2012/11/15

Practicum, egunerokoa: eklektizismoa eta hezkuntza formala beste esparruekin uztartzea

Astean behin 4 urteko bi geletako tutoreak ordu betez batzen dira prestakuntza saio batean. Ikasturte honetan jarraipena ematen ari zaio joan den ikasturtean hasitako gaiari: matematika. Peredaren Haur Hezkuntzarako gida erabiltzen da ikastetxean iturri nagusi gisa, eta tutoreek eztabaidatu egiten dute gelan zein ariketa eta jarduera proposatu, eta haientzat materiala prestatzen dute. Tira, askotan ez die denborarik ematen materiala prestakuntza saioan prestatzeko, eta lanak banatzen dituzte etxean egiteko. Horra hor denbora eskasiaren beste adibide bat.

Gaur egokitu zaigu prestakuntza saio horietako bat egitea, eta bertako eztabaidan agerian geratu dira nire tutorearen iritziak metodologiarako iturrien inguruan. Bera eklektizismoaren aldeko da, hau da, hainbat proposamen metodologiko ezagutu, eta bakoitzetik interesgarri iruditzen zaiona edo gelan aplikagarri iruditzen zaiona hartzen du, baina ez da iturri bakarra hartzearen aldeko.

Metodologien gaineko eztabaidan zehar sortu da etxean eskolan lantzen ari diren gaiekin bat egitearen auzia. Ikastetxe batzuetan sustatu egiten da eskolan lantzen diren gaiak etxean osatzea, baina nire ikastetxean hori ez dago hain argi. Aste honetan nire tutoreak haurretako baten gurasoekin izandako bileran jakin du Peredaren ariketa-liburua lantzen ari dela etxean, gurasoek horrela erabakita, eta berak dio ez dela horren oso aldeko, maiz gurasoek ez dituztelako ariketak haurraren mailara moldatzen, eta iruditzen zaio horrela ezin dituztela ulertu. Ariketa-liburuen beharrik gabe, egunerokotasunak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz gauza asko lan daitezkeela iruditzen zaio. Izango dute liburuen artean egoteko aukera aurrerago, ezta?

Jokabidearen erregulazioari dagozkion gaietan bai saiatzen da nire tutorea gurasoekin hitz egiten, ikastetxean eta etxean irizpide berak aplika daitezen, bereziki alderdi horretan zailtasun gehien duten haurren kasuan. Edo komunikazio-gaitasun urriagoa duten haurren kasuan, etxean ere ahozkotasuna ahalik eta gehien lantzera animatzen ditu gurasoak. Erronka kognitiboak saihestera jotzen duen haurren baten kasuan ere, gurasoak animatuko ditu haurraren autonomia ahalik eta gehien lantzen, eta oztopo txikiak gainditzeko beharra suposatuko dioten jolasetara jotzen, haurra pasiboago den beste aukera batzuk albora utzita. Baina ariketa-liburu bat hartu eta etxekolanak egitea ez dago bere proposamenen artean.

Haur Hezkuntzako etapan haurrei haur izaten utzi beharko genieke. Are gehiago, egungo bizitza azeleratuaren aurrean babestu beharko genituzke, eta jasotzen dituzten estimuluak neurri batean mugatu, azkarregi hazten direla iruditzen baitzait.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina