hezkidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hezkidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/12/09

Practicum, egunerokoa: gabonak eta onkeria


Aste honetan, gabonak gainean ditugunez, gelan lantzeko kantak eta jarduerak aukeratzen izan gara, lau urteko beste gelako tutorearekin batera. Berez, huskeria dirudi; zeintzuk aukeratu? ba urterokoak, alegia. Baina gauza ez da hain sinplea. Alde batetik, gure gizartea laikotu denez, erlijio katolikoari lotutako kantak alde batera uzten ari dira, eta mordoxka bat dira. Gainera, gizartearen aniztasunari esker, bestelako erlijioak ditugu gure artean, eta horiek errespetatzeko ahaleginak egiten ditugu. Honaino, dena ondo iruditzen zait, baina nire haurtzarotik hona aldaketak ez dira hortan geratu.

Politikoki zuzenak izateko beharrak bultzatuta, Olentzerok erretzeari utzi dio, baita zurrutean egiteari ere. Ikazkina izaten jarraitzen duen arren, bizarra moztuta eta garbi-garbi etortzen zaigu orain. Eta Urtxintxakoei esker, neskalaguna eta guzti du, Mari Domingi. Horrela, bide batez, opariak ez dira gizonaren eskutik bakarrik etortzen haurtxoen etxeetara, Mari Domingik ere banatzen baititu, Olentzerorekin erabateko parekotasunean. Sekulako barreak egin ditugu astean zehar horren guztiaren harira. Egia esan, penagarri iruditzen zait paragrafo honetakoa. Haurrei gozatzeko beharrik ez duena edulkoratzen diegu, eta benetan haien bizitzatik kendu beharko genukeena (gosea, sufrimendua, indarkeria, etab.) mantentzen dugu.

Azkenean, Olentzero begi gorri, Din-dan-don eguberrion (zertarako behar ote dugu Jingle bells euskaraz, bertako horrenbeste abesti edukita?) eta Hator hator uste dut izan direla aukeratuak, ahaztu dudan besteren batekin batera. Guztien artean, dudarik gabe, niretzat azkena da gabonekin lotzen dudana eta politen iruditzen zaidana, diferentzia handiz.

2012/10/25

zid_ia?_6

Sarrera hau aukeran berandu dator, baina joan den astebukaeran ez zidan idazteko denborarik eman, eta astean zehar lanpeturik ibili naiz ere.

Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian, aurreko astean filma bat lantzen aritu ginen, Monsieur Lazhar izenekoa. Hemen trailerra:

Ikastetxearen antolakuntzarekin erlazionatutako sei osagaiak aztertu behar genituen filmean (helburuak, baliabideak, egitura, teknologia, kultura eta ingurunea), eta talde txikietan eztabaidatutakoa talde handian partekatu genuen ere.

Filmak Quebec-era iristen den gizonezko algeriarra aurkezten digu, lehen hezkuntzako gela batean irakasleak bere buruaz beste egin ondoren bertako irakasle bihurtzen dena. Filmak gai ezberdinak lantzen ditu: emigrazioa eta horri lotutako deserrotzea, heriotza eta horren bizipena, giza harremanak, eta hezkuntza. Bide batez, beste filma bat burura ekarri zidala esango dut, joan den ikasturtean Aitzpeari esker Irakasle Funtzioan ikusi genuena: Children full of life. Lehen hezkuntzako irakasle bat aurkezten digu beste filma horrek ere, gizonezkoa ere, eta besteak beste heriotzaren gaia lantzen da. Hemen dago ikusgai:


Hezkuntzari dagokionez, gelako eztabaidan gai asko aipatu genituen: eskola tradizionala eta egungoaren arteko talka, Bashir Lazhar iristearekin azaleratzen dena, gelaren antolaketan edo jardueretan oso nabarmena dena; heriotza curriculum ausentean dagoela, eta horren aurrean izan beharko litzatekeen jarrera; irakasleen eta ikasleen artean kontaktu fisikoaren aurkako presio nabaria; ekintza pribatuen esparruan (erlijioa, gizalegea, sexualitatea, etab.) familia eta eskolaren arteko talka; ikastetxeen baliabide-eskasia...

Filmak beste galdera batzuk jartzen ditu mahai gainean: nola uztartu gizarte estereotipatuak gizonezkoei inposatzen dizkien hainbat ezaugarri ikasleekiko gertutasuna lortzearekin? zein da gizonezkoen tokia "feminokrazia" nagusitzen den hezkuntzan?

Ondorio gisa, bi gauzekin geratzen naiz: 
  • Itxuraz, Lazhar zurruna da eta bere metodoak ez daude modan, baina filmak erakusten digu azalekoa baino ez dela zurruntasun hori. Funtsean, Lazhar-ena hezkuntza pertsonalizatua da, garapen osoa eta orekatua bilatzen duena, eta heziketa emozionala bereziki lantzen du; beraz, oso "modernoa" da oinarrian, formetan bere haurtzaroan jaso zuen eredura jotzen badu ere. Horrek erakusten digu irakaslearen helburuak baliabideen eta egituraren gainetik daudela, eta posible dela antigoaleko moduakerabiliz moderno izatea (baita kontrakoa ere!).
  • Lazhar-en ikasle kuttunak dio: "nire ikastola oso polita da, nirea delako" (ikastola hitzaren tokian familia, lagunak, lana, bizitza... jar genitzake). Azken batean, hori da axola duena Lazhar-en ustez, eta ikastetxe horretan baliabide-eskasia gainditzen duen giza-harremanen kalitatearen bitartez lortzen da. Hala ere, ezin da ahaztu baliabideek bidea asko errazten dutela, noski.

2012/05/16

Hezkuntza-sistemari esker, ala bertatik iraganatik ere?

Azken aste hauetako lanak eta azterketa prestatzeko beharragatik pilatu zaizkit blogerako gordeta nituen gaiak, baina hementxe nago, didaktika ikasten jarri aurretik hitz batzuk idazteko asmoz.

Egun berean EL PAISen bi elkarrizketa irakurri nituen, bata Antony Hegarty abeslariari egina, eta bestea Milo Manara komikigileari. Biek badute komunean ezaugarri bat, artista izatea, eta sarrerari izenburua ematen dion galdera etorri zitzaidan burura. Hezkuntza-sistemak bultzatu ala bideratuko ote zituen haien talentuaren garapenean? Ala horri kontra eginez egin ziren artista? Gogora etorri zitzaidan ere nire haurtzaroko gelakide bat, egun artista dena, umetan etengabe komikiak marrazten ibiltzen zena. Ez dut gogoratzen inoiz eskolan dohain hori goraipatu zitzaionik, eta suposatzen dut hari galdetzekotan ziurrenik esango zuela hezkuntza formala burutu izanagatik ere, artista izatea lortu zuela.

Oso bestelakoa dirudi petromonarkietako alaben gain hezkuntzak izan duen eragina, egunkari berean agertzen den berriaren arabera. Gurasoek ezarritako ezkontzik ez omen dute nahi, ezta etxean haurrak hezten geratu nahi, unibertsitatetik igaro ondoren. Normala, askatasun (erlatiboa) existitzen dela jakin ondoren, urrezko kaiola batean izanda ere, bizitzak triste samar dirudi.

Artistak eta hezkuntzara bueltatuz, nolakoa beharko luke aipatutakoak bezalako artistak sortuko dituen hezkuntza-sistemak? Idurre Tolosak eman zigun pista bere blogean, Malaguzziren poema batean oinarritutako bideoa jarri zuenean. Malaguzziren ustez 100 hizkuntzekin jaiotzen gara, eta eskolak (besteak beste) pixkanaka-pixkanaka baina atsedenik eman gabe, larrutzen gaitu 100 zeuden tokian bakar bat utzi arte.

Loreak lauhilekoa hastean orain arte ikasitakoa ahaz dezagun eskatzen zigun, baina irakasle izateko ikasketa hauetan egin beharreko lana ez al da ba 99 hizkuntza horiek berrikastea izango, oraindik ere gehiago galtzen eta ahazten ibili beharrean?

2012/03/25

Badatorrela PISA!! eta EAEko zein Irakasle Eskolatan egin dituzte inkestak?

Autonomia erkidegoak gobernu sozialista izatearen ondorioetako bat da zenbait komunikabidetan gure txokoko berriek oihartzun nabarmenagoa izatea (hemen, bereziki, ez da neutraltasunik, ezta kasualitaterik ere). Oraingoan, PISA gainean dugula ekartzen digute gogora, gure gazteek zientzia eta teknologia gustuko ez dutela kontatzen digute, eta EAEko Irakasle Eskoletako ikasleok sexuaren araberako diskriminaziorik nahiz estereotipo sexistarik ez dagoela uste dugula diote kezkaturik. Azken hori argi dago ez dutela gure gelan galdetu, Oihaneren bloga begiratu besterik ez baitute kontrakoaz ohartzeko.