konduktismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
konduktismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/06/27

Legeak eta hezkuntzaren kalitatea

Campusa aldizkariaren azken alea etxera iritsi zait, eta 27. orrialdean Francesco Tonucciri egindako elkarrizketaren azken esaldiek nire atentzioa deitu dute:

"Irakasle onak eskola ona sortuko, politikarien legeak gorabehera. Irakasle eskas eta ezgai batek ezin izango du eskola ona egin, lege onak abiarazita ere."

Haur Hezkuntzako graduko ikasle bezala primerako gogoeta iruditu zait. Saia gaitezen, hortaz, ahalik eta irakaslegai onenak izaten, eta legeak alde baditugu errazago egingo zaigu hezkuntza ona egiten lagutzea, baina bestela gertatuz gero ere, aurkituko ditugu zirrikituak nonbait.

Honen harira, burura datorkit azken egunetan bolo-bolo dabilen auzia, Wert ministroak unibertsitatean ikasteko beka eskuratu ahal izateko 6,5eko nota beharko dela esan zuenean sortutakoa. Nik ez dakit 5ekoa, 5,5ekoa ala 6,5ekoa izan behar duen. Bekek baliabide ekonomiko eskasak dituzten ikasleek unibertsitateari uko egin behar ez izateko balio behar dutela argi daukat baina, aldi berean, iruditzen zait ikasleak jabetu behar duela unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izatea gizartearentzat esfortzu bat dela, eta aukera horri ahalik eta probetxu gehien ateratzeko ardura duela. Inork ez genuke nahi Osakidetzako ospital batera joan eta bere buruari 5a lortzea helburu gisa jarritako sendagile batek ebakuntza egitea, edo seme-alaba eskolara lehen egunean eraman eta bere tutorea horrelakoa izatea. Guretzat nahi ez dugun hori besteentzat ere ezin dugu onargarri ikusi, eta gizartearen zerbitzura dagoen lanbide baterako prestatzeko bidean, gure gaitasunak ahalik eta maila gorenean garatzea jarri behar dugu helburu bezala.

2012/11/26

Practicum, egunerokoa: denbora ezin harturik

Joan den astea korapilatsua izan zen; hiru egunetan hamarrak ondoren bueltatu nintzen etxera lanetik, beste batean moduluko lana egiteko geratu ginen, eta ostiralean ez dut gogoratzen zertan aritu nintzen, baina orduan ere ez nuen astirik izan asteko behaketen inguruan idazteko. Ni practicuma erritmo motelagoan egiten ari naizenez, abenduak 14an bukatuko dut, eta orain arte behaketak beste gelakideen martxa berean egin baditut ere, erabaki dut ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ikaslearen ikuspuntutik aztertzeko aste hau ere hartuko dudala.

(Joan den) asteko behaketkin hasi aurretik, oraindik egiteko ditudan hainbat lantxo zerrendatu nahi ditut, practicuma bukatu baino lehen egingo ditudala ziurtatzeko: 
  • Egonaldiaren hasieran haur bakoitzaren inguruan jaso nituen oharrak osatzea (orduan gelako bi haur kanpoan zeuden) eta eguneratzea, asteak igaro ahala nire iritzi eta sentsazioak nola aldatu diren jasotzeko.
  • Soziograma bukatzea. Oraingoz hiru haurrei baino ez dizkiet galderak egin, banaka egin nahi dizkiedalako, ahal dela besteak konturatu gabe, eta orduan kosta egiten zait egoera egokiak aurkitzea. Haurrei zaila egiten zaie jolastea gustukoen duten hiru lagunak (eta hiru bakarrik) izendatzea, gehienetan izen gehiago esaten dituztelako. Eta batzuetan ez didate ondo ulertzen bigarren galdera (haiekin jolastea gustuko ez duten hiru lagun izendatzea), kasuren batean izen berak esan baitizkidate lehenengoan eta bigarrenean. Beraz, emaitzen fidagarritasun maila mugatua izango dela iruditzen zait, baina ariketa interesgarria izango dela pentsatzen dut, hala ere.
  • Ebaluaketarako irakasleak erabiltzen dituen fitxak eskaneatu eta hemen jasotzea. Ea astean zehar honetarako astia hartzen dudan.

Haurrek ikasten dutenaren inguruan behaketa interesgarriak egin ditut, eta orain bakarra azalduko dut. Ikastea zer den kontzeptuaren inguruan, nire gelako haurrengan nahiko zabaldua dago ikuspegi zeharo konduktista, ikastea erantzun zuzen (bakarra) ematea dela erabat barneratu dutelako. Horren lekuko dira hizkuntzaren erabilerari lotutako hainbat egoera: aurreko batean orain arte Lekunberrin bizitzen egon den haur batek "pixko bat" esan zuen, eta beste batek segituan esan zion ez zela "pixko", "pixka" baizik; egun batzuk lehenago beste batek barre egin zidan nik "gaztinak" ahoskatzen nuelako, bere ustez "gaztainak" zenean (beno, benetan "kastainak" esaten zuela iruditu zitzaidan niri). Horrelakoak oso ohikoak izan dira orain arte gelan igaro ditudan bost asteetan, eta benetan ez dakit oso gustuko ote duten nik gauzak esateko modu egoki bat baino gehiago dagoela adieraztea. Zergatik ikasi dute haurrek ikastolako gauzetan erantzun zuzen bakarra dagoela? Niri hainbat arrazoi bururatu zaizkit:
  • Jokabidea erregulatzeko teknika konduktistak aplikatzen ditugula eskolan. Gure gelan jokabide desegokia duten haur mordoxka bat dago, eta nire tutorea indar handiz ari da lantzen partekatzea, errespetua, gatazken konponketa baketsua, erasokortasunaren kontrola, oldarkortasunaren kontrola eta antzeko kontzeptuak, eta haurrek agian orokortu egiten dituzte gai horiek lantzeko tutoreak erabiltzen dituen estrategiak bestelako ikaskuntzetara.
  • Sormenari tokia egiteko aukera eskaitzen duten bestelako ikaskuntza batzuetan erantzun zuzen bakarraren ideia zabaltzen dela. Adibidez, eguneroko honetan jaso dudan moduan, arduradunak goizean lagunen zerrenda irakurtzean galdera jakin bat egiten dio bakoitzari, eta erantzun posible bakarra onartzen da; edo aurreko batean plastikako txokoan haurrak fitxa bat egiten ari ziren, gaztainondoaren hostoa eta fruituak zituena, eta haurretako bat gaztainak benetan ez dituzten kolorez margotzen hasi zenean irakasleak zuzendu egin zuen, marroi kolorez margo zitzan (niri oso interesgarria iruditu zitzaidan gaztainaren azalaren bi zatiak kolore osagarri oso deigarriak erabiliz margotu zituela ikustea).

Gaztainak marroiak bakarrik izan daitezkeela sinestu izan bagenu, argia oraindik asmatu gabe legoke, munduko beste aurkikuntza eta asmakuntza gehienekin batera, ezta?

2012/11/04

Practicum, egunerokoa: asteko ondorioak

Astean zehar irakaslea eta ikasleen arteko harremanak behatzen aritu gara, eta orain arte bildutakoa borobiltzeko haurren jokaera aldatzeko teknika konduktisten erabilera aztertzekotan geratu nintzen.

Jarraian, teknika konduktista ezberdinak zerrendatuko ditut, eta gelan orain arte ikusi dudanaren arabera bakoitzaren erabilpena adieraziko dut:

1. Jokabide egokiak indartzeko teknikak
  • Errefortzu positiboa: irakasleak maiz erabiltzen duen teknika da, jokabide desiratuak manten daitezen. Nire tutoreak ia esklusiboki erabiltzen ditu eragingarri sozialak (atentzioa ematea, zoriontzea, laztan ematea, irribarre egitea, etab.), literaturak dioenaren arabera eraginkorrenak direnak, hain zuzen ere. Gelako edozein egoeratan erabiltzen ditu, baina zail suertatzen zaio haur bakoitzaren jokabide egoki guztiak positiboki errefortzatzea, errefortzua jokabidea gertatu eta berehala eman behar baita, eta haur kopuru zabalak oztopatu egiten du momentu zehatz horretan haur bakoitzarengana iristea. Literaturan irakurri dut errefortzu positiboak programa edo planifika daitezkeela, hau da, posible litzateke astero (edo egunero) haur gutxi batzuen baten errefortzu positiboari ekitea, eta astero/egunero haurrak txandakatzen joatea, edo desagertarazi nahi diren jokabideak dituzten haurrak bolada batez aukeratzea haien bestelako jokabide egokiak diferentzialki errefortzatzeko, adibidez.
  • Errefortzu negatiboa: batzuetan erabiltzen du irakasleak, adibidez, jolastokira irteteko ordua iristean jokabide desegokia izan duen haurra gelan geratu araztea jokabidea aldatu arte (hamaiketakoan fruta banatu eta hori jaten ez duena gelan mantentzea fruta jaten bukatu arte, edo jolastokira irten baino lehenago kasketa harrapatu duen haurra gelan mantentzea kasketa amaitu arte), edo hamaiketakoa banatzen ari direnean jokabide desegokia duten haurrei txanda-pasa egitea, jokabide egokia erakusten dutenean hamaiketakoa emanez. Hala ere, iruditzen zait batzuetan errefortzu negatibo izan zitekeena zigor bihurtzen dugula, haien arteko desberdintasuna txikia iruditzen zaigulako ("fruta jan ez duzunez, jolastokira irten gabe geratuko zara" aplikatzea, alegia). Literaturan agertzen denez, teknika honen aplikazio tipikoa fitxen ekonomian ematen da, non ikasleak jokabide egokiaren truke fitxak lortzen dituen (errefortzu positiboa), eta jokabide desegokien truke fitxak galtzen dituen (errefortzu negatiboa), aurretik adostutako epearen buruan lortutako fitxen arabera sari bat eskuratuz.  Agian fitxen ekonomia aplika liteke gure gelan portaera disruptiboa agertzen duten haur gutxi batzuekin, baina horretarako giza baliabide gehiago beharko lirateke, oso zaila dirudielako irakasle bakar batek 19 haurren taldea eramaten duen aldi berean bizpahirurekin fitxen ekonomiaren teknika aplikatzea.
  • Moldatzea edo hurbiltze progresiboa: irakasleak aplikatzen du, erabat egoki ez diren baina egokitzeko bidean urratsak diren jokabideak saritzeko.
  • Imitazioa: maiz erabiltzen du irakasleak jokabide egokiak areagotzeko, beste haurrek egiten dituzten jokabide egokiak eredu bihur daitezen egoera asko sortuz (egunero arduradun bat egotea, talde guztiaren aurrean bakarka ariketak egitean, etab.). Eredu bezala agertzen den haur batek egokiak diren jokabideak burutzean irakaslearen aldetik errefortzu positiboa jasotzen duela ikustean, beste haurrek errazago imitatuko dute jokabide hori. Gainera, irakasleak ez du beti haur bera aukeratzen eredu gisa erabiltzeko. Iruditzen zait posible litzatekeela teknika hau sistematizatzea, haur bakoitzarengan positiboa den jokabide bat identifikatuz, eta ziurtatuz haur guztiak momenturen batean jokabide egoki baten eredu gisa aurkezten direla taldearen aurrean. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait jokabide desegokiak dituzten haurren autoestimua lantzeko, jokabide desegokien eredu bezala soilik agertzen badira, autoestimu baxua eraikitzen baitute.

2. Jokabide desegokiak ahultzeko edo desagertarazteko teknikak
  • Iraungikapena: jokabideari inolako errefortzurik ez ematean datzan teknika hau erabiltzen du batzuetan irakasleak, bereziki jokabide desegoki bat desagertzeko bidean dagoenean, edo maiztasun txikiz ematen denean, eta kasketen aurrean. Teknika aplikatzea errazagoa izan daiteke bi eta hiru urteko gelan, non haurrak ia beti tutorearekin dauden, baina 4 urteko gelan hainbat espezialista gehitzen direnez, gerta daiteke tutoreak jokabide jakin baten aurrean iraungikapena aplikatzea, baina beste irakasleek ez, eta orduan jokabidea desagertu ordez, finkatu egingo litzateke. Iruditzen zait aplikatzekotan aurretik koordinazio handia eskatzen duela, ez bakarrik ikastetxeko beste langileekin (adibidez, jangelakoekin), baita familiarekin ere. Teorian erraza dirudien arren, praktikan zaila iruditzen zait. Bestetik, literaturak gomendatzen du jokabide desegokiarekin iraungikapena aplikatzen den aldi berean, haurrak dituen bestelako jokabide egokiak errefozatzea, baita jokabide desegokiari uzten dion bakoitzean positiboki erreforzatzea, eta azken hauek ez zait iruditu aplikatzen hain argi ikusi ditudanik.
  • Zigor positiboa, erantzunaren kostua: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor positiboa, errieta: maiz aplikatzen du irakasleak, orokorrean errieta pribatua.
  • Zigor positiboa, asetzea: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor positiboa, bakartzea: batzuetan aplikatzen du irakasleak. Psikomotrizitateko gelan erabat barneratua dagoen teknika da, haurrek badakite eta beste norbait joz gero bankura joan beharko dutela denbora batez. Agian literaturak gomendatzen duena baina denbora luzeagoz mantentzen da zigorra, hori bai. Gainera, banku berean esertzen dira haur bat jo duena eta erasoa jaso ondoren negarrez dagoena (lasaitu arte), edo jolasten bakarrik min hartu duten haurrak, eta iruditzen zait agian horrek indarra ken diezaiokeela jo duen haurrari aplikatu nahi zaion zigorrari, ez baita argi geratzen bata zigortua dagoen artean, besteak kontsolamendua jasotzeko daudela hor.
  • Zigor positiboa, praxis positiboa: gutxitan aplikatzen du irakasleak. Adibidez, beste haur bat jo ondoren besarkada eman araztea, edo nahita zerbait lurrera bota ondoren jaso araztea.
  • Zigor positiboa, praxis negatiboa: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor negatiboa: maiz aplikatzen da jokabide desegokiaren aurrean haurrak gustuko duen zerbait kentzearen teknika. Adibidez, jolastokira irten aurretik beste haur bat jotzeagatik jolastokira irten gabe gelan uztea, edo jolastokian irakaslearen ondoan geratzera behartzea, edo taldeko jarduera bat egitean haurraren txanda iristean jokabide desegokia badu txanda-pasa egitea, jarduera hori egin gabe utziz. Teknika honen aplikazioaren inguruan behatutakoaren arabera, iruditzen zait literaturak dioena (eraginkortasuna ez dagoela intentsitatean, errepikapenean baizik) ez dela aplikatzen, batzuetan zigorraren intentsitate handiarekin (jolas ordu osoz zigortzea, adibidez) jokabide desegokia gertatzen den guzti-guztietan zigorra eman ez izana konpentsatu nahi izango balitz bezala. Bestetik, iruditzen zait ere orokorrean ez dela teknika egokia haurren garapen kognitiboa lantzeko espezifikoak diren jardueretan aplikatzeko, hau da, taldeko jarduera bat burutu behar bada gaitasun edo trebetasun zehatz bat lantzeko (adibidez, matematika lantzeko ariketa bat) haurrek txandaka ariketa eginez, haur zehatz batek jokabide desegokia duelako ez litzaioke txanda-pasa aplikatu behar, zeren eta gainera gerta daiteke haurrak ez zigor bezala ikustea, esfortzu kognitiboa eskatzen dioten jarduerak saihesten baditu, adibidez.

Azken ondorio gisa, aipatuko nuke unibertsitatean ikasi dugunaren arabera, teknika konduktista guzti hauen artean inolako ondorio negatiborik ekar ez dezakeena errefortzu positiboa dela, eta horregatik beldurrik eta mugarik gabe erabiltzeko aproposa den teknika dela. Batzuetan ahaztu egiten zaigu haurrarentzat erreferentziazko pertsona den irakasleak duen boterea zentzu honetan, eta okerrari askoz ere kasu gehiago egiten diogu egokiari baino. Horrez gain, teoriaren arabera badirudi askoz ere eraginkorragoak direla errefortzuak zigorrak baino, praktikan azken hauek erabiltzera ohituagoak gauden arren. Bestetik, errefortzu negatiboaren eta zigorren aplikazioan teoriak dio oso garrantzitsua dela haurrari aldez aurretik oso argi uztea zein jokabidek jasoko dituen ondorio desatseginak haurrarentzat, eta iruditzen zait maiz ahaztu egiten zaigula hori egitea. Ondorioz, haurrek ez dute ondo lotzen jokabidea ondorioekin.

Bukatzeko, sortzen zaidan galdera bat. Aurretik aipatu dudanez, bada gure gelan batere disruptiboa ez den baina oso desegokia den jokabide bat duen haur bat, helduei hitzik egiten ez diena. Horrelako kasuetan aplika al daitezke arrakastaz teknika konduktistak? Agian moldatzea baliagarri izan liteke, eta errefortzu positiboa orokorrean giro eroso eta baikorra sortzeko eta autoestimua hobetzeko ere, baina besteak iruditzen zait ez direla oso aproposak. Eta zein aukera ditu orduan irakasleak?



2012/05/26

Hezkuntza informalaren indarra

Astea barrea eragiten duen zerbaitekin bukatzearren, famatua egin den blog bat aipatuko dut, "Cómo no ser una Drama Mamá" izenekoa. Benetan grazia du idazleak bere amak urteetan zehar behin eta berriro esan dizkion esaldiak azaltzean, eta horietako asko eta asko iruditzen zait gehienoi ezagunak egiten zaizkigula. Orokorrean, ados nago idazlearekin errepikatzeko moduko aholkuak zeintzuk diren eta lurrazpian gordetzeko modukoak zeintzuk diren aukeratzen duenean.

2012/03/18

Zigorra, duintasuna eta errespetua

Lauhileko honetan, aurrekoan bezala, heziketa-estiloen inguruan lan dezente egin dugu. Lauhileko honetan zehar portaera eraldatzeko konduktismoak eskura jartzen dizkigun tresnak aztertu ditugu, zigorra horien artean. EL PAISeko artikulu honetan laburbiltzen da zigorraren inguruan gelan landu dugun ikuspegia. Ni zigor fisikoaren aurkari kartsua naiz; are gehiago, zigor fisikoa erabiltzearen ideiak sekulako izua eragiten dit, eta ikasturtearen hasieratik hona buelta asko eta asko eman dizkiot gaiari buruan, horren inguruan atera ditudan ondorioak zabaldu ez ditudan arren. Blog honetan gure ikaskuntza prozesua islatu behar dugunez, esango dut ikaskuntzetako bat izu horren ingurukoa izan dela, horren zergatiak eta horrek ekar ditzakeen ondorioak.

Aipatzen dudan artikuluan haurraren duintasunaz eta berarekiko errespetuaz ere hitz egiten da, helduaren pareko gizaki dela barneratzearen ondorioz sortzen diren kontzeptuak. Desberdinak gara, baina pareko, eta hori horrela izanik duintasuna eta errespetua zor diegu haurrei, baita beste gizaki guztiei ere (Konyei ere? uf, galdera horrek beste bide luze batera eramango gintuzke eta ez dut hartuko). Eta izaki bizidunei, eta munduko biziaren euskarri den bizirik gabeko materiari, eta gure aurretik bizi izan zirenei, eta gure ondoren etorriko direnei, eta unibertsoan ezkutuan egon litezkeenei, eta ...

Helduon artean ditugun harremanetan maiz saiatzen gara besteen portaera aldatzen, eta horretarako tresna konduktista asko erabiltzen ditugu, trafikoko isunetatik hasi eta sariak ematera arte. Lagunartean edo bikotean ere erabiltzen ditugu, baina ez dugu zigor fisikorik erabiltzen: nori bururatzen zaio gizonak gustuko ez duen zerbait egin duelako hari zaplastekoa ematea? Eta zergait haur bati bai? Zer du haurrak "faltan" horrelako tratua merezi izateko? (Gaia sinpletzearren, momentu honetan utz ditzagun alde batera bikotean ematen den indarkeria, heriotz-zigorra, tortura, eta bestelakoak.)

2012/02/17

Eztabaidak, eta hari izpi bati tira eginda atera daitekeen guztia

Joan den asteko gelako jarduerek hausnarketa sorrarazi zidaten bezala, aste honetakoekin berdin gertatu zait. Aitortu beharra daukat hasieran kasuen inguruko eztabaida 3. BUPeko etikako klaseetara bueltatzea iruditu zitzaidala, eta kasuak pleistozenokoak. Oso "lugaren comunes", baina Luppiren diskurtsorik gabe. Baina asteak aurrera egin ahala, oso interesgarriak egin zaizkit. Oso talde polita dugu gelan, pena eztabaidetan erdiek parte hartzen ez duten (edo uzten ez diegula?). Horretarako irtenbidea pentsatu beharko genuke guztion artean (agian brainstorming bat "nola lortu gelakide guztiek parte hartzea?" galderarekin).

Aste honetan nire interesa piztu duen beste gai bat ondokoa izan da: irakasgai batzuen eskoletako zurrumurruak (irakaslea hizketan ari den bitarteko marmarra). Orain arte arraroak izan dira gure gelan, baina aste honetan deigarri suertatu diren momentu pare bat izan dira. Nire lehen erreakzioa "baina, zer nolako errespetu falta!!" izan zen, gelako amonaren papera antzezteko beharrik gabe betez. 

Hala ere, gero gertakizuna bueltatu egin da nire pentsamendura, orain arte ikusi ez nuen ikuspuntu batetik (ama, hau ote Didaktika Orokorreko paper-zorrorako Andre-Mariaren agerraldi horietako bat?): konturatu naiz nire kasuan gelako egoeran jokabide hori ezabatuta dagoela errepertoriotik, hau da, irakaslea hizketan ari den bitartean zurrumurruka aritzea niretzat bateraezina dela (eta niri gertatzen zaidan moduan, gelan adinean gertu ditudanei ere gertatzen zaie). Baina, beste batzuei ez zaie hori gertatzen, hau da, zerbaiten arabera erabakitzen dute zurrumurruan aritzea ala ez. Azken aste hauetan Hezkuntzaren Psikologiako irakasgaian lantzen ari garenaren arabera, egoera horri buruzkoak nik eredu oso konduktualen bidez ikasi ditudalako ote da? Ikaskuntza-ereduek baldintzatzen al dituzte erantzunen arteko horrelako aldeak? Edo horrekin zerikusik ez duen zerbaitengatik da? Adinduen eta gazteen artean maiz suertatzen diren gatazka txiki (edo handi) askoren oinarrian hori ote dagoen bururatzen zait: batak ezin bestearen jokabidea ulertu lehenarentzat bigarrenarena ez baita sartzen jokabide posibleen zerrendan, eta bigarrenak ezin lehenaren jarrera ulertu ez duelako ikusten lehenarena erantzun automatikoa dela.

Eta gertakizun horren inguruan beste galdera oso interesgarriak sortzen zaizkit: zeren arabera erabakitzen dute (erabaki dezaketenek, niri stop gorri handi bat ateratzen zaidan tokian) zurrumurruka noiz (eta norekin) egin, eta noiz ez? Azken hau bereziki dator harira irakasle izateko prestatzearekin, ez baitugu nahi gure gelan ikasleak zurrumurruka ibiltzea (ala bai? baina, noski, nola lortu batek nahi duenean baino zurrumurruka ez ibiltzea?). Kasualitatea izango da agian, baina gure gelari dagokionez gizonezko irakasleekin zurrumurruak ematen ez direla esango nuke. Bestetik, Musikan aste honetan ikusi dugunaren antzera, haurrek (eta heldu askok) intentsitatea eta erritmoa nahasten dituztela esaten zigutenean (fuerte=azkar, suabe=mantso), irakaslearen gertutasuna (eredu teknikoaren ordez indagatzailea erabiltzea) "viva la Pepa"rekin nahastea ematen da batzuetan, eta irakasleak estrategiak aplikatu behar ditu zirkuitulabur hori mozteko. Azkenik, iruditzen zait ikasleengan badirela sentsore berezi batzuk horren inguruko "ahulezia" detektatzeko, irakasleak ezer egin edo esan gabe aktibatzen direnak, zakurrek pertsonen beldurra usaintzen duten moduan.

Bukatzeko (inork honaino jarraitu badu), gai hau ez dut atera inori begian behatza sartzeko asmoz. Nik agian zurrumurrurik ez dut egingo, baina gai naiz oso irakaslea hizketan dagoen bitartean arreta galtzeko, emaitza berdina lortuz.