2012/10/31

Practicum, egunerokoa: irakasle-ikasle harremanen inguruan gehiago

Gelako haurrek nigan sortutako pentsamendu eta emozioen inguruko sarreran aipatu ditut ikasleek irakaslearekin duten harremana zuzentzeko erabiltzen dituzten hainbat estrategia. Benetan iaioak dira haurrak helduak maneiatzen, maiz kontrakoa pentsatzen dugun arren. Normalean uste dugu tamainaz handiagoak garelako guk "agintzen" dugula, baina haurrek helduon jokabidea adi-adi behatzen dute, eta oso azkar ikasten dute "nik hau egiten dudanean, berak beste hau egiten du" mekanismoa, gu dantzan jarriz.

Orain irakasleak ikasleekin duen harremana gidatzeko erabiltzen dituen estrategien inguruan arituko naiz. Oso erakargarri iruditzen zaizkit nire tutorearen bi tresna: presentzia bera, eta ahotsa. Tutorea gelatik irteten den momentu bakanetan, oso nabarmena da gertatzen dena: haurrak segituan konturatzen dira, eta gutxinaka kaosa hazten doa. Bera bueltatzen den momentuan, aldiz, poliki-poliki baretzen doa giroa (kaosa maila gorenera iritsi ez bada behintzat, orduan bat-batean geratzen baita). Aste honen hasieran izan genuen practicumeko bileran Jaionerekin hizketan izan nintzen honi buruz, eta biok genion sekulako inbidia sortzen zigula gaitasun horrek. Ikasiko al dugu inoiz? Gainera, nire tutorearen kasuan taldea beretzat berria da, eta hilabete t'erdi besterik ez daramate batera; beraz, eragin hori oso azkar lortzen du.

Ahotsaren kontrola ere oso garrantzitsua da, eta oso interesgarria da oihurik egin gabe gure gelan sortzen diren hainbat egoera nola bideratzen dituen ikustea. Ahotsarekin batera gorputz osoa erabiltzen du, noski. Kolektiban orkestrako zuzendari dirudi nire tutoreak, eta hortxe ibiltzen da, bi besoak eta burua erabiliz ezker eta eskubian dituen "intrumentuei" sarrera ematen, aurreratu nahi duten horiek haien tokian eusten, sartzeko orduan beldur eszenikoak blokeatzen duen horri adorea ematen, etab.

Izugarri gustuko izan ditudan beste bi gauza nire tutorearengan: haurrekiko errespetua, eta autonomiaren sustapena. Kolektiban eztabaidak kudeatzen dituenean haur bakoitzak kontatu nahi duen horrekiko erabateko errespetua agertzen du, eta hurrengoari hitza eman aurretik galdetzen die ea kontatu nahi zuten guztia esaten bukatu ote duten. Garrantzia ematen zaie haurrek kontatzen dituzten gauzei, tutoreak beste heldu batetik hizketan ari balitz bezain besteko arreta ematen die. Haien etxeetan gelan bezainbesteko begirunea jasoko dute haurtxo horiek agian, baina ez gehiago. Autonomiaren inguruan araua argia da: haurrak lor dezakeen mailarik gorena da helburu. Haurrei ez zaizkie gauzak samurregi jartzen, ez dira haiek beraien kabuz egin ditzateken gauzak eginda ematen. Kanpotik suposatzen dut askok pentsatuko dutela "zeinen alferrak diren irakasle hauek!" edo "begira haur gajoa, ezinean dabil, eta inork ez dio laguntzen". Baina jakin behar da kolektiban haurrek guztien aurrean kontatu nahi dituzten gauza gehienak haien autonomia pertsonalaren inguruan lortutako aurrerapenei buruzkoak direla ("mangito bakarrarekin ibiltzen naiz igerilekuan" eta horrelakoak). Etxean askotan haurren neskame eta gehiegizko zaindari bihurtzen gara, haien hobebearrez ari garela pentsatuz, eta benetan ez diegu mesederik egiten.

Nire tutoreak ez du beteko ez duen mehatxurik erabiltzen, suposatzen dudalako ongi dakiela horrek haurren mendean erortzea dakarrela, baina pasilloan entzun ditut horrelakoak. Gaur bi espezialisten saioak behatzeko aukera izan dut, eta horietako bat ikusi dut azaletik mehatxua dirudien estrategia erabiltzen, baina desberdina iruditu zaidana. Haurraren jokabide jakin batek ondorio zehatz bat ekarriko zuenarekin mehatxatu ordez, haurra "informatu" egiten zuen, deskribatu egiten zion bere jokabidea aldatu ezean gertatuko zen hori. Ez daukat argi benetan biak hain desberdin ote diren, eta nire susmoa da bata ala bestea erabilita ere, garrantzitsua zera dela: jokabidea mantenduz gero, ondorioa ere bermatzea.

Asteko ondorioak borobiltzeko nire asmoa ondokoa da: pasa den ikasturtean Hezkuntzaren Psikologian landutakoaren arabera, irakasle-ikasle harremanean aplikatzen ikusi ditudan eredu eta teknikak identifikatzea jokabideari dagokionean espezifikoki, ikaskuntza-irakaskuntza ereduei dagokiena hurrengo asteetan landuko baitugu. Horixe izango da astea amaitzeko nire buruari jarriko diodan lana, bide batez joan den ikasturteko irakasgai horren errepasoa egiteko balioko didana.

2012/10/30

Practicum, egunkaria: autobehaketa I, eta harremanak


Aurreko sarrera batean adierazi nuen moduan, Hik Hasi aldizkariko ariketa bat egitea erabaki dut, esteka honetako pdf-aren 26. orrialdean ikus daitekeena. Ariketaren lehen atala da orain arte egin dudana, hau da, gelako haur bakoitzak nigan sortzen dituen pentsamendu eta emozioen deskribapena. Deskribapen horiek hemen jasotzea erabaki dut, haurren izenak zenbakiekin ordezkatuz.

Kontuan izan behar da jarraian azaltzen ditudan deskribapenak aurreko astean hiru egunez ikastetxean egindako behaketen ondorio direla. Deskribapenen jarraian azalduko ditudan ondorioetan egingo dut horren eta beste gai batzuen inguruko hausnarketa.


“1” haurra
Haur alaia iruditzen zait, oso gozoa, oso heldua, atsegina, elkarrekintza atsegin du, hizkuntza aberatsa du, bere gauzak kontatzea gustuko du, autonomoa da, irekia, eta sortzailea marrazkiak egiten. Lagunak erraz egin ditu eta bere taldetxoan lidergoa du; sozializaziorako baliabide asko dituen haurra da. Ikasturte honetan iritsi da lehen aldiz ikastetxe honetara, eta oso ondo moldatu da. Erraz moldatzen da egoera ezberdinetara. Ez da tematia, ezta kasketosoa ere. Ez da ez motelegia, ez urduriegia ere; justu tartekoa (beno, aukeran mugituagoa da lasaia baino). Fisikoki ere oso atsegina da: polita da, garbia, azal leunekoa, liraina, ahots atseginekoa; oso espresiboa da. Psikomotrizitateko saioan ez nuen aukerarik izan bera arretaz behatzeko; jolas sinbolikoan aritu zen asko, baina jolas motorrean trebe iruditu zitzaidan ere. Neskekin jolasten du, bereziki bere taldetxoan.
Erabat eroso sentitzen naiz berarekin, badakidalako ez duela inolako “arazorik” sortuko, gehien jota berari entzutea nahiko du, edo galderak egin, baina kargantea izan gabe.

“2” haurra
Haur argia da, guztia da oso elaboratua beregan: hizkuntza oso aberatsa eta egokia du, marrazketan oso sortzailea da. Berrikuntza gustuko du, alde batetik atentzioa deitzeko, baina ez horretarako soilik. Erabateko “señorita” da, poxpolina, nagusien keinuekin gauza batzuetan, eta pixka bat “askojakina”, baina ez gehiegi. Irekia da, ikastea asko interesatzen zaio (bereziki idazketa-irakurketa), eta ez dakienaren aurrean naturaltasunez jokatzen du, larritu gabe, lotsatu gabe, edo haserretu gabe. Guztiekin ondo moldatzen da, baina ez du beste inoren behar berezirik, bere buruarengan konfiantza handia du. Lasaia da gelan, baina psikomotrizitateko gelan asko disfrutatzen du oso fisikoa den jolas motorrarekin; badirudi oso ondo erregulatzen duela egoera bakoitzak eskatzen duen jokabidea, naturalki ateratzen zaio, garapen orekatua du arlo guztietan. Gozoa da, baina ez gozoena. Fisikoki oso atsegina da: polita, azal leunekoa, liraina, garbia, ahots indartsukoa; oso espresiboa da. Neskekin jolasten du.
Berarekin ere oso eroso eta gustura sentitzen naiz. Pixka bat askojakina izateko joerak niri ez dit negatiboki eragiten, baina iruditzen zait beste pertsona batzuei agian momenturen batean astuna irudituko zaiela.

“3” haurra
Izaera aldakorragoa du; zertxobait bihurria izan daiteke, baina maneiagarria den tamainan. Pixka bat despistatua da, dispertsiora jotzen du. Kolektiban toki nahiko finkoa du, leihotik gertu. Argia da, bereziki zenbakiekin, baina ez du besteen aurrean dakiena harro erakusten. Marrazten ez da hain trebea, baina irudimena du. Bere presentzia nahiko oharkabean igarotzen da gelan, ez du izugarrizko zalapartarik sortzen, noizean behin pailazokeriak egin arren. Gutxi samar behatu dudala konturatu naiz. Fisikoki gustuko dut, sagutxo aurpegia du, sudur oso polita eta fina du, azala leuna, begi izugarri politak. Ez da batere lausengaria nirekin; izan ere, nirekiko interes gutxi du. Mutilekin jolasten du gehiago.
Gustura nago berarekin, bakarkako harremanean irekia da, eta eroso sentiarazten nau.

“4” haurra
Sekulako neska puska da, fisikoki handia, ahots indartsuarekin. Horrek, ordea, ez dio bere buruarengan konfiantzarik ematen, eta nahiko kexatia da, bere burua ahul ikusten du eta etengabe irakaslearen bitartekaritza bilatzen du. Justiziaren zentzu zorrotza du, eta gaizki iruditzen zaion zerbait ikusten badu, segituan salatzen du. Hala ere, besteei buruz hitz egitean oso  zintzoa da; adibidez, jolastokian gatazkaren batean bitartekaritza egin eta tutorearengana joan zen “batek esan du honela eta bestela gertatu dela, baina nik ez dut ikusi” esanez. Oso argia da, zenbakiekin eta irakurketan bereziki. Oso alaia eta irribarretsua da. Helduengana asko jotzen duenez, haiekin harremana asko lantzen du, gertutasun fisikoaren bidez, begiradaren bidez, eta elkarrizketaren bidez. Oso obedientea da, segur aski helduaren onespena errazago lortzeko. Berdinekin harremanean segurtasun eza sortzen diote bromek, eta horiekiko oso jokabide zurruna du. Alderdi psikomotorrean garapen nabarmena izan du azken urtean, baina hala ere ez dago trebeenak direnen artean; zuhur samarra da psikomotrizitateko gelan, baina disfrutatzen du. Fisikoki, alde batetik oso atsegina da, aurpegi oso polita duelako, baina bere gorputz handia eta ahots indartsua direla eta ez da samurtasuna transmititzen duen haur horietakoa; bestetik, oso espresiboa da. Neskekin jolasten du, baina ez du taldetxo finkorik.
Hasieran oso atsegina eta gustukoa egin zait, baina pentsatzen dut denborarekin bere izaera kexatiak iritzia aldatu arazi nazakeela, astun samarra bihurtuz. Autobehaketako ariketa honi esker uste dut hori gertatzea ekidin dezakedala.

“5” haurra
Seduktore perfektua da; bigarren goizean musuz bete ninduen galtzerdian sartutako eskuarekin, eta hirugarren arratsaldean guapa deitu nau. Ez da horrelakoa helduekin bakarrik; berdinekin ere oso maitekorra da, agian gela guztiko eztitsuena. Kontaktu fisikoa oso leuna du, oso laztantsua. Oso ameslaria da, irudimen bizia du, bereziki marrazketan. Lausengatzailea den bezalaxe, zirikatzailea ere izan daiteke berdinekin, baina atentzioa deituz gero jokabidea aldatzen du (momentuan); ez da batere bihurria. Oso argia da, talde osoko ariketak batzuetan errazegi egiten zaizkio eta deskonektatzen du. Oso gozoa da, irribarretsua eta txintxoa helduari zuzentzen zaionean (ez horrenbeste berdinekin jolasean). Psikomotrizitatearen aldetik garapen erabat normala du; hala ere, psikomotrizitateko gelan interes gehiago zuen jolas sinbolikoan motorrean baino. Neskekin zein mutilekin jolasten du. Nirekiko interesa du nobedadeagatik. Fisikoki oso atsegina da; bakea transmititzen du bere aurpegiak, pekaz betetako azal leuna du, liraina da, eta ahots gozoa du, oso espresiboa da.
Gustura nago berarekin , baina ez dut amore ematen bere gertutasun eta esklusibotasunaren bilaketaren aurrean. Lehen momentuan, bere gertutasun fisikoa pixka bat gehiegizkoa iruditu zitzaidan, aitortu beharra daukat. Erabat eroso ez naiz sentitzen, ez dakidalako zenbateraino gerturatu nahi duen, egia esan, eta horren aurrean nola jokatu ez dudalako landu. Berarekiko gertuegi egon nahi ez izateagatik, azkenean urruntzea gerta dakidala uste dut, eta hori txarra litzateke.

“6” haurra
Bere ezaugarririk deigarriena hizketarako duen zailtasuna da: erabat eztarrikoa den ahotsa, ulertzen oso zaila, hitz egitean goiko hortzak agerian uzten dituen keinuarekin batera, burua pixka bat atzealdera botaz egiten duena. Pixka bat hitz-motela ere bada batzuetan, edo hori iruditu zait behintzat. Hizkuntzarekin duen arazoa erabat fisikoa dela dirudi. Komunikazio-gaitasun urria du, baina aurpegiko espresibotasunak laguntzen dio pixka bat hitzarekin esan ez dezakeen hori adierazten. Hala ere, ez da batere lotsatzen, eta taldeko jardueretan parte hartzen du, oso positiboa dena. Txanda itxoitea kosta egiten zaio, eta komunikazio-gaitasun urria duten beste haur batzuekin haserreak eta gatazkak ditu. Argia da, baina ez du bere buruarengan konfiantza gehiegi. Erasokortasun nabarmenena izan duen espazioa psikomotrizitateko gela izan da, bertan nahiko ugariak diren gatazkak konpontzeko hizkuntzaz baliatu ahal ez izateak eta frustrazioarekiko tolerantzia urriak sortuta, esango nuke. Psikomotrizitatearen aldetik garapen normala duela iruditu zitzaidan saioan, baina ez nuen behar bezala behatzeko aukerarik izan, gehienbat jolas sinbolikoan murgilduta egon zelako, eta ni jolas motorraren aldean geratu nintzen. Mutilekin jolasten du gehiago. Fisikoki ez da bereziki atsegina, gehienbat hitz egiten duenenean, azaldutako keinu hori dela eta; azala leuna du, gorputza liraina, begiak oso politak, baina horiek itzalpean geratzen dira nolabait.
Gustukoa dut, eta horretan eragina du nire tutoreak berarekin duen harreman gertuak, esan beharra daukat. Hau da, neurri batean, bera gustuko dut nire tutoreak gustuko duelako. Berarekin eroso sentitzen naiz, baldintzak kontuan izanda; ez dut harremana saihesten, baina ez dut aktiboki bilatzen ere, aitortu beharra daukat. Ez dit beldurrik ematen, samurtasuna eragiten dit, eta uste dut ez didala penarik ematen, baina ez nintzateke ausartuko %100ean hori ziurtatzen.

“7” haurra
Lehen egunetan ziurrenik oharkabean pasako zitzaidan nire tutoreak berari buruz hitz egin izan ez balit. Hau da, ez da asko nabarmentzen den haurra, ez baitu asko parte hartzen, baina gutxiegi ere ez, itxuraz gauzak egiten dabil han eta hemen, eta fisikoki ere ez da deigarria. Hala ere, arretaz begiratuta badu zerbait arraroa. Haur gehienek samurtasuna transmititzen duten bitartean, berak sentsazio metalikoa ematen dit, nolabaiteko hotzikara. Horri buruz pentsatzen, iruditu zait bere aurpegiaren espresibotasun urriak eragina dela. Beno, espresibotasun gutxi izateaz gain, batzuetan halako irribarre horizontala du finkatuta aurpegian, hitz egitea zailtzen diona, ezpainak behar bezala ixten uzten ez diolako. Ahotsa ere oso baxua du, eta dagokion adina baino txikiagokoarena den tonuan hitz egiten du. Besteen aurrean hitz egiten hasi orduko, badirudi damutzen dela eta ez duela jarraitu nahi. Nahiko estutzen da taldearen aurrean hizketan; denbora pasa ahala bere antsietatea handituz doa, eta burua alde batera okertzen du, ilea kiribiltzen hasten da, galtzak igotzen... Argia da, baina bere buruarengan konfiantza handirik ez du, eta besteek diotenaren arabera aldatzen du bere iritzia. Bakarka berarekin egotean bestelakoa da, adore gehixeago du. Ekoizpen urria du, bai eraikuntzan, baita marrazketan ere. Komunikazio-gaitasuna nahiko urria du, baina ez da esaldiak eraikitzen ez dakielako, hitz egitea kosta egiten zaiolako baizik. Horrez gain, aulki batean esertzen den orduko etengabe igurtzikatzen da horren kontra, eta hori ez litzateke arazo izango honegatik ez balitz: eskuekin ezer egitea eragozten dio gehiegizko mugimendua dela eta. Alderdi psikomotorrean garapen normala du, jolas motorra eta sinbolikoarekin disfrutatuz. Berdinekin harremanetan ez dut nahikoa behatu iritzia emateko. Neskekin gehiago jolasten du. Fisikoki ez da desatsegina, baina duen harridura aurpegiak ez du bereziki erakargarri egiten. Gorputza argala du oso, azal leuna, eta altua den arren txikia izatearen sentsazioa ematen du, nolabaiteko hauskortasuna transmititzen du.
Nahiko sentsazio neutroak sorrarazten dizkit, ez hotz eta ez bero. Berarekin konektatzen duzunean atsegina da, baina bestela oharkabean pasatzen da bere presentzia. Gela zalapartatsu batean erraz “ahaztu” nezake bera hor dagoela, eta ariketa honek lagun dezake horrelakorik ez gertatzen.

“8” haurra
"16"rekin batera, tamainaz txikiena, baina ez horregatik ahula. Ez du asko parte hartzen, eta taldearen aurrean lotsatzen da, pailazokeriak egitera joz eta harrotuz. Irakurketa-idazketan ez dago gelako azkarrenen artean momentu honetan, eta erantzun zuzenak bermatzeko ereduetara jotzen du edo denbora hartzen du. Ausarta da; nire izena galdetzen ausartu zen lehen egunean, baita zertara nentorren galdetzera ere, “6” lotsatu zen arren. Irekia da, alaia eta oso espresiboa; pixka bat bihurria ere. Berarekin hitz egitean, gustuko du bere gauzak kontatzea. Toki nahiko finkoa du gelan, leihoaren inguruan esertzen direnen artean. Nahikoa behatu ez dudala konturatzen naiz. Fisikoki ez da bereziki atsegina, ezta desatsegina ere; aurpegitxo polita du, begi bizi-biziekin.
Gustuko dut, baina ez da nire interes eta samurtasuna gehien erakartzen duena. Erraza iruditzen zait denbora pasa ahala beraz “ahazten” joatea, hori gerta ez dadin neurriak hartu ezean.

“9” haurra
Haur argia da, zenbakiekin eta hizkiekin trebea. Hala ere, beregan deigarriena komunikazio-gaitasunean duen atzerapena eta kasketak dira. Kasketa harrapatzean minutuak egin ditzake garrasika eta negarrez, bera ere aspertuz (aho zabalka ikusi nuen behin). Hizkuntzari dagokionez, ahoskatzeko zailtasunak izateaz gain, ez ditu esaldiak josten, hitz solteak kateatuz azaltzen ditu bere ideiak. Aurpegiaren espresibotasunarekin osatzen du nolabait bere komunikazioa, baina ez du lortzen erabat eraginkorra izatea. Nahiko erraz despistatzen da gelan. Frustrazioari aurre egiteko azaroak ditu, eta etengabe kasketak hartzen ditu, batzuetan arrazoi nahiko arbitrarioak direla eta. Ez du asko parte hartzen taldeko jardueretan. Urduritasuna eragiten dioten egoeretan (jolastokira atera baino lehen, etxera joateko ordua iristean, psikomotrizitateko gelara joatean) jokabidea erregulatzeko arazoak ditu, eta maiz gatazkak ditu berdina gertatzen zaien beste haur batzuekin (“17”, “6”). Mimoak jasotzea gustuko du, horrek asko lasaitzen du. Psikomotrizitateko saioan ez nuen bera arretaz behatu, baina iruditzen zait garapen normala duela. Nirekiko esklusibotasuneko harremana bilatzen du eta lortzen ez duenean haserretzen da. Jolastokian ez dut nahikoa behatu, baina uste dut mutilekin ibiltzen dela, bereziki trizikloan, horrek txandak kudeatzeko arazoak sortzen dizkiolarik. Fisikoki aurpegi berezia du; Mongoliako estepetatik datorrela dirudi, eta hantxe imajinatzen dut nik, zaldi baten gainean haizea aurpegian sentituz.
Gustuko dut, baina uste dut bere kasketak nahiko nekagarri suerta daitezkeela denborarekin, eta berarekin komunikazioa jariakorra ez denez, berarekin harremana bereziki ez bilatzera eraman zaitzake. Nirekiko duen jarrerak ez nau estutzen, ondo kudeatzen dut. Negarrak, aldiz, ez daramatzat hain ondo; niri zail egiten zait haur bat negar egiten uztea, horri amaiera emango dioten gauzetara jotzen dut (hitz egitea, laztantzea...), eta ez daukat oso argi kasu honetan zer den egokiena.

“10” haurra
“4” nesken artean denaren modukoa da “10” mutilen artean; sekulako mutil puska. Beldurrik ez duela dioen arren, ostiralean “zine saioa” izan genuenean negarrez hasi eta tutorearen magalean esertzera joan zen bakarra izan zen. Ez dut nahikoa behatu garapen kognitiboari dagokionez, beraz, ez dut ezer esango. Lehen egunean nirekiko pixka bat mesfidati agertu zen arren, oso ondo hartu nau ondoren. Oso txintxoa iruditu zait lehen egun hauetan, baina tutoreak esan dit badakiela bihurria izaten. Gatazka gutxi du gelan, ez da etengabe borrokatzen denetakoa. Psikomotrizitateko saioan oso indartsu eta trebe ikusi nuen jolas motorrean; handia den arren ez da batere baldarra, baina jolas sinbolikoan aritu zen denbora gehiena. Mutilekin jolasten du gehienbat, baina jolastokian ere ez dut nahikoa arretaz behatu. Kolektiban leihoaren inguruan esertzen den horietakoa da, baina batzuetan tokiz aldatzen da. Fisikoki berezia da, aurpegia helduarena duelako erabat, eta horrek kontrastea sortzen du duen adinari dagozkion jarrera normalak erakusten dituenean.
Gustuko dut, oso prestua iruditzen zait. Eroso sentitzen naiz berarekin.

“11” haurra
Taldean erabat oharkabean igarotzea da bere ezaugarririk nabarmenena. Ez du liskarrik, ez du asko parte hartzen, baina ez du atentzioa deitzen bereziki pasiboa izateagatik ere. Irudimen bizia du, jolas sinbolikoan erabat murgildua dago, bere espazio-ontziekin eta ezpatekin jolasean. Zenbakiekin eta hizkiekin ondo moldatzen da, baina ez die izugarrizko garrantzirik ematen ere; galdetzen badiozu erantzun zuzenak ematen dizkizu, baina ez da erantzunarekin helduarengana joaten aprobazio bila. Beldur nintzen agian beharrak azaltzeko orduan uzkurra zela, baina ikusi nuen kolektiban parte hartzeko eskua altxatu zuen batean zalaparta sortu zelako txanda-pasa egin ziotela, eta ondoren konformatu ordez berriro altxatu zuen eskua berak zerbait kontatu nahi zuela esanez. Bere marrazkiak oso bereziak iruditu zaizkit. Bi egunetan ikusi dut marrazten, eta bietan marrazki bera egin du, orria ertzetatik hasita kolore bizietako orbanekin betez, trazu bertikalak erabiliz beti. Zer zen galdetuta, etxea zela esan zidan; eta atea eta leihoak non zeuden galdetzean, berriz, ez zegoela. Haur guztiekin moldatzen da berdintsu, ez du erabat finkoa den tokirik kolektiban, eta jolastokian ere haur ezberdinekin jolasean edo bere buruarekin hizketan ikusi dut. Psikomotrizitateko saioan ez nuen arretaz behatu, baina uste dut gehienbat jolas sinbolikoan ibili zela. Fisikoki izugarri polita da, bakea dario.
Gogokoen ditudanen artean dagoela aitortu beharra daukat, hain da lasaia! Eroso sentitzen naiz berarekin, eta gustuko dut bere kontu ameslariak entzutea.

“12” haurra
Nahiko lotsatia da, eta ez du asko parte hartzen taldeko jardueretan, baina bere gustuko ez den zerbait egiten badiote ez da kikiltzen.Oso lasaia da, eta bakarka berarekin egotean bere gauzak kontatzea gustuko du. Egoera lasaia denean “soltatzen” da hobekien. Bere anaia txikia garrantzitsua da bere bizitzan, eta jolastokian hura zaintzea bere lehentasuna da jolasaren aurretik. Anaiarekin oso maitekorra da, baina gelako lagunekin ez horrenbeste. Esan beharra daukat ez dudala behar bezala behatu bere garapen kognitiboa. Psikomotrizitateko saioan gustura ibili zen jolas motorrean nahiz sinbolikoan. Ez da nesken taldetxoko partaide finkoa; haur ezberdinekin jolasten du. Hizkuntzaren garapen egokia du, eta ahots nahiko baxua du, ez indartsua; nahiko isila da. Haur txintxoa eta arduratsua da, ez dago beregan bereziki deigarria den ezer. Esango nuke bere buruarengan nahiko konfiantza duela, baina ez dut nahikoa behatu hori ziurtatzeko. Fisikoki, bere begi-zulo beltzek keinu tristea ematen diote aurpegiari, baina keinua baino ez da, zeren eta esango nuke bere modura alaia dela. Ez da izugarri espresiboa.
Gustukoa dut “12”, inolako arazorik sortzen ez duen haur horietakoa da, lasaia. Berarekin harremana lantzeko astia hartuz gero, uste dut emateko asko duela.

“13” haurra
Beregan nagusitzen den ezaugarria edertasuna da; oso neska polita da, perfektua. Izugarri pinpirina da ere; beti dago hortxe bere buruko kakoak jarri eta kentzen, eskumuturrekoekin berdin. Arreta oso erraz galtzen du, edo hobe esanda, askoz ere gehiago interesatzen zaio lagunekin berriketan aritzea edo bere janzkeraren osagarriren batekin jolastea, gelako gauzei adi egotea baino. Taldean hitz egin behar duenean pixka bat arraro jokatzen du, oso mantso eta ahots oso eztitsuarekin hitz egiten du, eta ez zait argi geratzen handiustea duelako ote den, edo lotsa den. Ez du bere burua agerian jartzen tutoreak galderak egiten dituenean. Nire ustez, jaio zen egunetik esan diote hain dela polita eta perfektua, irudi horren aurrean huts egiteko beldur dela. Eskolak irakats diezaiokeen gauza hoberenetarikoa polita izateaz gain beste gauza asko izan daitekeela da, mesede egingo lioke. Normalean bere neska lagun taldetxoarekin egoten da, eta egoera horretan konfiantza handiz agertzen da. Hala ere, jolastokian egun batean ikusi ahal izan dut bere lagunekin haserretzen bada sozializaziorako oso baliabide urriak dituela nabarmentzen dela, ez baita gai beste lagun batzuk bilatzeko edo egoerari irtenbidea aurkitzeko (segur aski helduekin harremanetan bere edertasuna nahikoa izan delako). Beraz, lagunekiko menpetasun harremana du momentu honetan. Toki finkoa du kolektiban, bere lagunen ondoan. Alderdi psikomotorrean garapen normala du, eta saioan jolas sinbolikoan nahiz motorrean ibili zen. Alderdi kognitiboan ezin izan dut arretaz behatu, berak ere ez baitu aukera asko eskaintzen horretarako.
Ez da gustukoen dudana, nire ustez pinpirinegia delako, baina sozializazioan duen ahuleziak berarekiko iritzi positiboagoa eragin dit. Kanpoko itxura alde batera utzita, beharrak dituen haurra da.

“14” haurra
Bere ezaugarririk deigarriena helduekin hitzik egiten ez duela da, eta haurrekin ere oso gutxi. Jolastokian eta psikomotrizitateko gelan ikusten dugu bakarrik beste batzuekin hitz egiten, eta tutoreari eta niri hitz bakanen bat baino ez digu esan (niri soilik jolastokian). Behin ahotsik egin gabe ahoskatu dit hitz bat. Etxean, aldiz, normaltasunez hitz egiten omen du. “15” eta "17"rekin batera etorkinen alaba da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Keinuez baliatzen da komunikatzeko erantzuna eskatzen zaionean, gehien jota. Taldeko jardueretan gutxi hartzen du parte, baina aste honetan bere urtebetetzea ospatu da, eta izugarri pozik zegoen eguneko protagonista zela ikustean. Hitzezko komunikazioa ekiditen duen arren, helduarekin kontaktu bisuala gustuz hartzen du eta aktiboki bilatzen du, eta iruditzen zait hori abiapuntu egokia izan daitekeela bere oskoletik ateratzeko. Badirudi esaten zaiona ondo ulertzen duela, aginduak betetzen dituelako edo keinuz erantzuten duelako. Bere komunikazio-gaitasuna urria da, ezinbestean, eta zaila da baloratzen beste haurrekin hitz egiten duenean nolakoa den. Batzuetan isolaturik egotea bilatzen du, hori egiten ikusi dut txokoetan eta psikomotrizitateko saioan, baina ez dirudi larritasuna eragiten dionik; berak bilatua dela dirudi. Nahiko espresiboa da, eta bere gorputzak adierazten duenagatik ez dirudi triste dagoenik. Jokabide arraro bat baino ez diot igarri: psikomotrizitateko gelan irribarre oso alai eta irekia egin zuen gatazkak izateagatik bankuan eserita negarrez zeuden bi lagunen aurrean jarrita, eta arraro egin zitzaidan egoera horretan poza agertzea. Toki finkoa du gelan, bere amak uzten duen hori, hain zuzen ere. Garapen kognitiboa ezin izan dut behatu, komunikazio-gaitasun urriak eta bere uzkurdurak oztopo handia suposatzen dutelako. Jolastokian ez du lagun finkorik, baina gelako kideren batekin banaka jolasten du.
Gustukoa dut “14”, bere gaitasunaren mailan kontaktua lortu dudala iruditzen zait, eta goxotasuna iruditzen zait duela barruan, dudaren bat dudan arren. Jakin-mina eragiten dit ere, eta kezka geroz eta gehiago. Tutorearen kezka erabat ulergarria iruditzen zait.

“15” haurra
Erabateko lurrikara da “15”. Ez da isiltzen, ez da geldirik egoten, ez du ezetzik onartzen, bere nahiak tinko adierazten ditu. “14” eta "17"rekin batera etorkinen semea da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Hizkuntza ez du batere ondo menderatzen; alde batetik, ahoskatzeko arazoak ditu eta bestetik, esaldi gutxi josten ditu, gehienbat hitzak bata bestearen jarraian esanez komunikatzen da. Hala ere, komunikazio eraginkorra lortzen du izugarri espresiboa delako. Oso oldartsua da eta naturaltasun osoz esaten du burura datorkiona. Emozio guztiak intentsitate handiz bizitzen ditu, eta egunean zehar aldakortasun handiz bizitzen ditu (tristura ezik, esango nuke). Ez dauka gauzak bere kabuz egiteko pazientziarik, eta segituan eskatzen dizu zuk bere lana egiteko. Bere garapen kognitiboa behatzeko aukerarik ez dut izan, baina nahiko argia dirudi, edo azkarra behintzat. Toki finkoa du gelan, bere interesek eraginda, izan ere, jolastokira arduradunaren atzetik irten nahi du trizikloa hartzeko, eta horretarako toki bera aukeratzen du beti, eta ez dio inori utzi nahi. Komunikazio-gaitasun mugatuak eta oldarkortasunak ez diote bereziki errazten sozializazioa, baina moldatzen da. Jolastokian gogokoen duena trizikloa da, eta horren inguruan gatazkak ditu txandak direla eta. Tutorearengana jotzen du bitartekaritza bila, baina ez beti, eta bere gertutasuna asko bilatzen du. Nirekiko interesa du, eta harreman esklusiboa nahi du, ahal duen tinkotasun guztiarekin adieraziz, inolako dudarik egon ez dadin.
Gustuko dut “15”, uste dut ez dela posible bera gustuko ez izatea, baina oso nekagarria izan daiteke bere etengabeko eskakizunak diela eta.

“16” haurra
Gelako txikitxoena da tamainaz. Bere laguntxo taldean ezik, oso isila da, eta taldeko jardueretan parte hartzea kostatzen zaio. Taldearen aurrean hitz egitean lotsatzen da, eta oso tonu baxuan hitz egiten du. Ez da erraza bere komunikazio-gaitasuna behatzea, ez delako asko hitz egiten duen haurra, baina ez du hizketarako arazo fisiko berezirik. Zenbaki eta hizkiei dagokienez, momentuz ez dago gelako aurreratuenen artean. Konturatzen naiz ez dudala nahikoa arretaz behatu. Psikomotrizitateko saioan pareta botatzera korrika irten ez zen bakarra izan zen; nire ustez bere tamaina txikia dela eta, uzkurtu zelako. Jolas motorrean eta sinbolikoan aritu zen, beti bere laguntxoekin. Kolektiban bere lagunen ondoan jartzen da beti, eta jolastokian ere haiekin ibiltzen da. Ez du tutorearengana bereziki jotzen, ez da inoiz liskarretan sartzen, ez du eskaera edo protestarik egiten. Oso erraz despistatzen da, eta kognitiboki esfortzua eskatzen dioten jarduerak ahal badu alde batera uzten ditu. Nirekiko duen interes bakarra komunetik bueltan galtzak lotzeko laguntzea da.
Ez hotz eta ez bero uzten nauen haurra da, oraindik ez diot aurkitu nire interesa piztuko duen zera hori, eta horren bila gehiago saiatu beharko dudala uste dut.

“17” haurra
Arauekin eta autoritatearekin arazo larriak dituen haurra da “17”, eta horixe da beregan deigarriena dena momentu honetan. Tutoreak dioenez, ikasturtearen hasierarik sekulako hobekuntza izan du zentzu horretan, baina oraindik bide luzea du aurretik. “14” eta "15"ekin batera etorkinen semea da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Gaztelaniaz ondo moldatzen da, baina euskararekin orain izan du lehen kontaktua, eta askotan ez ditu esandakoak ulertu ere egiten. Oso oldarkorra da, baita erasokorra ere, eta tutorearekin harremanean etengabe mugen bila dabil. Ikastetxe honetara iritsi aurretik jasanezintzat joa izan dela dirudi, eta ondorioz sudur puntan jartzen zaiona egitera ohitu da. Gelakideekin gatazkak ditu etengabe, bereziki berak bezala komunikazio-gaitasun urria dutenekin (“9”, “15”, “6”). Hizkiekin ia harremanik izan ez duela dirudi, zeren eta bere izena ezagutzen oraintxe ikasi du, eta eredua aurrean izanda idazteko nahikoa lan du. Zenbakiekin badirudi zertxobait gehiago lan egin duela, baina hizkuntzaren oztopoa dela eta ez da erraza jakiten zenbaterainoko aurrerapena egin duen. Marrazketan zirriborroetara jotzen du (zizta egiten duten armiarmak eta horrelakoak), kolore ilunetan. Toki nahiko finkoa du leiho inguruko taldetxoarekin. Etengabe eteten du gelako dinamika, eta tutoreak azalpen luzeak ematen dituenean deskonektatzen du, segur aski ulertzen ez duelako. Bestelako jardueretan ere oso erraz despistatzen da. Tentsioak eta beldurrak gobernatutako haurra dirudi, bere bizitzan egonkortasun urria duena. Alderi psikomotorrean garapen egokia du, baina bere oldarkortasuna kontrolatzea ezinezkoa egin zitzaion psikomotrizitateko saioan, eta zigortua izan ondoren guztiengandik aparte gordeleku bat eraiki zuen, bere energia guztia eusteko nahian edo. Nire ustez, egindako bihurrikeriak eginda ere tutorea beti hor dagoela ikusteak, irmo baina goxo, lasaitasuna eta konfiantza ematen dio. Jolastokian beti trizikloarekin egon nahi du, eta txandekin arazoak ditu. Beraz, ez du ia beste haurrekin jolasten. Ez da zuzenean tutorearengana joaten, baina beti bilatzen du hura jokabidearen mugak ezarri diezazkion. Lehen egunetan ez zuen nirekiko inolako interesik, gelako hierarkian nik tokirik ez dudalako, eta bere interes osoa hierarkia horren buruarengan duelako, tutorea, alegia. Etiketatua izateko arrisku larria duen haurra iruditzen zait.
Nire izaera pertsonala dela eta, txikitatik ardi galduen teresita-de-jesus izan naizelako, gustuko dut. Hala ere, iruditzen zait oso zaila izango zela “17” gustuko izatea tutoreari egin dizkion gauzak (iraindu, txistua bota) egin izan balizkit. Gustuko dut berarekin egotea, ez dut saihesten eta ez dit beldurrik ematen.

Ariketa honen inguruan oraingoz aipagarrien iruditzen zaizkidan ondorioak hauek dira:

  1. Pertsonen inguruko (aurre)iritziak zeinen azkar eraikitzen ditugun konturatzeko balio azpimarragarria du ariketak. Gezurra dirudi zenbateraino epaitu ditudan haurrak hiru egunez soilik gelan egon eta gero. (Aurre)iritzi horiek zalantzan jartzeko balio behar du tresnak, ezinbestean.
  2. Haur bakoitzak norberarengan sortzen dituen iritzi eta emozioez jabetzeko tresna oso egokia da. Irakasle izatean beti aplikatuko dudala iruditzen zait. Hau da, iritzi eta emozioak sortzea ekidinezina da, baina espero dut ariketak irakatsiko didala posible dela emozio eta pentsamendu horiek modu kontzientean aztertzen eta moldatzen.
  3. Ariketa idatziz egitea behar-beharrezkoa iruditzen zait, hortxe baitago emozio eta pentsamendu horiek moldatzen joateko lehen galbahea. Nire kasuan, erabaki nuen idatzitakoak haur horiek hemendik urte batzuetara hitz hauek aurkituko balituzte, edo haien gurasoek aurkituko balituzte, iraingarri edo mingarri suertatuko ez liratekeen moduan idatzita egon behar zutela, hau da, errespetutik idatzita. Horrela egiteak egokiak ez diren pentsamenduak uxatzen ditu, eta hori ona da, pentsamendu horietatik ez baita inoiz ezer ona etorriko, ez ikaslearentzat, ezta irakaslearentzat ere.
  4. Ariketa egitea erabakitzeak, bere horretan badu eragin positiboa haur bakoitzari ematen zaion arretan. Haur bakoitzaren inguruko zerbait idatziko dela erabakitzean, nahigabe saiatzen zara haur guztiak behatzen.
  5. Lerroen kopuruari begiratu besterik ez dago interes gehien zein haurrek piztu duten jakiteko. Beraz, termometro ona da norberaren interesak eta kidetasunak agerian jartzeko, aurrerago horien inguruan bakoitzak erabakitzen duenaren arabera ekiteko.
  6. Iruditzen zait ariketa honetan inoiz ahaztu behar ez den zerbait badela: norberaren pentsamenduak eta emozioen jatorri eta zergatiak "janzten" saiatu arren, nik hemen egin dudan bezala, argi izan behar dugu gure pentsamendu eta emozioak GUREAK direla, eta ez beste inorenak. Hau da, guk sortuak direla, eta gure esku dagoela horiek aldatzea. Ezin dizkiegu gure emozio eta pentsamenduak haurren ezaugarriei egotzi.

Practicum, egunkaria: bigarren astearen hasiera


Aste honetan behaketaren fokua irakaslea eta ikasleen arteko harremanetan jarri behar dugu. Ikasleek irakaslearekiko harremanean nola eragiten duten azaltzeko autobehaketako ariketa erabiliko dut, ia bukatua dudana, eta amaitzean blogean jarriko dut.

Orain, labur-labur, atzoko egunean atentzioa gehien deitu zidaten kontuak aipatuko ditut, gaiaren gainean. Lehenik, nire tutoreak haurrekin duen harremanean deigarriena iruditzen zaidana hauxe da: haurraren izaera eta beharrei moldatzen duela irakasleak bere jokabidea. Beraz, ez ditu haur guztiak berdin tratatzen, bakoitzarengan behar desbedinak sumatzen dituelako.

Bestetik, haur zehatz batek harrekiko harremanerako sekulako erronka suposatzen du. Ikastetxean hasi berria da, eta bere jokabidea izugarri bihurria zen hasieran (irakaslea iraindu eta aurpegira txistuka egiten zion, adibidez). Orain zerbait hobetu da bere jokabidea, baina iruditzen zait batzuetan irakasleak egoerari dagokiona baino gogorrago egiten diola, nolabait duela hilabete zen umea ahaztu izan ez balu bezala. Nola lortu dezake irakasleak hain zaila den haur baten hobekuntza gradualera bere jokaera gradualki aldatzen joatea ere? Hau da, nola lortu hain iraingarria den tratu horrek hortik aurrerako harremana ez baldintzatzea, edo norabide negatiboan ez baldintzatzea, behintzat?

2012/10/28

Practicum, egunkaria: ostiraleko behaketa eta asteko ondorioak


Ostiralean egun horretan behatutakoa jasotzerik izan ez nuenez, sarrera bakarrean egun horretakoa eta aste guztiko ondorioak bilduko ditut. Azkenean, erabaki dut practicuma lanaldi erdian egin arren (astean hirutan joaten naiz ikastetxera, eta ia eguberriak arte joaten jarraituko dut), behaketaren emaitzak beste gelakideek bezala jasoko ditudala, Pellok emandako gidalerroak eta epeak jarraituz, posible ikusten baitut kualitatiboki hiru egunetan bostetan behatuko nukeenaren parekoa jasotzea.

Astean zehar baimena eskatu nuen, eta ostiralean jangelan geratu nintzen bazkalorduan, gelatik kanpo eta tutorearen eskutik at ematen den jarduera hori behatzeko jakin-mina nuelako. Nire aurreiritziak nahiko negatiboak zirenez, esperientziaren balorazioa positiboa izan zen. Egia da haurrak geletatik biltzeko orduan haurrei garrasiren bat erabiliz isil zitezela eskatzea ez zitzaidala egokiena iruditu, baina orokorrean antolaketa oso ondo iruditu zitzaidan. Gela bakoitzak badu jangelako langile bat (bi urtekoentzat gelako bi langile), bertara etorri eta haurrek eskuak garbitu eta mantala jartzen dutela ziurtatu ondoren, taldea jangelara eramaten duena. Lau urtekoen bi gelak jangelara iristerako, bi eta hiru urtekoek bazkaltzen bukatu zutenez, ez zen zalaparta handirik sortu. Gela bakoitza mahai luze batean esertzen da, eta jangelako langile berarekin daude denbora guztian. Autonomia sustatzen da, laguntza behar den neurrian emanez, eta haurren erritmoak errespetatzen dira; nahiko patxadan jaten dute. Espazioa bera ez dago gaizki, nahiz eta erdisotoan kokaturik egoteak aireztapena eta argiztapen naturala mugatu. Jangelaren sarrera bakarra kanpotik eginda ekartzen den janaria prestatzeko eta ontziak garbitzeko erabiltzen den zonaldean dago, eta janarien manipulazioaren ikuspuntutik eta haurren segurtasunaren ikuspuntutik hori ez da egokiena, baina bertan sukaldatzen ez denez, ez da arazo larria. Uste dut jangela beste jarduera batzuetarako ere erabiltzen dela (eskolak hasi aurretik eta ondoren ordu betez haurtzaindegi zerbitzua emateko, baina ez nago erabat ziur), eta hori ere seguraski ez da egoerarik egokiena janarien manipulazioari dagokionean. Janariarekin harremana gelan ere lantzen denez, hamaiketakoaren orduan (baita proiektu edo unitate didaktiko espezifikoetan ere), suposatzen dut aukerak badaudela tutoreak janariaren hezkuntzaren gainean esku hartzeko.

Ostiralean lehen astearen barruan bukatu nahi nuen beste zerbait egiteko ere aprobetxatu nuen: ikastetxearen Haur Hezkuntzako egoitza horretan (beste auzo batean bigarren bat dago) lan egiten dutenen zerrenda-organigrama osatzea. Oraindik izen bakar batzuei ez diet aurpegirik jarri, baina laster egingo dut.

Ostiralean practicumaren behaketarekin harreman zuzena ez duen, baina oso garrantzitsua den beste gai batean sakotzeko aukera izan nuen: gradua bukatzean lanerako aukerak. Lau urteko beste gelako tutorea aste honetan bertan lanean hasi denez, eta ordezkapenak eginez lanean diharduten irakasle laguntzaile pare bat daudenez, asko ikasi ahal izan dut gradua bukatzean aurki dezakedan panoramaren inguruan.

Asteko ondorioen atalari ekingo diot. Lehendabizi, esan beharra daukat egunerokoan behatutakoaren zati txiki bat baino ez naizela jasotzen ari, eta hori dela eta, agian irudituko duela ondorioren batek oinarria faltan duela, baina uste dut behaketen inguruan gehiago idaztea astunegi litzatekeela (bereziki Pellok irakurri behar baditu), eta denbora gehiegi eramango lidakeela.

Hasteko, practicuma lanaldi erdian egiteari buruz balorazio oso positiboa egiten dut, aurretik kontrakoa pentsatzen nuen arren. Practicuma egiten arituko naizen asteetan nire egutegia oso korapilatsua izango da unibertsitatera noan asteekin konparatuz; astero ez naiz egun beretan joango ikastetxera (alde batetik nire laneko betebeharrak direla eta, eta bestetik ikastetxeko jarduera ezberdinak behatu nahi ditudalako), eta goizetan ikastetxera joan aurretik eta arratsaldetan irten ondoren lan egin beharko dut. Hala ere, abantaila handia aurkitzen diot practicuma denboran luzatzeari: ikastetxera ez noan egunetan behatutakoa "liseritzeko" aukera ematen dit, eta iruditzen zait etekin hobea aterako diodala esperientziari.

Aste honetan behaketaren fokua testuinguru orokorrean jarri dugu. Astearen hasieran idatzi nuen zerrenda luzetik, uste dut zuzendaritzaren inguruan galdetzea/behatzea falta zaidala bakarrik; beste gauza guztien inguruan oinarrizko ezagutza biltzeko gai izan naiz. Beraz, oso ondo aritu naizela uste dut.

Atentzioa deitu didan alderdi bat malgutasuna izan da, gelako jardueren antolaketari dagokionean. Aste honetan ikasi ahal izan dut badirela ikastetxeak non Urtxintxa hartu eta jardueraz jarduera aplikatzen den, irakaslearen lana plangintza zorrotzera mugatuz. Nire ikastetxean ez da horrela lan egiten inondik inora. Ez dut zuzenean behatzeko aukerarik izan, baina azaldu didate alderdi pedagogikoaren eta antolaketaren koordinazioaren arduradunak badirela, eta astean behin edo biltzen direla tutoreak horiek lantzeko. Beraz, malgutasuna dago, baina "desmadrerik" ez. Espazioen erabilera, bereziki komunean erabiltzen direnena, ezinbestean oso ondo planifikatzen da, baina gelako jardueretan malgutasun zabala aplikatzen du nire tutoreak. Gai horri lotuta, beste bat: tutore guztiak, lau urteko beste gelakoa ezik, ikastetxean urte luzez lanean dabiltza, eta eskarmentu handikoak dira. Didaktikari eta pedagogiari dagokionez malgutasunak emaitza onak emateko iruditzen zait oso garrantzitsua dela tutore onak edukitzea, eskarmentu handikoak, eta taldea egonkorra izatea. Horrela ez bada, hobe da antolaketa zurrunxeagoa izatea. Horrexegatik, iruditzen zait ikasketak amaitu berritan hobe izango dela dena oso ondo antolatzea, eta denborarekin erlajatzen joatea, irakaslea izaten ikasi ahala (horrek beste galdera batera narama, beste baterako utzi beharko dudana: noiz bihurtzen da bat irakasle?). Inprobisatzen ikasteko, aurretik gidatutako lan asko egin behar dela, alegia.

Nire ikastetxean aplikatzen den malgutasun horri arrisku pare bat baino ez dizkiot ikusten: baja baten ondorioz edo ordezkapen bat egitera norbait datorrenean pixka bat galduta senti daiteke, segun eta nolakoa den; eta adinari dagokionez tutore taldearen konposaketa kontuan izanda, oraindik denboran urrun dagoen arren, taldearen berrikuntza ez da oso graduala izango, eta egungo lan kultura transmititzeko neurriak beharrezkoak izango dira (edo, nork daki, agian kultura aldatzeko aukera sortuko da).

Gurasoen partaidetzaren inguruan ez dut ezer aipatu egunerokoan orain arte. Laburbilduz, taldekako bilera bat egiten da ikastaroaren hasieran, eta bakarkako bilera bi (bata hasieran, eta bestea amaieran). Hori tutoreak aplikatzen duen minimoa da, baina sarrera eta irteerako tarteak erabiltzen ditu kezka bereziren bat sortzen dioten haurren gurasoekin egoteko, eta aste honetan bertan ikusi dut lana bukatu ondoren ordu erdi luzez ama batekin hizketan. Horrez gain, gurasoek ikastetxeko antolaketa-organoetan hartzen dute parte, eta agiri batean ikusi dudanez, aurtengorako behar ziren 7 postuak boluntarioki aurkeztu diren gurasoekin bete dira. Blogean askotan aipatu dut ni oso partaidetza zalea naizela, hezkuntza komunitateak eta antzekoak oso gustuko ditudala. Agian pasatu beharreko elgorria da, besterik ez, baina oraingoz nire horretan jarraitzen dut. Badakit gurasoak eskolako jardueretan zuzenean inplikatzea zaila dela, badakit parte hartu nahiko dutenak agian irakasleak azken aukeratuko lituzkeenak izango direla, badakit horrek konplexutasuna areagotu egiten duela, badakit parte hartzearen atea irekitzean Pandoraren kutxa irekitzeko arriskua dagoela, ezin baitira betebeharrak soilik partekatu, eskubideak alde batera utziz. Baina, hala ere, prozesua ondo kudeatzen ikasten bada (eragile guztien ikaskuntza da hori, balioa bidean duena, eta ez horrenbeste emaitzan), iruditzen zait hezkuntza beste dimentsio batean sartzen dela ohikoa denarekin alderatuz. Beste practicum baterako utzi beharko dut elgorri hori, ea kutsatu ondoren orain bezain positiboa ikusten jarraitzen dudan.

Nire ikastetxearen kokapen fisikoari dagokionez, kokapena pribilegiatua iruditzen zait haurrekin kalean lan gehiago egiteko, oinezkoentzako bakarrik diren kaleak dituelako inguruan, eta parke handi bat parean. Auzora gehiago irekitzeko aukera paregabea duela iruditzen zait, eta ikusi eta galdetu dudanez ez da bereziki erabiltzen baliabide hori, besteak beste giza-baliabideen eskasia dela eta, talde oso bat irakasle bakar batekin ateratzea korapilatsua delako.

Azkenik, testuinguruarekin loturarik ez du, baina bai asteko esperientziekin: sexualitatearen hezkuntza Haur Hezkuntzan. Aurreko sarreran aipatzen nuen Monsieur Lazhar izeneko filma ikusi genuela aurreko astean, eta heriotzaren tabuaren inguruan eztabaidatu genuen, baita haurrekin kontaktu fisikoa tabu bihurtzen ari dela. Baina gaia hori baino zabalagoa da. Eta zer ikasiko dugu graduan pertsonen bizitzan hain garrantzitsua den arlo horren inguruan? Orain arte oso gutxi landu dugu, eta generoari buruzko gaiak izan dira gehienbat. Psikologian, adibidez, ez dugu landu oraindik (edipo/elektra konplexuak ezik). Aurreko ikasturtean gaiaren inguruko argitalpen hau kontsultatu nuen, baina aste honetan sortu diren egoera pare baten harira, oso hankamotz geratzen zait. Gai hau tabua al da gure prestakuntzan? Ba, horrela bada ezingo dugu ba sexualitatea bere osotasunean bizi ahal izango duten pertsonak hezten lagundu, ezta?

Azken galdera deseroso bat, ostiralean jolasorduan irakasle batek gainezka egiten zuela ikusi ostean: nork eta nola erabakitzen du irakasle bat tutore lanetan aritzeko moduko egoeran dagoela?

2012/10/25

zid_ia?_6

Sarrera hau aukeran berandu dator, baina joan den astebukaeran ez zidan idazteko denborarik eman, eta astean zehar lanpeturik ibili naiz ere.

Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian, aurreko astean filma bat lantzen aritu ginen, Monsieur Lazhar izenekoa. Hemen trailerra:

Ikastetxearen antolakuntzarekin erlazionatutako sei osagaiak aztertu behar genituen filmean (helburuak, baliabideak, egitura, teknologia, kultura eta ingurunea), eta talde txikietan eztabaidatutakoa talde handian partekatu genuen ere.

Filmak Quebec-era iristen den gizonezko algeriarra aurkezten digu, lehen hezkuntzako gela batean irakasleak bere buruaz beste egin ondoren bertako irakasle bihurtzen dena. Filmak gai ezberdinak lantzen ditu: emigrazioa eta horri lotutako deserrotzea, heriotza eta horren bizipena, giza harremanak, eta hezkuntza. Bide batez, beste filma bat burura ekarri zidala esango dut, joan den ikasturtean Aitzpeari esker Irakasle Funtzioan ikusi genuena: Children full of life. Lehen hezkuntzako irakasle bat aurkezten digu beste filma horrek ere, gizonezkoa ere, eta besteak beste heriotzaren gaia lantzen da. Hemen dago ikusgai:


Hezkuntzari dagokionez, gelako eztabaidan gai asko aipatu genituen: eskola tradizionala eta egungoaren arteko talka, Bashir Lazhar iristearekin azaleratzen dena, gelaren antolaketan edo jardueretan oso nabarmena dena; heriotza curriculum ausentean dagoela, eta horren aurrean izan beharko litzatekeen jarrera; irakasleen eta ikasleen artean kontaktu fisikoaren aurkako presio nabaria; ekintza pribatuen esparruan (erlijioa, gizalegea, sexualitatea, etab.) familia eta eskolaren arteko talka; ikastetxeen baliabide-eskasia...

Filmak beste galdera batzuk jartzen ditu mahai gainean: nola uztartu gizarte estereotipatuak gizonezkoei inposatzen dizkien hainbat ezaugarri ikasleekiko gertutasuna lortzearekin? zein da gizonezkoen tokia "feminokrazia" nagusitzen den hezkuntzan?

Ondorio gisa, bi gauzekin geratzen naiz: 
  • Itxuraz, Lazhar zurruna da eta bere metodoak ez daude modan, baina filmak erakusten digu azalekoa baino ez dela zurruntasun hori. Funtsean, Lazhar-ena hezkuntza pertsonalizatua da, garapen osoa eta orekatua bilatzen duena, eta heziketa emozionala bereziki lantzen du; beraz, oso "modernoa" da oinarrian, formetan bere haurtzaroan jaso zuen eredura jotzen badu ere. Horrek erakusten digu irakaslearen helburuak baliabideen eta egituraren gainetik daudela, eta posible dela antigoaleko moduakerabiliz moderno izatea (baita kontrakoa ere!).
  • Lazhar-en ikasle kuttunak dio: "nire ikastola oso polita da, nirea delako" (ikastola hitzaren tokian familia, lagunak, lana, bizitza... jar genitzake). Azken batean, hori da axola duena Lazhar-en ustez, eta ikastetxe horretan baliabide-eskasia gainditzen duen giza-harremanen kalitatearen bitartez lortzen da. Hala ere, ezin da ahaztu baliabideek bidea asko errazten dutela, noski.

2012/10/24

Practicum I, egunkaria: biharamonarekin

Atzo nire lehen eguna izan zen, eta eguna bukatzean nire tutoreak galdetu zidan ea nekaturik ote nengoen. Momentuan ezetz esan nion, horrela iruditu zitzaidalako, baina iluntzean konturatu nintzen sekulako burukomina nuela, tentsioari lotzen zaion horietakoa, eta leher eginda nengoela. Ez da harritzekoa, haurrek eskolako lehen egunaren antzekoa izan nuen eta; estimuluen gaindosia. Eta gaur biharamonarekin esnatu naiz, goizeko seirak baino lehen, gelako egoerak buruan nituela. Espero dut normaltzen joango naizela, bestela practicuma arrastaka bukatuko dut eta! Hori bai, niretzat sekulako lorpena den zerbait lortu nuen: haurren hemeretzi izenak ikasi nituen, eta heldu mordoxka batenak ere.

Berandu denez, gaurko behaketaren inguruan gauza gutxi batzuk aipatuko ditut. Alderdi positiboan, testuinguru orokorrari buruz ari garenez, deigarria iruditu zait nire ikastetxean Haur Hezkuntzako irakaslegoaren egonkortasun-maila: egoitza bana du ikastetxeak bi auzotan, eta bakoitzean bi lerro. Ba, bitik bost urtera doazen geletan dauden hamasei irakasleetatik, hamabosten lanpostuak finkoak dira. Derrigorrez nabaritu behar da hori koordinazioan, irizpide eta helburuen garapean, eta informazioaren elkartrukaketan. Errazagoa da haurrentzat inguru segurua sortzea inguru hori egonkorra bada (egonkortasuna soilik nahikoa ez bada ere). Bestetik, eta agian ez du harreman zuzenik aste honetako behaketa-gaiarekin, baina izugarri gustukoa izan dut tutoreak arratsaldean gelan sortu duen momentu bat. Umeetako baten urtebetetzea zela eta, beste guztiek (guztiok esan beharko nuke, ni ere gonbidatu nautelako ariketa egitera) marrazki bat egin diote, eta irakasleak enkoadernatu egin du beretzat opari gisa etxera eramateko. Eguneko momentutxoa irakasleak kontu handiz eta tempoa maisuki maneiatuz poliki-poliki marrazkien bilduma pinotxo paperean goxoki erraldoi bat bailitzan bildu duenean sortu du; segundu luze batzuz hamazazpi haurrek arnasa eutsi dute, magia saio batean izango balira bezala.

Haurrek marrazkia egitera gonbidatu nautela aipatu dut, eta horrek gelan dudan estatusa aztertzera narama. Praktiketako ikasle bezala, ni linboan nago; ez naiz irakasle (beno, batzuk andereño deitzen didate, baina tutorea bere eserlekutik joaten bada, kolektiban gutxinaka kaosa hazten doa, nik hori gelditzeko inolako indarrik ez dudala), eta ez naiz haur (baina haien artean esertzen naiz, oraingoz behintzat). Autoritaterik ez dut (ez daukat hori lantzeko behar larririk, uste dut), baina horrek bestelako gertutasuna ematen dit umeekiko, eta horri probetxu ateratzen ari naiz.

Alderdi negatiboan, atzo denbora aipatu banuen, gaur espazioari tokatzen zaio. Egia da espazio gehiegi izatea, bereziki biltegi gisa erabiltzekoa bada, arazo bihur daitekeela, erabiltzen ez diren gauza mordoa pilatzeko erabilia bada. Baina espazio-eskasia ez da ona ere. Nire ikastetxean irakasleen lan pertsonalerako espazioa oso urria da (ia batere ez), eta gelan gauzak gordetzeko espazioa mugatua da ere (gaur altuera handian dagoen apal batetik material astuna jaisten ibili gara, eta beldur nintzen ez ote zitzaigun zerbait eroriko). Baina daukatenarekin oso ondo moldatzen dira, esan beharra dago.

Bukatzeko, atzo ez nuen aipatu, baina practicumaren barruan autobehaketako ariketa txiki bat egitea erabaki dut, eta blogean jasoko ditut horren emaitzak. Zehazki, Hik Hasi aldizkarian argitaratutako ariketa da, gelako haurrek norberan sortzen dituzten pentsamendu eta emozioei buruzkoa, eta horiei lotuta haiekin ezartzen den harremanari buruzkoa. Joan den urtean Hezkuntzaren Psikologian aipatu ziguten, eta nire gelakide batzuk goi mailako moduluko ikasketen praktiketan aplikatu zuten, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan galdera honekin erlazionaturik: nola egiten du irakasle batek gustuko ez duen haur batentzat bera izan daitekeen irakaslerik hoberena izateko?

2012/10/23

Practicum I, egunkaria: lehen eguneko murgilketa

Gaur izan da nire lehen eguna ikastetxean; 19 ume dituen 4 urteko gelan, hain zuzen ere. Nahita ez dut aurretik planifikatu gaur egin beharrekoa, nahiago nuelako zetorkidanari irekia egotea, aurretik erabakitako zerrenda bateko aldagaiak bilatzen ibiltzea baino. Azken horretarako tartea aterako dut ere, noski, baina lehen egunak lasaixeago hartu nahi nituzke. Hala ere, gaur nire paper guztiekin joan naiz eskolara, haurrak lehen egunean haien panpinekin joaten diren bezalaxe, baina ez ditut atera.

Pellok proposatu digunaren arabera, testuinguru orokorraren behaketarekin hasi behar dugu (astebetez edo). Behaketa hasi aurretik behatu beharreko aldagai edo alderdien zerrenda bat idatzi behar dugu, eta hortik abiatuta egunero egindako behaketaren alderdi positibo edo interesgarrienak, negatiboenak edo gustuko izan ez ditugunak, eta ideia berriak edo hausnarketak idatzi behar ditugu egunerokoan. Testuinguru orokorra behaketa amaitzean, ondorio nagusi batzuk adierazi behar ditugu. Dinamika bera aplikatuko dugu beste lau gai behatzeko eta aztertzeko: irakasle-ikasle harremanak, ikasle-ikasle harremanak, metodologia (irakaskuntzaren ikuspegitik) eta metodologia (ikaskuntzaren ikuspegitik).

Beraz, lehendabizi testuinguru orokorrari buruz behatu beharrekoen zerrenda prestatuko dut, Practicum Ierako eman diguten gidatik abiatuta. Oraingoz bururatu zaidan zerrenda hauxe da:
  • Auzoaren ezaugarri sozioekonomiko eta kultural orokorrak (biztanle kopurua, biztanlea adinaren arabera, familien tamaina, jarduera ekonomikoak, langabezia-tasa, etxebizitzen salneurria, euskararen erabilera etxean...)
  • Ikastetxearen kokapena, eta haurrak bertara iristeko moduak.
  • Ikastetxea inguratzen duten eraikin eta kaleen ezaugarriak (erabilerak, trafikoa, espazio irekiak eta gune berdeak...).
  • Eraikinaren ezaugarriak: solairu kopurua, espazioen banaketa, irisgarritasuna, erosotasuna (argiztapena, aireztapena, beroketa...).
  • Jolastokiaren ezaugarriak: tamaina, jolaserako materialak, zoladurak, estalkia, elementu naturalak...
  • Ikastetxearen ezaugarri orokorrak: izaera publiko/pribatua, mailak, lerro kopurua, egoitzak/guneak, hizkuntz eredua...
  • Zerbitzu osagarriak (garraioa, jangela, eskolaz kanpoko jarduerak, laguntza eta bekak...).
  • Haur Hezkuntzako etaparen antolaketa orokorra: Ikastetxeko Proiektua
  • Haur Hezkuntzako etapan hezkuntza formalaren giza-baliabideak eta horien antolaketa: zuzendaritza, tutoreak, irakasle laguntzaileak, espezialistak, koordinatzaileak, aholkulariak... Koordinaziorako mekanismoak, prestakuntzazko jarduerak, elkartrukatze eta kolaboraziorako jarduerak, ordezkapenen antolaketa eta irakasle berriei harrera...
  • Bestelako giza-baliabideak: jangelakoak, eskolaz kanpoko jardueretakoak, atezaintzakoak, garbiketakoak...
  • Gurasoen parte-hartzea eta haiekin harremana: gelako gurasoekin taldekako bilerak, banakako bilerak, harreran eta agurtzean harreman informalak, idatzizko oharrak, gurasoen antolaketa ereduak, gurasoen partaidetza formala eskolan, gurasoen partaidetza informala gelan...
  • Gelaren antolaketa espaziala eta denborazkoa: egutegia, eguneroko errutinak, txokoen kopurua eta antolaketa...
  • Gelako baliabide materialak eta funtzionalak: materialen bildumak (kokapena eta eskuratzea), materialen mantenua, IKTetako baliabideak, materialak noiz atera/aldatzen diren, materialak gordetzeko tokiak eta prozedurak, hondakinen kudeaketa gelan...
  • Tutorearen antolaketa didaktikoa: programazioa eta unitate didaktikoen diseinua, didaktikaren antolaketarako denbora eta espazioak, pedagogia eta didaktikarako baliabideak eta elkarlana...

Egia esan, zerrenda luze samarra da. Ikastetxearen testuinguru fisikotik hasita gelaren antolaketa orokorrera doazen hainbat alderdi iruditzen zaizkit garrantzitsuak ikastetxeari buruzko ideia orokor bat izateko, baina zerrenda luzeegia iruditzen zait alderdi bakoitzean sakoneko behaketa egiteko. Hala ere, egia da lehen egun honetan jada zerrendako alderdi askoren inguruko informazioa jaso dudala; agian ez izugarrizko zehaztasun mailarekin, baina bai ideia orokor bat izateko modukoa.

Gaur behatutakoen artean interesgarri eta positiboena haurrak berak izan dira, dudarik gabe. Oso harrera ona egin didate, tutoreak bezala, eta haiekin eroso sentitu naiz erabat. Eguna oso motz egin zait! Gaurko finkatua nuen helburua haur guztiekin lehen kontaktua egitea zen, guztiekin hitz egitea, eta haien izenak ikastea, eta bete dut (beno, badugu haur bat helduekin hitzik egiten ez duena, baina hori beste kontu bat da). Goizean txokoetan egon diren bitartean banaka egon naiz tartetxo batez bakoitzarekin, eta horrez gain egunean zehar eskaini dizkidaten elkarrekintzarako aukerak probestu ditut, noski. Haur gehienak irekiak dira eta segituan hartu dute konfiantza nirekin, baina beste batzuk oraindik "koarentenan" utzi naute, normala den bezala. Gela bera atsegina iruditu zait ere, orokorrean gauzak haurren tamainara egokituta daude, eta horrek haien autonomia errazten du (ura edateko orduan, materiala atera eta gordetzeko orduan).

Aderdi negatiboak, edo oztopoak ondoko gaietan ikusi ditut: lau urteko gelako beste tutorea atzo hasi zen lanean, orain artekoak baja hartu ondoren, eta aukera izan dut ikusteko ez dagoela baliabiderik pertsona berri horri informazioa emateko eta behar bezalako harrera egiteko. Eskerrak aurretik ere ikastetxean lanean izana dela, eta urteetako eskarmentua duela, baina nola demontre moldatuko dira lehen aldiz ordezkapen bat egitera doazen irakasleak? Suposatzen dut practicumek horretarako balioko dutela, besteak beste. 

Oztopo gehiago: tutoreak egunean zehar pentsatzeko astirik ez du, eta egiteko ere ozta-ozta. Lan pertsonalerako ordu gutxi daude egutegian, beste tutorearekin gaiak prestatzeko orduak urriak dira ere, eta guzti hori espero nuen. Gaur sorpresa handixeagoa eraman dut "lanerako" dagoen denbora mugatuarekin: haur guztiak ordu berean iristen ez direnez, hasierako kolektiba hasterako minutu batzuk igarotzen dira, ondoren ingelesa izan dute ordu erdiz, gero txokoetan aritu dira tarte luze batez, jolastokira irten gara ondoren, eta hortik bueltan bazkal ordura arte jarduera bat hasteko denbora besterik ez da egon. Bazkalondoan psikomotrizitateko gelan egon gara, baina hor ere denbora luzea pasa dugu gure gelatik irteteko prestatzen, eta saioa ez da hain luzea izan. Tira, iruditu zaidala irakasleak adi-adi egon behar duela sortzen diren egoera ezberdinetan landu nahi dituen gaiak ateratzeko. Hau da, irakasleak garatu nahi dituen jarduerak planifikatzeak baino etekin hobea eman dezakeela gelako ohiko egoeretan helburu horiek nola landu pentsatzeak.



2012/10/21

Komunikazio gaitasunekin jolasean

Orain arte ez dut blogean jaso lauhileko honetan izugarrizko gozamena ematen ari zaidan Komunikazio Gaitasuna II irakasgaia. Egia da praktikan irakasgaia bitan banatu izanari (teoria irakasle batekin lantzen dugu, eta praktikak beste batekin, baina errealitatean banatutako bi irakasgai motz bihurtu dira) abantaila baino desabantaila gehiago ikusten dizkiodala baina, hala ere, oso gustuko dut/ditut. Aurreko ikasturtean Komunikazio Gaitasuna I oso interesgarri iruditu zitzaidan ere.

Haur Hezkuntzako irakaslearen komunikazio gaitasunen inguruan hausnartuz hasi genituen eskolak, eta atal praktikoa horiek lantzera bideratzen ari da bereziki. Azaletik begiratuta, pentsa liteke Haur Hezkuntzan aritzeko irakaslearen komunikazio gaitasuna ez dela gai garrantzitsua; izan ere, adin horietan haurrak hizketan hasi berriak dira, eta hizkuntza idatziari dagokionez, gure gizartean "benetan" balio duena, etaparen bukaeran hastapenak baino ez dira lantzen. Beraz, zer inporta dio irakasleak hobetoxeago edo okerxeago hitz egiten badu?

Ba, ikasi dugunaren arabera, berebiziko garrantzia du, umeek hizkuntza orokorretik zehatzera garatzen dutelako. Haur Hezkuntzaren ondoren etorriko diren etapetan hizkuntzaren inguruko trebetasun eta konpetentzia zehatzagoak behar bezala garatu ahal izateko, Haur Hezkuntzako etapan zehar lortzen duten hizkuntzaren ezagutza globalak egokia behar du izan, eta irakasleak ardura galanta dauka horren garapenean.

Bestetik, denbora dezente eman dugu ahozko hizkuntza lantzen, behar bezalako arreta jasotzen ez duen beste alderdi bat; irauteko jaiotzen ez denez (idatzizkoa ez bezala), zergatik kezkatu ahozkotasunaz, ezta? Ba, jesus, horretan aditu direnek sekulako mamia ateratzen diote gaiari, eta prosodiaren garrantziaz ohartzeko aukera izan dugu.

Landutako beste gai bat euskarari buruzkoa da baina, egia esan, beste edozein hizkuntzari aplika dakioke: euskara batuaren eta euskalkien erabilera eta horiei egin beharko litzaiekeen tokia Haur Hezkuntzan (eta gure bizitzan, orokorrean). Gai horrekin bai ari naizela gozatzen! Benetako aurkikuntza suposatu du niretzat hizkuntzalaritzan gai hori lantzen ari direla jakiteak, eta aztertu ditugun proposamenak erabat bat datoz urteetan izan ditudan kezkekin.

Ulertu dudanaren arabera, eta agian urrunegi noa nire interpretazioan, euskara batuak euskalkiekiko izan duen eragina nolabait konparagarria da erderei euskararekiko egozten zaienarekin, bereziki batua ahozko erregistroetara iragan eta barietate berriak sortzen hasi delako. Bestetik, 60ko hamarkadatik hona euskara bateratzeko ahaleginak indar handiz bultzatu dira (eta horrela behar omen zuten, euskarak iraungo bazuen) eta, jakina, zail samarra da bateratzeari kementsu ekitea bidean aniztasuna galdu gabe. Eta euskarak bazuen (oraindik ere, ba al du?) egundoko aniztasuna eta aberastasuna, neurri handi batean euskalkiei esker. Orain, euskara batua ia eraikita dagoenez, badirudi indarrak aniztasun eta aberastasunari eustera bideratu beharko genituzkeela.

Hizkuntzalaritzaz pitzik jakin gabe ikasitakoak dira guzti hauek, irakasgaian eman zaizkigun irakurgaietako batzuetan nahiko galduta ibili ondoren eraikitakoak, eta hortxe ikusten diot koska gaiari: graduan ez dugula gaia nahikoa landuko irakasle izatera iristen garenean kanpoko baliabiderik gabe bide horretan modu eraginkorrean lagundu ahal izateko. Interesa piztu zaigu, saiatuko gara, baina horrekin ez da nahikoa izango proposatzen zaizkigun helburuak lortzeko.

Euskalkien inguruan, eta komunikazio gaitasunaren inguruan, urteetan egiten ausartu ez naizen ariketatxo bat egin dut. Lotsa baino, errespetu kontuagatik uste dut ez dudala saiakerarik egin orain arte, eta emaitzak hemen jasoko ditut. Jakina da estandarra edo batua gutako batzuren euskalkitik gertuago dagoela, eta horrek asko errazten digula egunerokoa. Hala ere, behin baino gehiagotan egokitu zait bizkaieraz hitz egiten duen entzulegoari zuzentzea, eta deseroso sentitu naiz haiengana gerturatu ahal ez izateagatik. Bestetik, ariketa gisa, interesgarri iruditu zait beste barietate klasiko batzuetako hiztunek batuan aritzeko egin behar duten esfortzuaz jabetzea, eta hori esperimentatzeko modurik hoberena ez al da ba neroni kontrakoa egiten saiatzea?

Nire burua prestatzearren, ondoko bi iturrietara jo nuen: bizkaierari buruzko Web orri bat, eta Labayru Ikastegiaren argitalpen bat. Prestakuntzarako denbora gutxi izan nuen, eta gainetik irakurri baino ez nituen egin. Hantxe ibili nintzen, "aditzak, zatozte nigana!" nire buruari eskatuz, eta horiek ezetz, ez zutela etortzeko asmorik... Bizkaieraz ari naizenik ezin esan daiteke, baina ariketa gisa arrakastatsu iruditu zitzaidan, batetik bestera igarotzeko zailtasuna ezagutzeko aukera eman zidalako, baita hizkuntzarekin jolasteko ere. Azken batean, hizkuntza beti izan da jolas niretzat, ikastea bera bezala. Helduak garenean badirudi zerbaitetan saiatu eta ondo burutzen ez badugu emaitza okerra dela pentsatu behar dugula. Gehiagotan pentsatu beharko genuke jolasean ari garela, eta horrela ikusita ni "bizkaieraz ariko banintz bezala jolasean" nengoke bideoan, besterik ez, ezta?

2012/10/13

zid_ia?_5


Aste honetan ere astelehenean baino ez genituen eskolak izan Ikastetxearen Antolaketan eta, ondorioz, astea motza izan da. Motza eta gatazkatsua, gainera. Ikasleon grebaren inguruan irakasleei esan beharrekoaren inguruan gatazka izan genuen gelan (edo gatazka sortu nuen esan beharko nuke?), eta aurrerago irakasleetako batekin ere gatazka izan genuen. Bien oinarrian komunikazio arazoak zeudela esan liteke, baina ez hori bakarrik. Bigarrenean esango nuke aurreiritziek pisu handia izan zutela, baita ziurraski aurretik pilatutako tentsioa (bi aldeetan, agian?).

Gatazken harira, aste honetan ezer berririk ikasi ez dudala esan beharra daukat. Ezagunak egiten zaizkit biak, ez dira batere originalak izan.

Gure gelako gatazkaren inguruan, orain arte jaso dudan feed-backaren arabera (batere ez, ni konturatu naizenik, baina agian ez naiz jabetu), uste dut ez joan den ikasturtean, ez oraingoan ere, ez naizela gai izan nire gelakideen jarreran gustuko ez dudana zer den azaltzen (edo agian ondo ulertu didate?). Benetan, niretzat kontuak ez zuen greba egitearekin erlaziorik inondik inora. Gustuko ez dudana gehiengoaren arrabola da, talde txiki batean edozein erabaki hartzeko garaian sistema bakarra erdia gehi bat pertsonen behar/nahiak galdera itxi baten bidez ezagutzea izatea. Erabaki bat hartzeko garaian gehiegoari (batez bestekoari, normala denari) begiratzen zaionean beti dago gutxiengo bat kanpoan geratzen dena, eta gauzak bai/ez moduko galdera itxi baten gainean erabakitzen badira, emaitzak beti sortzen ditu irabazleak eta galtzaileak (eta, okerrena, energia guztiak norbera galtzaileen aldean ez egotera bideratzen dira, irtenbide interesgarriak pentsatzera bideratu beharrean).

Uste dut ni horren aurka hain sutsu aritzearen atzean dagoen arrazoia hezkuntzan aritzeko bidean egotea dela. Hezkuntza-sisteman oso errotua dago gehiengoaren tirania, eta ni ia beti egon naiz banaketa-kurba normalaren bi ertzetan geratzen diren horiei begira (edo horien artean). Ikuspuntu horretatik begiratuta, irakasle gisa, guztientzat abantailatsu den irtenbidea asmatzerik lortzen ez dudanean konformatu beharko naiz gehiengoarentzat balio duen irtenbidearekin, eta porrot moduan biziko dut une hori.

Hala ere, nire indarrak mugatuak direla kontuan izanda, iruditzen zait graduan pragmatikoagoa izaten ikasi behar dudala, eta nire berehalako interesei begiratu. Azken batean, Eskolak ematen dizkigun jai egunez gain nire gelakideek beste batzuk ematen badizkidate, ongi etorriak izan daitezela! Horien beharrean nago, egia esan (uf, eta ikasturtea hasi besterik ez da egin!).

A, eta blogean aipamen berezia merezi du gelako ordezkari izatera eraman nauen nire baldarkeriak. Barkaezina da nire adinean hain baboa izana, hara zer nolako hankasartzea nirea! Erabat ironikoa den egoera. Eta hortxe ikasteke dudan beste gauza bat.

2012/10/07

Arratsalde bat ilobarekin, eta hizkuntzaren funtzioak haurrengan


Aste honetako azken sarrera Practicumari begira (eta bestela ere) duela gutxi izandako esperientzia bati eskainiko diot. Joan den ostiral arratsaldea iloba gazteenarekin (4 urte) egoteko gorde nuen. Ikasturtean zehar nahi baino gutxiago ikusten dut, eta hura ikusteko irrikan nengoen. Normalean, hark nahi duena egiten dugu, batzuetan nik proposamenen bat egiten diodan arren. 

Eskolatik irten eta bere lagunekin jolasten geratu zen atarian. Hantxe bildu ginen bere gelakideen gurasoak eta ni (gehienak bistaz baino ez ditut ezagutzen). Inguruko parke batera joateko asmoa zutela esan zuen batek, eta ilobak ere joan nahi zuenez, hara abiatu ginen. Parkera iristean bere lagunak esan zuen parkea inguratzen duten eraikinetan bizi zen beste lagun baten etxera joan nahi zuela, eta ilobak harekin joan nahi zuela esatean nik erantzun nien berdin zitzaidala, ni ondo moldatuko nintzela haiek gabe, eta topatuko nuela lagunen bat parkean (bost urteko haurra bainintzan, ezta?). Hitza hartu zidaten (haurrak izanik, hizkuntzak funtzio bakarra betetzen du berbaldi bakoitzean haientzat), eta hantxe abiatu ziren beste lagunaren amarekin (noski, ezin ninduen beste baten etxera gonbidatu), segituan jaitsiko zirela esanez. Ordubete luzez izan nintzen toki berean zutik zain. Lagunen batekin egin nuen topo, egia da, eta haurrak behatzen entretenitu nintzen, baina denbora gehiena triste samar igaro nuen; egiteko ditudan gauza guztiak alde batera utzi, eta ilobarekin arratsalde bat antolatu honetarako? Pentsatu nuen ona zela berak nirekin egotea ohikotzat jo eta horrela jokatzea ere, baina horrek ez ninduen gehiegi kontsolatu, egia esan. Beraz, arratsaldeko ikaskuntza horixe izan zen: haurrekin hizkuntza ezin dela erabili esanahi bat baino gehiago adierazteko, argi hitz egin behar zaiela, alegia. Eta merezitakoa jaso nuela, dudarik gabe.

Ikasitakoa ilobarekin partekatu behar nuela iruditu zitzaidan, eta gertatu zitzaidana kontatu nion: bera hortik joan eta ni parkean bakarrik geratzea inporta ez zitzaidala esan banion ere, bera joan zenean konturatu nintzela ez zela horrela, lana eta eskola direla eta berarekin egoteko denbora gutxi dudanez, bera ikusteko gogo handia nuelako. Barkatzeko eskatu zidan parkeko zalditxo baten gainean jolasten zegoela, "zaldian jolasten bukatzen dudanean egingo dizut kaso" esanez.

Nire ikaskuntza prozesuaren mamuak


Ikastetxearen Antolakuntzan eskolako lehen eguneko esperientzia bat hemen jasotzeko nuen oraindik. Davidek Freireren testu bat eman zigun irakurtzeko, eta galdetu zuen ea berari buruz zer genekien. Momentu horretan, aspaldian izan ez dudan sentsazioa izan nuen: glup, sabelean estutasuna, eta "baina ez al zenuen ba hainbeste ikasi joan den ikasturtean, Miren? Eta non dago ba dena?!" buruan. Sentsazio bera gogoratzen dut txikitan biderkatzeko taulak ikasturte batean ikasi eta hurrengoaren hasieran erabat ahaztuta nituela konturatzean. Nire ustez ongi finkatu gabeko ikaskuntzak direlako gertatzen zait hori (Hezkuntzaren Psikologian ez genuen zehazki fenomeno hori landu), eta horregatik ekin diot joan den ikasturteko kaiera eta bloga irakurtzeari, eraikitakoa (?) berreskuratzen saiatzeko. Kontua da sekula ez nintzela gai izan biderkatze taulak buruz ikasteko. Espero dut graduan ikasi beharreko guztiarekin horrelakorik ez gertatzea...

zid_ia?_4


Aste honetan ere ostegunean ezin izan nuen Ikastetxearen Antolakuntzako eskoletara joan eta, beraz, egun bakarrari buruzko gogoeta dut hemen egiteko.

Joan den astelehenean ikastetxearen antolaketaren inguruan hausnartzen jarraitu genuen, talde gero eta jendetsuagoan. Azkenean, gelako kideok bi taldetan adostutako eskemak jaso genituen arbelean, eta Davidek aurreko urteetan ariketa bera egitean beste ikasle batzuk lortutako emaitzak erakutsi zizkigun. Gauza beretsuak bildu genituen, modu desberdinean adierazita, eta horren ondoren gaiaren inguruan pentsatzen jarraituta honela laburbilduko nuke ikasitakoa:

  • Ikastetxearen antolaketan (antolaketa eta antolakuntza gauza bera al dira?) osagai edo elementu ezberdinek hartzen dute parte: pertsonak, erakundeak, baliabide materialak, baliabide teknikoak, baliabide ekonomikoak, baliabide kulturalak eta hainbat zerbitzu (autobusa, jangela, garbiketa, eskolaz kanpoko jarduerak, eta abar). Ikastetxearen antolaketa elementu horien arteko harremanez eta erabilerez arduratzen da, horiek onartuz, sustatuz, edo arautuz, kasu bakoitzean egokien jotzen duenaren arabera.
  • Ikastetxearen antolaketa eta bere hezkuntza helburuak, printzipioak eta irizpideak estuki lotuta daude; nolako helburuak, halako antolaketa eta, alderantziz, antolaketa jakin bat ustezko helburuen alde edo kontra joango da.
  • Ikastetxearen antolaketa bi dimentsio edo planotan ematen da: pertsonei dagokiena bata, eta erakundeei dagokiena bestea. Adibidez, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Saileko ikuskariari harrera egitean bi erakundeen arteko harremanen ordezkariaren rola hartuko dute biek (normalean). Aldiz, gela bereko lagun taldea osatzen duten ikasleen arteko harremana pertsonen arteko eremukoa izango da. Irakaslea bi plano horien artean etengabe mugitzen ariko da: haurrekin pertsonei dagokiena, gurasoekin erakundeen (familia eta eskola) arteko harremanen planoan egongo da batzuetan, baina pertsonen artekora gerturatuko da ere (eta ongi neurtu beharko du zenbateraino horretan murgildu) beste batzuetan, edo beste irakasleekin eta ikastetxeko profesionalekin ere plano bietan ariko da. Beraz, tentuz jokatu beharko du irakasleak eta egoera bakoitzari dagokion planoa zein ote den "irakurtzen" ikasi beharko du.
  • Ikastetxearen antolaketak baditu eskala desberdinak: gelako mikroeskalatik hasita (gehiago jaitsi gaitezke, eta gelaren zatien antolaketaz arduratu beharko da irakaslea, hala nola, txokoen antolaketaz), haurrek egunero erabiltzen dituzten guneen (haurren eskura dauden baliabide materialen) tarteko eskala, ikastetxe osoa orokorrean hartuta sortzen den makroeskala, eta ikastetxearen gune fisikotik at baina bere eragin-esparruaren baitan dagoen guztia (auzoa, herria, Hezkuntza Saila, udala, Berritzegunea, eta abar) barne hartzen duen mega-eskala. Antolaketak guztiak hartu behar ditu kontuan, eta kasu bakoitzean desberdina izango da antolaketa egitearen ardura bere gain hartuko duena, baita ikastetxeak antolaketa ezartzeko izango duen ahalmen-maila ere.
  • Azkenik, joan den ikasturtean irakurritako liburu batean (La práctica de la innovación educativa) atentzioa deitu zidan zerbait: ikastetxeak, erakunde gisa bere ikaskuntza-prozesu propioa garatu ahal izateko moduko antolaketa izan behar du. Hau da, ikastetxeak berak, erakunde bezala hartuta, ikasi behar du, eta bere antolaketak horretan lagundu behar dio. Beraz, ikastetxearen antolaketak, joan den ikasturtean ikasitakoaren arabera, Elliottek proposatzen duen moduan planifikatu-ekin-behatu-hausnartu-berriro planifikatu gisako zikloan oinarritu behar du, ikastetxeak ikasiko badu behintzat.