2012/11/07

Practicum, egunerokoa: berdinen arteko harremanetan sakontzen


Atzo ez nintzen ikastetxera joan, baina gaur han izan naizenez, hementxe nago berriak jasotzeko prest. Eguna oparoa izan da haurren arteko harremanen inguruan. Gaur arduraduna izatea egokitu zaio gelan helduoi hitzik egiten ez digun haurrari, eta normala denez, jakin-mina nuen nola moldatuko ote zen ikusteko. Tutorea bereziki saiatu da azken bi asteetan beretzat giro positibo eta gozoa sortzen, eta egunetik egunera ikusi dugu erosoago, irribarretsuago gelan. Gaur ere haurrari adorea ematen egon da, arduradunaren lanetan laguntzaile bat izendatzeko aukera ireki dio, eta indarrez errefortzatu ditu haurrak egin dituen guztiak. Aholkularia etorri da eskolak behatzera, asteazkenero egiten duen moduan (asteazkenetan Haur Hezkuntzako gure gunera etortzen da gela bakoitzean identifikaturik dituzten hainbat haur behatzera), eta polita izan da mututze selektiboa duen haur honek hitz gutxi batzuk esan dituenean tutorearen eta aholkulariaren aurpegiak behatzea. Haur batek oinez lehen pausoak eman izan balitu bezain pozik eta harro zeuden! Badirudi haurrak orain arteko joera hautsi duela, eta gutxinaka aurrerapausoak ematen ari dela.

Hala ere, guztia ez da arrosa kolorekoa izan. Nahiko maiz sortzen diren gatazkak piztu dira arratsaldean, eraikuntzako txokoan elkarren artean askotan haserretzen diren hiru haurren artean, eta egozkor samarra den beste bat ere haserretu da; beraz, zalapartaz beteriko hogei minutu edo izan ditugu. Tutorea saiatzen da haurrak euren artean konpon daitezela sustatzen, beti ere elkarri minik egin gabe. Hala ere, haur hauen kasuan hori zaila izaten da, oso erraz hasten baitira joka, eta orduan segituan esku hartu behar izaten da. Haur horietako bat bereziki erasokorra da, eta gaur goizean konturatu gara gaitzetsia izaten hasi dela gelakide askoren aldetik; borobilean jartzeko orduan inork ez du bere alboan jarri nahi izan, eta bere alde batera eta bestera hutsunea zuela utzi dute momentu batez. Ez da batere erraza tutorearentzat hori bideratzea, beste haurretako batzuengan beldurra eragiten duelako. Bere oldarkortasun eta erasokortasuna kontrolatzea lortzen ez badu, orain bakanak diren baztertzeak orokortzen joango dira, eta geroz eta zailagoa izango da egoera bideratzea.

Azkenik, 4 urteko beste gelako tutoreak aipatu didan ariketatxo bat egitea bururatu zait gelako haurren estatus soziometrikoa neurtzeko. Bihar tutoreari proposatuko diot, eta berak baimena emanez gero, soziograma bat egingo dut. Ariketa egiteko teknika eta emaitzak jasotzeko moduaren inguruan joan den urtean soziologian eredurik landu ez genuenez, momentuz aurkitu dudan iturririk interesgarriena hauxe da, eta ariketa arin eta sinplea egin nahi dudanez, nahikoa iruditzen zait. Ea tutoreari ondo iruditzen zaion, eta horrela bada emaitzak hemen jasoko ditut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina