2014/04/27

Animazioak egiteko aplikazio sinplea

Tellagami sakelako telefonoetarako debaldeko aplikazioa da, "gami" izena duten animaziozko istorio motzak sortzea ahalbidetzen duena, norberak grabatutako ahotsari pertsonaia gehituta.

Lehendabizi, zure pertsonaia aukeratu eta haren itxura aldatuko duzu. Gero, istorioaren atzealdeko irudia aukeratu behar duzu, edo zure irudietako bat igo. Ondoren, zure pertsonaiak esango duena grabatu dezakezu (30 segundo gehienez), edo testua idatzi (ingelesez idazten baduzu, ondo, baina aplikazioak euskarazkoa ez du irakurtzen jakingo) aplikazioak berak ahotsa jartzeko.

Iruditu zait erabilgarria izan daitekeela eskolan, hainbat gauza egiteko:
  • Haurrek istorio motzak sortzea haien ahotsa grabatuta.
  • Proiektu baten sarrera erakargarriagoa egiteko, arte plastikoetako portfolioan aipatu dudan Miroren proiektuan egiten duten bezala.
  • Haurrek sortutako olerkiak edo abestiak aurkezteko beste modu bat erabiltzeko.
  • Haurrak oporretan non izan diren kontatzeko, haien irudiak eta ahotsak erabilita.

2014/04/23

Haurren jokabidearen inguruan

Practicum honetan zehar buelta asko eman dizkiot haurren jokabidearen gaiari eta irakasle bezala izan nahi nukeen heziketa-estiloari.

Lehenengo asteetan, gelako haurrek kasurik egiten ez zidatela eta kezkatuta nenbilen, batez ere nire burua haiek mehatxatzen eta zigortzen (zigor txikiak, baina zigorrak, azken batean) ikusi nuenean. Oso gogorra da norberaren ahotik esan nahi ez dituen gauzak ateratzen direla entzutea, egiteko beste modu batzuk burura etorri ez zaizkizulako.

Kezka horiekin joan nintzen graduko lehen mailan Hezkuntzaren Psikologiako gure irakaslea izan zenarengana, eta harekin izan nintzen solasean ordu pare batez. Berak emandako aholkuak aplikatu ditut, eta eskolan ere jaso ditut hainbat irizpide eta informazio-iturri. Orain, guztiak hemen laburbiltzen saiatuko naiz.

Ezer baino lehen, oso argi eduki behar da zein den norberaren helburua; zer lortu nahi dut? Horrekin batera, argi eduki norberaren gelan zer toleratuko den, eta zer ez; hau da, zeintzuk diren norberaren arauak.

Hasteko, oso garrantzitsua da behaketa sistematikoa eta zehatza egitea: zenbat eta nortzuk dira jokabide egokia duten haurrak? nortzuk dira jokabide desegokia dutenak? zergatik dute portaera desegokia?

Bestetik, oso garrantzitsua da autokontrola, norberaren emozio eta pentsamenduen kontzientzia eta kudeaketa. Horretan lagungarri izan daiteke semaforoaren estrategia: denbora tarte bat hartu egoera aztertu eta erabakitzeko egoera aurrera egiteko modukoa den (semaforo berdea), pentsatzeko denbora hartu behar den (semaforo horia), edo geratzeko beharra dagoen (semaforo gorria).

Halaber, norberaren buruari helburu zehatz eta neurrikoak jarri behar zaizkio epe motzera: zein da nire helburua gaurko? Batzuetan, talde osoarentzat helburu bat finkatu beharrean, haur zehatz batekiko edo gutxi batzuentzat plantea daiteke. Helburua erabaki ondoren, jarraituko den estrategia erabaki behar da, eta horri eutsi, amore eman gabe.

Asko laguntzen du helburuak eta arauak esplizitatzeak, berbalizatzeak. Maiz arauak ezaguntzat jotzen ditugu, baina haurrek ez dute araua zehazki betetzen, eta ez da posible ulertu ez dena betetzea. Arauak argi azaldu behar dira, eta haurren laguntza eskatu behar da horiek betetzeko. Helburuak haurrekin partekatzea ere oso lagungarria da, eta partekatu ondoren konfiantza eman behar zaio haurrari, helburua lor dezakeela badakigula esanez. Eta, berriz ere, helburu argiak.

Arauak eta helburuak positiboan proposatu behar dira ("isilik egon" esan beharrean, "adi egon" edo "entzun"; "korrikarik ez" esan beharrean "oinez poliki"). Hau da, haurrari zer egin behar duen azaldu behar zaio, eta ez zer ez duen egin behar.

Portaera egokiak saritu behar dira, horiei eman behar zaie arreta, eta maiz kontrakoa egiten dugu. Portaera desegokiei, aldiz, atentziorik ez diegu eskaini behar (arriskutsuak ez badira, behintzat). Horrela, talde osoari portaera egokien eredua eskainiko diogu, eta portaera desegokiak ez ditugu errefortzatuko.

Koherentzia eta konstantzia oso garrantzitsuak dira, eta horregatik da hain garrantzitsua helburuak argi edukitzea. Eta, azkenik, portaerako gaiak lantzeari lehentasuna ematen bazaio, horrekin koherentea izan behar da ere. Hau da, ez du balio portaera lantzeko helburuak norberaren buruari jarri eta ordutegiaren arabera arduradunak bere lanak bukatuta eduki beharko zituen garaia iritsi dela ikusita, portaeraren gaiak alde batera utzi eta "turboa" sartuta, nola edo hala lanak bukatzea. Erabaki beharra dago zeri emango zaion lehentasuna, eta portaerako gaiei ematen bazaie, edukiak bigarren mailan utzi beharko dira, eta hori ez da erraza suertatzen.

Haurren jokabidea aldatzeko edo kudeatzeko informazio-iturriei dagokienean, practicumean zehar eskolan tutoreek izan dituzten bileretan Berritzegunean gomendatuko liburu bat aztertu zen, Stephen Garber, Marianne Garber eta Robyn Spizmanen "Portarse bien. Soluciones prácticas para los problemas comunes de la infancia". Liburutegitik hartu dut, baina oraindik ez dut aukerarik izan irakurtzeko. Bestetik, aholkulariak prestatutako bilduma bat fotokopiatu dut, bost urteko bi geletako tutoreei eman ziena, portaera arazoak dituzten haurrak daudelako bi geletan. Bilduma horretako material asko Jesús Jarque García izeneko pedagogo eta psikologoak duen blogetik aterata daude. Egia esan, oso interesgarriak iruditu zaizkit, zehatzak eta praktikoak direlako. Iruditzen zait aipatutako liburuak eta Jesús Jarqueren materialak nahiko antzekoak direla; portaera zehatz batzuen aurrean zehazki zer egin argi azaltzen dutela, alegia. Azken asteetan aurkitu dudan beste informazio iturri interesgarri bat "Buenos tratos" deritzon bloga da; berez atxikimenduko arazoak dituzten haurren ingurukoa dena, bereziki adoptatutako haurrei buruzkoa, baina bertan bildutako gai asko eta asko edozein haurri aplikatzeko modukoak iruditzen zaizkit. Kasu honetan ere, modu ulerterrazean azaltzen dira kontzeptuak, baina oinarri tekniko sendo batetik abiatuta. Adibidez, oso zentzuzkoa iruditu zait zigorraren inguruan proposatzen duena.

Practicumean zehar estrategia batzuekin probak egin ditut, eta iruditu zait emaitza onak eman ditzaketela. Bestetik, egia da gelako haurrak kasu gehiago egiten joan direla asteak pasa ahala; hortaz, eboluzioa positiboa izan da. Bereziki interesgarria iruditu zait haur zehatz bati goiz horretarako helburu zehatz bat jartzea eta berari "jarraipen berezia" egingo diodala esatea; haurrek oso ondo erantzun dute horrelako proposamena egindakoan, eta beste haur batzuk ere nahi zuten nirekin "sekretutxoa" izan. Konplizitatea lantzeko aukera eman dit ere, eta aurrerantzean erabiltzeko modukoa iruditu zait.

Bost urteko haurrak direnez, batzuetan arauen zergatia azaldu diet ere, eta iruditu zait horrek lagundu duela nirekiko errespetu giroa sortzen edo. Hau da, nire sentsazioa da haurrek uste dutela "zentzuduna" naizela, eta maiz iruditu zait arau baten zergatia azaldu ondoren hura betetzeko joera areagotu dela haiengan. Badakit Haur Hezkuntzako etapako haurrekin ekintza askoz ere gomendagarriagoa dela azalpena baino, baina iruditu zait bost urterekin gai direla hainbat arauren inguruan azalpenak ulertzeko, eta horien inguruan eztabaidatzeko ere, batez ere araua ez betetzeak ekar ditzakeen ondorio negatiboen inguruan (adibidez, pasabideak korrika joatearen ondorioz irrist egin eta min hartzea, eta horrelakoak).

Badakit aurrerantzean gehiago sakondu nahiko dudala gaiaren inguruan, baina behintzat pozik geratu naiz barruan kezka sortu eta hura arintzeko ahaleginak egin ditudalako, eta gustukoa ez nuen bide batean nire burua ikustean beste zerbait egiten saiatu naizelako. Gai hauei buruz gogoeta egiteak nire buruari buruz ikasteko beta eman dit ere, eta adibidez konturatu naiz ez naizela batere pertsona aproposa zigorra erabiltzeko, zeren eta erabili dudan batzuetan aplikatzea ahaztu zait. Adibidez, egun batean haur bat biribilean geundenean "gaizki portatu" zenez txokoetara joan aurretik minutu batzuez bertan eserita egon behar zuela esan nion, eta eskerrak bera gogoratu zen, zeren eta nik txokoetara joaterako ahaztuta nuen! Suposatzen dut ahazte horren atzean arrazoiren bat izango dela; agian benetan ez zitzaidan iruditu zigortzeko moduko zerbait, edo zigor hori ez zitzaidan batere eraginkorra iruditu, edo zigorrak ez ditut gustuko, edo guztia batera ... Baina gauza da oso inportantea dela irakasle bezala nola jardungo zaren aldez aurretik ondo pentsatzea, horretan inprobisatzeak normalean emaitza nahiko kaskarrak eman ohi dituelako.

2014/04/21

Marrazki librearen ordezkoak

Orokorrean eskoletan marrazki librea arte plastikoak lantzeko gehiegitan erabiltzen dela esan zaigu graduan zehar. Okerrago dena, gehienetan marrazki librea zer landu ez dakigunean agintzen omen dugu eskoletan.

Horregatik, interesgarria iruditu zait marrazki librea ez diren ariketak probatzea practicumean zehar, baina irakaslearen aldetik txoko horretan gidaritza gehiegi eman gabe egin daitezkeenak, bestela ezingo baitira marrazki librearen ordezko gisa erabili. Arte plastikoetako portfolioan jaso ditut egindako saiakerak.

Zuhaitz logikoak margoak antolatzeko

Practicumean zehar gogoeta egin dut eguneroko jardunak eskaintzen dituen aukerak probestuz irakasleak landu nahi dituen edukiak txertatzeari buruz. Haur Hezkuntzako gelan gutxitan burutzen dira jarduerak irakasleak pentsatutako moduan; beti sortzen dira ezustekoak eta etenak. Irakasle arrakastatsuak badaki "desbideraketa" horiek aprobetxatzen landu nahi dituen edukiak mahai gainean jartzeko. Nik bezala esperientziarik ez duen norbaitentzat oso zaila da hori egitea, burua nahikoa lanpeturik dudalako gelan egiten ari garena kontrolatzen, baina suposatzen dut saiatuz eta eginez ikasiko dudala.

Jarduera honek nahi horrekin du zerikusia. Gure gelan argizariak kolorearen arabera sailkatuta gordetzen dira kaxa txikietan.Tutoreak esan zidan haurrek maiz argizariak nahastu egiten dituztela, eta aldian behin horiek berriro sailkatu eta gordetzen jartzen dituela. Orduan aprobetxatzen dute txikiegiak diren argizari puskak botatzeko, margotzeko baliagarriak ez badira kaxetan edukitzeak zentzurik ez duelako. Hori guztia gogoan izanda, pentsatu dut ona litzatekeela margoak sailkatu eta gordetzen dituzten bitartean matematika lantzeko jarduera bat prestatzea, logika lantzeko, hain zuzen ere. Orain arte gelan zuhaitz logikoen erabilera ikusteko aukerarik izan ez dudanez, zuhaitz logiko bat prestatuko dut, oporren ondoren irakasle laguntzailea datorrenean lantzeko asmoz, baina gerorako erabilgarria izango delakoan.

Orri batzuetan laukitxoak prestatu ditut, zuhaitzaren urrats bakoitzean bete beharreko baldintzari buruzkoak, eta eskolara bueltatzen naizen egunean prestatuko dut materiala. Argizariak kolorearen arabera, "Manley" dioen etiketa dutenaren arabera eta tamainaren arabera sailkatuko dituzte. Irakasle laguntzailea etortzen denean haurrak txokoetako talde beretan banatzen direnez, talde bakoitzean sei haur egoten direla kontuan izanda, bikotetan aritzeko diseinatu dut ariketa. Horrela, erdian margoak nahastuta dituen kaxa handia jarrita, bikote bakoitzak zuhaitz logiko bat jarraituko du, bi koloretako margoak hartuta.

Psikomotrizitateko saioa unibertsitatean: prestaketa

Psikomotrizitatearen inguruan practicumean egingo dudan proposamen nagusia unibertsitatean saio bat burutzea izango da. Psikomotrizitateko irakasleak graduko laugarren mailan ikasleei proposatzen die Practicum IIIko haurren gela unibertsitatean prestatutako psikomotrizitateko gelara ekartzeko, bertan saio bat burutzeko. Nik datorren urtean seguruenik minor hori hartuko ez dudanez, irakasleari proposatu nion aurten egitea, eta onartu zidan.

Apirilaren 29an burutuko dugu saioa, eta practicumeko lehen egunean proposatu nion eskolako tutoreari, pentsatu nuelako antolaketak luze jo zezakeela. Eskolan zuzendaritzari proposatu zion tutoreak, eta haien oniritzia jasota, unibertsitatera joateko autobusa antolatu du. Eskolako autobusa jartzeko adina haur ez direnez, hiriko autobus publikoan joango gara, eta tutoreak txartel bereziak atera ditu horretarako.

Bestetik, unibertsitatean psikomotrizitateko irakasleak musikakoarekin aldatu ditu eskolak, gure saioa 15.00etan hasi ahal izateko. Aurreko astean berarekin izan nintzenean esan zidan gela aldez aurretik prest egingo dela, horma eginda eta guzti. Eskatu zidan ere nire gelakideen artean hiruzpalau boluntario eskatzeko saioa dinamizatzen parte hartzeko, eta horrela egin dut. Jada lauk eman dute izena, eta taldea osatuta daukagu.

Saioa burutu ondoren materiala haurrekin jasoko dugunez, ondoren ez dugu ezer egin beharko. Saioaren aurreko egunean gure unibertsitateko irakaslearekin geratzen saiatuko gara, materialaren inguruko informazioa biltzeko, eta hark eman beharreko oharrak jasotzeko. Eta horrekin arratsalde interesgarria igarotzeko prestaketak bukatuta egongo dira.

2014/04/13

Collagearen jarduera azalduta

Igo dut arte plastikoen portfolioko webgunera azken asteetan burututako jardueraren azalpena eta irudiak.

Musikako jardueren balorazioa

Musikaren inguruan burutu nahi ditudan jarduerak bildu nituen hemen, eta jada hasiak gara batzuk egiten. Zehazki, "Kanika txiki bat" abestiaren ingurukoa hirutan landu dugu gelan, eta haurrek oso gustukoa dute. Baten batek ez du parte hartzen, agian haien motrizitate finarenganako segurtasun faltagatik, baina nik uste dut jolasten jarraituz gero, guztiek bukatuko dutela pozik egiten. Nik ere ondo pasatu dut eritu garenetan, baina oraindik gehiago landu nahi dut abestia bera, oihartzunean eginda guztiek ondo ikasteko, eta abesten dugun bitartean abestiarekin batera eskuen mugimendua koordinatzeko.

Papera zimurtzeko ariketa ere egin genuen, talde txikietan, eta oso ondo atera zen. Tutorearen gomendioa jarraituta, zetazko papera erabili genuen, eta oso ideia ona izan zen. Eskuarekin papera zimurtzeko erritmo mantsoa marka nezala gomendatu zidan, eta "Sagu txiki" kantatzen jarri ginen, abestiarekin batera leunki papera zimur zezaten. Batzuk denbora pixka bat gehiago behar zuten paper guztia zimurtzeko (DIN A3 tamainakoak edo egin nituen zatiak, zetazko papera erraz zimurtzen delako), baina horrek ez du inolako garrantzirik. Bestetik, konturatu nintzen batzuentzat zaila zela esku bakarra erabiltzea bestea mahai gainean bazuten, eta eskatu nien erabiliko ez zuten eskua bizkar atzean jartzeko.

Papera zimurtzeko ariketaren jarraian hiru objektu txikiak bota eta hartzeko ariketa egin genuen. Tutoreak gomendatu zidan margo handi samarrak erabiltzeko, oso txikiak baziren gehiago kostako zitzaielako, eta hala egin nuen. Plastidecor lodiak erabili genituen, luzera desberdinetakoak, hori bai. Esku txikiena duen haur batek zailtasun pixka bat gehiago izan zuen, baina horrekin ere ondo moldatu ziren. Iruditu zait ariketa inoiz errepikatuko bagenu, margo lodiak eta finak nahastuko nizkiekeela, ariketa pixka bat zailtzeko.

Azkenik, ostirala oporren aurreko azken eguna izanda, gauza bereziak egin genituenez (goizean bost urteko bi taldeek hamaiketakoa batera egin zuten, eta arduradunek ekarritako fruta eta bizkotxoaz gain tutoreak olibak eta patatak ekarri zituen ere), "Nire lagunaren txakurrak" abestiarekin aritu ginen. Lehendabizi mugimenduak ikasten ibili ginen, eta horrekin nahiko lan izan zuten, bereziki tutorearen eta nire beste aldean jarrita zeudenek, gu parean ikusita kosta egiten zitzaielako eskuak nora mugitu behar zituzten asmatzea. Agian beste baterako ideia ona izango da tutorea eta biok zirkuluaren bi alde desberdinetan jartzea, eredua hobeto erakusteko. Mugimendua ikasita genuela, abestiarekin batera egin genuen. Gero cda jarrita egin genuen, eta bukaeran berriro bueltatu ginen abestira, oraingoan mugimendurik gabe. Haur pare batek negarrez bukatu zuten; batek nola egin ikastea lortu ez zuenez parte hartu ez zuelako, eta besteak bere ondokoak erritmoa bizkortzean azkarrago egin beharrean (edo horrekin batera) fuerteago jotzen ziolako belaunean. Beste guztiek oso ondo pasa zuten, baina gero pixka batean kosta zen taldea lasaitzea. Azken hori gogoan izan behar den zerbait da, honelako jarduerekin taldea pixka bat "desmadratzen" delako. Badakit "Txirukaka" lantzen dugunean oraindik ere eroagoa izango dela amaiera, baina bere onetik atera behar dira ere haurrak noizean behin, ezta? Gero adrenalina maila jaistea lortzen dugun bitartean, noski.

Nire burua ondo ikusi dut jarduera hauek lantzen. Azken aste hauetan oso lasai eta gustura nabil gelan, hasierako nerbioak gainditu ondoren, eta erabat eroso sentitu naiz.

Antzerkira eta parkera; errutinak

Joan den ostegunean egun berezia izan zen: goizean goiz auzoko kultur etxera abiatu ginen "On egin" antzerkia ikustera, eta ondoren parke handi batean egin genuen hamaiketakoa eta jolas ordua. Eguraldi ona izan genuenez, oinez abiatu ginen bost urteko bi gelak. Haurrak bikoteka joan ziren, beste gelako batekin, datorren ikasturteari begira Lehen Mailan taldeak nahasten dituztenerako elkar ezagutzen jarrai dezaten.

Antzerkia ez zegoen zehazki Haur Hezkuntzako haurrei zuzendua, baina desegokia ere ez zen, eta pasarte batzuk ulertu ez zituzten arren, gustura egon ziren. Batzuei ordu beteko emanaldia luzeegi suertatu zitzaien, baina normala da.

Ondoren bi taldeak parkera joan ginen, eta hantxe aritu ziren, haurrentzako jolasetan eta, bereziki, zuhaitz eta zuhaixken artean, makilak biltzen, txirbilekin eraikuntzak egiten, zuhaitzetara igotzen... Azken batean, haurren gauzak egiten. Beste gelako tutoreak hesiz inguratutako haurrentzako jolasen eremuan bakarrik ibiltzen utzi nahi zien, baina niri pena ematen zidan. Izan ere, eskolako jolastokia erabat gogorra da, eta haur hauek ez dute ia naturala den ezer manipulatzen. Hortxe ibili ohi dira, jolas tokia mugatzen duen elizaren hareharrizko paretatik harea ateratzen eta bertan zomorroak bilatzen. Eskerrak gure gelako tutoreak ere pixka bat gehiago esperimentatzen utzi nahi ziela, eta muga batzuk jarrita, haien jolaserako eremua zabaldu genuen.

Gure gelako haur bat parkean geundela inguratu egin zitzaidan, gelara noiz joango ote ginen galdetzera, hark lanak egin gabe zituela, eta gelara joan nahi zuela esanez. Egun hartako arduraduna zen, eta sobra ere kezkatuta zegoen bere txanda "alferrik galtzen" ari zela ikusita. Bizpahirutan etorri zitzaidan kontuarekin, gaixoa. Horietako batean kexati zebilela, beste haur bat gerturatu zen, hura ere gelara noiz joango ginen galdetuz, bazkaltzeko gogoa zuelako.

Gertakizun horrek ere galderak sortu dizkit buruan. Nola ote da posible haur batek nahiago izatea gelako lau pareten artean egotea parkean lagunekin nahi duena egiten egotea baino? Zergatik kosta egiten zaie haur batzuei "nahi dutena egitea"? Arduraduna hogei egunean behin soilik izatea zertarako da lagungarri, eta zertarako oztopo?

Gelara bueltatu eta bazkal ondoan arratsaldeko saioa hasi genuenean ere gaixoak goizeko lanak egin nahi zituen, eta eskatu zidan behintzat "lanetako" bat egiten uzteko. Egun hartan arduradunak lan bat bera ere egin ez zuenez, esan nien tutoreak eta biok erabaki genuela hurrengo egunean haur bera izango zela arduradun, eta orduan egingo zituela bere lanak, baina egun hartan arduradunari festa emango geniola, eta ez genuela lan bat bera ere egingo.

Egia da haur horrena kasu pixka bat berezia dela: joan den ikasturtean praktikak egiten aritu nintzenean mututze selektiboa zuen (selektiboa baino, orokorra zela esango nuke nik, praktika aldi osoan dozena erdi bat hitz baino gutxiago igarri nizkion eta, sekula ez gela arruntean) eta orain asko ireki denez, badirudi galdutako denbora guztia berreskuratu nahi duela. Bestetik, ongi egingo duela seguru dakien hura egin nahi du bakarrik, eta oso behatzaile ona denez, honez gero ondo ikasiak ditu arduradunaren betebeharrak; ondorioz, gelaren aurrean zerbait egiteko egoera egokia eskaintzen dio arduradun izateak. Sormen mugatua du maiz. Adibidez, behin batean eskatu nien "Vaya rabieta" ipuina irakurri ondoren haien burua haserre zegoenean marraz zezatela, bakoitzak haserretzen zenean egin ohi zuena egiten. Banekien haur horrek ez zuela horrelakorik marraztu nahi izango.Izan ere, haur gehienei kosta egin zitzaien onartzea haiek haserretu egiten zirela. Bizpahiru animatu ziren egiten zutena kontatzera, eta ondoren beste batzuk ere hasi ziren esaten plateren bat bota zutela inoiz, eta horrelakoak. Haur honi esan nion bere burua marraztu beharrean, nahiago bazuen marraz zezala ipuinaren protagonista, eta esan zidan berak ez zekiela nola marraztu mutiko bat. Nik nola egin behar zuen esateko eskatzen zidan, eta hortxe egon behar izan nuen laguntzen (ea, burutik hasiko al gara? nolakoa da burua? biribila? bada, marraz ezazu zirkulu bat, eta begirik ba al du mutikoak?...).

Berea kasu berezia bada ere, iruditzen zait gelako haurrak orokorrean ez direla bereziki sortzaileak. Ostiral arratsaldetan txoko libreak egiten ditugunean konturatu nintzen haur gehienek plastikako txokoan edo eraiketa txokoan aritu nahi izaten dutela, eta liburu eta puzzle txokoa nahiko hutsik geratzen dela. Pentsatu nuen Gianni Rodariren ariketaren bat proposatuko niela, haiek ausaz aukeratutako bi objekturen izenekin ipuin bat guztion artean asmatzekoa, adibidez. Goiz batean txoko horretan ari ziren haur batzuekin denbora libre pixka bat geratu zitzaidanez, haiekin probatxo bat egingo nuela pentsatu nuen. Jolasa azaldu nien, eta batek esan zidan berak ez zuela horretan ari nahi, baina besteak baietz esan zuen. Ileko kako urdina eta planeta aukeratu genituen gure ipuina egiteko. Gauza da berari ez zitzaiola ezer bururatzen; nahi zuen, baina ez zen ausartzen buruko kakoarekin eta planetarekin berak nahi zuena egiten. Jolasean oso gustura ibili ez zela iruditu zitzaidan, baina beste egun batean berriro eskatu zidan jolas hartan ibiltzea, eta harrituta geratu nintzen (zoritxarrez, momentu hartan ez genuen denborarik izan jolasean aritzeko).

Sormena bultzatzeko iruditzen zait, hasteko, komeni dela erantzun bakarra ez duten ariketak proposatzea gelan. Arduradunaren lanen artean matematikaren arloko fitxa bat jarri ohi dugu, logikakoa, hain zuzen ere. Aste honetan segida txikiekin aritu gara, segidaren oinarrizko unitatea bila dezatela eskatuz, hain zuzen ere. Fitxan dutenaz gain beste batzuk asmatu dizkiet boteprontoan, baina beti adierazi diet emaitza zuzen bakarra zutela, eta iruditu zait gaizki aritu naizela. Oporren ondorako emaitza zuzen bat baino gehiago egon daitezkeela agerian jarriko diet. Adibidez:

abbdabbdabbdabbd

Emaitza "abbd" izan liteke, baina baita ere "abbdabbd" ere, ezta? Edo:



Non oinarrizko unitateak desberdinak izango diren tamainari begiratzen badiogu (handia-txikia izango da), koloreari begiratzen badiogu (urdina-gorria-horia), edo formei begiratzen badiegu (zirkulua-karratua-hirukia-hirukia-karratua-zirkulua). Berez, azken hau da bitan errepikatuko den unitatea aldagai guztiak kontuan izanda, baina nork dio aldagai guztiak kontuan izan behar ditugula?





Ahotsa

Practicum honetan osasunez aurrekoan baino askoz hobeto nabil. Haurren "borroka biologikoa" arinagoa izan da, eta oraingoz astebete ia ahotsik gabe baino ez dut izan. Azken asteetan haiek nahiko gaixo ibili dira, beherakoarekin eta gorakoarekin, baina nik "erasoaldiari" eutsi diot, eta tutoreak, zer esanik ez; aspaldian immunizaturik dago hura.

Ahotsarekin izan dudan arazoa dela eta pentsatzen ibili naiz. Practicum honetan eskolara joaten naizen egun guztietan ni tutorearen lanak egiten nabilenez, aurrekoan baino askoz ere gehiago hitz egiten dut. Iruditzen zait ahotsa bortxatu egiten dudala, ni konturatu ez arren, zeren eta praktiketan nabilenetik eztarria ez dut garbi, eta ahotsa normalean baino zakarragoa dudala uste dut. Horrek gogora ekarri dit graduko lehen mailako ikasgai batean egin nuen elkarrizketan Haur Hezkuntzako irakasle batek esan zidana: haren ustez, graduko ikasketen barruan ikasgai oso bat egon beharko litzatekeela ahotsari buruzkoa, hura baita irakaslearen tresna nagusia.

Arrazoia zuela uste dut, oso garrantzitsua da ahotsa nola erabili ikastea, baita ahotsa nola zaindu ikastea ere. Graduan zehar gauzatxoren bat landu dugu, baina gutxitxo. Horra hor, bada, ikasketak bukatu ondorengorako lantxo bat.

2014/04/07

Sanferminetako entzierroa

Gaur arratsaldean psikomotrizitateko saioa talde osoarekin egin dut bakarrik, bi haur ezik, tutorearekin geratu direnak eguerdian gelan paperak nahasten eta bestelako bihurrikeriak egiten ibili direlako. Orain arte, bizpahiru psikomotrizitateko saiori hasiera eman diet bakarrik, tutoreak haurren batekin beste zerbait egiten zuen bitartean (gainean pixa egindako norbait aldatu, sukarrarekin zegoen beste norbaiten gurasoei deitu eta horrelakoak), baina saio osoa ni bakarrik egon gabe nengoen.

Saioa ondo joan da, eta jasotzeko ordua iritsi denean pixka bat larritu naiz, hasieran ikusi dudalako ez zidatela kasu handirik egiten. Ez naiz estutu, kanpotik ikusita ez behintzat, eta banaka eskatzen joan naiz, kasu gehien egingo zidatela uste nuenekin hasita.

Pixkanaka, zezenak soilik zituen Sanferminetako entzierroa zirudienean joaldunak haien lan isila egiten hasi dira, eta talde osoak dena primeran bildu du. Tutoreak gelatik haurretako bat bidali dit, ea laguntza behar ote nuen galdetzeko, baina ordurako oinetakoak jantzita eta lerroan jarrita geunden. Erratz-joaldunaren beharrik ez da izan, hortaz! Hurrengorako ondo ikasi dut: bilatu gelako joaldunak, eta horiek erabili taldea kudeatzeko.

2014/04/06

Karta-jolas interesgarriaren harira

Aurrekoan aipatu nuen karta-jolasa etxerako erosi nuen atzo, dibertigarria iruditu zitzaidalako. Kasualitatez, gaur bost urteko iloba etxera etorri da, eta jolasean aritu gara. Jolas honek duen abantailetako bat da haurrak eta helduak jolasean aritzeko orduan helduek ez dutela inolako abantailarik, eta ez dagoela txikiei "irabazten uzten" ibiltzeko beharrik. Izan ere, sekulako jipoia eman dit ilobak!

Musika: erritmoa lantzeko jarduerak

Joan den aste bukaeran musikaren inguruan gelan proposatu nahi ditudan jarduerak prestatzen ibili nintzen. Astean zehar eskolako tutorearekin aztertu ditut, eta hari ondo iruditu zaizkionez, bat martxan jarri dugu jada. Orain unibertsitateko musikako irakaslearekin, practicumeko nire tutorea dena, komentatuko ditut, eta ea practicumaren azken txanpan nola ateratzen diren.

Jardueren proposamena gelako denboraren antolaketari egokituta pentsatu dut, ohiko martxan aldaketa nabarmenik eragin gabe burutzeko modukoak izan daitezen. Lau jarduera dira, eta bati lotutako bi ariketa txiki, denak musikako ikasgaiaren materialetik ateratakoak; batzuk unibertsitatean landu ditugu zuzenean, eta beste batzuk ez. Guztien helburu orokorra erritmoa lantzea da, bereziki soinua eta mugimenduaren arteko koordinazioaren bitartez, hau da, musikaren erritmoa gorputzaren mugimenduen bitartez bizitzea. Horrekin batera, ahotsa hezteko, entzumena zorrozteko, gorputz adierazpena lantzeko, gorputzarekin soinua egiteko, taldeko proiektu batean aritzeko eta euskal folklorearen ezagutza zabaltzeko aukera eskainiko dute. Gainera, jardueretako batek motrizitate fina lantzeko helburua izango du ere, eta beste bi jarduera oso aproposak izango dira musika-esaldiak identifikatzeko, esaldiekin batera gorputz-mugimenduak aldatuko direlako. Azken batean, jarduerek haurrek musika alaitasunez bizi dezatela bilatuko dute.

Metodologiari dagokionez, jarduera guztiek abesti bat izango dute ardatz. Abestia eta mugimenduak ikasteko oihartzunean landuko ditugu. Mugimenduek zailtasun apur bat duten kasuetan, lehendabizi musikarik gabe landuko dira, oihartzunean, haurrek barneratu ahal izan ditzaten; eta ondoren abestiarekin batera, oihartzunean berriro ere. Mugimenduek zailtasunik ez duten kasuetan abestia oihartzunean ikasten den bitartean egingo dira.

Eskolan musikako eta dantzako espezialistak daudenez, eta gelako haur gehienek eskolaz kanpo eguerdian eskaintzen diren musikako jarduerak burutzen dituztenez, haurrak oso ohituak daude oihartzunean lan egiten. Hala ere, practicumean zehar oihartzunean lan egiteko aukera eman duten ariketa motzak burutu ditugu, bai eskolako tutoreak lantzen ari diren proiektuari (espazioa eta planetak) lotutako olerki eta errima motzak landuz, baita nik eramandako "Axa mixa zilarra" liburutik ateratako hitz-jokoak erabilita. Ariketa horiek haurrak talde handian zeudela burutu dira, beti eskema bera aplikatuta: oihartzunean haur bakoitzak olerkiaren lehen bertso-lerroa errepikatu du, gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena... Bertso-lerro bakoitza banaka landu ondoren, ahapaldia errepikatu du haur bakoitzak oihartzunean, hau da, bertso-lerro batzuk, eta gero beste ahapaldi bat. Azkenik, olerki osoa oihartzunean errepikatu dute haurrek, normalean talde osoak batera. Landu nahi den olerkiaren luzeraren arabera moldatu behar da oihartzunean nola landuko den, astunegia suerta ez dadin. Azaldu dena prozedura egokia da lau bertso-lerro dituen olerkitxo baterako, baina luzeagoa bada, ezingo da bertso-lerro bakoitza banaka errepikatu haur bakoitzarekin, eta orduan aproposa izan daiteke taldearen erdiak ahapaldi bat errepikatzea, eta besteak beste bat, edo antzeko banaketaren bat egitea. Olerkiaren hiztegiaren zailtasunaren arabera ere beharrezkoa izango da oihartzunean egindako lana arinagoa edo zehatzagoa egitea.

1. "Kanika txiki bat dabil" abestiari lotutako jarduera
Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita. Abestia kantatzen den bitartean haurrak biribilean jarriko dira, eta bat erdian geratuko da kanika bat eskuetan duela. Abestiarekin batera eskuz esku joango da, kanika lagunen eskuen artean sartzeko plantak egiten. Horietako baten eskuetan utziko du disimuluz, besteak kontura ez daitezen. Abestia bukatzen denean parean duenari galdetuko dio ea kanika nork duen. Asmatzen badu, berak hartuko du kanika eta jolasa berriro hasiko da, eta asmatzen ez badu asmatu arte jarraituko du besteei galdetzen.

Gorputz mugimenduaren aldetik zailtasunik ez duen jarduera denez, abestia ikasten den bitartean egin daitezke mugimenduak. Abestia oihartzunean lantzeko, lehendabizi kanikarik gabe egingo da behin, irakasleak eskuen mugimendua azentuarekin batera eginez. Hortik aurrera, abestia mugimenduarekin batera landuko da.

Jolas aproposa da minutu gutxi batzuk soberan daudenerako, edo taldea biribilean eserita lagunen baten zain dagoenerako.

Jarduera honen barruan beste bi ariketa burutuko dira, motrizitate fina lantzeko helburuarekin, kanika eskutik eskura disimuluz eraman eta batean uzteak honelako trebetasuna eskatzen baitu:

a) Orria zimurtzea
Biribilean eserita, haur bakoitzak parean orri bat jarriko du lurrean (orri arrunta izan daiteke, edo zetazko paperezkoa), eta musika entzuten duen bitartean esku bakarrarekin ertz batetik hasita osorik zimurtu beharko du eskuan pilota bat eginda hartu arte. Ondoren, papera leundu eta berdina egingo dute beste eskuarekin.

b) Argizariak eskutan
Biribilean eserita, haur bakoitzari kolore bateko argizarizko margo zatiak emango dizkiogu (kolore desberdinetako bestelako objektu txikiak izan daitezke, gelan eskura daudenak). Hiru objektuak esku bakarrean hartzeko modukoak izan behar dira; hortaz, ezin dira margo handiak izan, zati txikiak baizik. Lehendabizi, hiru objektuak esku bakarrarekin hartuko dituzte eta lurrera erortzen utzi, ondoren berriro ere esku berarekin hartuz. Gero, banaka bota ditzatela eskatuko diegu: "orain, bota margo horia, baina horia bakarrik!", "ea, bada, orain bota urdina", eta horrela hirurak bota arte. Gero ariketa bera beste eskuarekin errepikatuko dugu.

Azken bi ariketa hauek ere aproposak dira denbora tarte txikia dagoenerako, eta nahi adina aldiz errepika daitezke.

2. "Nire lagunaren txakurra" abestiaren inguruko jarduera
Biribilean eserita, hankak gurutzatuta albokoaren belaunak ukitzen ditugula, abestiaren erritmoa jarraituta ezkerreko lagunaren iztarrean eta norberaren ezkerreko iztarrean joko da esku banarekin, ondoren norberaren bi izterretan, eta ondoren eskuinetara dagoen lagunaren iztarrean eta norberaren eskuineko izterrean. Horrela egingo da abestiak "nire lagunaren txakurrak" errepikatzen duen hiru aldietan. "Gitarra jotzen du" esatean, aldiz, besoekin gitarra jotzen ariko bagina bezala egingo dugu, eta "fli fla fli flaio" hiru aldiz errepikatzen den bitartean, biolina joko balitz bezala jarriko dira besoak. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Gitarra jo eta biolina jotzearen mugimenduak sartzea zailegi izango dela uste bada, izterretako gorputz-perkusioa soilik manten daiteke abesti osoan zehar. Gure kasuan, haurrak musika eta gorputz-adierazpena lantzera ohituak daudenez, iruditzen zait "Haur Jolas Abestiak III" bilduman proposatutako moduan burutu ahal izango dugula.

Lehenik gorputz-mugimendua landuko da oihartzunean, eta mugimenduak barneratuta daudela ikustean, musikarekin batera egingo dira. Kasu honetan, cda erabiliko da. Letra ikasteko erraza denez, ez da beharrezkoa ikusten entzun aurretik oihartzunean lantzea, haurrek segituan ikasiko dute eta.

3. "Itsumandoka" abestiaren inguruko jarduera
Jarduera hau plastikarako proposatuko den jarduera baten aurkezpen gisa erabiliko da, biak erlazionatuta baitaude. Haurrak biribilean eseriko dira, eta bat erdian geratuko da. Zapi batekin begiak estaliko zaizkio eta abestia kantatzen hasten garen bitartean beste haurrak tokiz aldatuko dira. "Bat, bi eta hiru" esatean guztiak geldi eta isilik geratuko dira, eta zapia begietan duen haurrari lagun batengana iristen lagunduko diogu, estropuz egin ez dezan. Ukimenaren bidez nor den asmatu beharko du, eta horrela egindakoan besteak jarriko du zapia begietan. Errazegi asmatzen badute, eserita dauden haurrei eskatuko diegu buelta emateko, burua hanken artean ezkutatzeko edo aurpegia eskuekin estaltzeko, asmatu behar duen lagunaren lana zailtzeko.

Aisia.net webgunean jasotako moduan abestuko da abestia. Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita.

4. "Txirukaka" abestiaren inguruko jarduera
Beste jarduerak gela arruntean lantzeko modukoak dira, baina honetarako espazio zabalagoa beharko da. Gure kasuan, eskolako sotoan dagoen gela handi batean burutuko dugu. Sotora jaitsi aurretik abestia gelan landuko da, oihartzunean. Aho-korapilo bat denez, lehendabizi musikarik gabe landuko dira hitzak, oihartzunean, olerki bat balitz bezala. Gero cda jarrita landuko da musikarekin, abestiaren letra osoa lehen aldiz kantatzen den bitartean soilik entzunez, eta hortik aurrera kantatuz.

Sotora jaitsi ondoren, haurrak trena egiten jarriko dira, biribilean, sorbaldatik helduta. Abestiak "txirukaka..." dioen bitartean haurrek aurreraka urratsak emango dituzte, erritmoa jarraituta. "Ñogi, ñogi, ñogi..." esatean, atzeraka emango dituzte urratsak. "Ei!" esaten den bakoitzean, aldiz, besoak gora altxatuko dira. Lehendabizi entsegu bat egingo da, abestia behin ahoz kantatuta, esaldi bakoitzari lotutako mugimendua barneratzeko, eta gero cda jarriko da, zuzenean dantzan hasteko. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Jarduerak gelan landu ahala emaitzen inguruko oharrak jasoko ditut hemen, proposamena osatzeko asmoz.


Taldekatzea gelan

Practicumaren hasieran tutoreak esan zidan hiruhileko honetan egin behar zuen gauza garrantzitsuenetako bat hurrengo hiruhilekorako gelako 18 haurren taldekatzea berritzea izango zela. Haurrak hiru taldetan banatzen dira txokoetako lanak egiteko, eta tutoreak hiruhilekoan behin edo aldatu ohi ditu talde horiek, haurrek lagun berriak egiteko aukera izan dezaten, eta ikaskuntzarako giro egokia sortzeko. Haurrak kolektiban lurrean biribil erdia osatzen direneko ordena ere hiruhilekoan behin edo aldatzen du, eta azken hori duela aste pare bat egin du.

Txokoetarako talde berriak sortzeak garrantzi gehiago du azken hiruhileko honetan, datorren urtean Lehen Hezkuntzan sortuko diren taldeei lotua dagoelako. Practicuma egiten ari naizen ikastetxeak Haur Hezkuntzako etapa bi egoitzetan banatuta dauka, bakoitza bi lerrorekin. Lehen Hezkuntza hirugarren egoitza batean burutzen da. Hortaz, Haur Hezkuntzako bi egoitzetako haurrak Lehen Hezkuntzako eraikinera joaten dira bosgarren urteko gelan azken ikasturtea igaro ondoren. Haur Hezkuntzako bost urteko lau geletako haurren kopurua dela eta, datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen mailan hiru talde egongo dira. Hortaz, bi egoitza desberdinetatik datozen haurrak hiru geletan banatuko dira. Guztia prestatzeko, bilera bat izan zuten lau tutoreek, eskolako ikasketa buruak eta zuzendariak duela hilabete edo, eta bertan egoteko aukera izan nuen. Haurrak taldekatzeko irizpideak finkatu zituzten eta adostu zuten datorren ostegunean lau gelek batera ikusiko duten antzerkiaren ondoren hamaiketakoa batera egingo zutela, eta haurrek batera jolasteko materiala eramango zutela, elkar ezagutzeko aukera bat emateko.

Haurren taldekatzea egiteko ondoko irizpideak aplikatuko dituzte: haurren arteko harremanak (haur bakoitza bere lagunetako batzuekin behintzat taldekatzea), sexua (neska eta mutilen kopuruan oreka egotea, neska gutxiago dagoela ikusita), euskara (euskararen erabileraren aldetik heterogeneoak izango diren taldeak eratzea) eta zailtasunak (zailtasunak dituzten haurrak talde guztien artean banatzea). Ez zitzaidan erabat argi geratu nola egingo duten taldekatzea; nire tutoreari ulertu nion gela bakoitzaren barruan hiru talde osatuko direla, eta talde horietako bakoitza beste hiru geletako talde banarekin batuko dela Lehen Hezkuntzako gela osatzeko, baina iruditu zitzaidan bileran beste tutore batzuk buruan zutena ez zela hori, eta ez zen erabat argitu bileraren bukaerarako. Agian ikasturtearen bukaeran argituko dute.

Nire tutorea azken asteetan haurrei haien preferentzien inguruan galdezka ibili da. Haur bakoitza banaka hartu du, eta esan dio oporrak eta gerorako txokoetako talde berriak osatzen hasia dela, eta eskatu dio esateko txokoetan aritzeko bere gustukoak diren bi neska eta bi mutil. Haur guztien iritziak jaso ondoren, aste honetan hartuko du erabakia taldekatzearen inguruan, haurren preferentziak kontuan hartuta, baita beste irizpideak ere, noski.

Egia esan, ez da edonolako erabakia hartu behar duena, haurren bizitzetan sekulako eragina izango baitu. Uste dut garai batean ez zitzaiola horrenbesteko garrantzirik ematen taldekatzeari, eta haurren interesak ez zirela ia kontuan hartzen, eta asko pozten nau egun behar bezalako arreta ematen zaiola ikusteak.

Liburuaren astea, estutasunak eta datorren asteko planak

Pasa den aste honetan liburuaren astea ospatu dugu eskolan. Egunero tutoreak gelaz aldatu dira ipuin bat kontatzeko, egunaren hasieran. Horrez gain, ipuin kontalari bat etorri da goiz batean (tamalez, ni eskolara joan ez naizen egunean), eta eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasle batzuk etorri dira hainbat jarduera burutzera: gelaz-gela bikoteka ipuinak kontatu, Andersenen printzesa eta ilarraren ipuina kamishibai teknikaren bitartez kontatu eta "Nola dastatu ilargia?" ipuina txotxongiloen bidez antzeztu. Gurasoak ere gonbidatzen dira gelara ipuin bat kontatzera etortzeko, baina gurera ez da inor animatu.

Atentzioa eman dit irakasleek orokorrean ez dutela oso gustuko gurasoak eskolara sartzea. Horren bi adibide ikusi ditut aste honetan. Alde batetik, astelehenean bost urteko beste gelako haur baten urtebetetzea zen, eta bere amak argazki bat atera nahi izan zion gelan lagunekin (hori iruditu zitzaidan ulertu nuela, ni gure gelaren barruan bainengoen); tutorea gero etorri zitzaigun kontatzera, arratsaldean kanpoan atera zezala erantzun ziola kontatzera, "guraso hauek, zer pentsatzen dute?" tonuarekin (niri behintzat hori iruditu zitzaidan). Beste adibidea hiru urteko gelako irakasle batek ekarri zuen, liburuaren astean ipuina irakurtzera gurasorik etorriko ez zela espero zuela komentatu zigunean; antzaz, aurreko urtean bat etorri zitzaion adin horretako haurrentzat batere aproposa ez zen ipuin batekin, orduan beste irakasle batek esan zion agian berak lagundu beharko ziela gurasoei ipuinak ondo aukeratzen, eta lehenengoak erantzun zuen horretarako nahiago zuela ez etortzea, lan gutxiago emango ziotelako. Ez ote zion kezkarik eragin bere haurrarentzat ipuin aproposak aukeratzeko gaitasunik gabeko gurasoa ikustea? Erraza da, bada, gurasoei aholkua ematea gai horretan; Bularretik Mintzora egitasmoaren webgunea edo materialak, nahiz egitasmoaren atzean dagoen Galtzagorri Elkartearenak haien eskura jartzea besterik ez da behar eta. Ez dut ulertzen irakasleek gurasoekiko duten ezinikusia; agian oraindik irakasle ez naizelako da. Gurasoen inplikazio faltaz kexu dira, baina ez diete parte hartzen uzten; ez behintzat nola parte hartu aukeratzen uzten, aste jakin batean ipuin bat kontatzera etortzeko ateak irekitzea nire ustez ez baita parte-hartzeko jarduera bat. Baina, tira, parte-hartzeari dagokionean ni nahiko zorrotza naiz; aurretik ere hemen argi utzi dut.

Orokorrean, nire tutoreak liburuaren astearen inguruan duen iritzia ez da oso baikorra. Jarduera asko denbora motzegian egiten direla iruditzen zaio, eta haurrak pixka bat saturatuta bukatzen dutela horrenbeste ipuinekin. Niri ez zait horrelakorik iruditu, eskolara joan naizen egunetan behintzat; haurrek pozik entzun dituzte ipuinak eta oso gustukoak izan dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek prestatutako jarduerak. Egunero ipuin bat kontatzearen aldeko naiz eta, hortaz, ipuinaren astea ikasturte osora zabalduko nuke nik, dudarik gabe.

Hori guztiaz gain, astean zehar hasi gara estutasuna nabaritzen, datorren astea oporren aurretik azkena delako. Haurren karpetak etxera eraman behar dituzte hiruhilekoko lan guztiekin, eta hortxe gabiltza, gauzak prestatzen. Ondorioz, ez da aste ona izan nik jarduerak proposatzeko, eta datorren astea ere ez dut uste horretarako aproposa izango denik. Plastikako jarduera bat dut, materiala duela hilabete edo prestatuta, eta ez dut momentu egokirik ikusi hura gelara eramateko oraindik. Egia da nik practicuma lanaldi erdian egiten dudalako oraindik denbora geratzen zaidala, baina konturatu naiz unibertsitatetik jarri diguten lana, unitate didaktiko bat burutzea, alegia, ez dela errealista.

Aste honetan musikako jardueretako bat martxan jarri ahal izan dut, eta hemendik aurrera landu nahi nahi ditudan besteak martxan jartzen saiatuko naiz. Horixe, bada, asterako nire helburua. Hori, eta ia eguneroko ipuinari berriro heltzea.

2014/04/03

Hiruhilekoaren karpetak prestatzen

Datorren ostiralean, Aste Santuko oporren aurretik azken eskolako eguna izango denez, haurrek hiruhilekoan zehar egindako lanen karpeta eramango dute etxera. Hori dela eta, aste honetan tutorea eta biok haien lanak antolatzen ari gara eta gauzak prestatzen. Atzo goizean, biok eskolak hasi aurretik bertara joaten garenez, haurren planetak prestatzen aritu nintzen, tutorea DIN A4 formatuan egindako lanak antolatzen zebilen bitartean.

Tutoreak haurrei eskatu zien astebukaeran zehar parkera joan zitezela, eta makil bat ekar zezatela, haurrak azken asteetan margotzen aritu diren planetekin zintzilikailu bat egiteko. Haurrek makilik ekarri ez dutenez, tutoreak ekarri ditu, eta goizetan biok ibili gara kartoi-mehean egindako planetak zulatu, hari bat lotu eta makilari planetak lotzen. Atzo horretan nenbilela nire buruari egin nion galdera hauxe da: baina, hori ez ote zuten bada haurrek egin beharko? Ez ote zen zentzuzkoago izango goiz batez guztiok parkera joan izan bagina, makilak biltzera, eta haurrek haien zintzilikailuak egin bazituzten?

Agian hori zen tutoreak buruan zuena, eta ni praktiketan hasi naizenetik hainbat jarduera burutu ditudalako eta gelako martxa eramaten bera baino mantsoagoa naizelako ez dio denborarik eman berak aurreikusita zituen gauzak nahi bezala egiteko.