gizarte eta kultura inguruaren ezagutza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gizarte eta kultura inguruaren ezagutza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2014/06/04
Plastikako kutxa sentsorialaren jarduera ebaluatuta
Arte plastikoetako portfolioan jaso dut practicumean landutako jarduera honi buruzko informazioa (prozedura, emaitzak eta ebaluazioa). Horrekin, practicumean zehar arte plastikoen arloan landutako jarduerak bukatutzat eman ditut. Izugarri gozatu dut!
2014/05/11
Haurrak denborari buruz duen kontzeptua, Tonucciren hitzetan
Oraintxe konturatu naiz oso gustura ikusi nuen bideo hau hona ekarri gabe nuela. Ia ordubete irauten du, baina benetan merezi du Francesco Tonuccik haurrak denbora nola bizitzen duen nola azaltzen duen entzutea eta hezkuntzari buruz duen ikuspegia ezagutzea. Egia da hainbat ideia aurretik hona Tonuccik esandakoak ekarri ditudan beste batzuetan esanda zeudela, baina hain erraz eta ongi azaltzen ditu gustura entzuten ditudala behin eta berriz.
Francesco Tonucci. El sentido del Tiempo en la Infancia. 3er Foro Saberes para el Cambio. from Servicio Audiovisual UNIA on Vimeo.
2014/04/06
Karta-jolas interesgarriaren harira
Aurrekoan aipatu nuen karta-jolasa etxerako erosi nuen atzo, dibertigarria iruditu zitzaidalako. Kasualitatez, gaur bost urteko iloba etxera etorri da, eta jolasean aritu gara. Jolas honek duen abantailetako bat da haurrak eta helduak jolasean aritzeko orduan helduek ez dutela inolako abantailarik, eta ez dagoela txikiei "irabazten uzten" ibiltzeko beharrik. Izan ere, sekulako jipoia eman dit ilobak!
2014/03/31
Karta-jolas interesgarria
Gaur goizean, laguntza ematen digun irakasle bat etorri den tartean, nik txokoetarako egiten ditugun hiru taldeak txandaka hartu ditut kartetan jolasteko. Tutoreak oraindik erabili gabe zuen jolas batean aritu gara, eta oso interesgarria iruditu zait. Haurrei asko gustatu zaie eta seiko taldeetan ordu erdiz aritzeko oso aproposa da, jolasa azaldu eta partida bat edo bi egiteko denbora ematen duelako. Lehen partidan bakoitzari zortzi karta banatu ordez sei banatzea erabaki dut, arinagoa egiteko, eta bigarren partida jolasteko denbora ema digun taldearekin bigarrenean zortzi banatu ditugu.
Djeco etxeko Zanimatch karta-jolasa da, hautematea, hiztegia, memoria eta arintasuna lantzeko aukera ematen duena.
Djeco etxeko Zanimatch karta-jolasa da, hautematea, hiztegia, memoria eta arintasuna lantzeko aukera ematen duena.
2014/01/25
Baby Human dokumental-saila
Joan den ikasturtean haurtzaroaren psikologiari buruzko ikasgaian dokumental-sail hau ikusi genuen. 2003an egindakoa da, eta sei kapitulu ditu (Oinez ibiltzea, Pentsatzea, Hitz egitea, Sentitzea, Harremantzea eta Ulertzea). Haurtzaro goiztiarrean haurrak duen garapen kognitiboa azaltzen du jaioberriak direnetik bizpahiru urteak bete arteko haurrekin egindako esperimentuen bitartez, modu ulerterrazean.
Izugarri gustukoa izan nuen, eta konturatu naiz hona ekarri gabe nuela. Webgune honetan sei kapituluetara estekak daude, baten bat ez dabilen arren, eta nahiko erraza da YouTuben edo beste iturri batzuetan kapituluak aurkitzea.
Izugarri gustukoa izan nuen, eta konturatu naiz hona ekarri gabe nuela. Webgune honetan sei kapituluetara estekak daude, baten bat ez dabilen arren, eta nahiko erraza da YouTuben edo beste iturri batzuetan kapituluak aurkitzea.
2013/05/16
Haurra denbora eta espazioa konkistatzeko bidean
Duela hilabete batzuk historia eta geografia zenbat
urterekin ikasten hasten garen galdetu izan balidate, 10-12 erantzungo nuen.
Adin horietan kokatzen ditut nik Mahoma Mekan jaio zela, Eufrates ibaia,
Mesopotamia eta Abu Simbel, baita Euskal Herriko ibaiak ere, eta hori baino
pixka bat aurrerago gizakiaren denbora eta espazioaren konkista maisuki azaldu
zuen Carl Saganen telebistako saioa eta liburua (1982).
Baina Haur Hezkuntzako graduan beste hainbat gairekin
gertatu zaigun moduan, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutzaren ikasgaian
jakin ahal izan dugu historia eta geografiaren oinarriak lehen haurtzaroan
eraikitzen direla, haurrak denbora eta espazioari buruzko funtsezko nozioak
bereganatu ahala. Haur Hezkuntzako etapak biltzen duen adin-tartean denbora eta
espazioa konkistatu ezean, ikasleak ezingo ditu behar bezala ulertu aurrerago
eskolan aurkeztuko zaizkion historia eta geografiaren zientziak.
Haurrari denbora eta espazioa ulertzen nola lagundu jakiteko,
bere tokian jarri gara eta, lehenik eta behin, bere ingurua nola hautematen
duen aztertu dugu. Haur Hezkuntzako etapako haurraren eragiketa-aurreko
pentsamenduan Piagetek XX. mendearen hasieran egindako ikerketetan egozentrismoa
azpimarratu zuen oinarrizko ezaugarri gisa, hau da, haurrak uste duela gainontzeko
guztiek berak bezala hauteman, sentitu eta pentsatzen dutela (Rodrigo,
2008, or. 204–206).
Beraz, haurrak ez du bere burua ingurutik bereizten.
Ezaugarri horri lotuta doaz haurren pentsamendu animista
(objektuak bizirik daudela eta asmo eta nahiak dituztela ustea), fenomenismoa
(denboran gertu ematen diren fenomenoen artean kausalitatezko harremanak
ezartzea), finalismoa (gertatzen den guztiak helburu jakin bat duela ustea),
edo artifizialismoa (gauza guztiak gizakiak edo naturaz gaindiko indarrek
sortuak direla pentsatzea). Hannounek (1977,
or. 14–24)
egozentrismotik eratorriak diren haurren pentsamenduaren ezaugarri hauek inguruaren
ezagueraren ikuspuntutik aztertu ditu, eta orain arte aipatutakoei sinkretismoa
(ingurua globalki hautematea, gauza bakar eta bateratua balitz bezala, berau
osatzen duten objektuak elkarrengandik banatu gabe) eta errealismoa (itxurazkoa
errealetik ez banatzea, funtsezkoa osagarria denetik ez desberdintzea, edo
iragankorra iraunkorretik ez bereiztea) gehitzen dizkie.
Hau guztia horrela izanik, oso garrantzitsua iruditu zait ikasgai
honetan landutako edukiak graduan zehar landuko ditugun beste hainbat ikasgairekin
lotzea, bereziki hezkuntzaren soziologiarekin eta zientzia esperimentalekin.
Haurra ez bada bere burua ingurutik banatzeko gai, are gutxiago banatuko ditu
inguru soziala eta kulturala ingurune fisiko eta naturaletik. Helduontzat
zentzua duten bereizketa horiek Haur Hezkuntzako etapako haurrarentzat
ulergaitz izango dira, eta horixe da Haur Hezkuntzako curriculumak islatzen
duena arlo horietako ikaskuntzen inguruko helburuak batera finkatzen dituenean.
Bestetik, ezin dugu ahaztu Piagetek haurrak aldi horretan
duen pentsamendua aztertu zuenean bere gaitasunak negatiboan deskribatu
zituela, haurrak dituen mugei erreparatuz (Rodrigo,
2008, or. 204),
gaur egun hezkuntzaren psikologian hedatuen dagoen ikuspuntutik urrun kokatuta.
Halaber, jakina da Piageten teoriek berrikuspen kritikoa izan dutela
psikologiaren aldetik, eta aipatu ditugun ezaugarri hauetan hainbat ñabardura
sartu direla azken hamarkadetan (Rodrigo,
2008, or. 206–225).
Haurrek ingurua nola hautematen duten aztertzeak ontogenia
eta filogeniaren arteko harremana ekar dezake burura, batez ere, kausalitatearen
harira gelan aipatutako “Jainkoak burutik jota daude” filmaren zatiak ikustean.
Gaur egun baztertua dago gizabanakoaren garapena espeziearen garapenaren isla
dela defendatzen zuen teoria, baina film horretan ikus daiteke Kalahariko
boskimanoen pentsamenduak lerro batzuk lehenago deskribatutako ezaugarriak dituela,
garapenaren aldi egozentrikoari dagozkionak. Animismoa, artifizialismoa edo
finalismoa oso presente daude gizakiaren kondaira zaharrenetan, mitologian eta
gaur egun bizimodu primitiboak izaten jarraitzen duten kulturetan. Halaber,
haurrek ingurua irudikatzeko duten moduan ere antzinako kulturek erabilitako
teknikekin antzekotasunak aurki ditzakegu, beste sarrera bateko mapa mentalean
elementuak forma eredugarrian marrazteak Egiptoko margoetako giza irudietan
frontalki eta alboz margotutako atalak konbinatzen zirela gogora dakarrela
diogunean bezala. Beraz, agian haurrak bere garapenean egiten duen bidean
gizakiaren eboluzioan emandako ibilbidearen oihartzunak aurki ditzakegu,
urrunekoak badira ere.
Bestetik, aipatutako filmak agerian uzten du ere inguruaren hautematea
kulturalki ikasitakoa dela, eta kultura bakoitzak bere ingurura hobekien
egokitzeko moduan hautematen duela berau. Kalahariko boskimanoen artifizialismo
mitikoak barregura eragiten digu, baina mendebaldeko kulturan hezitako gehienok
egun gutxi iraun ahal izango genuke bizirik Namibiako basamortu horretan, eta
boskimanoak hantxe bizi izan dira prehistoriatik hona inguruarekin orekan. Gai
honi lotuta, burura etorri zait ikasgai honetako denboraren kontzeptuez nire
amarekin hizketan ari nintzela hark kontatutakoa: berak heldutan ezagutu zuen
70ko hamarkadako petrolioaren krisitik hona gurean eta beste herrialde askotan
aplikatzen den udako ordutegia, eta oso ondo gogoratzen omen du ez zitzaiola
buruan kabitzen posible zenik gure borondatez ordulariak aurreratu edo
atzeratzea; denbora neurri batean konbentzio bat dela agerian utzi zuen
gertakaria zeharo arrotz egin zitzaion. Nire amonak, aldiz, inolako arazorik ez
omen zion ikusi aldaketari, bere haurtzaroan ere, XX. mendearen hasieran, udako
ordutegia aplikatzen zelako. Beraz, haurrak ez dira espazioa eta denborarekin
erlazionatutako kontzeptu eta nozioak ulertzeko zailtasunak dituzten bakarrak,
eta heldutan ere gure ingurua ezagutzen jarraitzen dugu, batzuetan ikaskuntza
horretan sekulako jauziak emanez, nire amari gertatu zitzaion moduan.
Bestetik, Haur Hezkuntzako etapako haurrek denbora, espazioa
eta kausalitateari dagokionez ez dute zer ikasia bakarrik; helduoi zer irakatsi
badute ere, haiei entzuten badakigu behintzat. Beren buruetan hain murgildurik
egoteak lagundu egiten die haien interes-guneak argi identifikatzen. Horrela, mapa
mentaletan beraien interesa piztuko duten mugarriak marraztuko dituzte, eta ez
konbentzioek agindutakoak, edo besteen gustukoak direnak, idazlan honen
eranskineko adibidean ikusten den bezala. Helduoi mapa mental bat marrazteko
eskatuta agian pentsatutako espazio hori grafikoki modu zehatzagoan irudikatu
ahal izango dugu, baina marraztutako objektuen artean toki txikia izango dute gure
nahiek. Modu berean, haurrek kausalitatea ulertzeko duten era sinpleak maiz
heldua argudiorik gabe utziko dute, zerbait ez egiteko aitzakia korapilatsuen
azalpenak entzun ondoren haurrak “amak nahi ez duelako ez gara joango” dionean
bezala, benetako arrazoia agerian utziz. Gure ekintzen zergatien atzeko
benetako motibazioak ulertzeko oso lagungarri gerta dakiguke haurren
ikuspuntua. Denborarekin dugun harremanerako ere asko dugu haurrengandik
ikasteko, haiek orainaren gatibu diren artean, helduak iraganaren eta
etorkizunaren morroi baikara, eta horrekin egunero erakusten digutelako
orainean kokatutako pertsona zoriontsuagoa dela. Beraz, dena ez da hutsune eta
muga haurrek denbora eta espazioa ulertzeko duten moduan.
Esandako guztiaren arabera, eskolaren zeregina da haurrari
bere kulturarekin bat eginez ingurua hautematen eta konkistatzen laguntzea,
gero eta objektiboagoa eta ez-zentratuagoa den ulermena izan dezan. Graduan
zehar hezkuntzaren psikologiako arloan ikasitakoaren arabera, laguntza hori ez
litzateke zuzenean “bultza” edo “tira” eginez emango, baizik eta haurrak bere
kabuz bide hori egin dezan inguru aberatsa eskainiz eta laguntza eskatzen
duenerako bere alboan egonez. Inguru aberats hori sortzeko “harriduraren pedagogia”
(Hannoun,
1977, or. 27),
zehatzetik abstraktura doan Brunerren aurkikuntza bidezko ikaskuntza (Woolfolk,
1996),
eta aurretik ezarritako arau zurrunik gabeko esperimentazioa (Delval,
1991, or. 237–246)
oso lagungarri izango zaizkigu, eta horiek dira gelan landu ditugun tankerako
jolas eta ariketen atzean dauden ideiak. Batzuk harago doaz eta, pasa den
astearen amaieran Kursaalen izandako jardunaldietan Francesco Tonuccik Haurren
Hiria deritzon proiektuari buruz zioen moduan (Tonucci,
2013),
arriskua ezinbesteko jotzen dute haurrarentzat ingurua konkistatzeko bidean.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Delval, J.
(1991). Crecer y pensar: la construcción del conocimiento en la escuela.
Bartzelona: Paidós.
Hannoun, H. (1977). El niño conquista el medio: actividades
exploradoras en la escuela primaria. (J. J. Thomas, Itzul.). Buenos Aires:
Kapelusz.
Rodrigo, M. J. (2008). Desarrollo intelectual y procesos cognitivos
entre los 2 y los 6 años. In Desarrollo psicológico y educación. 1.
Psicología evolutiva (2. ed., or. 201–225). Madril: Alianza Editorial.
Sagan, C. (1982). Cosmos. (M. Muntaner i Pascual & M. del
M. Moya Tasis, Itzul.). Bartzelona: Planeta.
Tonucci, F. (2013). Haurren Hiria. (M. Elkoro Gabilondo,
Itzul.). Donostia: Txatxilipurdi Elkartea.
Woolfolk, A. E. (1996). Psicología educativa (6. ed., 2. ed.
gaztelaniaz.). Mexiko: Prentice-Hall Hispanoamericana.
2013/05/13
Mapa mentala
Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza deritzon ikasgaian haurrek haien ingurunean nola hautematen duten ikasi dugu, saio teoriko eta praktikoetan. Saio praktikoetako ariketa bat haurren mapa mentalak aztertzean oinarritu zen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidanez, aurrekoan lau urte dituen ilobari bere etxetik eskolara doan bidearen mapa bat egin ziezadan eskatu nion, baina bestelako azalpenik eman gabe. Mapa mentalak esperientziaren bidez osatutako inguruneko irudikatze grafikoak dira.
Hementxe dago emaitza, bere etxetik eskolako ibilbidea jasotzen duena.
Marrazkia bere etxearekin hasi zuen, orriaren goiko aldean eta zentraturik jarri zuena. Gero, hortik eskuinera joan zen marrazten, erlojuaren orratzen norabidean, bere mugarriak marrazten jarraituz: errepidea, autoa, tailerra, graffitia duen horma sarrailarekin, jauregi baten itxurako eraikin handia, kaleko farolak, nire etxea, eskolaren eraikina, aurreko jolastokia eta atzeko jolastokia. Ikus daitekeenez, atzeko jolastokiko oreka lantzeko habe horizontala errepidearen gainean egin behar izan zuen, kabitzen ez zitzaiolako.
Marrazten hasi zenean, autoa marraztu nahi zuela, baina berak ez zekiela esan zidan, nik marrazteko eskatuz. Nik marrazkia berak bakarrik egin zezala nahi nuela erantzun nionean, esan zidan bere modura egingo zuela autoa. Marraztu zuenean hain harrituta eta pozik geratu zen emaitzarekin, besteoi erakutsi zigula. Nolabait esatearren, ez zuen sinesten horrelako marrazkia egiteko gai zenik, eta harrituta zegoen bere eskutik horrelako autoa sortu zela ikustean, eskua bere gorputzeko atal independentea balitz bezala.
Marrazten hasi zenean, autoa marraztu nahi zuela, baina berak ez zekiela esan zidan, nik marrazteko eskatuz. Nik marrazkia berak bakarrik egin zezala nahi nuela erantzun nionean, esan zidan bere modura egingo zuela autoa. Marraztu zuenean hain harrituta eta pozik geratu zen emaitzarekin, besteoi erakutsi zigula. Nolabait esatearren, ez zuen sinesten horrelako marrazkia egiteko gai zenik, eta harrituta zegoen bere eskutik horrelako autoa sortu zela ikustean, eskua bere gorputzeko atal independentea balitz bezala.
Orrialdearen erdia eskolak hartzen du, eta horixe da zehaztasun handiagoarekin marraztutako elementua, dudarik gabe eskalaren pertzepzio erabat emozionala aplikatu duela frogatzen duena. Beretzat esanguratsuen diren elementuak handiago marraztu ditu. Ildo beretik jarraituta, eskolan bere interesguneak zeintzuk diren argi dago: jolastokiak. Eskolako eraikina inolako informaziorik ematen ez duen marrazkia da, baina esan beharra dago errealitatean eraikina bunker baten antzekoa dela kanpotik ikusita, leihoak oso altu baititu. Atentzioa deitzen du bere etxea tamainaren bidez ez duela nabarmendu, baina esan beharra dago ere jauregi itxurako eraikina eta nire etxekoa oso handiak direla berearekin konparatuz. Agian eskala gordetzen saiatu da marrazkiaren hasieran, eta gero eskola marrazten hasita emozioak gailendu zaizkio.
Irudi guztiak ikonikoak dira, eta forma sinpleak erabili dira elementuak marrazteko. Adibidez, laukiaren formak eraikinak, leihoak, ateak eta oreka lantzeko habearen oztopoak marrazteko balio du. Aipatu den moduan, elementuen antolakuntza oso oinarrizkoa da, ezin daiteke esan mapak koordinazio argia duenik. Ez du oinarriaren marrarik marraztu, baina elementu guztiak orriaren oinarriarekiko paralelo marraztu ditu, beraz, badago nolabaiteko perpendikulartasuna mantentzeko saiakera.
Orokorrean, elementu guztiak haien azalerarik handiena erakusteko moduan marraztuta daude, frontalki irudikatuta. Txirristak, adibidez, haien forma eredugarrian marraztuta daude, aldi berean igotzeko eskailera frontalki eta irristatzeko balio duen zatia alboz marraztuta, errealitatean begiak ikus ez dezakeen perspektiba erakutsiz. Marrazteko modu honek Egiptoko antzinako margoetan erabiltzen zen teknikarekin antzekotasunak ditu, eta han ere irudien tamaina pertsonen garrantzia adierazteko erabiltzen zen, perspektibarekin zerikusirik ez zuelarik. Hau da, haurrak elementua berak ezagutzen duen moduan marrazten du, eta ez bere begiak ikusten duen bezala. Arau honek baditu salbuespen batzuk, hala ere: errepidea planoan marraztu da, eta bi jolastokien azalerak ere badirudi plantan marraztu direla.
Mugarriak orokorrean bere etxetik eskolarako bidean agertzen diren ordena berean marraztu ditu, eta bere etxetik irteten bidea marraztu du, baina bide horrek ez du jarraitzen eskolaraino. Iruditzen zait bidea mugarri gisa tratatu duela, beretzat oso elementu nabarmena delako etxetik irteten denean, baina ez du bidearen benetako noziorik oraindik, eta are gutxiago konfigurazioen inguruko noziorik (bideen arteko loturak). Eskala, norabidea, orientazioa edo distantzia ez daude zehaztasunez irudikatuta, eta horregatik diogu koordinaziorik gabeko mapa dela hau, etapa topologiko edo egozentrikoari dagokiona, haurraren adinarekin bat egiten duena, bestetik.
Irudi guztiak ikonikoak dira, eta forma sinpleak erabili dira elementuak marrazteko. Adibidez, laukiaren formak eraikinak, leihoak, ateak eta oreka lantzeko habearen oztopoak marrazteko balio du. Aipatu den moduan, elementuen antolakuntza oso oinarrizkoa da, ezin daiteke esan mapak koordinazio argia duenik. Ez du oinarriaren marrarik marraztu, baina elementu guztiak orriaren oinarriarekiko paralelo marraztu ditu, beraz, badago nolabaiteko perpendikulartasuna mantentzeko saiakera.
Orokorrean, elementu guztiak haien azalerarik handiena erakusteko moduan marraztuta daude, frontalki irudikatuta. Txirristak, adibidez, haien forma eredugarrian marraztuta daude, aldi berean igotzeko eskailera frontalki eta irristatzeko balio duen zatia alboz marraztuta, errealitatean begiak ikus ez dezakeen perspektiba erakutsiz. Marrazteko modu honek Egiptoko antzinako margoetan erabiltzen zen teknikarekin antzekotasunak ditu, eta han ere irudien tamaina pertsonen garrantzia adierazteko erabiltzen zen, perspektibarekin zerikusirik ez zuelarik. Hau da, haurrak elementua berak ezagutzen duen moduan marrazten du, eta ez bere begiak ikusten duen bezala. Arau honek baditu salbuespen batzuk, hala ere: errepidea planoan marraztu da, eta bi jolastokien azalerak ere badirudi plantan marraztu direla.
Mugarriak orokorrean bere etxetik eskolarako bidean agertzen diren ordena berean marraztu ditu, eta bere etxetik irteten bidea marraztu du, baina bide horrek ez du jarraitzen eskolaraino. Iruditzen zait bidea mugarri gisa tratatu duela, beretzat oso elementu nabarmena delako etxetik irteten denean, baina ez du bidearen benetako noziorik oraindik, eta are gutxiago konfigurazioen inguruko noziorik (bideen arteko loturak). Eskala, norabidea, orientazioa edo distantzia ez daude zehaztasunez irudikatuta, eta horregatik diogu koordinaziorik gabeko mapa dela hau, etapa topologiko edo egozentrikoari dagokiona, haurraren adinarekin bat egiten duena, bestetik.