2014/03/31

Karta-jolas interesgarria

Gaur goizean, laguntza ematen digun irakasle bat etorri den tartean, nik txokoetarako egiten ditugun hiru taldeak txandaka hartu ditut kartetan jolasteko. Tutoreak oraindik erabili gabe zuen jolas batean aritu gara, eta oso interesgarria iruditu zait. Haurrei asko gustatu zaie eta seiko taldeetan ordu erdiz aritzeko oso aproposa da, jolasa azaldu eta partida bat edo bi egiteko denbora ematen duelako. Lehen partidan bakoitzari zortzi karta banatu ordez sei banatzea erabaki dut, arinagoa egiteko, eta bigarren partida jolasteko denbora ema digun taldearekin bigarrenean zortzi banatu ditugu.

Djeco etxeko Zanimatch karta-jolasa da, hautematea, hiztegia, memoria eta arintasuna lantzeko aukera ematen duena.

Desdramatizatzen

Practicumera joan aurretik psikomotrizitateko ikasgaian idazlan bat egin behar izan genuen bideo batean ikusitako egoerari buruz, hainbat irakurgaitako edukietan oinarrituta eta horietako aipuak erabilita.

Nik idazlana beti egiten dudan moduan egin nuen: bideoa bizpahiru aldiz ikusi eta, bertako egoerak gogoan nituela, irakurgaiak irakurri, aipuak eta ideiak paper batean idatziz. Lauzpabost orrialde bete nituen aipuekin, eta banekien nekez lortuko nuela nire atentzioa deitu zuten gauza guztiak 1 000 hitzetan sartzea, baina saiatu nintzen. Interesgarriak iruditu zitzaizkidan proposamenen artean, psikomotrizitateko saioan sor daitezkeen gatazkak bideratzeko desdramatizaziora jotzea zegoen. Bide batez, esan beharra daukat nire irakasleari ez zitzaiola batere ondo iruditu nik egindako idazlana, eta bueltan bidali zidala hainbat iruzkinekin, praktikak bukatzen ditugunean berarekin hitz egiteko. Gauza da ni ez naizela batere trebea egoera gatazkatsuetan desdramatizaziora jotzen, baina sekulako inbidia ematen dit horretarako gai den jendeak, maiz egoerari buelta errazago ematea lortzen baita horrela.

Gaurko psikomotrizitate saioan horretan aritzeko aukera izan dut, eta emaitza onak eman dizkit. Bi haur haserretu egin dira eta elkarri joka hasi dira. Horietako bat jarrera nahiko desafiatzailea duena da, eta bestea normalean lasaia den haur bat. Biak elkarri aurpegira begira eseri ditut eta bat sutan zegoen, negarrez. Ez zuen bestearen aurrean eseri nahi, eta horretara behartu dudanez, begiak itxi ditu bestea ez ikusteko. Normalean hartuko nukeen aukerari jarraitu ordez ("ez zaitez horrela jarri, mesedez lagunari begiratu, bla, bla bla), desdramatizatzera jo dut, begiak zertxobait irekita zituela eta barrez ("ui, baino, begira, A tranpa egiten ari da... begiak pixka bat irekita ditu... haserre egotearen plantak egiten ari da, baina ez zaio ateratzen... begira, begira, irribarrez ari da..."). Haurra irribarre egiten hasi da. Egoerari tentsioa kendu ahal izan diogu, eta bi haurrak hitz egiteko prest zeuden orduan. Hitz egitera itxia zegoen haurrarekin tira-biran hastea baino askoz ere eraginkorragoa izan da, eta azkarrago eta hobeto konpondu ahal izan dute haien arteko liskarra. Gainera, handik minutu batzuetara jaso eta gelara joateko prestatzen ari ginela, haserre zegoenari begiratu eta elkarri irribarre egin diogu, biok aurretik gertatu dena eta nola jokatu dugun gogora ekarrita, konplizitate keinu batean.

Zeinen garrantzitsua eta onuragarria den umorea hezkuntzan, eta bizitzan, eta nola kostatzen zaidan niri hura erabiltzea! Ondo egina, kasu honetan!

Denboraren kudeaketaren inguruan gehiago

Uf, denbora ondo kontrolatzen ikasita nuela uste nuen, baina gaur arratsaldean psikomotrizitateko saioan tutoreak gogoratu arazi behar izan dit jasotzen hasteko ordua zela. Bi haurrekin ari nintzen haien liskarra konpontzen laguntzen, eta erabat ahaztu zait zein ordutan bizi ginen. Oso gaizki!!

2014/03/30

Denboraren kudeaketa

Aurreko batean idatzi nuen denbora kudeatzeko nituen arazoen inguruan, eta hori hobetzea izan da azken bizpahiru asteetako nire lan nagusia. Practicuma hasi aurretik tutoreari egutegia eskatu nionean hauxe eman zidan:




Egutegi horrekin hasi nintzen ni tutorearen tokia hartu eta eguna aurrera eramaten saiatzen. Nire arazoa zen paper horretan ez nuela ezer "ikusten"; horrekin ezin nuen jakin noiz egin behar nuen zer, nola antolatu eguna. Tutoreak hitzez esaten zizkidan eguneroko tarteen sekuentziak, baina niretzat hori ez zen nahikoa. Orduan, tutoreari esan nion ni orri horrekin ez nintzela moldatzen, eta zehatzagoa zen zerbait behar nuela, txokoetako tarteak, hamaiketakoarena eta abar sartuta zituena. Berak hain dauka egunero egin beharrekoaren sekuentzia barneratua, ez duela horrelako baten beharrik, baina segituan ulertu zuen zer zen eskatu niona, eta ti-ta batean prestatu zidan:
Hala ere, nik banekien orri horretan jarri gabe zeuden beste hainbat gauza gogoan izan behar nituela: txokoetako tartea bukatu aurretik, eraiketa txokoa izaten denez gauzak biltzen denbora gehien behar duena, haiei gauzak jasotzen has daitezela eskatu behar zaie beste bi txokoetakoei baino minutu batzuk lehenago, edo egunero etxera joan aurretik hurrengo eguneko arduradunaren A eskuan marraztu behar zaio eta abar luzea. Orrialde horretan bertan gauza horiek guztiak idazten hasi nintzen, baina konturatu nintzen ez zitzaizkidala kabituko, eta eskuz beste orri batzuetan idatzi ditut. Hauxe da nik prestatutako egutegia, eta oso nabarmena da nire tutoreak erabiltzen duenarekin aldea:

Astelehena
9.00-9.10   Gelakideak iritsi arte itxoin, bakoitza bere tokian eserita (asmakizun bat landu daiteke, edo lasai hitz egin)
9.10-9.40   Arduradunaren lanak egin
9.40-10.30   Txokoetara (arduradunak hiru taldeak txokoetan banatu, txartelak orratzen norabidean aldatuta eta talde bakoitzeko kideen izen-abizenak irakurrita; arduradunaren taldean arduradunak menua arbelean idatzi, besteek paperean idatzi eta ondoren txokoko lanak egin; eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)
10.30-11.00   Hamaiketakoa (arduradunak frutak zenbatu eta batuketa arbelean egin, ondoren bakoitzari nahi duena galdetuta, banatu eta jan)
11.00-12.30   Laguntza (30 minutuko hiru saio gelatik kanpo egiten dituen irakaslea, saio bakoitzean talde bat eramanda). Matematika lantzen dute gelan geratzen diren beste bi taldeek, batak tutorearekin eta besteak bere kasa egiteko ariketekin, ondoren txandakatuta.

12.30-13.30   Tutoretza (kontuan izan haurretako batzuk eskolaz kanpo antolatutako ingelesa dutela gelan bertan, eta ez dutela jangelako begiralearekin jolas tokira irten behar)

15.00-15.05   Jolasgelara joateko prestatu gelan, bakoitza bere tokian eserita
15.05-15.15   Jolasgelara jaitsi eta oinetakoak kendu, hormaren kontra prest jarri, arauak gogoratu, don-don abestu, horma estaltzen duten ateak ireki eta pareta bota
15.15-16.00   Jolas librea, bai alderdi motorra lantzeko aldean, baita sinbolikoan aritzekoan ere
16.00-16.15   Jaso, horma eraiki eta oinetakoak jantzi
16.15-16.25   Gelan berokiak jantzi, oharrak banatu, hurrengo eguneko arduradunari A jarri eskuan

Asteartea
9.00-9.10   Gelakideak iritsi arte itxoin, bakoitza bere tokian eserita (asmakizun bat landu daiteke, edo lasai hitz egin)
9.10-9.40   Arduradunaren lanak egin
9.40-10.30    Txokoetara (arduradunak hiru taldeak txokoetan banatu, txartelak orratzen norabidean aldatuta eta talde bakoitzeko kideen izen-abizenak irakurrita; arduradunaren taldean arduradunak menua arbelean idatzi, besteek paperean idatzi eta ondoren txokoko lanak egin; eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)
10.30-11.00   Ingelesa
11.00-11.30   Hamaiketakoa (arduradunak frutak zenbatu eta batuketa arbelean egin, ondoren bakoitzari nahi duena galdetuta, banatu eta jan). Kontuan izan normalean ingelesa berandu bukatuko dela, jasotzeko denbora dezente behar izaten dutelako
11.30-12.00   Jolas ordua
12.00-12.30   Kolektiba

12.30-13.30   Mailako bilera tutoreek

15.00-15.10   Hiru taldeak txokoetan banatu (talde bakoitzeko lagun bakoitzaren izena esanda, abizenik gabe oraingoan)
15.10-16.15   Txokoetara (eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)
16.15-16.25   Gelan berokiak jantzi, oharrak banatu, hurrengo eguneko arduradunari A jarri eskuan

Asteazkena
9.00-9.15   Gelakideak iritsi arte itxoin, bakoitza bere tokian eserita. Bitartean, arduradunak dantzarako galtzerdiak banatu, galtzerdien kaxa hartu eta pare bakoitzak jarrita duen izena irakurrita (hobe pixka bat laguntzea)
9.15-10.00   Dantza
10.00-10.45   Musika (haurrak bakarrik doaz dantzako gelatik gela arruntera musika egiteko). Dantza eta musika egiten duten bitartean, tutoreak materialak presta ditzake
10.45-11.10   Arduradunaren lanak egin
11.10-11.45    Hamaiketakoa (arduradunak frutak zenbatu eta batuketa arbelean egin, ondoren bakoitzari nahi duena galdetuta, banatu eta jan).
11.45-12.30    Txokoetara (arduradunak hiru taldeak txokoetan banatu, txartelak orratzen norabidean aldatuta eta talde bakoitzeko kideen izen-abizenak irakurrita; arduradunaren taldean arduradunak menua arbelean idatzi, besteek paperean idatzi eta ondoren txokoko lanak egin; eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)

12.30-13.30   Tutoretza

15.00-15.10   Hiru taldeak txokoetan banatu (talde bakoitzeko lagun bakoitzaren izena esanda, abizenik gabe oraingoan)
15.10-16.15   Txokoetara (eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)
16.15-16.25   Gelan berokiak jantzi, oharrak banatu, hurrengo eguneko arduradunari A jarri eskuan

Osteguna
9.00-9.10   Gelakideak iritsi arte itxoin, bakoitza bere tokian eserita (asmakizun bat landu daiteke, edo lasai hitz egin)
9.10-9.40   Arduradunaren lanak egin
9.40-10.30   Txokoetara (arduradunak hiru taldeak txokoetan banatu, txartelak orratzen norabidean aldatuta eta talde bakoitzeko kideen izen-abizenak irakurrita; arduradunaren taldean arduradunak menua arbelean idatzi, besteek paperean idatzi eta ondoren txokoko lanak egin; eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)
10.30-11.00   Hamaiketakoa (arduradunak frutak zenbatu eta batuketa arbelean egin, ondoren bakoitzari nahi duena galdetuta, banatu eta jan)
11.00-11.30   Jolas ordua
11.30-12.30   Txokoak edo kolektiba

12.30-13.30   Tutoreek trebakuntza

15.00-15.45   Astean zehar haurrek ekarritakoak entzun/ikusi (CDa, filma...) telebistan, eta eskolako filma baten zatia ikusi, tutoreak aukeratutakoa
15.45-16.15   Ingelesa (16.20etan haurrak tutorearen bila etorri ez badira, gelara joan, gehiegi ez luzatzeko)
16.15-16.25   Gelan berokiak jantzi, oharrak banatu, hurrengo eguneko arduradunari A jarri eskuan

Ostirala
9.00-9.10   Gelakideak iritsi arte itxoin, bakoitza bere tokian eserita (asmakizun bat landu daiteke, edo lasai hitz egin)
9.10-9.30   Arduradunaren lanak egin
9.30-10.00   Ingelesa
10.00-10.15   Arduradunaren lanak bukatu
10.15-11.00    Txokoetara (arduradunak hiru taldeak txokoetan banatu, txartelak orratzen norabidean aldatuta eta talde bakoitzeko kideen izen-abizenak irakurrita; arduradunaren taldean arduradunak menua arbelean idatzi, besteek paperean idatzi eta ondoren txokoko lanak egin; eraiketa txokokoei esan 10-15 minutu lehenago jasotzen hasteko, atera duten materialaren arabera lehentxeago edo beranduxeago ohartarazita)

11.00-11.30   Hamaiketakoa (arduradunak frutak zenbatu eta batuketa arbelean egin, ondoren bakoitzari nahi duena galdetuta, banatu eta jan).
11.30-12.00   Jolas ordua
12.00-12.30   Kolektiba (kontuan izan haurretako batzuk eskolaz kanpo antolatutako musika dutela ondoko gelan, eta ez dutela jangelako begiralearekin jolas tokira irten behar)

12.30-13.30   Gurasoekin bilerak tutoreak

15.00-15.10   Aste batean Lehen Hezkuntzako egoitzako liburutegira txangoa eta hurrengoan gelan txoko libreak egiten dira. Liburutegia bagoaz, bakoitzak bere liburua hartu (bueltatzeko) eta berokia jantzi gelan. Bestela, txokoak banatu (arduradunak bakoitzari galdetu ea zein txokotan aritu nahi duen, taldeen txartelei buelta eman, eta txokoetara poliki joateko esan)
15.10-15.45   Liburutegira bagoaz, tutoreak sarreran Haur Hezkuntzako egoitzara eramateko paperak jaso kutxatilatik, liburutegira igo eta haurrek duela bi aste hartutako liburua liburuzainari bueltatu eta liburuak irakurri
15.45-16.00   Liburutegira bagoaz, haurrei gogorarazi gelara eramateko liburua aukeratu behar dutela, berokiak jantzi, norberak bere liburua hartu eta banaka liburuzainaren mahaitik pasa, liburua eskaneatzeko
16.00-16.15   Liburutegira bagoaz, liburutegitik Haur Hezkuntzako egoitzara bueltatu oinez. Bestela, txokoetako gauzak jaso
16.15-16.25   Berokia eta mantala pasabidetik hartu, gelan berokiak jantzi, astean zehar eskolaz kanpoko jardueretan egindako lanak banatu (ingelesa, haurtzaindegia eta musika), oharrak banatu, hurrengo eguneko arduradunari A jarri eskuan

Gogoan izan behar da datorren egunean norbaiten urtebetetzea denean egun horretan arduradun izango den haurrari ez zaiola A eskuan jarri behar, berak ez baitu hamaiketakoa ekarriko, urteak betetzen dituenak baizik.

Bestetik, tutoreren bat gaixo badago edo beste zerbaitegatik ezin badu etorri, astean behin laguntza ematen duen irakasleak tutore horren tokia hartuko du eta, ondorioz, ez da laguntzako saiorik izango.

Hauek guztiak, noski, gutxi gora-beherako ordutegiak dira, eta malgutasunez kudeatzen ditu tutoreak. Nire kasuan, oraindik ez naiz gai ikusten malgutasunez aritzeko, eta goizero ordutegia errepasatu eta hura zorrotz betetzen saiatzen naiz. Hori erabat normala iruditzen zait, eta badakit esperientziarekin lortuko nukeela malguago jokatzea.

Haurrak ordu erdi baino gutxiago txokoetara bidaltzea ez du merezi, ez baitute denborarik izango lasai eta gustura aritzeko. Hortaz, ordutegian zerbait atzeratu delako ordu erdi edo denbora gutxiagoko saioa geratuz gero, hobe da kolektibako jarduera bat egitea.

Nik egunero ipuin bat kontatu nahi izaten dudanez, kolektibarako aurreikusitako tarte batean edo arratsaldean txokoetan aritzekoak bagara txokoetara abiatu baino lehen egiten dut. Egunen batean proba egin dut arduradunaren lanak egin ondoren eta txokoetara abiatu aurretik ipuina kontatzen, baina haurrek denbora gehiegi daramate geldik eserita eta ez dute batere gustura egiten; hobe da beste tarte bat bilatzea.

Prakticuma lanaldi erdian egiteari buruz

Aurreko urtean practicuma lanaldi erdian egiteari buruzko iritzi erabat positiboa eman nuen arren, aurtengoan trabaren bat sumatzen ari naiz. Jarduerak proposatzen eta burutzen ari naizenez, txokoetan lantzen direnak burutzen denbora asko pasatzen dut, astean hiru egunetan joanda ez baita hain erraza hiru taldeak jarduera burutzen ari garen txokotik aste bakarrean zehar igarotzea. Tutoreak esaten dit lasai asko egin dezadala jarduera talde jakin bat beste txoko batean egonda ere, baina hala eta guztiz ere zaila da batzuetan.

Aurtengo practicumean ikusten dudan beste eragozpen bat unitate didaktikoaren gaia da. Suposatzen da unitate didaktiko oso bat garatu behar dugula eskolan gauden bitartean. Ulertzen dut proposamenaren atzetik dagoen asmoa; tutore izatea ez dela jarduera solteak, inolako loturarik gabekoak egiten joatea, baina ez zait egoki iruditzen unitate didaktiko oso bat inposatzea gutako bakoitza goazen geletan. Nire tutoreak nahikoa eta gehiago egiten du egunero niri bere tokia uzten. Badakit behin baino gehiagotan barrutik tripak jaten egongo zela, kolektiba hain mantso daramadalako gero buruan genituen jarduerak egiteko denborarik izango ez dugula jakinda, edo niri haurrak gobernatzea gehiago kostatzen zaidalako haiek jarduerak egiteko prest egoteko denbora gehiago behar dugulako bi heldu egonda ere azkenean jarduera gutxiago egiten ditugula ikustean. Iruditzen zait oso eskuzabala dela jada, eta ez zait bidezkoa iruditzen hori guztiaz gain, hari eskatzea "nire" unitate didaktiko oso bat lantzea practicumak irauten dituen zazpi asteetan. Azken batean, berak bere programazioa du, eta niri iruditzen zait neurri batean hura burutzen lagundu behar diodala ere.

Nik egokiago ikusten dut jarduera zehatzak burutzea, ni nabilen moduan, nahiz eta jakin tutoreak normalean jarduera guztiak, edo ia guztiak, proiektu edo unitate didaktiko baten barruan landuko dituela, sekuentzia jakin batean. Hala ere, ikusi ahal izan dudanez, tutoreak beti izan behar ditu hainbat zernahitarako jarduera txoko bakoitzerako prestatuta, haurrek bere laguntzarik gabe burutu ahal izateko modukoak. Horrela, txoko batean gai zehatz bat lantzen egon nahi duenean, beste bi txokoetan haurrak bere kasa lanean eduki ditzake.

Eta, hona iritsita, aspaldian argi izan behar nuen zerbaiti buruzko galdera: zein demontre da proiektu, unitate didaktiko eta tailerren arteko desberdintasuna? Jesus, posible al da hirugarren maila bukatzen egotea hori jakin gabe? Didaktikako irakasleren bati bisita egin beharko diot tutoretza orduren batean...

Ipuinen iritziarekin jarraituta

Aste honetan txokoetako beste talde batekin landu dut orain arte gelan irakurri dizkiedan ipuinei buruzko iritziaren taula. Tira, horretan saiatu naiz behintzat, jarduera erdizka baino ez baigenuen bete.

Lehenengo taldearekin egin ondoren erabaki nuen bezala, taldeko bakoitzari liburu bat eman nion, bakoitzak izenburua, egilea eta argitaratze data bila zitzan. Hainbat arazo sortu ziren jardueran:
  • Taldea zailena da, sei haurretatik hiru kudeatzen zailak direlako: batek esfortzu txikiena eskatuko dion ezeren susmoa hartu bezain pronto deskonektatu egiten du eta besteak lardaskatzen hasten da, besteak bere gustukoa den zerbait proposatzen zaionean sekulako kasketak hartzen ditu eta hirugarrenak jarrera zeharo desafiatzailea dauka, proposatzen zaion edozeri ezetz esanez.
  • Jarduera azaltzen nien bitartean liburuak banatu nizkien eta, ondorioz, azalpena entzun ordez liburuak begiratzen hasi ziren, haiekin jolasean eta abar.
  • Jarrera desafiatzailea duenak jarduera boikotatu nahi izan zuen, iritzia emateko eskurik altxa gabe, hari liburuak "zero patatero" gustatu zitzaizkiola esanez, eta berak gustuko zuen liburu bakarra jarduera hasi baino lehen esku artean zuena zela esanez (sobra ere, ez zion batere graziarik egin nik bere planak aldatzea).
Hori guztia ikusita, bizpahiru libururen iritzia eman ondoren esan nien iruditzen zitzaidala ez zeudela jarduera hura egiteko prest, liburuak bere tokian uzteko, eta beste zerbait egingo genuela. Hortaz, txoko horretan lantzen ari diren zerbaitean jarri ginen: bakoitzak pi silabarekin hasten den hitz bat pentsatu, nik horietako bakoitza arbeltxo batean idatzi, haiek haien orrian kopiatu eta, azkenik, haiek pi silaba koloredun arkatzarekin borobildu.

Jarduerak talde txikian proposatzeak duen abantailetako bat akatsak zuzentzen joateko aukera da. Sortu zitzaizkidan arazoak kontuan izanda, hirugarren taldeari begira bakoitzari liburu bana emango diet, eta egingo dugun jarduerari buruzko azalpenak eman ondoren joango dira banaka liburuak hartzen, bakoitzari buruzko iritzia ematen bukatu arte hurrengoa hartu gabe. Horrela espero dut lagunduko diedala haien arreta liburu bakarrean mantentzen. Falta zaidan taldean ez dut espero jarrera desafiatzailerik, baina, hala ere, egia esan, ez dakit zer demontre egin daitekeen horrelakoetan. Iruditzen zait lasaitasun osoz baina irmo erantzun behar dela, baina "hau egingo dugu, nik esan dudalako"ra jo gabe. Ez da erraza.

Jarduera bukatu gabe utzi duen bigarren talde honi jarduera bukatzeko aukera emango diot astean zehar (espero dut ni joango naizen hiru egunetan egokituko zaiela saio bat txoko horretan). Esango diet talde guztiek iritzia ematen bukatu ondoren, gela guztiaren aurrean kontatuko dudala talde bakoitzean zeintzuk izan diren asko, pixka bat eta gutxi gustatu zaizkien liburuak, eta pena litzatekeela lagunei kontatu behar izatea haien taldean ezin izan dugula jarduera bukatu. Ea horrekin "motibatzen" ditudan...

2014/03/24

Orain arte irakurritako ipuinei buruzko iritzia

Taula sinple bat presatua nuen, gelan irakurritako ipuinei buruzko iritziak jasotzeko.



Gaur erabili ahal izan dut, txokoetan egin dugun saio bakarrean; liburu eta puzzle txokoan, hain zuzen ere. Talde bateko kideei orain arte gelan irakurri dizkiedan zazpi ipuinak eraman dizkiet, eta banan bana hartu ditugu izenburua, egilea eta argitaratze-data (liburuaren jaiotze-data deitu diogu guk gelan). Beraiek izenburua buruz gogoratuta edo azaletik irakurrita esan didate eta nik idatzi dut taulan. Gero egilea eta argitaratze-data non bilatu erakutsita haiek bilatu dituzte eta esan dizkidate, eta ondoren eskuak altxatuta adierazi dute liburua asko, pixka bat ala gutxi gustatu zitzaien.

Beste bi taldeekin jarduera bera egiteari begira, iruditzen zait gauzatxoren bat aldatuko dudala: izenburua, egilea eta argitaratze-data guztien artean bilatu ordez, bakoitzari liburu bat emango diot eta horrela bakoitzak batena bilatuko du. Bestela, erraza da bakar batek lana monopolizatzea. Bestetik, azpimarratuko diet helburua ez dela "asko" iritziak "irabaztea", baizik eta iritziak jasotzea eta eztabaidatzea.

Gustukoen zuten liburuaren argumentuaren laburpena egiteko asmoa nuen, baina hiru liburu taldeko guztiek oso gustuko izan dutela esan dutenez, ez dut denbora hartu nahi izan hiru laburpen egiteko, nahiago nuelako beste jarduera batzuk ere egitea. Gainera, liburu bakoitza hartu dugunean argi geratu zait askok argumentua nahiko ondo gogoratzen zutela. Hala ere, beste talderen batekin saiatuko naiz laburpen bat behintzat egitea; haiek niri diktatuta.

2014/03/23

Datorren asterako planak

Joan den astea pixka bat hankaz gora bukatu zen eskolan, eta aste hau berdin hasiko dela dirudi. Bost urteko beste gelako tutoreak baja hartu behar izan du, eta pasa den ostegun eta ostiralean ez zen etorri. Ordezkorik ez da iritsi oraindik (berez, baja ostiralean hartu zuen), eta ostegunean nire tutoreak bi gelak hartu zituen kolektibarako, eta ondoren talde bakoitza bere gelan egon zen txokoetan, eta tutorea gela batetik bestera ibili zen. Gure gelan arduraduna jarri zuen arduradun, eta ondo moldatu omen ziren, ni ez bainengoen han. Ostiralean eskolak ingeleseko irakaslea bidali zuen Zientzia Museora irteera goizean egin ahal izateko, eta orientatzailea arratsaldean gelan lanean aritzeko. Beraz, tutoreak eta biok gure martxa jarraitu genuen gure gelan, eta arratsaldean eskolako liburutegira joan ginenean ni geratu nintzen haurrekin, tutorea ikasketa buruarekin hitz egitera joan ahal izateko. Dirudienez, astelehenean ere ez dugu ordezkorik izango, Eusko Jaurlaritzak egun pare bat behar izaten dituenez ordezkoa bidaltzeko. Bitartean, eskolak ahal duen hobekien moldatzen ditu giza baliabideak. Ikasketa buruaren ardura da horiek kudeatzea, eta bihar goizean jakingo dugu zer erabaki den.

Ordezkoa datorrenean, nire tutoreak berarekin egon beharko du zer lantzen ari diren azaltzeko (orain planetei buruzko proiektua lantzen ari dira bi taldeak aldi berean eta jarduera berak burutzen), baina bere arazo nagusia bi tutoreak batera egon ahal izateko denbora eskasia da. Asteazkenetan ordu t'erdiz daude biak libre, bi taldeek dantza eta musika lantzen dituzten bitartean, baina maiz bakoitzak bestelako betebeharrak ditu atzeratuta, eta zaila egiten zaie tartea aurkitzea. Bestela, 12.30-13.30ak tartea erabil dezakete, gurasoekin bilerak, eskolako bilerak edo prestakuntzako jarduerak ez dituzten egunetan. Ez da erraza beste lerroko kidearekin biltzea, nire eskolan behintzat, ez baitago irakasleen ordutegian horretarako tarterik finkatuta, beste horrenbeste lanekin gertatzen den moduan.

Ikusiko dugu asteari zer nolako antza hartzen diogun astelehen goizean, eta horren arabera erabakiko dut zer proposatu tutoreari. Printzipioz, musikako jarduerak lantzen hasteko asmoa nuen, baina horretarako denbora izan behar dut tutorearekin hitz egiteko, eta iruditzen zait aste honetan ez dela horretarako aukerarik izango, lehentasuna aste oso hau behintzat bajan emango duen beste tutorearen hutsunea ahalik eta hobekien betetzea izango delako. Aste honetan, hortaz, nire eginbeharra argia izango da: bost urteko bi taldeetako haurrak ahalik eta hobekien egon daitezen laguntzea, posible dudan neurrian.

Aukerarik ikusten badut, duela aste pare bat prestatuta dudan jarduera txiki bat lantzea proposatuko diot tutoreari. Arte Plastikoen irakasgaian bideo batean ikusitako jarduera bat da, non kartoizko kaxa handi bat barrutik bitan banatu dudan, eta zati bakoitzean objektu bat sartu dudan (20-25 cm luze den plastikozko marrazoa eta plastikozko inbutu bat). Kaxaren zati bakoitzak eskuak sartzeko bi zulo ditu, eta haurrek eskuak sartuta objektua ukitu eta ondoren ahalik eta zehaztasun handienarekin marraztu behar dute. Kaxa barruan begiratzeko tentazioa uxatzeko, zuloetan sukaldean erabiltzen diren plastikozko eskularruei behatzak kenduta eskumuturretik gora duten zatia jarri dugu. Hona hemen argazkiak (ea bihar kaxarena ateratzen dudan, aurrekoan ahaztu zitzaidan eta):



Jarduera aurkezteko jolas bat proposatzeko asmoa dut, gelan bertan burutzekoa. Haur bati zapi batekin begiak estaliko dizkiogu, eta orduan beste haurrak tokiz aldatuko dira. Orduan, begiak estalita dituen haurra lagun batengana eraman, eta ukimenaren bidez asmatu beharko du nor den. Ondoren, azalduko diet antzeko jolas bat egingo dugula, kaxaren barruan dauden bi objektuak eskuen bidez "ikusi" eta marraztuko ditugulako. Eskuan beste objektu bat eramango dut (itsas-izar bat), eta azalduko diet marrazkiek ahalik eta zehatzenak izan behar dutela, itsas-izarra adibide bezala erabilita: zenbat beso dituen kontatu eta kopuru zehatz hori marraztu behar dutela, bata bestea baino luzeagoa balitz, horrela marraztu beharko luketela, eta abar. Haurretako batzuk pixka bat "alperrak" direnez, ahalik eta hobekien egitera bultzatzeko, esango diet gelako lagun guztiek marrazkiak bukatu ondoren marrazki guztiak batera jarriko ditugula eta objektuak kaxatik atera ondoren, guztion artean eztabaidatuko dugula ea zeintzuk iruditzen zaigun gehien gerturatu direla objektuen marrazkietan.

Azken eztabaida hau seguruenik ez da aste honetan izango, talde guztiak plastika txokotik pasa arte ez baitira marrazkiak bukatuko. Aurretik egin genuen jarduera baten eztabaida egiteko daukagu oraindik, bi haurrek haien collageak bukatu gabe dituztelako. Lan horrekin ere talde osoko eztabaida egin nahi nuke, eta haurretako batzuk besteen akatsak "matxakatzeko" ohitura dutenez, kritika eraikitzailea egitera ohitu nahi nituzke. Horretarako, pentsatu dut lan guztiak kolektiba egiten dugun tokiko kortxoan jarrita, eskatzea nahi dutenek lan bati buruz duten iritzia emateko, formula zehatz bat erabilita: lehendabizi, lan horretan gustukoa duten zerbait adieraziko dute "nire ustez, lan honetan oso ondo dago ..." esanez eta, ondoren, hobetzeko zerbait dagoela iruditzen bazaie, hori gehituko dutela "nire ustez, lan honetan hobetzeko dagoena ..." esanez. Nik collagetako bat aukeratuko dut eta iritzia ematearen adibide bat egingo dut haientzat. Marrazoaren eta inbutuaren marrazkiekin ere esango diet guztion artean lan guztiak eztabaidatzeko metodo bera erabiliko dugula, ea zer gertatzen den.

2014/03/21

Edukiak eta jarrerak; zer eta nola ikasi

Practicumean daramatzadan lehen aste hauetan nahiko buelta eman dizkiot buruari heziketa estiloei eta irakaslearen jarduna orientatuko duten ardatzei. Niretzat, zer ikasi baino askoz ere garrantzitsuagoa da nola ikasi Haur Hezkuntzan, hau da, jarrerei buruzko ikaskuntzak edukien aurretik datoz argi eta garbi etapa horretan.

Tutore izaten ikasteko bidean ere, askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zait talde handia, txikiak eta norbanakoak nola kudeatu lantzea, edukiak lantzea baino. Badakit aurten gaikako didaktikak lantzen ari garela, practicumean unitate didaktiko bat praktikan jarri beharko genukeela, baina nire burua beste nonbait dago, egia esan. Asteartean unibertsitatean practicumeko bilera genuela aprobetxatuz, ondoren lehen ikasturtean gure Hezkuntzaren Psikologiako irakasle izan zenarekin hitz egitera joan nintzen, tutoretza zuela ikusita. Edukiak lantzea nolabait sinpleago iruditzen zait norberaren heziketa-estiloa moldatzea baino. Badakit biak direla garrantzitsuak irakasle ona izateko, baina bi alderdiak modu eta epe oso desberdinetan landu behar dira. Gainera, iruditzen zait maiz edukiak lantzea premiazko delako halabeharrez egiten dela, eta benetan garrantzitsua dena, bestea, ahaztuta geratzen zaigula. Unibertsitatean izan ditugun irakasleak begiratu besterik ez dugu: ia guztiak aritu zaizkigu konstruktibismoaz eta horri lotutako kontzeptuez, baina zenbatek aplikatu ditu bere jardunean?

Urduri eta deseroso

Aste honetan urduri eta deseroso ibili naiz practicumean. Eskolara joan aurreko gauetan gaizki egin dut lo, eta nire ohiko lanera joateko bezperatan, aldiz, primeran. Asteazkenean adorerik gabe sentitzen nintzen ere, nire burua egon nahi nukeen tokitik hain urrun ikusita.

Practicuma hasi aurretik honelako sentipenetarako prestatu nuen nire burua, eta gaurko eman diot buelta, baina aurtengoa ez da aurrekoa bezain erosoa, dudarik gabe.

Alde batetik, eskolara noan egunetan tutorearen tokia hartzen dudanez "kolektiba" deitzen zaion jardueran, eta gero txokoetan tutorea eta biok banatuta egoten garenez, ez dut aukera handirik hura jardunean behatzeko eta hark egiten duena nire buruarekin konparatuta akatsak zuzentzeko. Horregatik, pentsatu dut eskatuko diodala hobetzeko ditudan gauzak argiago esateko, hari gogor egingo zaion arren. Lehen egunetan esan zidan gauzaren bat, baina iruditzen zait "akuilu" pixka bat gehiago hartzeko moduan nagoela.

Bestetik, nik jada badut lanbide bat, aurreko ikasketak, eta urte dezentetako esperientzia hezkuntzarekin zerikusirik ez duen arloan. Horregatik, lanean ondo aritzen ohitua nago; nire lanean trebea naiz. Orain, nire burua bestelako lan batean trebatzen ikusita, gogorra egiten zait hastapenetan egotea. Unibertsitatean ikastean dena izan da berria, baina sistema bera niretzat zeharo ezaguna zen, eta eroso sentitu naiz. Lanean, aldiz, berde ikusten dut nire burua, eta estutzen naiz. Nire tutoreak arnasa hartzea bezain barneratuak eta automatizatuak dituen gauzak nik behin eta berriro pentsatu eta buruan gorde behar ditut, eta momenturen batzuetan nire buruarekiko konfiantza galdu dut, horrenbeste gauza kabituko ez zaizkidala pentsatuta. Bestetik, aldiz, pentsatzen dut beste horrenbestek lortu badute, ni ere ez naizela haiek baino gutxiago izango, eta lortuko dudala, denbora eta esfortzuarekin, beste edozer bezalaxe. Beraz, animo!!

Ontziak hondoratzeko jolasaren balorazioa

Ontziak hondoratzeko jolasa prestatu eta astean zehar landu dugu txokoetan. Seiko taldeetan jolasa azaldu eta jolasean aritu dira bikoteka haurrak. Tutoreak esan zidan lehen taldekoei zuzenean zortzi lerro eta zutabe zituena proposatu ahal izango niela, eta horrela egin nuen, baina jolasaren mekanika ulertzeko zail samarra egin zitzaiela iruditu zitzaidan (nire azalpenak kaskarrak izango ziren, dudarik gabe), eta hurrengo taldeari bostekoa proposatu nion hasteko.

Ez zait erraza egin sei haurren arreta jolasa azaltzeko behar bezain besteko denboraz mantentzea, egia esan. Iruditu zait ia hobe dela bikote bat, arinen doana, martxan jartzea, eta horrek besteen motibazioa areagotzen duela. Gainera, jada jolasa ulertu dutenek haien kideak "tutoriza" ditzakete, nire lana erraztuz. Talde batean bi haur "eskakeatu" egin zitzaizkidan, eta arkatzak zorroztera joan ziren (15 minutuz edo...), baina taldearekin aurrera egitea erabaki nuen, eta bi horiek atzera geratu zitzaizkidan (30 minutuko saioetan aritu ginen talde bakoitzarekin).

Ez da erraza ezkerreko taulan norberaren ontziak marraztu eta eskuinekoan lehiakidearen ontzien jarraipena eramatea, baina haurrek dinamika ulertzen dutenean nahiko gustura dabiltzala iruditu zait. Bestetik, jolas honek badu bestelako abantaila: partida amaitzeko denborarik ematen ez badu, apalean gorde daitezke orritxoak eta hurrengo batean jarraitu.

Bost zutabe eta bost lerro dituen txantiloian ontzien kopurua aldatu beharrean nagoela konturatu naiz praktikan jartzean, ia ez baitago tokirik ontziak kokatzeko. Hortaz, baten bat gutxiago jarriko dut eta berriro igoko dut pdf-a. Ez nuen egin, baina merezi du aurretik etxean partida bat jokatzea orriak inprimatu aurretik, beste baterako, Interneten ikusitako ereduaz itsu-itsuan fidatu gabe.

Irteeretarako tutorearen kita

Gaur Miramongo Zientzia Museora joan gara bost urteko bi gelak, ura eta airearen tailerra egin eta planetarium txikia ikustera. Egun zoro samarra izan da, haurrak nahiko aztoraturik zeudelako. Haientzat, eskolako autobusean Miramonera igotzera jada sekulako esperientzia da.

  • Hauxe da nire tutoreak irteeretarako prestatzen duen motxila:
  • Haurren zerrenda, gurasoen telefonoak dituena, inor gaixo jartzen bada deitzeko.
  • Telefono mugikorra, deitzeko beharra suertatzen bada erabiltzeko.
  • Aldatzeko arropak (inork botaka edo gainean pixa egiten badu erabiltzeko).
  • Komuneko papera.
  • Eskuoihaltxo hezeak, edozer garbitzeko modukoak.
  • Eskuoihal bat.
  • Plastikozko poltsak, autobusean inork gorakoa badu erabiltzeko.
  • Limoia, autobusean zorabiatzen dienei xurgatu dezaten emateko (antzaz, oso ondo funtzionatzen du).
  • Botikina (irteeretarako bat prest dute eskolan, kolpeetarako, osinek eragindako hazgurarako eta horrelakoekin).
  • Hamaiketakoa (galletak).

Txangoa egun osokoa bada, haurrak josta daitezen materialak eramaten ditu (sokasaltoan ibiltzeko, zomorroak hartzeko poteak eta lupak, eta abar).

Atera aurretik haur guztiak komunera bidaltzen dira, hamaiketakoa jan aurretik egin ohi diren bosnakoko txandetan.

Izugarri gustuko ditut tankera honetako practicumeko ikaskuntzak, erabat praktikoak eta batere sofistikatuak ez direnak, tutore izateko oso erabilgarri iruditzen zaizkidanak.

2014/03/16

Arduradunaren goizeko errutina

Goizetan, eskolak 9.00etan hasten dira, teorian behintzat, baina haur batzuk berandu iristen direnez, 9.10 arte itxoiten dugu arduradunaren lanak hasteko. Arduraduna 9.10etan etorri ez bada, tutoreak ordezko bat izendatzen du hura etorri arte, eta eguneroko errutina hasten dugu.

Haurrak borobilean eserita egoten dira, U bat eginez, eta arduraduna irakaslearen ondoan esertzen da (kasu honetan, ni), taldeari begira. Isiltasuna eskatu ondoren (beti da beharrezkoa, eta sekulako denbora piloa eramaten du isiltasuna lortzeak), lagunak prest daudenean bere lanak egiten hasten da, tutoreak euskarri afektiboa eta laguntza emanda. Lehendabizi zerrenda pasatzen du:
Horretarako, zerrendaren ezkerreko zenbakiak kontatzen ditu, eta ondoren borobilean eserita gauden guztion buruak kontatzen ditu. Zerrendan daudenak gelan daudenekin konparatuta, zenbat falta diren kalkulatzen du, eta falta direnen izenen txartelak gelako beste toki batean dagoen etxera eramaten ditu, falta direnen kopuruaren zenbakiarekin batera. Gero egutegian aurreko eguna ixa batekin markatu eta egun horren zenbakia borobil batean sartzen du.


Ondoren, hilabete horretako leloa irakurtzen du ozen. Gero, arbelean idazten du egunaren zenbakia eta bere izena hizki xehez.
Gero asteko egunaren "bagoian" goizeko leihoa irekitzen du, zer egingo dugun azalduko duen irudia duena (guztiek dakite buruz leiho bakoitzean zer dagoen). Horrez gain, tutoreak egunen izenak nahastu ote dituen begiratzen du.
Ondoren, egun horretan dagoen eguraldia leihotik begiratu, eta taula batean jartzen du dagokion txartela (txartel guztiak plastifikatuta daude eta velcroz itsasten dira).
Gero, astelehena bada, asteko egunak dituen taula horren gainean dagoen beste taula batera doa, aurreko astean eguraldi mota bakoitza zenbat aldiz eman den jasotzeko. Niri iruditzen zait azken taula hau ulertzeko zaila egiten zaiela, lehenengoan asteak abzisetan dauden artean (lerroetan), goiko taulan ordenatuetan daudelako (zutabeetan).
Azkenik, egun horretako menua eskuan hartuta, hiru plateretatik bat aukeratzen du berak idazteko (tutoreak irakurtzen dizkio platerak normalean, haurretako batzuk hizki xeheak irakurtzeko gai diren arren). Tutoreak lagundu egiten dio hitz bakoitzaren "txaloak" (silabak) banatuta esanda, garbi ahoskatuta. Errutinaren edozein momentutan, haurrak gelakideei laguntza eska diezaieke, baina ordura arte besteek ez diote ezer esan behar, oso zaila egiten zaien arren.
Bakoitzak bere trebetasunaren neurriko aukera egiten du, eta batzuk plater motza aukeratzen duten bitartean, beste batzuk izen luzeena aukeratzen dute (legatz xerra, kiribilak tomatearekin eta horrelakoak).

Lan hauek guztiak osatzea 30 eta 50 minutu artean eramaten digu, haurraren arabera, eta egunaren hasierako elkarrizketa eta berrien arabera (batzuetan haurren batek erakutsi nahi duen zerbait ekartzen du etxetik eta horren inguruko elkarrizketa sortzen da). Haurrei luze samar egiten zaie errutina, eta asko kostatzen zaie arreta mantentzea. Bestetik, arduradun lanak egiten dituenak esfortzu kognitiboa egin behar duen artean, besteek ez dute gauza handirik egiten, nire ustez (isilik egoten saiatu, gutxik lortzen duena). Tutoreak aldian behin errutinaren urratsen bat aldatzen du, haurrek jada maila hori gainditua dutela ikusi ondoren.

Hamaiketakorako izugarri ona iruditzen zaidan sistema dute. Egunero arduradunak ekartzen du talde guztiarentzat hamaiketakoa, eta gelan batera jaten dute. Ikasturtearen hasierako bileran, tutoreak gurasoei eskatzen die fruta eta galleta arruntak ekartzeko (txokolaterik gabekoak), eta bizkotxoak eta horrelakoak egun berezietarako uzteko (urtebetetzeak eta abar). Norbaiten urtebetetzea denean, hamaiketakoa urteak betetzen dituenak ekartzen du. Arduradunak arbelean egiten du ekarritako fruten batuketa (bost mandarina gehi sei udare), abakoarekin eta tutoreak lagunduta. Zatikiak ere lantzen dira, haurrek fruta osoa, erdia edo laurdena eska baitezakete. Tutoreak azala kendu (nahi dutenei) eta arduradunak banatzen ditu zatiak. Zerbait jan nahi ez dutenei eskatzen zaie zatitxo bat hartu eta dastatzeko behintzat. Hortaz, hamaiketako garaia hezkuntzarako denbora da, eta eduki mordoa lantzen dira, matematikatik hasita, geografiara.

Hainbat galdera datozkit burura errutinaren inguruan: eraginkorra al da? luzeegia ote da? modurik ba al legoke haur guztiek probetxua ateratzeko? zentzurik ba al du Haur Hezkuntzako haurrak haien izena hizki xehez idazten jartzeak? menua al da haurren interesetik gertuen dagoen testu-mota?






Ahozko hizkuntzaren eta idatzizkoaren ebaluazioa

Practicumeko aldirako, unibertsitatean hizkuntza idatziaren didaktikari buruzko ikasgaiko irakasleak proposatu zigun hizkuntza idatziaren inguruko behaketa eta ebaluazioa egin genezan gelako haurrekin. Egonaldia hasi bezain pronto erabaki nuen ariketa ez nuela egingo irakasleak proposatu zigun modura, eta erabiliko dudan ebaluazio-orria prestatzen ibili naiz, tutorearen laguntzarekin. Aste honetan dut asmoa haur bakoitzaren orria betetzen hasteko. Hona hemen txantiloia:


Ontziak hondoratzera!

Astelehenetan irakasle laguntzaile bat etortzen da gelara ordu t'erdiz. Gelako haurrak hiru taldetan banatzen dira, eta txandakatu egiten dira bi talde txiki gelan dauden bitartean hirugarrena irakasle laguntzailearekin joateko. Azken bi astelehenetan nik gelako taldeetako bat hartu dut eta partxisean jolasean jarri ditut haurrak, bi dado erabilita.

Biharko, pentsatu dut tutoreari proposatuko diodala ontziak hondoratzeko jolasean aritzea. Horrela, aritmetikaz gain, haurrek erreferentzia sistema kartesiarra eta ezaugarri topologikoak landuko dituzte. Izan ere, eguraldiaren jarraipena egiteko taula bat erabiltzen dugu gelan, eta iruditu zait haurretako askok ez dutela taula ulertzen.

Ezer prestatu aurretik, Interneten material bila ibili naiz, bereziki bost urteko gelan egokien izango den zutabe eta errenkaden kopurua zehazteko ereduak ikusi nahi nituelako. Bilaketan zehar hainbat webgune interesgarri topatu ditut, hala nola, matematikaren didaktikari buruzko "Aprendiendo matemáticas" bloga, jarduera eta material mordoa dituena. Bertan aurkitu dut ontzien jolaserako ideia interesgarria, momentu honetan praktikan jartzeko konplikatuegia iruditzen zaidan arren. Blog honen antolaketa gure matematikaren didaktikako irakasleak bidali zigun beste baten antzekoa da, "Math at play", ingelesez eta gaztelaniaz dagoena. Bietan bereziki deigarria da Haur Hezkuntzako lehen ziklorako proposamenak aurki daitezkeela, eta hori ez da batere ohikoa.

Ontziak hondoratzeko jolas komertzialak ere begiratu ditut, 5 urte inguruko haurrei zuzendutakoak, eta horietako batean ikusi ahal izan dut bi eredu zituela: hastapenekoa (5 zutabe eta 5 lerrorekin) eta aurreratua (8 zutabe eta 8 lerrotakoa). Ikusi ditudan beste adibide gehienetan 10 x 10ko erretikula erabili dute, Haur Hezkuntzarako gehiegizkoa iruditu zaidana. Ez dakit eskolan aurretik jolas honetan aritu ote diren, ezta materiala ote duten ere. Hortaz, erabaki dut 5 x 5 eta 8 x 8ko txantiloiak prestatzea, bihar kopiak egin eta erditik mozteko. Hemen pdfa:



5 x 5ekoarekin hastea proposatuko diot tutoreari, ea nola moldatzen garen!

2014/03/15

Haurraren eskubideak

Haurraren eskubideen gaia lantzea aspaldian nire buruari jarri nion lana da, eta azken egunetan pixka bat aurreratu dut bide horretan. Ez dakit denbora emango ote didan, baina practicumean zehar gai honi buruzko jarduera sorta txikia antolatu eta martxan jarri nahi nuke eskolan, bost urteko gelan.

Horretarako iturriak bilatzen ibili naiz, eta hauek iruditu zaizkit egokienak:




Ea bihar edo datorren astean denbora dudan jarduerak prestatzeko.

Irakurtzeari eta idazteari buruzko esteka interesgarriak, baita ikasten ikasteari buruzkoa ere


Azken boladan irakurtzeari eta idazteari buruzko webgune interesgarri bat topatu dut: http://familias.leer.es/

Familien ataleko aholkuak eta jarduerak asko gustatu zaizkit; jarduera asko Haur Hezkuntzako gelan praktikan jartzeko modukoak dira eta aholkuak guk unibertsitatean landutakoaren ildoan doaz. 

Irakasleei zuzendutako ataletik prestakuntzako webcastera iristen zara, http://videos.leer.es/ . Horko bideo batzuk bakarrik ikusi ditut, baina “aprender a aprender”ekoa oso interesgarria iruditu zait eta “leer en la era digital”eko Miróren proiektua ere.

Galderak eta ikastea

Oso interesgarria iruditu zait aste honetan BERRIAn irakurritako elkarrizketa bat, zientziaren didaktikaren ingurukoa, Neus Sanmarti zientzia irakasleari egindakoa. Bere esanetan, ikasteko garrantzitsuena galdera onak egitea da, eta irakaslearen lana galdera onak sortzen ikasten laguntzea da. Garrantzitsuena ez da irakasleak azalpen onak (eta luzeak, eta mamitsuak, eta aspergarriak) ematea, ezta ikasleak izenak ikastea ere, baizik eta galderak pentsatu, bota eta horiek erantzuten saiatzea.

Sinplea, ezta? Orduan, zergatik jarraitzen dugu galderak enbarazu bezala ikusten eta bota ez diren galderen erantzunak inposatzen?

Practicuma, tutorea banintz bezala jolasteko luxuzko aukera

Nire tutorea oso eskuzabala da, eta lehenengo egunetik bere tokia utzi dit gelan borobilean esertzen garenean. Aldi berean, taldearen beste muturrean jartzen da, haurrei "eusten", edo zirikatzen ari direnen artean, nire lana errazteko. Horrela, tutoretan jolas naiteke. Gure gelan txoko bakarra dago niretzat: tutore-txokoa. Eta haurrek bezalaxe, jolasaren bitartez ikasten dut.

Orain arte kontatutako ipuinak eta datorren asterako pentsatutakoak

Orain arte gelan kontatu ditudan ipuinak ondokoak dira: Lionniren "It's mine!", Tulleten "Liburu bat", Browneren "Tunela" eta "Urdaburutarrak", eta Dautremerrek ilustratutako "Nasrudin". Horietako bi plastika txokoan bi jarduera proposatzeko erabili ditut ondoren ("It's mine" eta "Urdaburutarrak"). Lehenengoaren kasuan jarduera luzeagoa izan da (berez, oraindik ez dugu bukatu), eta arte plastikoen portfolioan jasotzeko asmoa dut. Browneren liburuarekin marrazki bat egin zezatela proposatu genien, haien etxea eta barruan kide bakoitza etxeko lan bat egiten irudikatuko zuena. Interesgarria izan zen ikustea genero rolak ezer gutxi aldatu direla, eta emakumezkoak direla etxeko lanak egiten dituztenak. Noizbait aldatuko ote da hori?

Beste ipuinak helburu gehigarririk gabe gozatzeko kontatu nituen. Tira, egia da "Liburu bat" haurrak nireganatzeko helburuarekin kontatu nuela, ipuinaren tartea sendotzeko estrategiaren baitan, baina pedagogikoki bestelako helbururik ez nuen aldez aurretik finkatu.

Orain arte, esango nuke "Liburu batek" liluratu zituela, eta "Tunelak" haien interesa biziki piztu zuela, azken honen ondoren sortu baitzen orain arteko eztabaidarik aberatsena.

Datorren asterako bereziki haur bat gogoan izanda helburu "pedagogikora" bueltatuko naiz, haien artean izugarrizko antza duten bi ipuinekin: d'Allancéren "Vaya rabieta" eta Sendaken "Piztiak bizi diren lekuan". Hain dira antzekoak lehenengoa bigarrenaren "omenezko" dela esan litekeela (edo okerrago den zerbait). d'Allancérena askoz ere zuzenagoa da kasketa irudikatzeko orduan, Sendaken metafora baino askoz ere esplizituagoa da. Horregatik iruditu zait hobe lehendabizi d'Allancérena kontatu, eta hurrengo egunean Sendakena kontatzea, ea haurrek bien arteko lotura egiten duten ikusteko. Kasu honetan ere, eskatuko diet plastikako txokoan daudenean, haien "kasketaren monstruoa" marraz dezatela, bereziki zer egiten duen. Eta espero dut gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera emango digula.

Hauxek dira asmo honen inguruan ditudan dudak: egokia al da hain helburu "pedagogiko" argirako ipuinak erabiltzea? Zilegi al da? Haurrak prest egongo ote dira haien barruko mamua marrazteko, nahiz eta esan ondoren ez ditugula marrazkiak guztion aurrean erakutsiko (plastikako lanetako batzuekin egingo dugu)?

Gaia desdramatizatzeko, segun eta zer nolako giroa sumatzen dudan, nire kasketaren mostruoa haiek deskribatzeko asmoa dut, baita marraztekoa ere, hala nahi badute. Ea zer gertatzen den...

Ipuina irakurri eta entzutearen arteko aldea

Practicumean nagoen bitartean, haurrei egunero ipuin bat kontatzen diet, album ilustratu bat erabilita. Lehenengo egunetan, kosta zitzaidan igartze eta ondorioztatze estrategiak aplika zitzaten sustatzea, eta ipuina bukatu ondoren eztabaidatxoa egitea. Baina egunek aurrera egin ahala gusturago egiten dute eta, ondorioz, maiz ipuina nire begien bitartez irakurtzen dutela iruditzen zait, hau da, elkarrekintza aktiboa dagoela testua eta haien artean, nik deskodetzea erraztuta.

Joan den ostiralean arratsaldeko saioaren hasierarako utzi genuen ipuinaren kontaketa. Haurrak benetan nekatuta zeuden, eta batzuk zertxobait erreta ere, gelan nahiko bero zegoelako. Giroa ez zen aldekoa. Bestetik, Rébecca Dautremer-ek ilustratutako "Nasrudin" izeneko ipuina aukeratu nuen, eta irakurri nuenean iruditu zitzaidan luzeegia zela eta Nasrudin eta berea aitak azokara egindako bidaien kopurua ipuinetan magikoa den hirutik urruntzea ez zela ideia ona, baina, tira, gaia gertuko izango zutelakoan animatu nintzen. Gainera, bestelako ilustrazioak ikusteko aukera eskaintzen du.

Zatiren bat arintzen saiatu nintzen arren, eta hasieran egileak aipatu gabe utzita ere, luzeegi egin zitzaien, haria galdu zuten (nire kontaketa ere ez zen txukunegia izan, esan beharra dago) eta batzuk deskonektatu baino, konektatu ere ez zuten egin. Bukatzean, inolako galderarik bota gabe ostiral arratsaldeko txoko libreetara joan ginen. Egun hartan ez zuten libururik irakurri.

Egunero ipuinari tokia egin beharko geniokeela uste dut, baina agian oker nago. Haiek gustuko dituztelakoan kontatu nahi ditut, ala nik oso gogoko ditudalako? Haiek asetzeko, ala nire burua asetzeko?

Zigorrak, mehatxuak eta txantaiak

Aspaldidanik gordeta daukat Nerea Mendizabalek UEUko ikastaroen artean eskainitakoari buruzko informazioa, berak aplikatzen duen Marshall Rosemberg-en "komunikazio ez-bortitzaren" metodoaren ingurukoa. Blog honetara behin baino gehiagotan ekarri ditut gai honen inguruko gogoetak eta kezkak, zigorrik gabe hezteko ditugun aukeren ingurukoak.

Aurreko ikasturteko practicumean ikusitako teknika konduktistei buruz jaso nuenaren arabera, urrutitxo gaude zigor eta mehatxurik gabeko heziketatik gure eguneroko bizitzan eta eskolan. Aurten behatutakoa gogoan izanda, esango nuke zigorra gehiegi erabiltzen dugula eskolan, eta mehatxua barra-barra. Bost urteko gelan haur bat "gaizki portatzen" ari delako gelatik kanpo zigortzea eraginkorra al da? Haur horrek, kanpoan dagoen bitartean, gogoetarik egingo al du gertatutakoaz? Zerbait ikasiko al du? Gela barruan besteak ikasten ari direna, galduko duen hori konpentsatuko duen ikaskuntzarik sortuko al du bakardadean? Ala haurra kanpora bidaltzea irakaslearentzat da beharrezkoa, bere pazientzia agortzeko bidean dagoelako, eta haur hori begi bistatik kendu nahi duelako? Bihurrikeria egin duen haurra jolastorduan gelan egotera zigortzean, lortuko al du jolastorduaren ondorengo orduak jarrera gogotsuarekin igarotzeko lasaitasuna eta armonia bere barruan? Haize fresko pixka batek eta korrika egiteak ez al dio, bada, gehiago lagunduko? Orduan, zergatik eta zertarako uzten dugu haurra zigortuta? Irakaslearen autoritatea kolokan jar ez dezan? Nolako sendoa da, bada, irakaslearen autoritatea, bost urteko ume batek arriskuan jar badezake?

Neroni naiz lehenengoa aurtengo practicumean hasieratik zigor txikiak eta mehatxuak erabiliz aritu dena. Egin, egiten dut oso ondo ikasitako bidea delako niretzat, eta beste modu batera haurrek kasurik egitea lortzen ez dudanean bestelako aukerarik burura etortzen ez zaidalako. Baina lotsa ematen dit horrela egitea, oso gaizki sentitzen naiz eta erraiak nahasten dizkit; hori ere aitortu beharra daukat.

Zer egin pentsatzeko denbora nahikoa izan dudanean, iruditzen zait gehiago asmatu dudala. Adibidez, aste honetan eskolara astelehen, astearte eta ostiralean joan naiz (jardunaldi erdian nabil practicuma egiten aurten ere, eta horrela jarraituko dut ekaina arte), eta astearte arratsaldearen bukaeran haur batzuk esan zidaten beste batek bere azpilean nik ipuinaren ordurako erabiltzen dudan zorroaren luma berde mordoa zituela gordeta. Erakutsi ere egin zidaten, haurren legean okerra egin duenaren azpila bere baimenik gabe irekitzea ez baitago gaizki, antzaz. Etxera joateko prestatu behar ginenez, ez zitzaidan momentu aproposa iruditu haurrarekin hitz egiteko. Gainera, nahiko gatazkatsua den haurra da, eskolaren aldetik jarraipen berezia duena, eta iruditu zitzaidan ondo pentsatu behar nuela zer egin. Asteazken eta ostegunean eskolara joan ez nintzenez, denbora izan nuen horretarako, eta nire buruan gertatutakoa nola landu nahi nuen irudikatu nuen. Ostiral goizean eskolara joan nintzenean aukera paregabea sortu zen haurrarekin hitz egiteko, zeren eta bera ere eskolak hasi aurretik joaten da bertara, haurtzaindegi zerbitzura, eta normalean sotora jaitsi aurretik kuku egiten digu tutoreari eta bioi. Gainera, aurreko egunean eskolara ekarri zuen espazio ontzia erakutsi zidan, nik esan nahi nionerako oso erabilgarria izango zena.

Berarekin hitz egin nahi nuela esan nion, eta eskatu nion mesedez nirekin esertzeko, azpilen parean. Bere azpila erakusteko eskatu nion, eta ireki zuenean harridura keinu txiki bat eginez lumak aipatu zituen. Horretaz hitz egin nahi nuela esan nion; ea nondik atera ziren lumak (beste bi gelakidek batzuk eman zizkiotela eta beste batzuk berak hartu zituela), ea lumak norenak ziren (nireak), ea baimenik eskatu ote zuen horiek hartzeko (ezetz), ea hori ondo ote zegoen (ezetz). Galdetu nion ea bera nola sentituko zen nik bere espaziontzia berak ikusi gabe hartu eta pusketak apurtzen hasiko banintz (haserre), eta orduan ea nola uste zuen berak sentitzen nintzela ni nire lumak bere azpilean ikusita (haserre). Eta galdetu nion ere ea zer egin genezakeen gaiaren inguruan (ez zekiela), ea lumak bere azpilean utziko genituen (ezetz). Plastikozko poltsa bat eman nion lumak sartzeko, eta orduan azaldu nion zoritxarrez lumak ezin zirela berriro zorroan jarri, eta ea orduan zer egingo genuen lumekin (apalaren gainean utzi, denen bistan). Esan nion agian nik pentsatuko nuela lumekin egin zitekeen beste zerbait, eta iruditzen zitzaidala berak nire gustukoa ez zen zerbait egin zuenez, nire gustukoa zen beste zerbait egin behar zuela niregatik; erreparazioa nahi nuela adierazi nion, alegia. Galdetu nion ea bera prest ote zegoen nire gustukoa izango zen zerbait egiteko, eta baietz esan zuen. Eta eskatu nion egun osoz biribilean talde osoa esertzen ginen tarteetan guztion arteko eztabaidan parte hartu nahi zuen bakoitzean eskua altxatu eta nik hitza eman arte isilik egoteko (normalean eskua altxa orduko hizketan hasten da). Esan nion ere egunaren amaieran berriro hitz egingo genuela biok, nire eskakizunaren inguruan. Eta horrelaxe bukatu zen gure elkarrizketa. Pozik geratu nintzen eta bera ere pozik geratu zela uste dut. Egun osoan gogoan izan zuen nik eskatutakoa, baita ondo bete ere. Zoritxarrez, arratsaldean etxean izandako matxura bat zela eta, 15 minutu lehenago joan behar izan nuen, eta ezin izan nuen berarekin hitz egin zoriontzeko. Bestetik, arratsaldea gatazka gogor batean murgilduta bukatu zuen, beste haur bat jo ondoren, eta bere onetik erabat irtenda zegoen. Hortaz, lehentxeago alde egin behar izan ez banu ere, haurra ez zegoen hizketan aritzeko moduan. Hala ere, honelako egoerak ia egunero gertatzen dira eskolan, eta ez dauzkat bi egun horietako bakoitzari buruz pentsatzeko; azkarrago erantzun behar dut.

Batek pentsatuko luke haurrak zigorrarekin jotzen ditudala edo eguna garrasika ematen dudala, eta ez da horrela, baina hobetzeko asko dudala iruditzen zait. Eta, guztiaren gainetik, uste dut mehatxu eta zigorren bideak ez diola haurrari aurrera egiten uzten, ez duela hura hezten, bide horretan gutxi ikasten duela, eta ikasten duen hori nahiko negatiboa dela, beretzat eta ingurukoentzat.

Baina, nola egin bestela aritzeko?