2012/11/17

Practicum, egunerokoa: ikasleen ebaluaziorako tresnak

Nire tutoreak ikaskuntza-irakaskuntza prozesua gidatzeko edo errazteko erabiltzen dituen hainbat teknika azaldu ondoren, interesgarri iruditzen zait ere prozesuaren ebaluazioa nola egiten duen adieraztea edo, hobe esanda, ebaluaziorako erabiltzen dituen tresnetako batzuk azaltzea, practicuma egiten dugun asteetan prozesuen alderdi txiki bat baino ezin baitugu behatu.

Plastikako txokoari dagokionez, haurren ekoizpenaren adibide batzuk biltzen dira sistematikoki, ez bakarrik 4 urteko gelan, baizik eta Haur Hezkuntzako etapa osoan zehar. Horrela, ikastetxeko haur bakoitza Lehen Hezkuntzako etapara igarotzen denean badu portfolio bat bere ekoizpenaren eboluzioa islatzen duena, hurrengo etapako tutoreei lagungarri suertatuko zaiena.

Puzzle txokoan irakasleak horman taula bat jarrita dauka, momentu honetan haurrei eskaintzen dizkien puzzle mota guztiak eta haurren izenak jasotzen dituena. Bertan idazten du haur bakoitzak puzzle mota bakoitza bakarrik edo laguntzarekin egiten duen. Horrela, haurrei puzzle guztiak eskaintzen dizkiela bermatzen du, eta bakoitzaren aurrerapenak jasotzen ditu. Horrez gain, puzzle txokoan dauden bitartean egiten dituzte haurrek gelan lantzen diren fitxak, eta ekoizpen horiek jasotzen dira plastikako txokokoekin batera. Aurreko sarreraren batean esan bezala, nire tutoreak fitxen erabilera mugatua egiten du, ikaskuntza prozesuaren azken urrats gisa erabilita, orokorrean. Batzuetan, motrizitate fina landu nahi badu fitxak erabiltzen ditu argibide bereziak emanez; adibidez, aste honetan haritz baten hostoa eta ezkur bat dituen fitxa erabili dute haurrek, hostoa puntzoiaren laguntzaz mozteko, atzean kolorezko papera itsasteko, eta ezkurra ahal dela ertzetatik irte gabe koloreztatzeko.

Eraiketa txokoa da hiruen artean libreena, eta haurrek modu ia erabat autonomoan kudeatzen dutena, alde batetik horretarako aukera ematen duelako eta, bestetik, tutorea nahikoa lanpeturik egoten delako beste bi txokoetan bere laguntza beharrezkoa duten jarduerak bideratzeko. Eraiketa txokoan ez da haurrek egiten duten lanaren jarraipen sistematikorik egiten, ni konturatu naizela behintzat. Pena da txoko horretan egiten dituzten ikaskuntzak besteetakoek bezainbesteko arretarik ez jasotzea, zeren eta oso interesgarriak dira hirugarren dimentsioaren esplorazioan egiten dituzten aurkikuntzak, geometriaren lanketa, grabitatea eta indarren inguruko ikaskuntzak, eta abar. Hala ere, egia da ez dela erraza beste txokoen moduko jarraipena egitea, egunero sortzen diren eraikuntzen argazkiak atera beharko lirateke? Beste txokoetan egiten den moduan, proposamen zehatzak egin haurrei? Atzo, adibidez, sekulako tren luzea eraiki zuten taldean, benetan ikusgarria. Aurreko batean, bloke logikoetako lau karratu hartuta karratu handi bat egin, eta proposatu nien talde txikian lau hiruki hartuta ea hiruki handi bat eraikitzea lortzen zuten. Hantxe ibili ziren, piezak modu batera eta bestera jarrita saiatzen, baina azkenean amore eman zuten lortu aurretik.

Bestetik, nire tutoreak badu etapako koordinatzaile pedagogikoak prestatutako liburuxka bat, curriculumaren hiru esperientzia eremuei dagokien behaketa egiteko fitxekin, hiruhileko bakoitzean ebaluazioa egiteko. Fotokopiatu ditut, eta eskaneatzen ditudanean jasoko ditut blogean. Haur bakoitzarentzat hiru esperientzia eremuei buruzko fitxez gain, gurasoekin ikasturtean zehar egindako bi elkarrizketei buruzko oharrak jasotzeko fitxa bat dago, eta hainbat orrialde zuri bestelako oharrak hartzeko. Nire tutoreak, adibidez, amaierako orrialdeetan haur bakoitzari arduradun lanak egitea egokitzen zaioneko oharrak jasotzen ditu, egin behar izan dituen ariketa bakoitzean nola moldatu den zehaztuz.

Azkenik, nire tutorea orain gurasoekin ikasturtean zehar egingo duen bileren lehen txanda burutzen ari dela aprobetxatuz, bilera horiek nola prestatzen dituen azalduko dut. Orokorrean, bilerak deitzeko ordena erabakitzeko bi irizpide aplikatzen ditu: alde batetik, haurren batean deigarria, zuzendu beharrekoa edo behatu beharrekoa den zerbait antzematen badu, haren gurasoekin bilera azkar egin nahi izango du baina, beste aldetik, haurren batekin dudak baditu bere garapenaren gainean, bukaerarako uzten du behatzeko denbora gehiago izateko. Nire tutoreak gidoi bat idazten du bileraren aurretik, ondoko gaiak jasotzen dituena:
  • Haurrak aldaketei eta egoera berriei nola egin dien aurre. Kontuan izan behar da 2 eta 3 urteko gelan tutore berarekin egoten direla, eta 4 eta 5 urteko gelan beste tutore batekin. Beraz, hasi berria den ikasturte honetan izan dute tutorearen aldaketa haurrek. Bestetik, ikasturte honetan hasi dira ere espezialistekin lehen harremana izaten, eta hiru irakasle berri dituzte: ingelesekoa, dantzakoa eta musikakoa. Beraz, 2 urte zituztenetik ikastetxean izandako haurrek ere aldaketa nabarmenei egin behar izan diete aurre ikasturte honetan, eta berriak direnek, zer esanik ez.
  • Gelako dinamika orokorrean nola modaltzen diren. Talde handian nola moldatzen diren, arauak nola hartzen dituzten, haien parte-hartze maila, arreta-maila, autonomia-maila, eta horrelakoak jasotzen ditu.
  • Haurren arteko harremanak eta tutorearekiko harremanak. Sozializaziorako dituen baliabide eta estrategiak, norekin jolasten duen gehien, gatazken kudeaketa, obedientzia, eta horrelako gaiak.
  • Txokoen dinamikako parte-hartzea. Gelan antolatuta dauden txokoetan haurrak duen partaidetza, zein txoko duen gustukoen, bakoitzean egiten dituen ekoizpenak, eta horrelako gaiak.
  • Garapen kognitiboa. Tutoreak antzemandako aurrerapenak azaltzen ditu, eta gurasoek etxean lortutakoekin alderatzen ditu.

Aipatutako alderdi guzti hauek gurasoekin partekatzen ditu, eta etxean haurrak dituen jokabideekin alderatzen dira bileran, gurasoekin batera. Tutoreak egoki ikusten badu, gomendio zehatzak egiten dizkie gurasoei, bereziki jokabidearen erregulazioari dagokionez ikastetxean eta etxean irizpide berak aplikatzeari begira, eta garapen kognitiboaren alderdi zehatzen bat bereziki lantzea lagungarri iruditzen bazaio.

Tutoreak horrela eskatuta, ikastetxeko aholkulariaren jarraipena jasotzen duten haurren ebaluazioan eta haien gurasoekin bilerak antolatzean egon daitezkeen berezitasunak jasotzea beste egun baterako utzi beharko dut, ezin izan baitut horren inguruan nire tutorearekin zehazki hitzik egin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina