2014/06/25

Nora zoaz, euskara?

Aurki sei urte beteko dituen ilobarekin igaro nuen arratsaldea atzo eta herenegun, biok eskola bukatu dugula aprobetxatuz. Ikasturte honetan, Haur Hezkuntzako etapako azkena beretzat, ia beti gaztelaniaz hitz egin dit, nik euskaraz egin diodan arren. D ereduan eskolatuta dago, aita elebiduna eta ama elebakarra ditu, eta eskolaz kanpo aitaren aldeko familiarekin duen harremana salbu, gaztelaniaz bizi den haurra dela esango nuke. Gaztelaniaz beti moldatu izan da hobeto, baina joan den udatik hona areagotu egin da bi hizkuntzen arteko tartea, eta orain oso nabarmena da hiztegia, gramatika eta jarioa bera dezente hobea duela gaztelaniaz. Practicum I eta IIa bere eskolan egin dudanez, beste lerroko gelan, ikusi ahal izan dut lau eta bost urteko geletan haurrek izan duten eboluzioa euskararen erabilerari dagokionean, eta benetan kezkagarria iruditu zait. Bost urteko gelan izan diren ikasturtean zehar haien arteko harremanak asko aberastu dira; alderdi sozialean garapen handia izan dute. Eta, aldi berean, gaztelania gailendu da erabat haien arteko komunikazioan. Etxean euskaraz hitz egiten duten haurrek ere euskararen erabileran atzerapauso nabarmena eman dute, hiztegia ahaztu dute, eta euskaraz aritzeko erraztasuna eta joera galdu dute. Salbatu diren bakarrak lagunak egiteko zailtasunak dituztenak izan dira; horiek euskarari eutsi diote.

Atzo honelako zerbait esan zidan ilobak: "zuk badakizu erdaraz, ezta? orduan, zergatik hitz egiten didazu euskaraz niri?". Ustekabean harrapatu ninduen galderak, egia esan, eta hainbat topikorekin erantzun nion: gustuko dudalako; euskara oso jende gutxik hitz egiten duelako, eta inork hitz egiten ez badu hilko delako; garai batean debekatuta zegoelako, eta orain horretarako libre garelako... Nire erantzunek ez zioten lagundu. Are gehiago, hotzikarak eman zizkidaten gauzak esateko bide eman zioten: aiton-amonak txikiak zirenean derrigorrez gaztelaniaz eskolatu behar zirela kontatu nionean, "zeinen zorte ona! niri, aldiz, euskarazko eskola batean tokatu zait" esan zuen.

Gauean buruari eragiten egon nintzen, eta nire buruari behintzat argitu ahal izan nion zergatik ez dudan amorerik ematen: niri ere bera bezain txikia nintzela euskara eman zidatelako, harri bitxiz egindako altxorra balitz bezala, eta nik ere egin nahi dudalako berdin, berari orain ikatza iruditzen bazaio ere; ez dudalako nahi gure belaunaldikoak familiako azken mohikanoak izatea; ez dudalako nire herrian arrotz sentitu nahi; ez dudalako umezurtz geratu nahi. Ez dakit hori guztia nola adieraziko diodan (orain, berari, baina inoiz irakasle banaiz, beste haur batzuei ere), baina saiatu beharko naiz.

2014/06/18

Haur Hezkuntzarako nire liburutegia

Goodreads plataforma erabilita Haur Hezkuntzari begira osatzen hasi naizen nire liburutegia blog honen bitartez partekatzeko alboko barran widget bat gehitu dut, tituluen mosaiko bat azalduko duena. Aurretik liburu batzuk banituen ere, bukatu berria dugun ikasturtean erosi ditut gehienak. Haur eta Gazte Literaturako lanak heldu batek urtean zehar irakurritako liburuen artean zenbatzeak balio badu, aurten primeran nabil!

Goodreads plataformak ingelesezko tituluak biltzen ditu gehienbat, eta nire liburutegiko ale asko hizkuntza horretan badaude ere, batzuk euskaraz edo gaztelaniaz dauzkat. Hori konpontzeko, Goodreads plataforman liburuzain bihurtzeko eskaera egin dut, eta horrela euskaraz eta gaztelaniaz ditudan liburuak igo ahal izango ditut.

Tresna interesgarria iruditzen zait. Haien zerrendak eginda dauzkaten Haur Hezkuntzako irakasleak bilatzen saiatuko naiz, eta horrela beste pertsona batzuen liburutegiak ezagutu ahal izango ditut. Oraingoz ez naiz liburu bakoitzari buruzko iritzirik idazten ausartu, ez baitakit nahitaez ingelesez egin behar ote dudan (horrela balitz, ez diot interes handirik ikusten), baina hori ere begiratuko dut. Liburu bakoitzari "puntuazioa" ematen hasi naiz, baina erosi aurretik orokorrean aurretik ondo aztertzen ditudanez, oso gustuko izaten ditut, eta ez dakit puntuazioarenak gehiegirako balio ote duen nire kasuan.

2014/06/10

Olerkia lantzen agur esateko

Gaur arratsaldean "sorpresa" bat eraman diet haurrei: bakoitzarentzat olerkitxo bat argazki batekin.
Banaka niregana etorri eta guztion artean oihartzunean irakurri ditugu. Sorpresa bat nekarrela esatean, batek galdetu dit ea etxeko lanak ote ziren (zer nolako irudia sortu du, bada, niri buruz gaixoak?), eta ezetz erantzun diodanean "eskerrak!!" esan du. Hala ere, ez zebilen hain oker, lan pixka bat ekarri dien oparia baitzen. Baten bat eskolatik atera eta hor zebilen, olerkia irakurtzen.

Ikasturtearen amaierako txangoa

Aurreko ostegunean egin genuen ikasturtearen amaierako txangoa, bost urteko haurren lau gela Aiara eramanda. Bertako eskolako jolas tokian ibili ginen lehendabizi, motxilak frontoian utzi ondoren (tokia hartzeko estrategia bikaina izan zen). Eskolakoak jolas ordura irten zirenean frontoira joan ginen hamaiketakoa egitera, eta handik hilerriaren inguruan dagoen bueltatxo bat egitera, zomorroak hartuz eta jolasean. Gero frontoira bueltatu ginen bazkaltzera, eta bero handia zegoenez, hantxe geratu ginen jolasten autobusa hartu arte. Jolasteko baloiak, sokak eta gomak eraman genituen, eta haurrak oso gustura ibili ziren, lagun berriak egiten. Batek esan zidan hura zela bere bizitzako egunik zoriontsuena.

Ai, zenbat dugun haurrengandik ikasteko! Haien bizi-poza, eta zein gutxi behar duten zoriontsu sentitzeko.

2014/06/08

Autobehaketako jarduera

Joan den ikasturteko practicumean bezala, aurten ere egin dut autobehaketako ariketa, haurren niregan sortu dituzten pentsamendu eta emozioen ingurukoa. Iruditu zait ez zuela merezi hona igotzea, baina ondorio orokor batzuk aipatuko ditut:
  • Haur gehienetan aurreko urtean idatzitakoa aurten ere sinatuko nukeela iruditu zait. Haurrak gutxi aldatu direla esan nahi du, ala ni aldez aurretik buruan eraiki nuen iritzia aldatzeko prest ez nagoela?
  • Aldatu diren haurrak hobera egin dute nabarmen. Haurretako batek, bereziki, aurreko urtean inhibizio sakona zuena eta mututze selektiboa, beste bat dirudi. Aldatu diren haurrengan gehien nabaritu dudana haien buruengan konfiantza areagotu dela izan da; horrek ekarri du haiek "loratzea". Gainera, hobekuntza garapenaren arlo guztietan barreiatu da: kognitiboa, soziala, fisikoa eta afektiboa.
  • Bi haur daude tutorea saiatu den arren hoberako aldaketa izan ez dutenak. Batek inkognita bat izaten jarraitzen du, ez baita erraza bere garapena zerk oztopatzen duen asmatzen, eta besteak munduarekin haserre jarraitzen du, eta horrek ez dio aurrera egiten uzten. Gogorra da tutorearentzat bi ikasturteren buruan haiekin asmatu ez duela onartzea.

Hizkuntzaren ebaluaziorako ariketa

Ahozko eta idatzizko hizkuntzaren ebaluazio-adierazle taula bat prestatu nuen tutorearen laguntzarekin, eta practicumean zehar betetzen joan naiz. Egia da otsailaren bukaeran practicuma hasi nuenetik hona haur gehienek idatzizko hizkuntza garapen nabarmena izan dutela, eta ebaluazioa epe luze samarrean egin dudanez, haur guztientzat ez dudala jaso ikasturtearen bukaerako egoera. Tutore lanak egitean, hori ekidin beharko litzateke, ebaluazio guztiak epe motzean eginda. Hala ere, helburua haurrak haien artean konparatzea ez denez, ez du garrantzi gehiegirik.

Hizkuntza idatziari dagokionean, hemezortzi haurretatik zortzi gai dira deskodetzeko, baina ez beti irakurritakoa ulertzeko, eta fase alfabetikoan daude idazketan (silabaren hizki guztiak edo ia guztiak idazten dituzte). Lau haur kontrako muturrean daude, hau da, idazketa eta irakurketaren hastapenetan; irakurtzean fonemak ahoskatu edo hizkiak esaten dituzte, eta idazketan hipotesi silabikoan daude. Beste sei haur tarteko bidean daude, garapenaren urrats diferenteetan. Hortaz, Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan zehar haur hauek behintzat hizkuntza idatziarekin harremanetan hasi dira, eta batzuk interes bizia dute horrekiko (beste batzuk, aldiz, batere ez).

Ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatziaren garapena haurretako batzuetan badirudi nahiko lotua doala; hau da, hizkuntza idatzian aurreratuta dauden haurretako batzuk ahozkoan ere aberatsak dira. Baina beste batzuetan oso nabarmena da ahozkoan trebeak direla, baina idatzizkoan ez, edo beste batzuetan nabarmena da plastika-hizkuntzaren garapen handia dagoela, eta idatzizkoarena ez dela horren parekoa. Hortaz, haur bakoitzak aurrera egiten du hizkuntzak bereganatzeko bidean, eta bide guztiak ez dira berdinak.

Honelako ebaluazioa interesgarria iruditu zait bost urteko gelako azken hilabetean edo egiteko, Lehen Hezkuntzara igarotzeko momentuan lagungarri izango delako haur bakoitzaren garapenaren inguruko informazioa. Hala ere, ez nioke garrantzi berezirik emango, eta beti izango nuke gogoan Haur Hezkuntzako etaparen helburua ez dela haurrek idazten eta irakurtzen jakitea, baizik eta idatzizko hizkuntzarekin lehen harremana izatea eta horrekin gozatzea, beste hizkuntza guztiekin bezala.

2014/06/04

Plastikako kutxa sentsorialaren jarduera ebaluatuta

Arte plastikoetako portfolioan jaso dut practicumean landutako jarduera honi buruzko informazioa (prozedura, emaitzak eta ebaluazioa). Horrekin, practicumean zehar arte plastikoen arloan landutako jarduerak bukatutzat eman ditut. Izugarri gozatu dut!

2014/06/03

Practicuma azterketen ondoren luzatzeari buruz

Azterketak maiatzaren 15ean bukatu nituen arren, oraindik ere practicumarekin nabil, eta oso maldan gora egiten ari zait. Normalean, ikasturtea bukatzean indarrak xahutu egiten zaizkit, eta aste pare batez lanetik etxera bueltatu eta edozein zokotan lo hartzen dudala ibiltzen naiz. Gero normaltasunera bueltatzen naiz. Orain nire gorputzak hori egin nahi luke, baina jardueretan pentsatzen jarraitu behar dut, horiek burutu eta ebaluatzeko.

Practicuma hasi aurretik unibertsitatean baimena eskatu nuen egonaldia lehenago hasteko, azterketak bukatzerako hura ere amaituta edukitzeko asmoz. Arrazoirik eman gabe ezezkoa erantzun zidaten (horrelakoa da unibertsitatea; eskaera egiten duenari mila paper exijitu eta erantzuten duen aldeak posta elektroniko batean lerro bat bidali baino ez du egingo), eta azken egun hauetan haiekin gogoratzen ari naiz, eta nola gainera!

Niri beharrezkoa den tentsioa mantentzea kostatzeaz gain, ikasturtearen bukaera oso garai txarra iruditzen zait praktiketan ibiltzeko. Izan ere, haurrak nekatuta daude eta tutorea lanez gainezka dago (gurasoekin bilerak, ebaluazio txostenak, amaierako emanaldia eta txangoa...). Ondorioz, ez da erraza nik burutu nahi ditudan jarduerak egiteko denbora ateratzea, eta batzuetan pixka bat bortxatzen ditudala iruditzen zait. Gainera, bukatzeko ditudan bi ariketa (nire autoebaluazioa eta hizkuntzari buruzko ebaluazioa) lehenago bukatu izan banitu nire tutorearentzat baliagarriak izan zitezkeen har bere ebaluazioa egiteko, baina berak bere txostenak duela aste batzuk itxi zituen. Badakit praktiketan dagoen ikasle baten ariketa batek ez diola ezertan lana erraztuko tutoreari, baina niretzat bazen pizgarri txiki bat agian nolabaiteko erabilgarritasuna izango zuela jakiteak. Eta orain niretzat besterik ez ditut bukatuko, zeren eta ikasturtea bukatzear dagoela tutoreari horrekin denbora kentzea alferrikakoa da.

Graduko azken practicuma nire gelakideek egingo duten epe berean egin ahal izatea espero dut, eta horretan ahaleginduko naiz, beraz.

Musikako jarduera gehiago burututa

Practicumeko azken egunak direla eta, "turboa" sartuta gabiltza, egoerak gehiegi laguntzen ez duen arren, ikasturtearen bukaera astuntxoa egiten ari baitzaie haurrei (eta irakasleei ere, eta niri, zer esanik ez!). Pasa den ostegunean, jolas ordutik bueltan hainbat abesti lantzen ibili ginen.

Haurrek hemendik bi astera egingo dute ikasturtearen amaierako emankizuna haien familia eta lagunen aurrean, eta buru belarri dabiltza entseguetan. Musikan eskolaz kanpoko jardueretarako duten irakaslearekin hiru abesti prestatzen ari dira: bata euskaraz (Josu Elberdinen "Kapitain, kapitain"; partitura hemen eskuragarri, euskaraz kantatutako bideo bat hemen, eta ingelesezko bertsio ederra 2011ko Europa Cantat Junior abesbatza gazteen jaialdian), bestea gaztelaniaz ("Los cacharros", hemen bideo batean ikus dezakezuena) eta beste bat ingelesez ("Scooby dooby", hona hemen letra, eta haurren abesbatza batek abestuta bideoan jasotako bertsio dibertigarrian aurkitu dudana).

Gelako haur guztiak eskolaz kanpoko musikako jardueretan aritzen ez direnez, tutorea saiatzen da emanaldian inor lekuz kanpo senti ez dadin gelan talde osoarekin abestiak lantzen. Hala ere, tutoreak eta biok ez genituen abestiak aldez aurretik ezagutzen (tira, "Scooby doo" behin gure aurrean abestu zuten eskolaz kanpoko musikako taldekoek, baina horrekin bakarrik ez nuen buruz ikasi). Hortaz, tutoreak eskatu zion haurretako bati gidari lanak egin zitzala, eta beste guztiak bi lerrotan jarri ginen hiru abestiak abestu eta mugimenduen bidez lantzeko. Denbora askotxo eraman zigun, musikako esaldi erdiak eta esaldiak zenbat aldiz errepikatu behar ziren eztabaidatzen zutelako haien artean ("bi, lau, bi da!" zioen batek, "ez, bi, bi, bi!", besteak), baina ondo pasa genuen.

Bukatzeko, "Txirukaka" abestia landu genuen, trena egiten biribilean jarrita. Lehendabizi abestia bakarrik landu genuen behin, eta erraza denez, bigarrengoan mugimenduarekin egin genuen. Gero cda jarri, eta hortxe bukatu genuen musika saio luzea, lehen eginda eta oin dezente zapalduta, baina gustura!

Musikako jardueren ebaluazioarekin aurrera

Joan den asteazkenean "Itsumandoka" abestiaren inguruko jarduera burutu genuen gelan, plastikarako proposatu behar genuen jarduera baten sarrera bezala. Goizaren bukaeran txokoetara abiatu aurretik, biribilean eserita geundela aprobetxatuz egin genuen. Arduraduna izan zen begiak estaltzen lehena, eta gero beste bi haurren txanda izan zen. Abestia motza eta raperoa da, eta haurrei gustatu zitzaien. Errima hirutan abesten genuen bitartean haurrak tokiz aldatu behar ziren, guztiek gogoan baitute non esertzen diren gelakideak. Ondoren, begiak estalita zituena lagun batengana joan eta nor zen asmatu behar zuen ukimena soilik erabilita. Dibertigarria izan zen, eta orokorrean neska bat egokitzen zitzaienean errazago asmatzen zuten, ileak eta buruko apaingarriek informazio asko ematen dutelako. Mutilen kasuan zailagoa egin zitzaien.

Ideia ona izan daiteke aste honetan izango dugun ikasturtearen bukaerako txangoan jolas hau proposatzea, baina agian zail samarra bihurtuko da, ikastetxeak dituen Haur Hezkuntzako bi egoitzetako bost urteko lau taldeak joango gelarako, eta haurrek ez dituzte beste egoitzako lagunak ezagutzen. Tira, elkar ezagutzeko modua ere izan daiteke.