2012/04/22

Wikiespellos, Giner de los Ríos saria


Dena ez da ba berri txarrak eta tristura izango, ezta? Aste honetan ere hainbat egunkaritan jaso da Giner de los Ríos sarien berri. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan A Coruñako eskola txiki baten wikiak irabazi du saria. Oso eduki politak ditu, gure kasuan, zehazki, unitate didaktikoa emozioen inguruan landu nahi dugu, eta sentimenduei buruz landu dutena jasotzen dute; benetan inspiragarria!

Hezkuntzaren erronkak, Richard Gerver-en arabera


Ez da berria, baina paper-zorrorako prestatzen ari naizen materialarekin erlazioa duelako dakart Gerverri LA VANGUARDIAn egindako elkarrizketa hau. Esaten dituen gauza guztiak interesgarriak diren arren, hauexek iruditu zaizkit azpimarratzeko modukoak: atzoko eta gaurko helduek sortutako erronkak (arazoak esango nuke nik) egun haur direnek konpondu beharko dituzte. Horretarako, sormena, berrikuntza, haien buruengan kofiantza, independentzia, ikuspegi kritikoa, eta komunikazio-gaitasuna beharko dituzte, besteak beste. Egungo hezkuntza-sistemak ziurtasunak, ezagutza, arauak irakasten ditu; aurreikusteko modukoa da. Erronka zalantza kudeatzeko gai izango diren helduak heztean datza.

Artikulutik abiatuta aditu honen inguruan informazioa biltzen jarraitu dut, eta jarraian laburbiltzen dizkizuet erreferentzia interesgari batzuk. Gerverrek guzti hori nola egin ote daitekeen ikastetxe batean bost urtez zuzendari izan zenean gauzatu zuen. Ikastetxe horrek, Grange Primary School, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapak biltzen ditu, eta informazio gehigarria lor dezakezue bere Web orrian, baita hezkuntzaren berrikuntzari buruzkoa den Futurelab izeneko gunean, zehazki esteka honetan. Ondoko elkarrizketan Richard Gerverrek azaltzen du bera zuzendari zenean egindako lana:


Murrizketak eta zerbitzu publikoen higadura


Argi dago murrizketen gaia guztion ahotan dabilela azken asteetan. Gelako blogetan ere sarrera kopuru handia ekarri duen gaia da. Aste honetan atentzioa deitu dit osasun-zerbitzuei buruzkoa den artikulu batek, EL PAISen argitaratua. Osasun-zerbitzuen ingurukoa den arren, "osasun" dioen tokian "hezkuntza" jarriz gero, berdin-berdin irakur daiteke, eta gelako blogetan irakurri ditudan iritziei beste bat gehitzen die. Bertan autoreek azaltzen dute osasun-sisteman indarrean jarriko den botiken ko-ordainketak klase ertaina osasun-sistema publikotik aseguru pribatuetara jotzera eramango duela, eta denborarekin klase ertainak eskatuko duela osasun-sistemari bideratzen diren zergetako diruak bueltatzea, ez baitu erabiliko, eta honek osasun-sistema publikoaren unibertsaltasuna galtzea ekarriko duela. Esan bezala, "osasun" hitzaren tokian "hezkuntza" jartzen badugu, gure gaiari bete-betean heltzen dio.

Richard Titmuss izeneko ikerlari baten aipu bat jasotzen da artikuluan, guztia ondo laburbiltzen duena: "Un servicio para los pobres se convierte inevitablemente en un pobre servicio cuando la clase media, políticamente activa, los abandona". Hezkuntza-sistema publikoarekin ere arrisku bera dugu, klase ertaina sistema pribatura bideratzen bada unibertsaltasuna galduko delako, pobreentzat den zerbitzu pobrea izatera kondenatuz. Horregatik da hain garrantzitsua gizartean kohesioa, berdintasuna eta ekitatea susta dezaketen oinarrizko zerbitzuak publiko izaten jarrai dezaten alde egitea.

2012/04/14

Psikomotrizitateko saioaren emaitzak


Aurreko sarrera batean hitz egin nuen Ixiarrekin batera prestatutako psikomotrizitateko saioak nigan sortu zuen gogoetaz. Oraingo honetan, bukatu berri dugun bideoa dakart, beste gelakide guztiek bezala You Tuben jarri duguna:


Bideoan ikus daitezkeen irribarreen arabera, badirudi asmatu genuela gelakideen gehiengoa gustura aritzeko moduko ariketa sortarekin, eta niretzat horrek behar du izan psikomotrizitateko saioko helbururik garrantzitsuena eta lehena. Hori ematen bada, atzetik etorriko dira beste guztiak.

Psikomotrizitateko saio honen inguruan, agian hobekien igaro nuen denbora prestaketarena izan zen; oso dibertigarria izan zen Ixiarrekin goiz bat eskolako soinketako gelan ibiltzea, bakoitzak ekarritako ariketak egiten eta haien artean aukeratzen. Saioa egin genuenean ere ondo pasa nuen, baina orduan arreta gehiago eman behar izan genion denborari eta antolaketari.

Ariketak prestatzeko orduan, gutako bakoitzak bazituen halako helburu edo nahi batzuk. Niretzat garrantzitsua zen "ez-zero batura" (non-zero sum bezala Google-en aurkitu ahal izango duzue informazioa) kontzeptua aplikatzea, hau da, ariketetan lehiakortasuna sustatu arren, batzuen irabazia ez zedila izan besteen galeraren adinakoa, batzuk irabazteko ez zezatela besteek galdu behar. Nik ez nuen haurtzaroan psikomotrizitateko irakasgairik izan, guk soinketa egiten genuen, eta gehienetan "zero batura" ikuspuntutik planteatzen zen jarduera, eta ez dut egoki ikusten gorputz heziketa ikaskuntza horretara soilik bideratzea, galtzen (eta irabazten!) jakitea garrantzitsu bada ere. Uste dut oreka egokia aurkitu genuela alde horretatik saioan. 

Bestalde, krisian murgildurik gabiltzanez, horri ere keinu bat egitea egoki ikusi genuen, eta horregatik saiatu ginen erabat xumea eta egunerokoa den objektu bat erabiliz (spaghettia) ariketak prestatzen, psikomotrizitateko gelan baliabide sofistikatu eta garestiak ezinbestekoak ez direla frogatzeko. Azken batean, hezkuntzarako baliabiderik preziatuena gure burua da!

2012/04/12

Life-long learning vs. life-wide learning

Oso interesgarria egin zait THE HUFFINGTON POSTeko beste berri batean adierazten dena, Talentuaren Hiriburu bilakatzeko EEBBetako lehiaketa baten harira. Beste gauza batzuen artean, HourSchool izeneko ekimenaz hitz egiten du, ekimen sozial bat, non edonork proposa dezakeen ikasgai bat, eta horren inguruan talde bat sortzen denean, irakasle eta ikasle bihurtu. Ekimenak proposatzen du edonor izan daitekeela irakasteko gai, eta horretan saiatu beharko lukeela. Berriaren idazleak artikuluaren bukaeran gogoeta egiten du Talentuaren Hiriburuaren gainean, eta dio erronka ez dela soilik edozein hiritarri ikasteko aukera eta ahalmena eskura jartzea, baizik eta edonori irakasteko ahalmena eta aukera eskura jartzea ere.

Oso interesgarria iruditzen zait Haur Hezkuntzako gelan irakaslea eta ikasleen arteko harremanari eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari aplikatzeko ideia moduan. Irakasleak ez du soikik sustatu behar ikasleek ikas dezaten, baizik eta irakas dezaten ere.

Etxekolanik ez!!

THE HUFFINGTON POSTek jasotzen duenez, Australian ikertzaile batzuk frogatu dute ikasleek zenbat eta denbora gehiago eman etxekolanak egiten, orduan eta emaitza okerragoak lortzen dituztela PISAn, bai herrialdeak haien artean konparatuz, baita herrialde berean ikasleak konparatuz. Etxekolanek ez omen dute eragin positiborik batxilergora arte. Antzeko argudioak plazaratzen dira EL PAISeko berri honetan, Frantzian ikasleen gurasoek abian jarri duten etxekolanen aurkako greba bati buruzkoak azaltzen dizkigunean.

Ni ere etxekolanen aurka nago, Lehen Hezkuntza amaitu arte behintzat. Tarteka irakurgai bat, edo etxekoekin egiteko jarduera bat bidaltzea ez dago gaizki, baina programazioa bete ahal izateko irakasleak eskolatik kanpo egin beharreko lan mordoa bidali behar badu, zerbait gaizki dagoenaren seinale iruditzen zait.

2012/04/05

Zorionak, MAB!!

Onanistikoa da oso gaurko sarreraren titulua, baina (ia)inork irakurriko ez duenez, ez da arazo. Gaur Aste Santuko oporrak hasi dira, eta goizean goiz esnatu naizenean, ohean etzanda, jaikitzeko presarik gabe, gogoratu dut duela urte bete ere Aste Santuan ikasten aritu nintzela, selektibitateko fase espezifikorako bi irakasgai prestatzen, hain zuzen ere. 

Ordutik hona gauza mordoa gertatu dira. Batzuetan urteak konturatu gabe igarotzen doazela dirudi, baina urte bete honetan ez da horrela izan; hain izan da dentsoa gertakizunetan eta gauza berrietan, garai bateko denboraren eskalara eraman nauela berriro, eta hori oso atsegina izan da.

Selektibitatea gainditu nuen, ondo asko gainera, Haur Hezkuntzako graduan sartu nintzen, lehen lauhilekoko irakasgaiak gainditu nituen ere ... Hesiak liraintasunez gainditzen noa, oraingoz, eta horrek indarra ematen dit (salto egin arte beti dago barruan duda: gai izango ote naiz? lortuko al dut dena uztartzea?). Eta indarra baino askoz ere garrantzitsuagoa den zerbait ematen didate ikasketek: deskribatzen zaila den gozamena. Izugarri interesgarria egiten zait ikasten ari naizena, baina nire sentsazioa harago doa: gustu ematen dit. Eta hori hesiak saltatzea baino dibertigarriago da; alderik ez du.

Ikasturtea bukatu arte oraindik ere lan egitea tokatuko zaigu, eta nekea pilatzen doa, baina parentesitxo bat egitea merezia nuen sorbaldan plas-plas batzuk nire buruari egiteko, bai horixe!

2012/04/01

Euskara salbuesteko dekretua

BERRIAn Zelaa sailburuarekin jarraituz, euskara salbuesteko dekretuari buruzko berria dakart hona. Badakizue, hemendik aurrera B edo D ereduan ikasi eta euskarako irakasgaia gaindituz gero, administrazio publikoetan eta bestelako erakudeetan lan egiteko ez da beharrezkoa izango euskararen ezaguera egiaztatzeko ziurtagiririk aurkeztea.

Noski, aurreko sarrerako elkarrizketa irakurri baduzue, ulertuko duzue zergatik iruditzen zaion normalizazioan aurrerapauso erraldoia Zelaa andereari ditxosozko dekretua. Bere argudioa: "Herrialde normal baten gisa funtzionatzen hasi gara, herritarrei haien hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitu gabe". Nire ustez guzti honetan triste dena zera da: ziurtagiria eskatzea beharrezko suertatzen dela pertsonak hizkuntzaren ezaguera minimoak dituela ziurtatzeko, bizitza osoan D ereduan ikasi badu ere. Ziurtagiri horiek dira hezkuntza-sistemaren porrotaren agiri, eta Eusko Jaurlaritzak bidezidorra hartu du: ziurtagiria kenduz arazoa desagertarazten da. Euskarazko analfabetismorako barra librea!!!

Zelaa sailburua BERRIAn

Joan den astean elkarrizketa luzea argitaratu zuen BERRIAk Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuarekin izandako solasaldi luzea laburbilduz. Nabarmena da oso elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua ez direla herrialde berean bizi. Samurretik hasten da hizketaldia, komuneko adostasuna izango duen gai bati helduz, erlijioa eskolan (gai honi buruzko bestelako ikuspegia ezagutu nahiz gero, hemen DIARIO VASCOn Kristau Eskolak dioena). Hirueleko eredura iristean, aldiz, bideak aldentzen doaz: Zelaa andereak lorez jositako arrastoa ikusten duen tokian, elkarrizketatzailea sandalietan sartu zaizkion harkoskorrak ekartzen dizkio gogora (DBHko ikasleen euskarazko trebetasunen datuak, HABEko euskaltegietako ikasle nerabeen kopuruak, Eskolako Kontseiluaren txostenak ikasleen euskara maila kaskarrari buruz dioena...), baina alperrik da, sailburuak etorkizuna distiratsu ikusten baitu. Beste horrenbeste gertatzen da murrizketetaz hitz egiten hasten direnean, denbora gutxirako doikuntzak bestetik ez omen dira sailburuaren hitzetan.

Zeintzuk izango dira hasi besterik egin ez den krisialdi honek ekarriko dizkigun aldaketa sakonak hezkuntzan nahiz beste arloetan? Inork aurreikusten al ditu? Ausartzen al da aurreikuspen horiek argitan jartzen?

fcbk-en zenbat eta lagun gehiago, orduan eta zoritxarrekoago

Didaktika Orokorreko irakasgai honetan egiten ari garen IKTen erabilera dela eta, gogoan izan beharko genituzke duela egun batzuk EL PAISen azaldutako berriaren atzean dauden azterketak. Izan ere, antzaz Facebooki dagokionean behintzat, zenbat eta lagun birtual gehiago, orduan eta zoritxarrekoago da norbanakoa. fcbk-en lagun gehien dituztenek nartzizismo nabarmena dutela aurkitu dute, eta haien egoak asetzeko sare sozialetara jotzen omen dute. Kontuan hartzeko gaia da irakasle izateko garaian, dudarik gabe, Haur Hezkuntzako etapan honi lotutako arazoak sortzeko goizegi izango dela dirudien arren.