2012/11/04

Practicum, egunerokoa: asteko ondorioak

Astean zehar irakaslea eta ikasleen arteko harremanak behatzen aritu gara, eta orain arte bildutakoa borobiltzeko haurren jokaera aldatzeko teknika konduktisten erabilera aztertzekotan geratu nintzen.

Jarraian, teknika konduktista ezberdinak zerrendatuko ditut, eta gelan orain arte ikusi dudanaren arabera bakoitzaren erabilpena adieraziko dut:

1. Jokabide egokiak indartzeko teknikak
  • Errefortzu positiboa: irakasleak maiz erabiltzen duen teknika da, jokabide desiratuak manten daitezen. Nire tutoreak ia esklusiboki erabiltzen ditu eragingarri sozialak (atentzioa ematea, zoriontzea, laztan ematea, irribarre egitea, etab.), literaturak dioenaren arabera eraginkorrenak direnak, hain zuzen ere. Gelako edozein egoeratan erabiltzen ditu, baina zail suertatzen zaio haur bakoitzaren jokabide egoki guztiak positiboki errefortzatzea, errefortzua jokabidea gertatu eta berehala eman behar baita, eta haur kopuru zabalak oztopatu egiten du momentu zehatz horretan haur bakoitzarengana iristea. Literaturan irakurri dut errefortzu positiboak programa edo planifika daitezkeela, hau da, posible litzateke astero (edo egunero) haur gutxi batzuen baten errefortzu positiboari ekitea, eta astero/egunero haurrak txandakatzen joatea, edo desagertarazi nahi diren jokabideak dituzten haurrak bolada batez aukeratzea haien bestelako jokabide egokiak diferentzialki errefortzatzeko, adibidez.
  • Errefortzu negatiboa: batzuetan erabiltzen du irakasleak, adibidez, jolastokira irteteko ordua iristean jokabide desegokia izan duen haurra gelan geratu araztea jokabidea aldatu arte (hamaiketakoan fruta banatu eta hori jaten ez duena gelan mantentzea fruta jaten bukatu arte, edo jolastokira irten baino lehenago kasketa harrapatu duen haurra gelan mantentzea kasketa amaitu arte), edo hamaiketakoa banatzen ari direnean jokabide desegokia duten haurrei txanda-pasa egitea, jokabide egokia erakusten dutenean hamaiketakoa emanez. Hala ere, iruditzen zait batzuetan errefortzu negatibo izan zitekeena zigor bihurtzen dugula, haien arteko desberdintasuna txikia iruditzen zaigulako ("fruta jan ez duzunez, jolastokira irten gabe geratuko zara" aplikatzea, alegia). Literaturan agertzen denez, teknika honen aplikazio tipikoa fitxen ekonomian ematen da, non ikasleak jokabide egokiaren truke fitxak lortzen dituen (errefortzu positiboa), eta jokabide desegokien truke fitxak galtzen dituen (errefortzu negatiboa), aurretik adostutako epearen buruan lortutako fitxen arabera sari bat eskuratuz.  Agian fitxen ekonomia aplika liteke gure gelan portaera disruptiboa agertzen duten haur gutxi batzuekin, baina horretarako giza baliabide gehiago beharko lirateke, oso zaila dirudielako irakasle bakar batek 19 haurren taldea eramaten duen aldi berean bizpahirurekin fitxen ekonomiaren teknika aplikatzea.
  • Moldatzea edo hurbiltze progresiboa: irakasleak aplikatzen du, erabat egoki ez diren baina egokitzeko bidean urratsak diren jokabideak saritzeko.
  • Imitazioa: maiz erabiltzen du irakasleak jokabide egokiak areagotzeko, beste haurrek egiten dituzten jokabide egokiak eredu bihur daitezen egoera asko sortuz (egunero arduradun bat egotea, talde guztiaren aurrean bakarka ariketak egitean, etab.). Eredu bezala agertzen den haur batek egokiak diren jokabideak burutzean irakaslearen aldetik errefortzu positiboa jasotzen duela ikustean, beste haurrek errazago imitatuko dute jokabide hori. Gainera, irakasleak ez du beti haur bera aukeratzen eredu gisa erabiltzeko. Iruditzen zait posible litzatekeela teknika hau sistematizatzea, haur bakoitzarengan positiboa den jokabide bat identifikatuz, eta ziurtatuz haur guztiak momenturen batean jokabide egoki baten eredu gisa aurkezten direla taldearen aurrean. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait jokabide desegokiak dituzten haurren autoestimua lantzeko, jokabide desegokien eredu bezala soilik agertzen badira, autoestimu baxua eraikitzen baitute.

2. Jokabide desegokiak ahultzeko edo desagertarazteko teknikak
  • Iraungikapena: jokabideari inolako errefortzurik ez ematean datzan teknika hau erabiltzen du batzuetan irakasleak, bereziki jokabide desegoki bat desagertzeko bidean dagoenean, edo maiztasun txikiz ematen denean, eta kasketen aurrean. Teknika aplikatzea errazagoa izan daiteke bi eta hiru urteko gelan, non haurrak ia beti tutorearekin dauden, baina 4 urteko gelan hainbat espezialista gehitzen direnez, gerta daiteke tutoreak jokabide jakin baten aurrean iraungikapena aplikatzea, baina beste irakasleek ez, eta orduan jokabidea desagertu ordez, finkatu egingo litzateke. Iruditzen zait aplikatzekotan aurretik koordinazio handia eskatzen duela, ez bakarrik ikastetxeko beste langileekin (adibidez, jangelakoekin), baita familiarekin ere. Teorian erraza dirudien arren, praktikan zaila iruditzen zait. Bestetik, literaturak gomendatzen du jokabide desegokiarekin iraungikapena aplikatzen den aldi berean, haurrak dituen bestelako jokabide egokiak errefozatzea, baita jokabide desegokiari uzten dion bakoitzean positiboki erreforzatzea, eta azken hauek ez zait iruditu aplikatzen hain argi ikusi ditudanik.
  • Zigor positiboa, erantzunaren kostua: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor positiboa, errieta: maiz aplikatzen du irakasleak, orokorrean errieta pribatua.
  • Zigor positiboa, asetzea: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor positiboa, bakartzea: batzuetan aplikatzen du irakasleak. Psikomotrizitateko gelan erabat barneratua dagoen teknika da, haurrek badakite eta beste norbait joz gero bankura joan beharko dutela denbora batez. Agian literaturak gomendatzen duena baina denbora luzeagoz mantentzen da zigorra, hori bai. Gainera, banku berean esertzen dira haur bat jo duena eta erasoa jaso ondoren negarrez dagoena (lasaitu arte), edo jolasten bakarrik min hartu duten haurrak, eta iruditzen zait agian horrek indarra ken diezaiokeela jo duen haurrari aplikatu nahi zaion zigorrari, ez baita argi geratzen bata zigortua dagoen artean, besteak kontsolamendua jasotzeko daudela hor.
  • Zigor positiboa, praxis positiboa: gutxitan aplikatzen du irakasleak. Adibidez, beste haur bat jo ondoren besarkada eman araztea, edo nahita zerbait lurrera bota ondoren jaso araztea.
  • Zigor positiboa, praxis negatiboa: ez dut aplikatzen ikusi.
  • Zigor negatiboa: maiz aplikatzen da jokabide desegokiaren aurrean haurrak gustuko duen zerbait kentzearen teknika. Adibidez, jolastokira irten aurretik beste haur bat jotzeagatik jolastokira irten gabe gelan uztea, edo jolastokian irakaslearen ondoan geratzera behartzea, edo taldeko jarduera bat egitean haurraren txanda iristean jokabide desegokia badu txanda-pasa egitea, jarduera hori egin gabe utziz. Teknika honen aplikazioaren inguruan behatutakoaren arabera, iruditzen zait literaturak dioena (eraginkortasuna ez dagoela intentsitatean, errepikapenean baizik) ez dela aplikatzen, batzuetan zigorraren intentsitate handiarekin (jolas ordu osoz zigortzea, adibidez) jokabide desegokia gertatzen den guzti-guztietan zigorra eman ez izana konpentsatu nahi izango balitz bezala. Bestetik, iruditzen zait ere orokorrean ez dela teknika egokia haurren garapen kognitiboa lantzeko espezifikoak diren jardueretan aplikatzeko, hau da, taldeko jarduera bat burutu behar bada gaitasun edo trebetasun zehatz bat lantzeko (adibidez, matematika lantzeko ariketa bat) haurrek txandaka ariketa eginez, haur zehatz batek jokabide desegokia duelako ez litzaioke txanda-pasa aplikatu behar, zeren eta gainera gerta daiteke haurrak ez zigor bezala ikustea, esfortzu kognitiboa eskatzen dioten jarduerak saihesten baditu, adibidez.

Azken ondorio gisa, aipatuko nuke unibertsitatean ikasi dugunaren arabera, teknika konduktista guzti hauen artean inolako ondorio negatiborik ekar ez dezakeena errefortzu positiboa dela, eta horregatik beldurrik eta mugarik gabe erabiltzeko aproposa den teknika dela. Batzuetan ahaztu egiten zaigu haurrarentzat erreferentziazko pertsona den irakasleak duen boterea zentzu honetan, eta okerrari askoz ere kasu gehiago egiten diogu egokiari baino. Horrez gain, teoriaren arabera badirudi askoz ere eraginkorragoak direla errefortzuak zigorrak baino, praktikan azken hauek erabiltzera ohituagoak gauden arren. Bestetik, errefortzu negatiboaren eta zigorren aplikazioan teoriak dio oso garrantzitsua dela haurrari aldez aurretik oso argi uztea zein jokabidek jasoko dituen ondorio desatseginak haurrarentzat, eta iruditzen zait maiz ahaztu egiten zaigula hori egitea. Ondorioz, haurrek ez dute ondo lotzen jokabidea ondorioekin.

Bukatzeko, sortzen zaidan galdera bat. Aurretik aipatu dudanez, bada gure gelan batere disruptiboa ez den baina oso desegokia den jokabide bat duen haur bat, helduei hitzik egiten ez diena. Horrelako kasuetan aplika al daitezke arrakastaz teknika konduktistak? Agian moldatzea baliagarri izan liteke, eta errefortzu positiboa orokorrean giro eroso eta baikorra sortzeko eta autoestimua hobetzeko ere, baina besteak iruditzen zait ez direla oso aproposak. Eta zein aukera ditu orduan irakasleak?



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina