2013/02/11

Hezkuntzako legearen erreforma


Joan den astean hezkuntza legearen erreformaren aurka hiru eguneko greba egin genuela eta, aitzakia ona iruditu zait erreformaren testua irakurtzeko, oraindik egin gabe nuelako. Ministerioaren web orrira jo dut dokumentuaren bila, eta astebukaeran zehar irakurri dut. Berez, ez da lege berri bat, aurrekoaren hainbat artikulu aldatzen dituen lege-aurreproiektua baizik; PPren nolabaiteko kirurgia lana PSOEren LOEren gainean.

LOEren testua inprimatu ez nuenez, ezin izan ditut artikuluz artikulu aldaketak aztertu, baina aurreproiektuaren zioen azalpena nahikoa da testuaren mamia ulertzeko; horrela iruditu zait behintzat. Ekitatea, aukeren berdintasuna, justizia eta mugikortasun soziala bezalako terminoak behin eta berriz errepikatzen diren arren, dokumentua irakurtzean geratu zaidan sentsazio orokorra ondokoa da: ikasleak hiru taldetan banatzen dira (txarrak, tartekoak eta gorenak), eta bakoitzarentzat "egokien" diren heziketa-ibilbideak diseinatu beharra dago; horrela, "baldarrenek" ere ez dute eskola utziko (estatistiketan ondo ateratzea behar-beharrezkoa da), eta PISAko emaitza hobeagoak izango ditugu. Hori guztia lortzeko, curriculuma "sinplifikatu" behar da, hau da, zentralizatu, homogeneizatu (aniztasuna kendu). Aldi berean, zentroen autonomia areagotzeaz hitz egiten da, baina ez dakit oso ondo nola uztartzen den hori curriculuma Madrildik finkatzearekin. Halaber, kirurgiak eredu zehatz batzuen alde egiten du, hala nola, sexuaren araberako segregazioa aplikatzen duten eskolen alde. Beraz, gehiegi sakondu gabe ere, argi dirudi erreforma ideologikoa dela diotenek arrazoia dutela.

Euskara eta beste autonomia erkidego batzuetan koofizialak dire hizkuntzei dagokienez, argi dago hizkuntza gutxituak ahalik eta gutxituen izan daitezen saiatzen dela lege-aurreproiektua, diglosia egoeraren aurrean zentzuzkoena litzatekeenetik asko aldenduz. Aniztasunak azkura ematen diela Madrilen, alegia.

Bestetik, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko legea (horrelaxe dio izenburuak) hezkuntzan mozketak aplikatzen diren aldi berean izapidetzea, baliabide gutxiagorekin kalitatea hobetu daitekeela aditzera emanez, adar jotze itzela da, zerbait esatearren.

Bitartean, PSOEren aldetik aurreproiektu honekin kritiko direnak kontuak ateratzen hasiak dira, eta PPren aurreko gobernuari gertatu zitzaion moduan, legealdi honetan ere hezkuntzaren lege hau martxan jartzeko ia denborarik ez dela izango pentsatzearekin konformatzen dira. Etorriko dira beste batzuk hezkuntza berriz ere hankaz gora jartzera...


2013/02/09

Finlandiako hezkuntza-sistema, edo "¡que vienen las suecas!"


Ikastetxearen Antolakuntzako foroan nahiko arrakasta izan duen eztabadairako harietako bat Finlandiako hezkuntza sistemari buruzkoa izan da. Artikuluak, bideoak, telebistako programak eta monografikoak ekarri ditugu forora oraingoz, guztiak oso interesgarriak. Dudarik gabe, asko dugu ikasteko dezente urrun dagoen hezkuntza sistema horretatik. 

Hala ere, gure eztabaida eraikitzen zihoan bitartean burura etorri zitzaidan José Luis López Vazquezen esaldi famatua ("¡Que vienen las suecas!"), 60ko eta 70eko hamarkadan hain famatuak izan ziren filmeetakoren batekoa; demokraziara oraindik iritsi gabe zegoen herrialdean egin ziren filmak, egun kateto samarra iruditzen zaigun gizarte hura islatzen zutenak. Ez al dugu bada oraindik ere gehiegi begiratzen kanpora, etxean egiten diren gauza onak ahaztuz? Ez da hori gure foroan gertatzen dena, ez horixe; izan ere, bertako adibideak gehiago dira kanpokoak baino, baina LOMCEri buruzko gatazka pil-pilean dagoen bolada honetan uste dut batzuetan kanpokoa bertakoari aipua kentzeko baino ez dela goraipatzen, eta hori ez da bidezkoa.

Bestetik, herrialde bakoitzaren sistemek bere gizartearen izaera islatzen dutela onartu beharra dugu eta, zentzu horretan, batzuetan ez da erraza toki batean ikustakoa beste batera eramatea.

Bukatzeko, La Sextako Salvados programan gai hau aztergai izan ondoren polemika handia sortu da telebistako aurkezle baten (Ana Rosa Quintana) twit edo txioa dela eta, Finlandiako suizidio-tasa aipatzen zuena. Ez da gai hutsala hori, zeren eta hezkuntzaren helburu nagusia gizakiari zoriontsu izaten laguntzea bada (ikus, adibidez, Tonuccik dioena), arrakastatsutzat jo al daiteke orduan Finlandiakoa? Ez da erantzuten erraza; horretarako Finlandiako kulturan suizidioak duen esanahi zehatza ezagutu beharko genuke, estatistika horiek sortzeko datuen jatorri zehatza, eta abar luzea, baina iruditzen zait zerbait erakusten digula: gauzak normalean ez direla zuri edo beltz.

Blogaren inguruan


Bloga graduko ikaskuntzen bilduma izan dadin erabakia hartua dudanez, iruditzen zait ona litzatekeela lehen ikasturteko lehenengo lauhilekoko hainbat material hona ekartzea. Bloga bigarren lauhilekoan hasi nuen, irakasgaietako batean betebehar bat zelako, eta Didaktika Orokorreko paper-zorroan  eta hezkuntzaren-mapan lehen lauhileko horretan ikasitakoak bildu nituen arren, uste dut komeni zaidala lanetako batzuk hona ekartzea. Beraz, blogak jarraitzen duen kronologia hautsiko badu ere, hemendik aurrera pixkanaka gehituko ditut duela urtebete baino gehiago landutako gaiei buruzko sarrerak.

Ez-eskola den eskola


Graduan badugu gure artean Haur Hezkuntzarekin oso kritikoa den gelakide bat. Bitxia da bere buruarekin duen lehia ikusi ahal izatea, gradua ikasten egon eta, hala ere, Haur Hezkuntza (hemen ulertzen dugun moduan, behintzat) gustuko ez duela aitortzen duelako. Berak aurkeztua da ondoko bideoa, Ekuadorreko Pestalozzi eskolari buruzkoa. Nolabaiteko Neill-en Summerhill kutsua ikusten diot eskoletara joateko obligaziorik ez dagoelako, eta oso Pestalozziarra (Rousseauarra, zentzu horretan), naturarekin duen harremanagatik. Arraro egin zait eskolaren sortzaileek alemanez hitz egiten dutela ikustea (agian Alemaniarako dokumentala zen?), baina irudietan aditzera ematen denez, tokian erabat integratutako eskola da. Haurren interesei jarraituz eskola antolatzeko eredu interesgarria da, dudarik gabe. Bideoa 2006koa da, eta hiru zatitan aurki daiteke Interneten; hementxe daude bata bestearen jarraian.




Jatorrizko sarrera idatzi ondoren bideoa gelan ikusi eta idazlan bat egiteko eskatu zaigunez, jarraian aurretik idatzitakoa osatuko dut, lehendabizi bideoan azaltzen diren alderdi naguasiak azalduz, eta bukaeran nire gogoeta pertsonala gehituz.

Leonardo eta Rebeca Wild-en proiektu pertsonala izan zen Pesta eskola (Centro Experimental Pestalozzi): 1977an haien seme zaharrenarentzat haurreskola sortzearekin hasi zen, 1980an fundazio bihurtu zen (Fundación Educativa Pestalozzi), eta 2005a arte 3-18 urte bitarteko haur eta gazteak hezten jardun zen. 2005ean eskola itxi ondoren proiektu berria abiarazi zuten, komunitate oso bat sortzeko, "El León Dormido" izenekoa.

Bideoetan ikusi dugunez, Pesta eskola erabat irekia zen: aterik gabea, haurrei irekia, helduei irekia, esperimentazioari irekia. Itxuraz oso espontaneoa dirudien arren, oinarrian xehetasun handiz antolatu eta prestatutako espazio eta jarduerak daude. Helduen papera espazioak prestatzea da, gonbite bat luzatzea, eta haur bakoitzak erabakitzen du eskaintzen zaizkion jarduera guztien artean zein aukeratu. Pertsonaren garapen globala eta holistikoa bilatzen dira, autonomian eta autoerregulazioan oinarritutako sistema baten baitan, alderdi emozional eta afektibotik oso aberatsa eta segurua den ingurune batean autonomiaz norberaren garapenaren protagonista izatea.

Pedagogiaren aldetik, gehienbat ikuspegi konstruktibista-kognoszitiboa aplikatzen dela iruditu zait, Piageten garapenaren etapei jarraituz, eta Montessoriren pedagogiako elementu asko sartuz (zentzumenenen bidez lan egiteko material asko ikusten da, gelen antolaketa bera eredu horrekin lotzen dut). Ondorioz, Haur Hezkuntzako etapan alderdi sentso-motorra eta jolasa dira jardueren ardatzak, eta Lehen Hezkuntzan arauak lantzen hasten dira astero ospatzen den batzarrean guztien artean elkarbizitzaren inguruko erabakiak hartuz. Hala ere, egia da elkarrekintza eta berdinen arteko tutoretza asko bultzatzen dela eta, zentzu horretan, ikuspegi konstruktibista-sozialaren elementuak ere nabarmentzen dira bideoan ikusten den eskolan. Rebeca Wild-ek idatzitako artikulu honetan ezagutu daiteke hobeto eskola honen alderdi pedagogikoa.

Bestetik, autoebaluazioari garrantzia handia ematen zaio Pestan. Izan ere, haurra da Lehen Hezkuntzako etapatik Bigarren Hezkuntzara igarotzeko prest dagoela erabakitzen duena, ikastetxe honetan ez baitago eskolarik, azterketarik nahiz notarik.

Irakasleek etengabeko behaketan eta prestakuntzan oinarritzen dute haien jarduna, haurrentzat esanguratsuak izango diren ikaskuntzak eman daitezen baldintzak sortzea baita beren ardura. Irakasleen inplikazio estuaz gain, gurasoen parte-hartzea oso nabarmena da ere. Gurasoentzat gau-eskolak daude (kasu honetan Milani dakar burura Pesta eskolak, bete-betean), eskola eta etxearen artean harmonia egon dadin bilatzen baita.

Bideoaren hirugarren zatian gurasoen inplikazioaz gain komunitate osoaren garrantziaz hitz egiten zaigu, norabide bera duten bestelako ekimenekin sinergiak sortzeari buruz. Kasu honetan CEPAk (Centros para Actividades Autónomas) aurkezten zaizkigu, Ekuadorreko hainbat herritan sortutakoak, komunitate osoa barne hartzen dutenak, eredu sozioekonomikoa eraldatzea (Freire dakar burura kasu honetan bideoak), merkatu alternatiboak eta dolarretik aldenduz ekonomia garatzea bilatzen dutenak.

2005ean Pesta eskola itxi ondoren erabat arrotz eta erasokorra iruditzen zaien gizarte horretatik babesteko asmoz Wild-tarrek komunitate oso bat eraikitzen dute, hainbat familia orokorra den sistema horretatik at bizitzeko adinakoa izango dena.

Gogoeta pertsonalari dagokionez, pedagogiaren alderditik Pesta oso erakargarria iruditu zait. Planteamendu orokorraz gain, interesgarria iruditu zait eskolaren xumetasuna baliabide materialen aldetik; eskura dauden materialak erabili dira, esfortzua benetan garrantzia duten elementuetan jarri da, modak eta azken irrintziak alde batera utzita. Munduaren gure aldean itxurari gehiegizko garrantzia ematen zaio, baita hezkuntzan ere, eta oso azalekoak diren gauzetan galtzen dugu energia.

Erabat ados nago haurraren autonomia ahalik eta gehien lantzearen inguruan egiten den proposamenarekin, batzuetan hiruzpalau urteko haurrak sekulako zerra eskuan hartuta egurra mozten ikusteak beldurra eragiten didan arren. Autonomiaren inguruan duela gutxi irakurritako sarrera bat etorri zait burura, oso polita dena.

Oso gustukoa dut ere eredu honetan ikusten den eskola eta komunitatearen arteko elkarrekintza, eta bide horretan aurrera egiten duen eskolarekin bat egiten dut erabat. Bestelako eredu batzuk ezagutu ditugu graduan zehar pedagogiaren aldetik interesgarriak iruditu zaizkidanak, baina ingurunetik isolatzean oinarritzen direnak (barnetegiak, adibidez), eta ez dut horretan sinesten, batez ere gaur egun, mundu globalizatu honi ihes egiten saiatzea ezinezko eta zentzurik gabekoa iruditzen zaidalako.

Hala ere, galdera eta kezka batzuk ere sortu zaizkit bideoa ikustean: oso pertsonala den proiektu batek arrakasta denboran zehar mantendu al dezake? Sortzaileak desagertzen direnean nola lortu irautea? Nahikoa irekia al zen Pesta (inguruneari, komunitateari, esan nahi dut)? Horrela bazen, zergatik itxi zen? El León Dormido ez al da Pesta baino askoz ere itxiagoa den zerbait eraikitzeko ekimena, bere burua aski izango duen zelula, beste inoren beharrik izango ez duena? Mundutik at bizi ahal izateko Edena, azken batean gutxi batzuen eskura baino egongo ez dena? Ez da hori nire ideala, egia esan, baina badirudi kemenez eta ideia onez betetako pertsona askok azkenean haien buruak horrelako zerbait sortzera behartuak ikusten dituztela, Pestaren sortzaileen moduan.




Haurren berezko sormena


Gelakide batek irakasgaietako baten eztabaida forora ipuin bat ekarri digu, aurreko ikasturtean bere blogera ere ekarri zuena, dudarik gabe beretzat duen garrantziagatik errepikatua. Niri ere oso interesgarria iruditu zait, eta jatorrizko iturria bilatzen saiatzean, jakin ahal izan dudanez Helen Buckleyren 1961eko poeman oinarritzen da. Hona hemen poeman oinarritutako bideoa:
Eta hemen, poema osoa.

Erabat ados nago adierazi nahi duenarekin: eskolak ez luke haurrak berez duen aberastasun eta aniztasuna eten edo berdindu behar, ez lioke bere sormenari mugarik jarri behar. Alderantziz, bere nortasunaren funtsa horietan dagoela ohartarazi beharko lioke, eta guztion onurarako direla aitortu beharko luke. Zoritxarrez, 1962ko eskola islatzen duen bideo honek oraindik ere badu gaurkotasuna...

Bestetik, ipuin honekin nolabaiteko lotura badu blog honetan kontatzen zaigun arkakusoen "alegiak"; espero dezagun XXI. mendea arkakusoek askatasuna eskuratuko duten (dugun) mendea izatea!

2013/02/02

Hezkuntza-sistemaren erreformaren inguruan


Moodle-eko foroan gelakide batek jarritako bideoa dakart hona. Ez du azalpenik behar, egia esan.

Lauhilekoaren kutsu orokorra


Bi aste baino ez ditugu egin bigarren lauhilekoko eskoletan, eta irakasgaietako baten irakaslea oraindik ez da etorri, baina dagoeneko iruditzen zait nabaritzen dudala zer nolako usaina izango duen; oso atsegina. Ondoko bideo honek nahiko ondo laburbiltzen du:

Bitxia izan da bideoarekin gertatutakoa: eskolak hasi eta segituan lauzpabost gelakidek aipatu dute, aurretik ezaguna zutelako, eta ondoren ikusi dut irakasgaietako baten Moodle-eko materialen artean ere badagaoela. Nik ez nuen ezagutzen, eta oso polita iruditu zait, bai ipuina, baita bideoak jasotzen duen ipuninaren kontaketa ere.

Bideoa gelan ikusi genuenean, Eskola Inklusiboari buruzko irakasgaian gelakide batzuk egindako aurkezpen baten barruan, burura etorri zitzaidan honen bertsio "gore"-etako bat izan zitekeena: Pink Floyd-en "Another brick in the wall" abestia eta horri lotutako filma. Nik baino askoz hobeto azaltzen du abestia eta ematen ditu irudi eta estekak beste blog honek, eta bere autoreak dioen bezala, zoritxarrez oraindik ere gehiegi hitz egiten dugu duela 30 urte film horrek islatzen zuen hezkuntza sistemaz.

Inoizkako txisteak


Blogaren gerizpeko beste fase honi hasiera emateko polita iruditu zait atal berri bat hastea. Gelakide baten bloga irakurtzen bururatu zait, berak jasotako komiki zinta batzuk ikustean. Orain ez dut gogoratzen non irakurri dudan duela gutxi umorerik gabe ez dela posible irakasle izatea, eta umoreak positibo izaten laguntzen du, irakasle izateko bidean gaudenoi blog bateko sarrera honetan gomendatzen zaigunez. Bestetik, hitzez (gehiegi) betetako blog hau bestelako hizkuntzen erabileraren bidez zertxobait arintzea interesgarri deritzot. Azkenik, ikaskuntza "burutsuen" bilduma izateaz gain, bestelako ikaskuntzez ere hornitu nahi nuke gune hau.

Atalaren izenari dagokionean, ez dut nire burua epe jakinetara lotu nahi izan, nahikoa badut eta unibertsitatean jartzen dizkigutenekin, eta horregatik izango da inoizkakoa. Txiste hitza erabiltzea, berez beharko lukeen komiki zintaren ordez, gutxiespena baino haurtzaroari keinua da, besterik ez.

Bukatzeko, umoreari buruzko burutazio txiki bat baino ez. Aurreko sarrera batean aipatu nuen Calleja eta Irustaren materialean, oso interesgarri iruditu zitzaidan barregarri diren ipuinak (edo ipuinen pasarteak) kontatzeko orduan, gogoan izan behar dela haurrek ez dakitela noiz egin behar den barre, eta helduaren laguntza behar dutela hori ikasteko. Horrela, komenigarria omen da egoera barregarriak kontatzen dituzten ipuinak kontatzen hasi aurretik haurrei esplizituki adieraztea kontatuko dena barre egiteko kontakizuna izango dela, eta garrantzitsua dela ipuina kontatzen ari den helduak barre egin behar den ataletan barre egitea, hark barre egin ondoren egingo dutelako barre haurrek ere. Horren harira, gauza bat etorri zait burura, gradua ikasten hasi garenetik gelan behin baino gehiago egin diguten galdera baten inguruan (zergatik izan nahi duzu irakasle?). Bada, besteak beste, irakasle izan nahi dut txikitan ikasi ez nituen hainbat gauza berdinen artean ikasteko aukerak izateko. Horien artean bat, behar denean barre egitea.