2012/11/18

Practicum, egunerokoa: irakaslearen metodologiaren ingurukoak borobiltzen, eta asteko ondorioak

Astean zehar nire tutorearen alderdi metodologikoen behaketaren inguruan idaztean, sarrera gehiegi luzatzen ari zitzaidan, eta gaiarekin erabat bukatu gabe itxi nuen. Beraz, azaldutakoak borobiltzeko denbora hartuko dut orain.

Ikastetxera astean hiru egunetan joaten naizenez, gauzaren bat galdu egiten dut, eta aste honetan ikastetxeko Haur Hezkuntzako bi egoitzetako tutoreen arteko bilera galdu nuen. Hala ere, bileraren hurrengo egunean nire tutoreak eta gure egoitzako 4 urteko beste gelako tutoreak bilera izan zutenez, material didaktikoa prestatzeko, aurreko eguneko bileran eztabaidatutakoak niri azaltzeko aukera izan zuten. Ez ditut hemen xehetasun guztiak jasoko, baina laburbilduz, metodologiaren aldetik bi egoitzen arteko desberdintasunak daude. Antzaz, beste egoitzan Lehen Etapako eskakizunei bideratuagoak daude, nolabait esatearren, eta irakurketa-idazketa eta matematika gehiago lantzen omen dituzte. Nire gelako gurasoren batek ere horrelako zerbait aurpegira bota zion nire tutoreari duela gutxiko bileran: beste egoitzatik haurrak "hobeto prestaturik" ateratzen omen direla (ez dezagun ahaz Haur Hezkuntzaz ari garela!), Lehen Hezkuntzako lehen ikasturtean gabonetarako irakurtzen ikastea lortzen ez duten haurren gurasoak kontu horrekin estutzen omen dituztelako. Nire tutoreak dio beretzat badirela garrantzitsuagoak diren beste gai batzuk (haurren autonomia lantzea, elkarbizitzaren oinarriak finkatzea), eta horiei arreta berezia ematen die, besteak alboratu gabe.

Guzti horren harira, 4 urteko beste gelako tutoreak behin aipatu zidana etorri zait burura: bera konturatzen dela Haur Hezkuntzan lanean denbora batez jardun ondoren perspektiba galtzen dela haurren adinari dagokionean, eta momentu bat iristen dela 4 urtekoak "helduak" iruditzen zaizkizula; 0-6 adin tartean etengabe murgiltzen zarenean haur oso txikiekin ari zarela ahaztu egiten zaizula, alegia. Oso garrantzitsua iruditzen zait noizean behin adinaren zooma irekitzea, eta perspektiba erreala ez galtzea: orain 4 urtekoen gelan dauden haurren bizi itxaropena zein izango den ziurtatzerik ez dago, baina proposamen kontserbakorrek diotenaren arabera 90 urteren ingurukoa izango litzateke, eta ausartenek diote agian 100 urteetara gertura litekeela. Edozein modutan, badakigu INEren datuen arabera jaiotzean bizi itxaropena 34,76 urtekoa zela 1901ean, 62,10ekoa 1951n, 75,62koa 1981ean eta 80,23koa 2005. Ez al genituzke hezkuntzako etapen helburu eta edukiak errealitate horretara moldatu beharko? Pertsonek munduaren gure alderdian ikasteko (eta beste gauza askotarako) denbora gehiago izango dutenez, ezin al dugu bada mantsoago joan? Badakit badirela hainbat ikaskuntzen inguruko epe kritikoak, baina horiek oinarrizko gaitasunei dagozkienak dira, benetan hain garrantzitsua al da haurrak Lehen Hezkuntzara iristen direnerako irakurtzen jakitea? Bestetik, teorian behintzat hori ez da Haur Hezkuntzako etapari jartzen zaion helburua, baina gure errealitate azeleratuak horretara bultzatzen gaitu.

Nire uste apalean, oraingoz ikasi dudanaren arabera, Haur Hezkuntzako etaparako ondokoak jarriko nituzke helburu gisa: 
  • Ikasten ikastea, ikastearekin (eta eskolarekin) harreman positibo eta osasuntsua eraikitzea, ikastea dibertigarria den prozesua dela bizitzea, erronkek erabilgarriak diren gauzak eskuratzeko balio dutela ondorioztatzea, gatazken aurrean (kognitiboak nahiz harremanen arlokoak izan) jarrera positiboa izatea.
  • Besteekin komunikatzen ikastea, bereziki ahozko hizkuntzaren bitartez (horretarako oztoporik ez duten pertsonen artean behintzat), baina baita ere beste hizkuntzen bitartez.
  • Norberaren buruarekin eta besteekin harreman positibo eta osasuntsuak eraikitzea, errespetuan oinarrituak.
  • Haurrek berezkoak dituzten sormena eta bizi-poza mantentzea (horiek ez zapuztearekin konformatuko nintzateke).

Lehenengo helburua pertsona guztiok txikitatik garatu eta bizitzan zehar mantenduko bagenu, egun mendebaldeko herrialdeetan eskura ditugun baliabideekin, ez litzateke garrantzitsua izango une bakoitzean "zenbat" dakigun, ezta?

Bukatzeko, irakaslearen metodologiei buruzko oinarrizko ezaugarri edo trebetasun bat: pazientzia. Nire tutorearen pazientziak amaigabea dirudi. Suposatzen dut bera ere hezur-haragizkoa denez, egunen batean galduko zuela pazientzia, baina nik ikastetxean daramatzadan lau asteetan ez du pazientziarik galdu. Pentsatzen dut pertsona batzuk, haien izaerari esker, pazientzia izateko eta berritzeko erraztasuna izango dutela, baina iruditzen zait ikasi egiten dela pazientzia edukitzen eta pazientziaren eltzea betetzen, eta ikaskuntza garrantzitsua da hori irakaslearentzat, norberaren kontrolarekin batera. Nire tutoreak momenturen batean haurren bati tonu altuxeagoa erabiliz hitz egin badio ez da izan pazientzia galdu duelako, haurrak horren beharra zuela uste zuelako baizik; hau da, ez da izan kontrola galtzearen ondorio. Eta pazientzia proban jartzen duten haurrak badira!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina