2012/05/30

Bukatu da, bukatu da; bukatu da, akabo (oraingoz)

Bukatu da ikasturtea, gutako gehienontzat behintzat (besteei animo hemendik!). Egindako azterketa bakarraren nota atera da, eta orain oporrak hasten dira. Lanean aritu arren, duela bi astetik hona klaseak bukatu zirenetik oporretan nagoela iruditzen zait, hain da arina eguna!

Ikasturtearen balantzea egiteko garaia iritsi da, bada. Maila pertsonalean, gogorra izan da, eskoletara joateko lanaldia murriztu nuen arren, klasetik kanpo egin beharreko guztiak nire bizitza pertsonalari orduak kenduz egin ditudalako, eta zortzi hilabete luzetxo da horretarako. Ikasketei dagokienez, balantzea ezinhobea da. Izugarri ikasi dudala iruditu zait; agian beste inolako ikasturtetan ez dut honakoaren sentsazio bera izango, hemendik aurrera gauzak ez baitira lehen ikasturtean bezain "berri" izango (suposatzen dut). Oso gustuko izan ditut irakasgai guztiak (agian plastika izan da salbuespen bakarra), bai edukien aldetik, bai antolaketaren aldetik, baita metodologiaren aldetik ere. Emaitzak ezinhobeak izan dira ere; ikasturteko irakasgai guztiak lehen deialdian gainditzea izan zen nire buruari jarritako helburua, eta aise gainditu dut.

Irakasleei dagokienez, orokorrean oso onak iruditu zaizkit. Zoritxarrez, inguru hauetan ez dugu ohiturarik besteen lanari merezi duen errekonozimendua egiteko (tira, orain inkestak betetzen ditugu, eta irakasleek jasoko dituzte emaitzak), eta niri iruditzen zait horretarako ere hartu behar dela denbora. Irakasgaiarekin eta ikasleokin inplikatutako pertsonak aurkitu ditut, bakoitza bere estilo propioarekin. Agian gradu berrien antolaketarekin zerikusia du, edo agian ez, baina nabaritu dut nolabaiteko berrikuntza bilatzen dutela haien eskuetatik igarotzen ari diren graduko lehen promozio hauetan. Eta horrek arriskuak hartzera daramatza, ausart izatera irakasgaien planteamenduan. Hori oso ona da, nahiz eta momenturen batean gauzak ez diren beraiek pentsatutako moduan irteten. Bereziki deitu dit atentzioa helduagoak diren hainbat irakasle garai bateko klase magistraletatik hain urrun dauden planteamenduak aplikatzen ikusteak, adinean aurrera egin ahala jabetzen bainaiz burua malgu mantentzea ez dela batere erraza. Beraz, zorionak eta eskerrik asko haiei ere.

Gelakideak ere apartak iruditu zaizkit, bakoitzaren nortasuna eta pentsamenduak agerian uzteko aukera eman diguten lanei esker (blog hau, adibidez) ikusi ahal izan dudanez. Espero dut ondoko ikasturteetan elkarrengandik ikasten jarraitzeko eta harremanak sendotzeko aukera izango dugula.

Laburbilduz, irailean hurrengo ikasturtea hasi arte oporrak txiklea bailiran luzatzea merezimendu osoz irabazi dugula guztiok!

2012/05/26

Hezkuntza informalaren indarra

Astea barrea eragiten duen zerbaitekin bukatzearren, famatua egin den blog bat aipatuko dut, "Cómo no ser una Drama Mamá" izenekoa. Benetan grazia du idazleak bere amak urteetan zehar behin eta berriro esan dizkion esaldiak azaltzean, eta horietako asko eta asko iruditzen zait gehienoi ezagunak egiten zaizkigula. Orokorrean, ados nago idazlearekin errepikatzeko moduko aholkuak zeintzuk diren eta lurrazpian gordetzeko modukoak zeintzuk diren aukeratzen duenean.

XXI. mendeko hezkuntza

Azken asteetan egunkarietan murrizketei buruzko berri apalgarriak baino ez daude, eta horiekin denbora galtzeko gogorik ez dut, egia esan. Hortik kanpo geratzen direnen artean batzuk ale dira, eta beste batzuk lasto, baina nola jakin zein den bakoitza?

Galdera hori etorri zitzaidan burura berri hau irakurtzean, adimena duten makinekin elkarrekintzak XXI. mendeko hezkuntza arrakastatsua ekarriko digula dioena. Oraingoz gutako gehiengoen eskura dauden makinak behintzat ez dira adimentsuak; azkarrak dira, zehatzak, ez dira nekatzen, baina ez dute adimenik. XXI. mendean makina adimentsuak sortzen badira ere, gure munduaren lehen erronka makina horiek guztion eskura jartzea litzateke, eta janaria guztion eskura jartzea ere lortu ez dugunean, zailtxo ikusten dut hori lortzea. Adituek diotenez, honako beste berri honetan bezala, gurean martxan jarriko diren murrizketek ez dute berdintasuna eta ekitatea sustatzeko batere lagunduko, kontrakoa baizik.

Gure gizartearen gainbehera etiko eta morala agerian uzten ari den krisialdi honetatik ikusita, XXI. mendearen hezkuntzarentzat helburu nagusia pertsona hobeak izateko nahia eta asmoa duten pertsonak egiten laguntzea behar du izan, eta horretarako alferrik dira makinak.

2012/05/25

Moduluko lanaren aurkezpena eta eztabaida


Ia hilabete igaro da bigarren lauhilekoko moduluko lanaren aurkezpenak egin genituenetik, baina, tira, hementxe dakart aurkezpenerako prestatu genuen bideoa jaso eta gelan horren harira izan genuen eztabaida laburtzen duen gloga.



Jaso ditugun ebaluazioen artean irakasleek egindakoak oso positiboak izan dira, eta ikaskideek egindakoen artean ondokoek deitu didate atentzioa: musika faltan botatzen zela; gustukoen zuten aurkezpena ez izanda ere, ondo egon zela; eta gloga ideia ona izan zela. Musikaren inguruan, egia da saioetako irudiak mutu jarri behar izan genituenez, onartzen zuela tarte horiek musikaz osatzea, baina bideoaren edizioa hain izan zen neketsua musika askotarako ez geundela, egia esan. Bestetik, burura etorri zitzaidan justu kontrakoa egin zitekeela, erabat mutua zen bideoa, alegia. Horrela, gorputz-hizkuntzaren bitartez adierazten dugun guztia agerian utzi eta horri buruz eztabaidatzeko beta izango genuen, baina aukera zeharo ausarta litzateke bideo mutua. Bigarren iruzkinarekin bat egiten dut nik ere; gurea ez zen aurkezpenik distiratsuena izan, baina aukeratutako baliabideei etekin polita atera genien. Eta eztabaidaren emaitzak glog batean laburbiltzea ideia ona izan zen, edonoren eskura dagoen formatuan jasotzea ahalbidetu zuelako.

2012/05/16

Hezkuntza-sistemari esker, ala bertatik iraganatik ere?

Azken aste hauetako lanak eta azterketa prestatzeko beharragatik pilatu zaizkit blogerako gordeta nituen gaiak, baina hementxe nago, didaktika ikasten jarri aurretik hitz batzuk idazteko asmoz.

Egun berean EL PAISen bi elkarrizketa irakurri nituen, bata Antony Hegarty abeslariari egina, eta bestea Milo Manara komikigileari. Biek badute komunean ezaugarri bat, artista izatea, eta sarrerari izenburua ematen dion galdera etorri zitzaidan burura. Hezkuntza-sistemak bultzatu ala bideratuko ote zituen haien talentuaren garapenean? Ala horri kontra eginez egin ziren artista? Gogora etorri zitzaidan ere nire haurtzaroko gelakide bat, egun artista dena, umetan etengabe komikiak marrazten ibiltzen zena. Ez dut gogoratzen inoiz eskolan dohain hori goraipatu zitzaionik, eta suposatzen dut hari galdetzekotan ziurrenik esango zuela hezkuntza formala burutu izanagatik ere, artista izatea lortu zuela.

Oso bestelakoa dirudi petromonarkietako alaben gain hezkuntzak izan duen eragina, egunkari berean agertzen den berriaren arabera. Gurasoek ezarritako ezkontzik ez omen dute nahi, ezta etxean haurrak hezten geratu nahi, unibertsitatetik igaro ondoren. Normala, askatasun (erlatiboa) existitzen dela jakin ondoren, urrezko kaiola batean izanda ere, bizitzak triste samar dirudi.

Artistak eta hezkuntzara bueltatuz, nolakoa beharko luke aipatutakoak bezalako artistak sortuko dituen hezkuntza-sistemak? Idurre Tolosak eman zigun pista bere blogean, Malaguzziren poema batean oinarritutako bideoa jarri zuenean. Malaguzziren ustez 100 hizkuntzekin jaiotzen gara, eta eskolak (besteak beste) pixkanaka-pixkanaka baina atsedenik eman gabe, larrutzen gaitu 100 zeuden tokian bakar bat utzi arte.

Loreak lauhilekoa hastean orain arte ikasitakoa ahaz dezagun eskatzen zigun, baina irakasle izateko ikasketa hauetan egin beharreko lana ez al da ba 99 hizkuntza horiek berrikastea izango, oraindik ere gehiago galtzen eta ahazten ibili beharrean?

2012/05/04

Richard Gerver gehiago

Aurreko sarrera batean eta Hezkuntzaren mapa izendatu dudan orrialdean hitz egin dut Richard Gerverri buruz. Oraingo honetan, EL PAISeko elkarrizketa bat dakart hona, Madrilen App Fest izeneko jardunaldietan eta Munduko Hezkuntzaren Kongresuan hizlari gisa aritu zenean egina. Solasaldian zeharo interesgarri diren gauzak aipatzen ditu:
  • IKTen inguruan, egungo haurren hezkuntza esparru informalean ohiko direnez, esparru formalak inolako sinesgarritasunik izan nahi badu, ezinbestekoak direla adierazten du. Bereziki piztu du nire atentzioa sinesgarritasunari egindako erreferentziak, ez bainuen horretan erreparatu orain arte.
  • Hezkuntzak behar duen eraldaketak ez omen du inbertsio handirik eskatzen; hezkuntzaren giza-baliabideen aldaketa da beharrezkoa, bere ustez. Irakasleen burua aldatu behar omen da, ohiko arbelak arbel digitalez ordezkatu aurretik, edo ordezkatzeaz gain; horrela bakarrik emango baitzaie erabilera berria. Ados nago, hori ez da dirutan garesti, baina zeinen zaila den pertsonak aldaraztea!
  • Aisialdia eta ikaskuntzaren arteko lotura aurkitu beharra dagoela dio ere, bideojokoak aipatzen zaizkionean. Beraz, ez da eskolatik kanpo gertatzen dena errefusatu behar, ikaskuntzaren mesedetan erabili baizik.
  • Ebaluaketari buruz galdetzen zaionean, hausnarketa polita egiten du: alperrik da bidean aldaketak egitea, bukaerako puntua berdin mantentzen bada. Hau da, hezkuntzarako bide berriek ebaluaketa modu berriak eskatzen dituzte. Tira ba, hasieran esandakoa: goitik beherako aldaketa behar duela hezkuntzak.

Guzti horren aurrean, batzuk esango dute: bai, baina oso zaila da; edo, ez digute utziko; edo, ez dago dirurik; edo, hezkuntza ez zaio inori interesatzen... Niri konplexuago iruditzen zait pezetatik eurora gauetik egunera aldatu izana, eta guztiok ohitu ginen azkar asko, ezta? Gerverrek gomendatzen duen pasioari kemena gehitzea da behar dena, hau da, Aitzpeak proposatzen zigun bezala, "arinaiztar" izan behar dugu. Egin gaitezen, bada, familia horretako kide.

Xakea irakasgai?

Printzipioz, oso erakargarri suertatzen zait EL PAISek berri honetan jasotzen duen ekimena: ikastetxe batek Lehen Hezkuntzan xakeko irakasgaia aukeran eskaintzen duela, musikaren ordez, gorputz hezkuntzako irakasgaiaren baitan, edo erlijioaren ordez (ez nago beste gai horiek ordezkatuz curriculumean sartzearen alde, baina hori beste kontu bat da). Xakeak dituen onura pedagogikoetan oinarrituz, irakasle horrek proposatu du, ikastetxeak curriculuma moldatzeko duen eskubideaz baliatuz, xakea derrigorrezko irakasgai bihur dadila ikasle guztientzat.

Xakea garapenerako onuragarria izan daitekeen tresna ez dut inolaz ere dudan jartzen, baina suposatzen dut hori bezain abantailatsuak diren beste hainbeste gai egongo direla, ezta? Eta, guztiak bihurtu behar al ditugu derrigorrezko irakasgai?

Beste behin, iparra galtzen ari garela iruditzen zait.