2012/02/26

Jainkoak aldatzea eta hezkuntza


EsPosible aldizkari elektronikoaren azken alean oso interesgarri iruditu zaizkidan bi artikulu daude. Lehenengoa aldizkaria argitaratzen duen elkatearen zuzendariak idazten du, iraunkortasunaren bidean gure gizarteetan aldaketa disruptiboak egin beharko ditugula adieraziz, hau da, erabatekoak eta bat-batekoak diren hausturak eman beharko direla orainarekiko, iraun nahi badugu behintzat. Horretarako, gure jainkoak aldatu beharko ditugula gogorarazten digu. Berak aldatzea proposatzen duen dirua eta jabegoaren jainkoei niarena gehituko nioke nik, gomendatzen dizuedan beste artikuluaren harira.  

Bigarrena elkarrizketa bat da, eta iraunkortasunari buruz egiten duen hausnarketan osagai asko daude hezkuntzarekin lotura dutenak: egungo sistema sozioekonomikoari kritika kuantitatiboa kualitatiboaren gainetik gailentzen delako eta guztia salgai bihurtzen delako, epe motzeko errentagarritasuna, lehiakortasuna, hazteko beharra eta amaierarik gabeko kontsumoa ekarriz; gizarteari kritika aldaketak bakarrik eta esfortzurik gabe iritsiko direnaren uste ustelean guztiok murgiltzen garelako gure buruak engainatuz; esperantzaren aldarrikapena, berau etorkizuna idatzia ez dagoenaren kontzientziatik hasi eta ekintzean oinarritutako aurre egitetik etorriko dela proposatuz; eta aldaketarako bidea ondasun eta ondare komunetan bilatu behar dugula.

Zein da hezkuntzaren papera aldaketa disruptiboak sortzeko bidean? Zein oztopo gaindutu beharko dira horretarako? Jabetzen al gara hezkuntza zenbateraino bihurtu den merkantzia? Hezkuntzan ere epe motzak agintzen duela, lehiakortasunak, kuantitatiboak kualitatiboaren gainetik? Benetan aldatu nahi al dugu, ala itolarrian dagoen mundutik urazalean, ozta-ozta arnasteko modua ematen duen geruza fin horretan gure buruak kokatzeko ahaleginekin konformatuko gara?

Obelix curriculum dekretuaren herrialdean

Aste honetan Haur Hezkuntzako curriculuma ezartzen duen dekretua aztertzen hasi gara, eta arina den arren, momenturen batean Obelix bezala sentitu naiz, "hezkuntzako hauek burutik jota daude" pentsatuz. Bateragarritasun arazo bat sortzen zait: nire esperientzia pertsonalaren arabera hezkuntza-sistema zurruntasunarekin lotzen dut, eta dekretua eskuan hartuta, aldiz, malgutasunerako esparru zabala ikusten dut (Curriculum Proiektua ikastetxeak egin eta onartzen du, Hezkuntza Proiektua ikastetxe itunduetan baita ere, ikastetxe orok ahal du curriculum ofizialaren egokitzapen bat egin...). Agian oraindik ere dekretu osoa azterten bukatu ez dugulako sortzen zait nahastea, gakoa eranskinean ote?

Hezkuntza-sistema eta desberdintasun sozialak

Aurreko batean neutraltasunari buruz aritu ginenean, gelako eztabaidan azaleratu zen hezkuntzan neutraltasunik ez dagoela, eta hezkuntza-sistema ez da salbuespena. Aste honetan EL PAISek argitaratutako berri baten arabera, Madrilgo Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak matrikulatzeko irizpideak aldatuko dira. Prozedura zeharo sinplifikatzen da: orain arte eskualdea bi mila zonaldetan edo banatzen zen artean, hemendik aurrera zona bakarra dago eta, ondorioz, familia orok eskubidea du bere haurra/k edozein ikastetxetan matrikulatzeko. Orain arte ikastetxea eta ikaslearen bizilekuaren arteko gertutasuna zen irizpide nagusia, eta hemendik aurrera irizpide hori desagertuko da, baina beste batzuk agertzen dira, noski: ikaslearen anai-arrebaren bat ikastetxe horretan ikasle izateak abantaila ematen du, baita iraganean familiako beste kideren bat bertan ikasle izana ere.

Zer nolako zerikusia du guzti honek berdintasun sozialarekin? Artikuluak gakoren bat eskaintzen digu gai horren inguruan (gako horiek, noski, ez dira neutralak, ezta erabat objektiboak ere): antzaz gurasoen askatasuna handitzen den arren, ikastetxeen aukera maximizatzen duelako, zein gurasoren aukerak zabaltzen dira gehien? Ba, aldez aurretik ikastetxe "on" batean ikasitakoenak, eta haien seme-alaben hezkuntzaren garrantziaz jabetuta gaiaren inguruan esfortzu gehien egiteko moduan daudenenak. Hau da, aurretik ere aldagai soziologikoei begiratuta klase faboratuen artean dauden horien aukerak hobetzen dira gehien, hemen azaltzen zaigun ikuspuntuaren arabera. Beraz, aste honetan lantzen ari garen curriculumarekin gertatzen den moduan, hemen ere ageriko eta ezkutuko helburuak eta aldaketak ditugu.

Ondorioa: hezkuntza-sisteman aldaketak sartzen diren aldi bakoitzean (eta hori legealdi bakoitzean behin behintzat gertatzen da), gure buruari galdetu beharko genioke: zer kontatzen digute aldatuko denaren inguruan? zer da zehazki araudian aldatzen dena? (batzuetan arauaren testuan aldatzen dena, agintariak aldaketari buruz egiten dituen adierazpenak eta komunikabideek kontatzen dutena ez datoz bat) zeintzuk izan daitezke ondorioak? zein da ageriko eta ezkutuko hezkuntza-politikaren arteko aldea?

2012/02/20

Oinarrizko kontzeptuen lanketa

Didaktika Orokorreko irkaslearen paper-zorroan irakurtzen dudanez, ez da oso pozik geratu irakasgaiaren lehenengo blokearen emaitzekin (ez dakit zehazki gure taldeari buruz pentsatuz idatzi ote duen, ala ez). Azken egunean gaiari bukaera emateko didaktikaren inguruan eman zigun definizioarekin edo, hobe esanda, nik ulertu nuenarekin, arazo bat daukat: ulertu dudanaren arabera, Hezkuntzaren Psikologiak eta Didaktikak antzaz helburu bera dute, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua aztertzea, alegia. Ea hurrengo asteetan nire dudak argitzen diren; irakasgaiak jarraitzeko beste motibazio iturri bat izango da hau.

Paper-zorroan botatzen digun galderaren arabera, nire aldetik landu ditugun kontzeptuen inguruan aurreko lauhilekoan ikasitakoaren errentaz bizi izan naizela iruditu zait, baina ziur joango direla azaleratzen desberdintasunak, momentu honetan konturatu ez arren.

2012/02/19

Curriculumaren dekretua

Legeak gustuko dituen "freak" horietakoa naiz. Lanean legeak aztertzea eta bat idazteko lanetan aritzea tokatu zait, eta oso interesgarri egiten zaizkit. Batetik, araudiaren testuetan ausazko ezer ez dago; hitzak oso ondo neurtzen dira, eta dibertigarria da aukera ezberdinen artean baten alde zergatik egin duten asmatzen saiatzea. Bestetik, araututako gaiaren inguruko ikuspegia islatzen dute, eta dibertigarria da ere hitzen atzean dauden esanahiak bilatzen saiatzea. Azkenik, gai bat sakontasun pixka batekin ezagutzen duzunean, horri buruzko arauaren tramitazioa jarraitu eta azkenean onartzen den testua irakurtzean ikus dezakezu araua onartzeko negoziazioa nolakoa izan den.

Araudian aditu direnengandik ikasi dudan gauzen artean legeen zioen azalpena edo bestelako testuen sarrera arretaz irakurtzearen garrantzia dago, bertan baitaude artikulatua ulertzeko eta interpretatzeko gakoak, baita batzuetan artikulatuan esplizituki jaso ez diren hainbat oinarrizko ideia  ere.

Arauen testuak opera baten libretoa edo antzerki baten gidoiaren antzekoak dira: obraren tonu orokorra finkatzen duen sarrera baten ondoren, pertsonaiak aurkezten dizkigute, egoera jakin batzuk deskribatzen dituzte, eta egoera horietan pertsonai bakoitzaren ekintzak zeintzuk diren adierazten digute. Ez dakit Didaktika Orokorreko irakasleak dekretua nola landu nahi duen, baina atzo pentsatzen egon nintzen antzerkia oso modu interesgarria izan zitekeela, edo horrek oso luze jotzen duenez, dekretuaren testutik abiatuz antzerki baten gidoia idaztea.

Azkenik, arauei dagokienez, jatorrizko bertsiora jotzen saiatzen naiz. EAEn arau gehienak gaztelaniaz idatzi eta ondoren euskarara itzultzen direla iruditzen zait, dagokion aldizkari ofizialean argitaratu aurretik. Beraz, euskarazko bertsioa arauaren lehen interpretazioa litzateke, zentzu horretan. Bestetik, batzuetan curriculumaren kasuan bezala, araua sustatzen duenak azalpenezko txosten bat argitaratzen du, arauaren edukiak argitzeko (edo horien inguruan bere interpretazioa azaltzeko), lagungarria dena araua bera ulertzeko.

2012/02/18

Deseskolatzea bai, deseskolatzea ez

EL PAISek aste honetan plazaratu du berria gai honen inguruan.

Hitz-tarte motza: neutralitatea eta objektibitateari buruz egindako ariketaren harira, esan beharra dago artikulua ez dela neutrala (normala, egunkari batetik etorrita), ezta objektiboa ere (tituluari begiratu besterik ez zaio egin behar). Azken honen inguruan maiz komunikabideek nahastu nahi izaten gaituzte, objektibotasuna haien helburuetako bat dela esanez, baina hori beste sarrera (eta irakasgai) baterako gaia litzateke.

Deseskolatzera bueltatuz, nik probabilitate kontu bat bezala ikusten dut. Estatu batek haurraren eskubideak bermatzea bere gain hartzen duen momentutik, ardura handia du. Guztiok dakigu irakasle onak eta irakasle txarrak daudela (haurraren eskubideei muzin egin edo horiek errespetatzen dituztenak, besteak beste), baita guraso-hezitzaile onak eta txarrak ere. Kontua hau da: nola bermatu hobeto haur batek bere bizitzan zehar hezitzaile onak izatea? Ba, hezkuntza-sistema "tradizionalaren" barruan haurrak irakasle kopuru handi xamarra izango duenez, probabilitate hutsari jarraituz eredu on eta txarrak izango dituela bermatuko dugu (proportzioak aldakorrak izango dira, hori bai: 10-90, 40-60, 70-30, etab.), eta deseskolatzearen ereduan, aldiz, eredu bakarra jasoko du haurrak. Zein litzateke haur bati hezkuntzari dagokionez bizitza izorratzeko arrisku handiena dakarren eredua? Ba, nire ustez, desekolatzearen ereduaren bidez haur gutxiren gainean eragingo bada ere, gutxi horietako batzuei bizitza %100ean izorratzeko arriskua egotea nahikoa da eredu horri eragozpen handiak ikusteko. 

Bestetik, argudio horrek beste puntu batera garamatza: irakasle baten ibilbide profesionalean zehar bere eskuetatik igarotzen diren haurren kopurua kontuan izanda, horien bizitza portzentaje batean izorratzeko arriskua gogoan izanda, irakasleak ahalik eta onenak izan daitezen lanean jarrai dadila exijitu beharra dago.

2012/02/17

Eztabaidak, eta hari izpi bati tira eginda atera daitekeen guztia

Joan den asteko gelako jarduerek hausnarketa sorrarazi zidaten bezala, aste honetakoekin berdin gertatu zait. Aitortu beharra daukat hasieran kasuen inguruko eztabaida 3. BUPeko etikako klaseetara bueltatzea iruditu zitzaidala, eta kasuak pleistozenokoak. Oso "lugaren comunes", baina Luppiren diskurtsorik gabe. Baina asteak aurrera egin ahala, oso interesgarriak egin zaizkit. Oso talde polita dugu gelan, pena eztabaidetan erdiek parte hartzen ez duten (edo uzten ez diegula?). Horretarako irtenbidea pentsatu beharko genuke guztion artean (agian brainstorming bat "nola lortu gelakide guztiek parte hartzea?" galderarekin).

Aste honetan nire interesa piztu duen beste gai bat ondokoa izan da: irakasgai batzuen eskoletako zurrumurruak (irakaslea hizketan ari den bitarteko marmarra). Orain arte arraroak izan dira gure gelan, baina aste honetan deigarri suertatu diren momentu pare bat izan dira. Nire lehen erreakzioa "baina, zer nolako errespetu falta!!" izan zen, gelako amonaren papera antzezteko beharrik gabe betez. 

Hala ere, gero gertakizuna bueltatu egin da nire pentsamendura, orain arte ikusi ez nuen ikuspuntu batetik (ama, hau ote Didaktika Orokorreko paper-zorrorako Andre-Mariaren agerraldi horietako bat?): konturatu naiz nire kasuan gelako egoeran jokabide hori ezabatuta dagoela errepertoriotik, hau da, irakaslea hizketan ari den bitartean zurrumurruka aritzea niretzat bateraezina dela (eta niri gertatzen zaidan moduan, gelan adinean gertu ditudanei ere gertatzen zaie). Baina, beste batzuei ez zaie hori gertatzen, hau da, zerbaiten arabera erabakitzen dute zurrumurruan aritzea ala ez. Azken aste hauetan Hezkuntzaren Psikologiako irakasgaian lantzen ari garenaren arabera, egoera horri buruzkoak nik eredu oso konduktualen bidez ikasi ditudalako ote da? Ikaskuntza-ereduek baldintzatzen al dituzte erantzunen arteko horrelako aldeak? Edo horrekin zerikusik ez duen zerbaitengatik da? Adinduen eta gazteen artean maiz suertatzen diren gatazka txiki (edo handi) askoren oinarrian hori ote dagoen bururatzen zait: batak ezin bestearen jokabidea ulertu lehenarentzat bigarrenarena ez baita sartzen jokabide posibleen zerrendan, eta bigarrenak ezin lehenaren jarrera ulertu ez duelako ikusten lehenarena erantzun automatikoa dela.

Eta gertakizun horren inguruan beste galdera oso interesgarriak sortzen zaizkit: zeren arabera erabakitzen dute (erabaki dezaketenek, niri stop gorri handi bat ateratzen zaidan tokian) zurrumurruka noiz (eta norekin) egin, eta noiz ez? Azken hau bereziki dator harira irakasle izateko prestatzearekin, ez baitugu nahi gure gelan ikasleak zurrumurruka ibiltzea (ala bai? baina, noski, nola lortu batek nahi duenean baino zurrumurruka ez ibiltzea?). Kasualitatea izango da agian, baina gure gelari dagokionez gizonezko irakasleekin zurrumurruak ematen ez direla esango nuke. Bestetik, Musikan aste honetan ikusi dugunaren antzera, haurrek (eta heldu askok) intentsitatea eta erritmoa nahasten dituztela esaten zigutenean (fuerte=azkar, suabe=mantso), irakaslearen gertutasuna (eredu teknikoaren ordez indagatzailea erabiltzea) "viva la Pepa"rekin nahastea ematen da batzuetan, eta irakasleak estrategiak aplikatu behar ditu zirkuitulabur hori mozteko. Azkenik, iruditzen zait ikasleengan badirela sentsore berezi batzuk horren inguruko "ahulezia" detektatzeko, irakasleak ezer egin edo esan gabe aktibatzen direnak, zakurrek pertsonen beldurra usaintzen duten moduan.

Bukatzeko (inork honaino jarraitu badu), gai hau ez dut atera inori begian behatza sartzeko asmoz. Nik agian zurrumurrurik ez dut egingo, baina gai naiz oso irakaslea hizketan dagoen bitartean arreta galtzeko, emaitza berdina lortuz.

Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan al gaitezke? Zein da neutralitate eta objektibitatearen arteko desberdintasuna?

Nire ustez, neutrala izatea ez da posible; ez hezkuntzan, ez irakaskuntzan, ezta bizitzaren beste arloetan ere, norbanakoa bizirik dagoen artean behintzat.

Neutraltasunak distantziakidetasuna inplikatzen du, eta distantzia neurtzeko tresnaren zehaztasuna areagotzea baino ez da beharrezkoa distantziakidetasun hori hausteko. Adibide batekin azalduz: laukitxo bakoitzak albo bakoitzeko metro bateko luzera duen xake taula erraldoi batean erraz koka gintezke bi ertzen artean distantziakide litzatekeen laukitxoan (laukitxoen kopuruak bikoitiak izanik); baina laukitxo bakoitzak milimetro bateko alboak balitu, ez litzateke posible izango. Beraz, gutxi gora-behera distantziakidea dirudien jarrera edo iritzi bat sakontasunez aztertzen hasiz gero, beti iritsiko ginateke ondorio berdinera: mutur batetik bestetik baino gertuxeago dagoela, oso gutxi bada ere.

Honek ez du zertan kezka edo larritasunik eragin behar. Izan ere, hezkuntzan eta irakaskuntzan neutraltasun aseptikoak ez luke helburu izan behar. Hezkuntza eta irakaskuntza ekintzan oinarritzen dira, erabakietan, eta horiek ezin dute neutral izan. Ez egitea ere ez da neutral, aste honetako kasuen azterketetan ikusi dugun moduan (eztabaida jakin bat gelara eramatearen erabakiak neutraltasunez ez jokatzea suposatzen du, baina eztabaida ez egiteak ere neutraltasun eza inplikatzen du). Beraz, neutraltasuna hezkuntza eta irakaskuntzarekin bateraezina da, nik ulertzen dudan moduan.
Objektibotasuna oso bestelakoa da, aldiz. Subjektibotasunarekin alderatuz azal dezakegu errazen, horren kontrakoa baita. Norbanakoa iruditik kanpo kokatuz lortzen da objektibotasuna, azaldu edo behatzen denaren izaerari guregandik ahalik eta gutxien gehituz. Hezkuntza eta irakaskuntzari aplikatuta, objektibotasunez aritzeak gure iritzi, uste, asmo eta nahiak alde batera uztea ekarriko luke. Horregatik, objektibotasuna jarrera kritikoarekin lotua legoke, norberaren iritziak eta abar kanpoan uzteko lehendabizi horien inguruko kontzientzia garatu behar delako, baita horiek kolokan jarri ere. Objektibotasuna lortzea oso zaila iruditzen zaidan arren, posible ikusten dut eta, gehienbat, oso helburu desiragarria iruditzen zait irakaslearentzat.
Irakasleak, objektibo izateaz gain, objektibotasuna bultzatzeko helburua izan beharko luke. Ikasleengan objektibotasuna sustatzeko, beraien ikuspuntu subjektibotik at dauden ikuspegiak islatzea, azaleratzea edo sortaraztea litzateke irakaslearen rola, eta aste honetan ikusi ditugun kasuetako batzuk norabide horretan egin dute lan, baita gure artean eman den eztabaidak ere.

2012/02/12

Umuntu Ngumuntu Ngabantu


Aste honetan izan ditugun gelako eztabaiden inguruan, lanetik esaldi hau dakart, zulu hizkuntzatik datorrena:

(gu) garelako naiz (ni)

Agian bizitzaren etapa desberdinetan gaudelako kontrako norabidean goaz batzuk eta besteak: ikaskide batzuk gugandik aldenduz niak aldarrikatzen dituzten bitartean, nik geroz eta joera nabarmenagoa dut nire nortasuna besteekin eraikitako gutasunen bildumaren bidez osatzeko, lau dimetsiotako collage dibertso baten moduan. Eta bihotz-bihotzez eskertzen diet guztiei haien parte-hartzea!

Hezkuntza - Gizarteratzea - Kultura

Hiru termino hauek guretzat duten esanahia definitzeko eskatu digu Didaktika Orokorreko hirugarren ariketaren harira. Irakurri ditudan hainbat definizio nahastuz, honela laburbilduko nituzke:
  • Kultura: giza-talde batek kolektiboki eraikitako errealitatea, mundua ulertu eta islatzeko asmoz, ikaskuntza sozialaren bidez transmititzen dena pertsonen artean.
  • Gizarteratzea: norbanakoan ematen den prozesua, zeinaren bitartez bere inguruneko gizartearen partaide bihurtzen den, talde horren kultura barneratuz eta aldi berean, kultura horretan eraginez.
  • Heziketa: norbanakoan ematen den prozesua da, ikaskuntzan oinarritutakoa. Prozesu honek bi izaera oso desberdin eduki ditzake: ingurune sozialak sortutako idealetara ailegatzeko asmoz norbanakoan kanpotik burutzen den prozesu esku-hartzailea ("educare" ikuspegia); edo kanpoko estimulu egokien presentzian norbanakoaren barnean gertatzen den prozesua ("educere" ikuspegia). Kulturaren arabera, bata ala bestea faboratzen da gehiago.
Beraz, kultura giza-talde batean bizi den pertsona oro inguratzen duen zopa litzateke, gizarteratzea norbanakoa zopa horren osagai bihurtzeko prozesua, eta heziketa gizarteratzeko eta garapen pertsonalerako balio duen tresna.

Zergatik dago baloratuagoa hezkuntza formala? Zertarako banatu hezkuntza formala eta ez-formala?

Hezkuntza eremuei buruzko ariketaren baitan egin beharreko beste zerbait gelan ateratako galderaren bati heltzea da, eta nik hauxe aukeratu dut: zergatik dago baloratuagoa hezkuntza formala?
Nire ustez, hezkuntza formala, ez-formala eta informala gehiago baloratzen dira testuinguru eta egoeraren arabera. Italiako mafian infiltratuz horren errealitatea aztertzeko helburua duen egunkariko zuzendariak lanerako kazetari egokiena aukeratzeko orduan, hezkuntza informalaren esparruan jasotako ikaskuntzei garrantzi berezia emango die, pertsonak eta egoerak "irakurtzeko" gaitasunaren araberakoa izango baita bizirik mantentzeko probabilitatea aukeratua denarentzat. Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan azken irrintzia den aplikazioa erabiliz produktu berri bat sortzeko asmotan publizitate agentzia baterako langilearen bila dabilenak, aldiz, esparru ez-formalean aplikazio horren inguruko prestakuntza jaso ote duen begiratuko du bereziki, ziurrenik eremu formaleko ikasketen curriculumean oraindik sartu gabe egongo delako. Hezkuntza formala gutxi batzuen eskura dagoen luxua deneko testuinguruan (historikoa nahiz geografikoa), hezkuntza formala izugarri baloratzen da gizarte-estatusari dagokionean, herri xehetik banatzeko balio duen tresna baten moduan. Eta hezkuntza formalari aipua kendu nahi zaion testuinguruan, agian egun eta hemen bizi duguna, mila argudio jaurtitzen dira hezkuntza ez-formalaren abantailak goraipatzeko.

Argi dagoena zera da: hiruen artean ospe gutxien duena hezkuntza informala dela, naturatik gertuen dauden giza-taldeetan egun ere oinarrizkoen dena, informazioaren gizartean bizi garenok maiz ahazten dugun arren. Crusoeren antzera galdutako irla batera iritsiko bagina, zein eremutako ikaskuntzek balioko ligukete gehien?


Ariketaren inguruan, beste galdera hau gehituko nuke, bi eremuen inguruko eztabaidari gehiegizko energia ez bideratzeko: zertarako banatu hezkuntza formala eta ez-formala? Bi hezkuntza eremu hauek bereizteko arrazoi bakarra hezkuntza-sistemen baitan eskumenen banaketan datza: hezkuntza formala estatuak hezkuntza-sistemaren barruan arautzen duen esparrua da, eta hezkuntza ez-formala horri eta gizartearen behar-interes anitzei erantzun emateko sortua izan den sistema edo merkatua da. Bata ala bestearen barruan egoteak desberdintasun bi dakartza soilik: nork erabakitzen dituen edukiak, eta nork hartzen duen bere gain jardueren kostua.

Zein hezkuntza eremutan arituko gara gu?

Hezkuntza eremuei buruzko ariketaren atal moduan, galdera horri erantzutea proposatu digu Didaktika Orokorreko irakasleak. Gradua amaitu ondoren, gure nahia eta asmoa hezkuntza eremu formalean jardutea izango da, horretara zuzendutako prestakuntza jasoko baitugu gure ikasketetan. Hala ere, gero ikusi behar bizitzak nora garamantzan: esparru formalera (eta horren baitan sare publiko, pribatu ala itunpekora), edo ez-formalera. Nire kasuan, apostu argia egina dut aldez aurretik: eremu formalean eta sare publikoan aritzeko ez bada, ez dut uste egun dudan lana utziko dudanik.

Eta inoiz ahaztu ez beharreko zerbait: egiten duguna egiten dugula ere esparru informalean egunero aritzen garela, eta horren kontzientzia hartu behar dugula, eman zaigun irakurgaian horrek esparru informalaren desagertzea dakarrela esaten bada ere (ni ez nago horrekin ados, denbora guztian ez baita posible kontzientzia mantentzea, eta horrexek egiten du posible momentu jakinetan hausnartuz ere, hezkuntza informalaren esparruan etengabe aritzea).