ez gelan edo, hobe esanda: zuek eta ni

Astean zehar ez dut aukerarik izaten blogean idazteko, baina orain Plastikan gaude, eta lanarekin ondo goazenez, eta Googledocs-en ari garenez gure dossiera bukatzen, tartetxo bat hartu dut iruzkin txiki baterako atzoko nire azken sarreraren jarraipen moduan.

Gaur arratsaldean eskolako zuzendaritzatik etorri zaizkigu graduaren inguruko azalpenak ematera, aurreko asteko ate irekien egunean egondako gertakariei erantzunez edo. Berandu iritsi naiz, eta hasiera galdu dut, baina beste batzuetan ikusi dut nire burua antzeko eztabaidetan, eta segituan hartu dut haria. Esnezalearen ipuina alderantziz hartu eta gure marmiten truke ezer lortuko ez dugunaren beldurrak azaleratu dira, gradua amaitzean mentzioek izango duten balioa ez baita argia momentu honetan. Nik, egia esan, ez dut hain urrun begiratzen; auskalo hemendik hiru urtera non izango naizen! Orainari zentzua bilatzearekin nahikoa dut, eta batzuetan kosta egiten zait hori ere. Gaur bezala.

Hurrengo ikasturtean arratsaldeko taldea desargertarazteko asmoa dutela azaldu digute ere. Honi buruz dudan iritzia jaso nuen beste sarrera batean; orduan ez nuen egoki ikusi zehazki gaia aipatzea, baina gaur gelan agerian geratu denez, orain egiten dut. Nire gelakide batzuek arratsaldeko taldea goizera pasatzeko eskaera egin dute, eta gutako batzuk lanean gaudela eta eskolak goizera aldatzen badira ikasketekin jarraitzeko ezintasuna agertu dugunean eratzun dute gehiengoaren nahia dela goizera pasatzea, eta gehiengoaren alde egin beharko litzatekeela. Iritzi honi lerro batzuk lehenago aipatu dudan sarreraren argudio berarekin erantzungo diot: zuek irakasle izatera iristen zaretenean zuen eskolak nori zuzenduko dizkiezue, gehiengoari? Eta noren erritmora moldatuko zarete, gehiengoaren erritmoari? Eta edukiak zein aurretiko ezagutzei moldatuko dizkiezue, gehiengoarenei?

2012/03/18

Psikomotrizitatea eta taldeko harremanak

Aurrekoa asteko azken sarrera izango zela esan badut ere, aste hau oso aberatsa izan da Didaktika Orokorreko irakasleak islatzeko eskatu dizkigun "desoreketan", eta hementxe nago berriz. Gelakide batek bere blogean jaso duen moduan, aste honetan Herrerako ikastetxean psikomotrizitateko saioa behatzea egokitu zaigu. Bestetik, beste gelakide batekin hurrengo asterako psikomotrizitateko saioa prestatzen aritu naiz, eta bi ikaskide hauekin izan ditudan elkarrizketetan asko ikasi dut.

Psikomotrizitateak harreman pertsonalen esparruan eskaintzen dituen baliabideetaz hausnartzen aritu ginen, baita harreman horiek haurren kasuan behatzen ere. Psikomotrizitateak ohiko gelan ematen ez diren egoerak sortzen ditu, eta horiek oso aberasgarriak dira pertsonen arteko harremanetarako, bai berdinen arteko harremanerako, baita ikasle-irakasle harremanetarako ere. Jarduerak hain gidatuak ez izateak, kontaktu fisiko gertuak, emozioak gorputzaren bitartez adierazteko askatasunak, mina kanpoan uzten duen unitate espazial eta denborazkoa izateak, osagai oso bereziak dira, eta osagai bereziek emaitza bereziak sortzen dituzte.

Gure gelako harremanetan ere iruditzen zait oso nabarmena izan dela lauhileko honetako Musika Adierazpena eta Psikomotrizitateko irakasgaiek sorrarazi duten aldaketa (Plastikako irakasgaiaren eragina, potentzialki besteen parekoa litzatekeena, zoritxarrez ia hutsala izan dela iruditzen zait, baina hori beste kontu bat da). Gure arteko erlazioak dezente estutu direla iruditzen zait, gertutasuna, konfiantza, elkarkidetzarako giro gehiago sumatzen ditut. Horren inguruan ere ez dugu taldeko hausnarketarik egin, eta polita irudituko litzaidake oso.

Taldekideari eta bioi hurrengo asterako prestatzea tokatu zaigun saiorako, niretzat behintzat oso garrantzitsua izan da taldekide guztiek gozatzeko moduko ariketa-sortan pentsatzea, inor deseroso sentiaraziko ez duten ariketak izatea, eta bildu ditugunekin oso pozik nago. Ezin zuen bestela izan, bera bezalako bezalako kidearekin!

Taldean lan egitea

Aste honetako azken sarrera ikasturtea hasi denetik (eta horren aurretik ere denbora luzez) buruan buelta asko eman dizkiodan beste gai bati buruzkoa da; taldeko lana, alegia. Taldeko lana, ikaskuntza soziala, ikaskuntza kooperatiboa, oso erakargarri egiten zaizkidan (zaizkigun) kontzeptuak dira. Egun, denok aritu behar dugu taldean, hortxe omen dago etorkizuna, lehiakortasuna, bikaintasuna eta tankera horretako hitz potolo guzti horiek, gure politikarien ahotan sarri entzuten ditugunak.

Graduan ere taldeko lanez gainezka gaude, ia dena da taldean egin beharrekoa. Hala ere, orain arte behintzat inolako irakasgaitan ez dugu taldeko lanaren inguruan ezertxo ere landu. Gehien jota irakasleren batek aipatu du taldean lan egiteak ez duela taldeko lanik bermatzen, baina horixe izan da dena. Hara, Lorea, agian hortxe duzu aurreko batean azaldu nahi zenigun curriculum ausentearen adibide argia, gure graduan behintzat erabat ausente baitago taldean lan egiteak zer esanahi duen eta zer suposatzen duen ikastea (taldeko lanaren esperimentazio hutsez sortutako ikaskuntza da lantzen dugun bakarra, horren inguruko hausnarketarik gabe).

Gelakideen artean ere ez dugu horri buruz bereziki hitz egin. Inoiz norbaitekin gaia komentatu dudanean aipatu dugu taldeko lanak korapilatsuak direla, bakarka lan egitea baino askoz ere denbora gehiago suposatzen dutela, baina ezer gutxi gehiago.

Nik sareko lanean sinisten dut, eta kontzeptua adierazteko iruditxo bat jartzen dizuet:


Sare bat nodoz eta loturaz osatua dago. Nodo bakoitzak izaera propioa du, balioa du bere horretan, baina beste nodo batzuekin sortzen dituen loturei esker nodo bakunen baturarengandik desberdina den egitura sortzen da, hau da, sinergiaren kontzeptua barne du ideiak. Egitura horrek izaera tridimentsionala du, eta malgua da. Nodo guztiek laguntzen dute egitura sortzen, eta horietako bakoitzaren arabera egitura tridimentsional horrek itxura bat izango du, ala bestea. Beraz, nodo batek huts egiten badu, egitura osoari "beheraka" tira egiten dio, eta alderantziz.

Taldeko lana ulertzeko ikuspegi honen aplikazioaren iritzi bat duzue honako blogean, eta aipatzen duen PIGS dinamika edo teknikari buruzko azalpenak hemen. Ni bat nator erabat planteatzen dutenarekin. Bestetik, taldeko lanak nola egiteari buruz, gure estatuko unibertsitateen Web orrietan ez dut horren inguruko argibiderik aurkitu (bilaketa oso azaletik egin dut, egia esan), baina bai asko unibertsitate anglosaxoietako Web orrietan. Guztien artean interesgarrien iruditu zaidana hauxe da; taldean lan egiteari buruzko aholku eta azalpen argi eta erabilgarriak ematen dituelako.

En fin, sarrera hauek Didaktika Orokorreko irakasleak besterik ez irakurtzen ez dituenez, ea berari bururatzen zaion honen inguruan zer egin daitekeen.

Hezkuntza-prozesua noiz hasten da?

"Zoquete" izenburua zuen artikulu batek jo zidan begira astean zehar. Bertan Wert ministroari kaiku deitzen dio egileak, lehenengoak hezkuntza-prozesua, zentzu hertsian, Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan hasten dela esan zuelako. Graduko ikasketak hasi ditugunontzat idazleak ematen dituen argudioak ukaezinak dira, eta ez naiz horien gainean arituko, baina kaleko jendeak zer pentsatzen du?

Bestetik, gure Curriculum dekretura jo besterik ez dugu Wert jaunaren iritziaren oihartzunak aurkitzeko. 4.3.d) artikulura hain zuzen ere, ondokoa dioena Haur Hezkuntzaren xedeen inguruan: "Familiei zerbitzua eman hiru urtetik beherako haurrak zainduz eta haiei arreta emanez, gurasoei familia- eta lan-bizitza bateratzeko aukera errazteko" (azpimarratua nire da). Etaparen lehen zikloaren xede nagusia zaintza al da, lana eta familia bateragarri egiteko zerbitzu izatea? Hori dio gure araudiak.

Zigorra, duintasuna eta errespetua

Lauhileko honetan, aurrekoan bezala, heziketa-estiloen inguruan lan dezente egin dugu. Lauhileko honetan zehar portaera eraldatzeko konduktismoak eskura jartzen dizkigun tresnak aztertu ditugu, zigorra horien artean. EL PAISeko artikulu honetan laburbiltzen da zigorraren inguruan gelan landu dugun ikuspegia. Ni zigor fisikoaren aurkari kartsua naiz; are gehiago, zigor fisikoa erabiltzearen ideiak sekulako izua eragiten dit, eta ikasturtearen hasieratik hona buelta asko eta asko eman dizkiot gaiari buruan, horren inguruan atera ditudan ondorioak zabaldu ez ditudan arren. Blog honetan gure ikaskuntza prozesua islatu behar dugunez, esango dut ikaskuntzetako bat izu horren ingurukoa izan dela, horren zergatiak eta horrek ekar ditzakeen ondorioak.

Aipatzen dudan artikuluan haurraren duintasunaz eta berarekiko errespetuaz ere hitz egiten da, helduaren pareko gizaki dela barneratzearen ondorioz sortzen diren kontzeptuak. Desberdinak gara, baina pareko, eta hori horrela izanik duintasuna eta errespetua zor diegu haurrei, baita beste gizaki guztiei ere (Konyei ere? uf, galdera horrek beste bide luze batera eramango gintuzke eta ez dut hartuko). Eta izaki bizidunei, eta munduko biziaren euskarri den bizirik gabeko materiari, eta gure aurretik bizi izan zirenei, eta gure ondoren etorriko direnei, eta unibertsoan ezkutuan egon litezkeenei, eta ...

Helduon artean ditugun harremanetan maiz saiatzen gara besteen portaera aldatzen, eta horretarako tresna konduktista asko erabiltzen ditugu, trafikoko isunetatik hasi eta sariak ematera arte. Lagunartean edo bikotean ere erabiltzen ditugu, baina ez dugu zigor fisikorik erabiltzen: nori bururatzen zaio gizonak gustuko ez duen zerbait egin duelako hari zaplastekoa ematea? Eta zergait haur bati bai? Zer du haurrak "faltan" horrelako tratua merezi izateko? (Gaia sinpletzearren, momentu honetan utz ditzagun alde batera bikotean ematen den indarkeria, heriotz-zigorra, tortura, eta bestelakoak.)

Konyren memetik denbora galtzera

Izenburu xelebrea du sarrera honek. Ez naiz luzatuko gai honen inguruan, baina aurreko batean aipatzen nuen Kony 2012aren ekimenak soka luzea ekarri du azken astean. Honako blogean duzue ekimena meme bat (Interneten ziztu bizian zabaldua izan dadin diseinatutako ekoizpena) izan dela adierazten duen iritzia, baita ematen zaizkion erantzun sutsuak ere. Beste honetan oraingoan positiboa den ekimen horren alde egiteko IKTek eskura jartzen dizkiguten tresnak helburu maltzurretarako erabiliko balira eman litezkeen ondorioen inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu egileak.

Egiten ari garen ariketa honi ere aplika lekioke azken kezka hau: ikasteko erabili ordez kide garen sekta satanikoa zabaltzeko erabil genezake gure bloga, edo denbora galtzeko (askoz ere probableagoa). Denbora galtzea diodanean burura datorkit Gandiagaren liburuaren izenburu ezinhobea: "Denbora galdu alde". Izan ere, galdutako denborarik ba al da? Nire ustez, ez; baina erantzun borobil horri ñabardura bat egin behar zaio: denbora galtzen ari garela iruditzen zaigunean ere bada ikaskuntzarako beta, aukera hori probesten asmatzen badugu behintzat. Hezkuntzarako bereziki interesgarri iruditzen zait azken hau: haurrei denbora galtzen utzi behar zaie, denbora galduz ikasten irakatsi behar zaie. Baina, tira, agian guzti hau nire burua zuritzeko besterik ez dut esaten, blog honen ibilbide erratikoa justifikatzeko edo...

2012/03/10

Joseph Kony bihur dezagun ospetsu denon artean


Gaurko azken sarrera beltza da oso, baina otsoz betetako ipuinetan bezala, bada zer ikasi ere, eta agian bukaera gozoa izango du. Oraingoz, bukaera irekia dago; bada zerbait.

Joseph Kony Ugandako iparraldean azken bizpahiru hamarkadetan aritu den erdi sekta erdi armada baten buruzagia da, 30.000 haur bahitu dituena, eta bi milioitik gora pertsonek haien bizilekuak uztera eraman. Hezkuntza erahilez, bortxatuz eta lapurtuz jasotzen duten 30.000tik gora haur gidatu dituen aingerutxoa, beraz. Orain Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudango hegoaldean dabil nonbait, dudarik gabe ezer onik egin gabe.

Estatu Batuetatik sare sozialen laguntzaz Kony ospetsu bihurtu nahian dabiltza, bere biktimak ikusezin bihurtzen dizkigun zapia begietatik kentzeak Kony harrapatua izan dadila ekarriko duenaren esperantzaz. Invisible Children edo Kony2012 bilatzailean sartu, eta segituan ikusiko duzu. Luze xamarra eta eztitsuegi den bideoa dute, baina hori alde batera uzterik baduzu, interesgarria da. Bereziki munduan erabakiak hartzeko piramidea sare sozialen laguntzaz alderantzika litekeela dioenean.

2012/03/09

Irakasleen ebaluazioa, ikasleen ebaluaketen emaitzen araberakoa New Yorken


Asteko bitxikeri moduan EL PAISeko artikulua, non ikasleek ikasturtearen bukaeran matematika eta komunikazio-gaitasunaren arloetan jasotako azterketa biren emaitzen arabera klasifikatzen diren New Yorkeko estatuko ikastetxe publikoetako 18.000 irakasle. Susmagarriena: sistema informatiko batek "aurreikusten" duela ikasle bakoitzak atera beharreko emaitza, eta horren azpitik badago irakaslearen nota jaisten da. Nola erabakitzen du sistema informatikoak ikasle bakoitzak atera beharko lukeen nota?

Espero dezagun Espek ez duela EL PAIS irakurriko, zeren eta bestela aurreko batean aipatzen nuen Madrilgo hezkuntza-sistemako aldaketen artean honelako zerbait aurkituko dugu laster.

Gerra zibilean zehar eta horren ondoren maisu-maistrek jasandako "garbiketa-espedienteak" beste begi batzuekin ikusten ditut honelako berriei esker: irakasleen kalitatearen ebaluaketatik hasi eta kontzientzia lokartzeko trukuak aplikatuz, ez zait hain zaila iruditzen "garbiketa-espedienteetara" iristea. Munduan astakeria galanta mordoa horrelaxe burutu dira, batak bestera "naturalki" eramanda...

Kontsumo kolaboratzailea


Aurreko batean aipatu nuen jainkoz aldatzeko beharraren inguruko sarreraren ildo berean, kontsumo kolaboratzaileari buruzko Web hau ekarri dut hona, etxean nahiz eskolan tokia duela iruditzen zaidalako. Partekatzearen ekonomiara bueltatuko garela dirudi, beharrak bultzatuta besterik ez bada ere. Gai izango ote gara?

Erraza da ausarta izatea bizia (edo bizitza) arriskuan ez duzunean


Aurreko astean bigarren errepublikako garaiko hezkuntza-sistema, eta horrek gerra zibilaren ondorengo diktadura luzearen hasieran izan zuen goitik-beherako eraldaketa erakusten zuen erreportajea ikusi genuen gelan, Cronicas programakoa, hain zuzen ere, hemen ikus dezakezuna.

Egia da beste hainbat berri bezala, bazuela halako kutsu interesatua, baina horren gainetik dago ukaezina den egia: bigarren errepublikako hezkuntza-sistema aurrerakoia zela, eta ondoren etorri zen diktadurak atzerapauso galanta suposatu zuela hezkuntzan, beste hainbat arlotan bezala. Hezkuntza-sistema hura defendatzeagatik bizia galdu zuten batzuk; bizimodua beste askok.

Gogora ekarri zizkidan nire aiton-amonak, maisu-maistra bikotea. Bata maisu zen bigarren errepublika hasterako, eta bestea maistra egin zen diktadura hasi berritan. Ez ziren erreportajean azaldu zirenak bezain ausartak izan. Aste honetan jaso dut aitonaren "garbiketako espedientea"-ren kopia, non alkatearen, auzoko parrokoaren, guardia zibilaren eta Gipuzkoako guraso katolikoen elkartearen aldeko txostenei esker aitonak maisu izaten jarrai zezakeela ebazten den (txostenak espedientean daude). Benetan beldurgarria da. Aldeko txosten hauek ideologia ezezaguna edo eskuindarra zuela diote, maisu ona zela, jarrera moral eta profesional egokikoa. Txosten horiek aldekoak izan ez balira, bere bizimodua galduko zuen ziur, eta agian baita bizia ere, beste horrenbestek bezala. Politikaz etxean ere hitz egitea debekatu zuen handik urte pare batera amonarekin batera sortutako familian; ez da harritzekoa.

Egun, hezkuntzan ausart izateak bestelako esanahia du, erabat. Eskerrak!

2012/03/04

Ikasle helduak, unibertsitatea eta berdintasun sozialak

Aste honetan klaseko batzuk egunkarietan atera gara. EL PAISek berria atera du ikasle helduak unibertsitatean ekartzen ari diren aldaketaren inguruan. Lehenengo berri horretan ikasle helduen azaleko analisia egiten da, eta jarraian beste gai bati heltzen zaio: unibertsitateak oraindik ere baduela zeregina ikasle heldu hauekiko ekitatea eta aukeren berdintasuna bermatzeko bidean, unibertsitatearen eskaintza, orokorrean, DBHtik datorren ikasle gazteari soilik egokituta dagoelako. Azken gai hauei heltzen die bigarren artikulu batek, ikasle helduen presentziak unibertsitate-demokrazia maila altuagoak dituzten herrialdeetara gerturatzen gaituela azpimarratuz, unibertsitate inklusiboagora gerturatzen ari garela frogatuz. Ikasle helduok ikasketak eta lana aldi berean egin behar izatearen aurrean unibertsitateak desberdintasunak neutralizatuko dituzten ibilbide eta zerbitzuak eskaini beharko lituzkeela defendatzen du egileak.

Pena litzateke eskola inklusiboaren aldeko edukiak lantzen dituen gure Haur Hezkuntzako gradu honetan unibertsitatea beraren inklusibotasunean atzerapausoak ematen direla pairatu behar izatea.

Hartzea, ematea eta agortzea (?)

Lauhileko honetan irakasgai ezberdinetan ari gara hartzea eta ematea lantzen, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua aztertzeko orduan, hezkuntzaren funtsa ulertzeko ikuspegi ezberdinak agerian uzten dituzten kontzeptuak direnaren ikuspuntutik (ikaskuntza hartu-emate soila al da? nork hartzen du zer, eta nork ematen?).

Hartzea eta emateari buruzko beste alderdi bat etorri zait burura aste honetako eskolen harira: hezkuntza prozesuetan norberaren emateari buruzkoa, alegia. Neutraltasuna eta objektibotasunari buruz izan ditugun eztabaidekin nolabaiteko harremana duen gaia da, baina harago doa, inplikaziora garamatzalako: posible al da hezkuntza prozesua gertatzea hezitzailearen aldetik norberaren "ematerik" gertatu gabe? hobea ala okerragoa bihurtzen al du hezkuntza emate hori egoteak edo ez egoteak? posible al da agortu gabe norbera emanez jardutea?

Hezkuntza informalaren esparruan badira hartze-emate erlazio batzuk non partaideek elkarri eman eta hartzen dioten denboran zehar rolak aldatuz: gaztetan gurasoek seme-alabei ematen diete eta zahartzean alderantziz gertatzen da. Beste erlazio batzuetan, aldiz, iruditzen zait batek eman egiten duela hartzailearen aldetik bueltan beretzat ezer espero gabe; horrelakoak dira, adibidez, aiton-amona eta biloben arteko harremanak, non helduaren ematea hazia ereitea den, jasotzen duen haurrak heltzean beste bati eman diezaion edo. Irakaslea eta ikasleen arteko hartzea eta ematea azken multzo honetan ikusten dut nik.

Azkenik, bada haurrekin erlazionatutako beste fenomeno bat, adinekoek haurren presentzian erakusten duten jokabideari lotua. Haurrek zaharrak erakartzen dituzte kalean edo parkean; agureak umeengana doaz poz-pozik gehienetan. Kasu horretan esango nuke ez dagoela emate kontzienterik haurren aldetik, beste zerbait da: haurrei bizia darie, eta zahartzen goazen heinean haiengana erakarriak sentitzen gara, bonbillaren beroak txitak erakartzen dituen bezala. Ai, zeinen goxoa den eguzki txiki horien argia!

2012/03/01

Garai bateko hezkuntza-sistema eta egungoa


Lan-koadernorako azken ariketa moduan, Glogster programaz baliatuz poster bat egin dugu garai bateko hezkuntza-sistema eta egungoaren arteko aldeak islatzeko. Zehazki, ondokoak alderatu ditugu: ikaslea, irakaslea, metodologia, baliabideak eta ebaluazioa. Ea asmatzen duzun zeintzuk diren garai bati dagozkionak, eta zeintzuk egungoak.