partaidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
partaidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/04/06

Liburuaren astea, estutasunak eta datorren asteko planak

Pasa den aste honetan liburuaren astea ospatu dugu eskolan. Egunero tutoreak gelaz aldatu dira ipuin bat kontatzeko, egunaren hasieran. Horrez gain, ipuin kontalari bat etorri da goiz batean (tamalez, ni eskolara joan ez naizen egunean), eta eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasle batzuk etorri dira hainbat jarduera burutzera: gelaz-gela bikoteka ipuinak kontatu, Andersenen printzesa eta ilarraren ipuina kamishibai teknikaren bitartez kontatu eta "Nola dastatu ilargia?" ipuina txotxongiloen bidez antzeztu. Gurasoak ere gonbidatzen dira gelara ipuin bat kontatzera etortzeko, baina gurera ez da inor animatu.

Atentzioa eman dit irakasleek orokorrean ez dutela oso gustuko gurasoak eskolara sartzea. Horren bi adibide ikusi ditut aste honetan. Alde batetik, astelehenean bost urteko beste gelako haur baten urtebetetzea zen, eta bere amak argazki bat atera nahi izan zion gelan lagunekin (hori iruditu zitzaidan ulertu nuela, ni gure gelaren barruan bainengoen); tutorea gero etorri zitzaigun kontatzera, arratsaldean kanpoan atera zezala erantzun ziola kontatzera, "guraso hauek, zer pentsatzen dute?" tonuarekin (niri behintzat hori iruditu zitzaidan). Beste adibidea hiru urteko gelako irakasle batek ekarri zuen, liburuaren astean ipuina irakurtzera gurasorik etorriko ez zela espero zuela komentatu zigunean; antzaz, aurreko urtean bat etorri zitzaion adin horretako haurrentzat batere aproposa ez zen ipuin batekin, orduan beste irakasle batek esan zion agian berak lagundu beharko ziela gurasoei ipuinak ondo aukeratzen, eta lehenengoak erantzun zuen horretarako nahiago zuela ez etortzea, lan gutxiago emango ziotelako. Ez ote zion kezkarik eragin bere haurrarentzat ipuin aproposak aukeratzeko gaitasunik gabeko gurasoa ikustea? Erraza da, bada, gurasoei aholkua ematea gai horretan; Bularretik Mintzora egitasmoaren webgunea edo materialak, nahiz egitasmoaren atzean dagoen Galtzagorri Elkartearenak haien eskura jartzea besterik ez da behar eta. Ez dut ulertzen irakasleek gurasoekiko duten ezinikusia; agian oraindik irakasle ez naizelako da. Gurasoen inplikazio faltaz kexu dira, baina ez diete parte hartzen uzten; ez behintzat nola parte hartu aukeratzen uzten, aste jakin batean ipuin bat kontatzera etortzeko ateak irekitzea nire ustez ez baita parte-hartzeko jarduera bat. Baina, tira, parte-hartzeari dagokionean ni nahiko zorrotza naiz; aurretik ere hemen argi utzi dut.

Orokorrean, nire tutoreak liburuaren astearen inguruan duen iritzia ez da oso baikorra. Jarduera asko denbora motzegian egiten direla iruditzen zaio, eta haurrak pixka bat saturatuta bukatzen dutela horrenbeste ipuinekin. Niri ez zait horrelakorik iruditu, eskolara joan naizen egunetan behintzat; haurrek pozik entzun dituzte ipuinak eta oso gustukoak izan dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek prestatutako jarduerak. Egunero ipuin bat kontatzearen aldeko naiz eta, hortaz, ipuinaren astea ikasturte osora zabalduko nuke nik, dudarik gabe.

Hori guztiaz gain, astean zehar hasi gara estutasuna nabaritzen, datorren astea oporren aurretik azkena delako. Haurren karpetak etxera eraman behar dituzte hiruhilekoko lan guztiekin, eta hortxe gabiltza, gauzak prestatzen. Ondorioz, ez da aste ona izan nik jarduerak proposatzeko, eta datorren astea ere ez dut uste horretarako aproposa izango denik. Plastikako jarduera bat dut, materiala duela hilabete edo prestatuta, eta ez dut momentu egokirik ikusi hura gelara eramateko oraindik. Egia da nik practicuma lanaldi erdian egiten dudalako oraindik denbora geratzen zaidala, baina konturatu naiz unibertsitatetik jarri diguten lana, unitate didaktiko bat burutzea, alegia, ez dela errealista.

Aste honetan musikako jardueretako bat martxan jarri ahal izan dut, eta hemendik aurrera landu nahi nahi ditudan besteak martxan jartzen saiatuko naiz. Horixe, bada, asterako nire helburua. Hori, eta ia eguneroko ipuinari berriro heltzea.

2013/05/15

Ikastetxearen antolakuntza - Portfolioa II

Ikastetxearen Antolakuntzako ikasgaiaren bigarren portfolioa da hau, lehengoaren jarraipena izango dena. Bigarren lauhilekoan ikasitakoa laburbiltzeko asmoz, aurreko lauhilekoan finkatutako helburuen berrikuspena egingo da, taldean egindako eskola idealaren inguruan zertxobait sakonduko da, gonbidatutako irakasle batekin izandako saioetan proposatutako ariketak bilduko dira eta, bukatzeko, autoebaluazioari helduko zaio.

Aurreko lauhilekoan nire buruari jarritako helburuak ondokoak izan ziren: lauhilekoaren hasieran irakurtzen hasitako txostena (Ministerio de Educación, 2011) irakurtzen bukatzea, eta irakasgaiaren bibliografiako iturriei gainetik begiratu bat ematea.

Nire buruari ezarritako helburuak bete ditudalako oso pozik nago, egia esan. Europa mailako jarduera arrakastatsuen txostenaz gain, beste lau oinarrizko lan aztertu ahal izan ditut (Antúnez, 1997; Bujan Vidales & Aramendi Jauregi, 2005; Gairín Sallán & Darder Vidal, 1994; Paredes Labra, Herrán Gascón, Santos Guerra, Carbonell Fernández, & Gairín Sallán, 2009). Testu horietan ikasitakoa eskola idealaren taldeko lanera bideratu nuen, taldeko lanari sarrera emateko aproposa iruditu zitzaidalako eta horrela eginik portfolioko banakako lanera bideratzea baino erabilgarritasun handiagoa ikusten niolako. 

Irakasgaiaren bibliografiako testu horien bitartez ikastetxearen antolakuntzako osagaiei buruz gelan ikasturtean zehar egin dugun lana testuinguru orokor batean kokatu ahal izan dut, eta nire buruan ideiak argitu eta antolatzeko balio izan dit, bai eskolaren definizioaren inguruan, baita antolakuntzaren inguruan ere. Nolabait esatearren, ikasgai osoaren sintesia egiteko balio izan dit ariketak, eta niretzat oso positiboa izan da. Graduko ikasgai guztiekin gustuko dut honelako ariketa burutzea, ikasitako guztiaz jabetzeko eta etorkizunean gai horretara bueltatu nahi dudanean oinarrizko ohar batzuk eta erreferentzia sorta izateko. Ikasgai askotan eskatu egiten zaigu sintesiko lana egitea, bai lauhilekoaren amaierako lan bezala eskatzen zaigulako, bai azterketa prestatu ahal izateko nire kabuz egiten dudalako. Kasu honetan, esplizituki eskatu ez zaigun arren, nik ulertu dut eskola idealaren lana egin ahal izateko aurreko baldintza zela, baina horrela eskatu izan ez balitzaigu ere, egiteko asmoa nuen.

Ikasgaian ikastetxearen antolakuntzaren inguruan jarrera ireki eta berritzailea izan dezagun proposatu zaigula iruditu zait, eta aztertu ditudan liburuek ildo horretan doazen edukiak bildu dituzte. Agian Bujan eta Aramendirena (2005) da ikuspegi horretatik gehien urruntzen dena, orokorrean gaur egungo ikastetxeen antolakuntza nolakoa den azaltzen digula iruditu baitzait, eta ez horrenbeste nolakoa izan beharko lukeen.

Eskola idealari buruzko taldeko lanaren inguruan, aurkezpenean beste talderen batek adierazitakoarekin bat etorrita, niri ere iruditu zait gaia bakarkako gogoetarako aproposagoa zela, taldean egiteko baino, ez baita erraza ideal bat adostea.

Eskola ideala definitzeko beste sarrera batean aztertutako ikastetxearen antolakuntzako osagaiak hartuko dira kontutan. Alde batetik, nire eskola ideala eskola publikoa litzateke, eta erabat kontziente naiz hautu horrek ikastetxearen antolakuntzaren ikuspegitik hainbat alderdi baldintzatuko lituzkeela. Hau da, ikastetxe pribatuek antolakuntzari dagokionean autonomia handiagoa dute publikoek baino, eta hezkuntza publikoa inertzia handiko sistema da, printzipioz, aldaketari erraztasunik eskaintzen ez diona. Hala ere, ni hezkuntza publikoaren aldeko sutsua naiz, are gehiago gainean dugun egoera sozio-ekonomikoan. Nire eskola ideala ez da elite baten haurrak heziko dituen eskola (elite sozial, ekonomiko nahiz intelektuala); nire burua beste nonbait kokatzen dut. Horrekin ez ditut inolaz ere kritikatzen bestelako bideak hartuko dituztenak; izan ere, graduan zehar hezkuntzan jarduteko jaso eta sortzen ari garen balioak eskola mota guztietara zabaltzea lortu beharko litzateke, eta horretarako gu bezalako pertsonak eskola horietan jardutea ezinbestekoa da. Beraz, espero dut graduan batera ikasten ari garenok bide desberdinak hartzea.

Bestetik, gelako aurkezpen gehienetan naturarekin harremanaren gaia atera zen, eta horrek zer pentsatua eman zidan. Nire ikuspegitik, naturarekin harremanetan dagoen eskola oso egokia da eskolak zerbitzua ematen dion komunitatea horrelako ingurunean kokatzen bada. Beste modu batera esanda: niretzat eskola ideala gertukoa da, komunitatean fisikoki txertatua dagoena, gertutasun fisikoak bestelako gertutasuna ere ahalbidetzen duelako, partaidetzaren eta ikas-komunitateen bidea hartzeko aurrebaldintza dena. Hortaz, landa-eremuko herri bateko eskola txikia naturan txertatua egongo da, eta hiri handi bateko auzoko eskolak natura seguruenik urrutiago izango du. Industrializazioaren garairik gordinenetan eraiki ziren auzo izugarri dentsoek ez al dute, bada, eskola idealik merezi? Nik ez ditut gustuko hiri handien ertzean kokatzen diren ikastetxeak, komunitate baten parte ez direnak, haurrak egunean ordu bete edo gehiago autobusean edo gurasoen autoan igarotzera behartzen dituztenak, hezitzaileen eta familien arteko eguneroko harremana galarazten dutenak, eskolara oinez joatea ahalbidetzen ez dutenak, eta eskolako ordutegitik kanpo hutsik daudenak. Askotan, gainera, honelako ikastetxeak pribatuak dira.

Ikas-komunitatearen, partaidetzaren eta komunitatearekin harreman estuaren gaiak gatazka pertsonala eragiten didan eskola idealaren alderdi batea narama. Izan ere, gure gizartea goitik behera aldatzen ez den bitartean, eskolak komunitatearekin batera ekimenak burutzeko, eskolak moldatu beharko luke komunitateko beste eragileen ordutegietara. Horietako askok lan egingo dutenez, horrek esan nahi du eskolako langileak bestelako langileen lanorduetatik kanpo jardun beharko direla. Haur Hezkuntzako gradua aukeratu nuenean lanbideari buruz erakargarri iruditu zitzaidan alderdietako bat ordutegia zen, gehienekin konparatuz dezente arina dena, eta momentuz ez dut ikusten hori komunitatearekin inplikazio sakona izatearekin nola uztartu, eskura izan ditugun irakurgaietan oinarrituta (Torres González, 2012).

Azken alderdi hauen ildoarekin jarraituz, ikastetxearen egiturari dagokionez, ez dut nahitaezkoa ikusten hori horizontala izatea. Sistema asanblearioak manipulatzen errazak iruditzen zaizkit, eta horiek erabat demokratikoak izan daitezen neurriak oso gutxitan hartzen direla iruditzen zait. Hori eginez gero, oso ongi deritzot horrelako egitura hartzea, baina egitura tradizionalagoak ere egoki izan daitezkeela uste dut. Garrantzitsu jotzen dut ikastetxearen helburuei, kulturari, curriculum esparruari, eta gobernuaren esparruaren alderdi nagusienei buruzko eztabaidak eta erabakiak hezkuntza-komunitate guztiaren partaidetzarekin hartzea. Antolakuntzaren osagai eta esparru horiek dira ikastetxearen iparrorratza, eta horiek guztien partaidetzarekin erabakiz gero, eraginkorragoa iruditzen zait ondoren etorriko den burutzea finkoagoa den organigrama baten bitartez koordinatzea. Bereziki inportante deritzot ardurak hartu eta horien inguruan kontuak emateko ohitura izatea, eta egitura horizontalak batzuetan amorfo bihurtzen dira ardurak diluitzeko.

Halaber, aukeran, nire eskola ideala txikia litzateke, hau da, modu “tradizionalean” antolatua badago, lerro pare bat dituena (askoz ere egokiago iruditzen zait maila bakoitzeko bi talde egotea irakasleen arteko elkarlana bultzatu eta aberasteko, lerro bakarra baino), eta taldekatze heterogeneoa egiten badu aurrekoaren haur kopuru baliokidea duena. Ez ditut gustuko ikastetxe erraldoiak, maiz ospe handia dutenak, baliabide materialei dagokienez askotan abantaila handiak dituzten arren. Gainera, askotan, honelako ikastetxeak pribatuak dira ere.

Gaiarekin bukatzeko, norberaren eskola ideala bilatu eta aurkitzea baino, askoz ere garrantzitsuago iruditzen zait bidean topatuko dituen eskola guztiak nolabait bere “eskola ideal” bihurtzen jakitea. Alde batetik, eskola bakoitzean positiboak diren alderdiak bilatzen jakin behar da, eskola horrekiko atxikimendua sorrarazi behar du irakasleak bere baitan, barruan duen onena eskaintzeko asmoz. Bestetik, nahitaez inperfektua izango den errealitate hori barrutik aldatzen saiatu behar du, eskola hori bere idealera gerturatzen saiatu, elkarrizketaren bidez, noski. Eskola idealaren gogoetak ez luke ondorio bezala “checklist” bat eman behar, ordezkapena egitera iritsitakoan zerrenda atera, laukitxoetan ixak jarri eta dagokion zutabean nahikoa ez badago “uf, hau ez da nire eskola; denbora nola edo hala pasa eta hemendik alde egingo dut” pentsatzera eramango gaituena.

Bestalde, bigarren lauhilekoan zehar saio batzuk izan ditugu gonbidatutako irakasle batek gidatutakoak. Saio horietan partaidetza eta koordinazioaren gaiak lantzeko idazlan bana egitea proposatu zitzaigun. Haurren partaidetzari buruzkoa beste sarrera batean jasota dago, eta jarraian koordinazioari eta bileren dinamizazioari buruz landutakoa azalduko dut.

Koordinazioaren gaia lantzeko proposatu zitzaigun irakurgaia Darder eta Mestresena da (Darder & Mestres, 1994). Bestetik, koordinazioari estuki lotutako bileren dinamizazioaren gaia lantzen duen beste irakurgai bat eman zaigu, aurrekoarekin batera aztertzea interesgarri jotzen dudana (Anzieu, 1971, or. 190–198)

Koordinazioa eskolaren jarduera guztiei batasuna eta harmonia emango dien sinkronizazioa da. Lehenik eta behin, ikastetxea koordinazioaren itsasoan galdu ez dadin, garrantzitsua da aldez aurretik zer koordinatuko den erabakitzea. Maiz akatsa urrats honetan ematen da, guztia koordinatzea beharrezko ikusi eta erakundea erabat ez-eraginkorra bihurtzen delako. Koordinatu beharreko osagai eta esparruak ondokoak dira: helburuak, jarduerak eta baliabideak.

Orokorrean, koordinazioa zuzendaritza-ekintzari lotua dago, eta eraginkorra izan dadin informazioa, komunikazioa, erabaki-hartzea, partaidetza, giroa eta gobernu organoen funtzionamendua egokiak izan behar dira.

Ikastetxearen funtzionamenduari buruzko informazioa bi norabidetan transmititu behar da: gobernu eta kudeaketa organoetatik beste eragile guztietara, baita alderantziz ere. Komunikazioa iritziak elkartrukatzea ahalbidetuko duen bidea da, elkarrizketaren bidez, eta gogoan izan behar da horretarako sortutako bide formalez gain erakunde guztietan sortzen dela komunikazio informala, maiz garrantzitsuagoa dena.

Koordinazioaren xedea erabakiak hartzea da, bai plangintzaren baitan aurreikusitakoak, baita programatu gabekoak ere. Erabaki horiek, gainera, ikastetxearen helburuekin eta irizpide orokorrekin bat egin behar dute, eta koordinazioak hori bermatu behar du. Bestetik, erabakiak hartzeko prozesuan gatazka ezinbesteko osagaia da, eta horri aurre nola egin jakin behar du eskolak. Ezadostasuna nahitaezkoa da erakunde batean, eta koordinazioaren helburua ez da iritzien aniztasuna ezabatu eta horien inguruko homogeneizatzea lortzea, baizik eta negoziazioaren bidez adostasunak lortzea.

Informazioa ondo transmititu dadila, komunikazioa eraginkorra izan dadila, eta erabakiak modu egokian har daitezela lortzeko biderik onena inplikatutako eragile guztien parte-hartzea da. Azken horrek, gainera, asko erraztuko du taldeko giro ona sortzea, eta modu koordinatuan aritzeko ezinbestekoa da giro ona sortzea. Bukatzeko, partaidetza antolatzeko ikastetxeak dituen organoen funtzionamenduak egokia izan behar du, ezinbestean.

Koordinaziorako estilo diferenteak daude, lidergo estiloekin harremana dutenak. Orokorrean, koordinazioa bi modutara eman daiteke: oso hierarkizatua, erabaki-hartzea organigramaren goialdean kontzentratuz, edo deszentralizatua, non ildo nagusiak erabaki ondoren, eskolaren kudeaketako maila ezberdinek horiekin bat egiten duten erabakiak hartzen dituzten. Garrantzitsua da errealitatean aplikatzen den estiloak ikastetxearen helburuetan jasotakoarekin bat egiten duela ziurtatzea, batzuetan hori ez baita horrela izaten.

Koordinazioa eraginkorra izan dadin, ikastetxearen parte diren eragile guztiek adostu eta onartu behar dute. Koordinazioak hiru funtzio ditu: ikastetxearen helburu orokorrak gauzatuko direla bermatzea, koordinaziorako finkatutako bideen jarraipena egitea eta horren inguruko hobekuntzak txertatzea, ikuspuntu konstruktiboan oinarrituta. Funtzionamenduan hobekuntzak sartzeko beharra egoera negatiboek eragiten dute normalean, eta horiek konpontzeak gatazkari aurre egitea dakar. Gatazkak eta egoera berriak irtenbide sortzaileak bilatuz aurrera egiteko aukera positibo bezala hartzen direnean, berrikuntza eta aldaketaren aldeko ikastetxea izango da emaitza. Azkenik, koordinazioa eraginkorra izateko, zereginen banaketa egokia egin behar da.

Koordinaziorako mekanismoen artean bilerak ditugu. Bileren dinamizazio egokia behar-beharrezkoa da koordinazioari buruzko helburuak bete ahal izateko. Gaizki antolatu eta dinamizatutako bilera oso frustragarria da parte-hartzaileentzat. Bileraren dinamizatzailearen rola hartuko duen pertsonak ondokoak egin beharko lituzke, horretarako bilduko den talde guztiaren oniritzia jaso ondoren:

  • Bileraren helburua gogorarazi, aurretik helburua bakarra dela ziurtatu ondoren.
  • Bileran zehar gai-zerrenda errespeta dadila lortu, baina inposaketarik gabe.
  • Taldea bileraren aurrerapenez ohartarazi, egindakoa haiei aldian-aldian bueltatu, iritzi eta ondorioak laburbildu, eraikitakoaren gainean aurreratzeko.
  • Bileraren martxaren arabera, jatorrizko helburuarekiko aldizkako kokapenaren berri eman.
  • Hitza eman eta modu elegantean “kendu”, bileraren helburuaren eta parte-hartzaileen ezaugarrien arabera. Horretarako, aurretik parte-hartzaileen izaera eta haien baliabideak ezagutu behar ditu.
  • Eztabaidarako uneak eta gogoetarako unean tartekatu. Arbelean oharrak idazteko denbora hartuz gogoetarako unean sor daitezke.
  • Taldearen barruko harremanez ohartu, azpi-taldeak identifikatu, eta horien artean sortzen diren gatazkak kudeatu.
Benne eta Sheats-en arabera (1948), taldea osatzen duten pertsonek hainbat rol beteko dituzte, hiru kategoriatan bana daitezkeenak: helburuak aintzat hartuko dituzten rolak, taldearen kohesioari begiratuko dioten rolak, eta aurreko biak oztopatuko dituzten rolak. Bileraren dinamizatzailearen lana izango da lehenengo bi kategoriatako rolak hartuko dituzten pertsonak bultzatzea, eta azkeneko taldekoak ahal den neurrian neutralizatzea.

Bileren dinamizazioari buruz oso interesgarria iruditu zaidan beste irakurgaia ikasgaiaren txostenean jasotako bat da, gurasoekin elkarrizketak modu egokian gidatzeari buruzko aholku zehatz eta eraginkorrak dituena (Albaladejo, 2009). Bileraren eszenatokia nola antolatu, enpatiaz nola entzun, asertiboa izanez nola hitz egin, eta partaide guztientzat positiboak izango diren konpromisoak nola sustatu azaltzen du artikulu honek, modu oso argian. Gurasoekin elkarrizketa bat izan aurretik berrikusteko modukoa iruditzen zait, eta agian dekalogo motz gisa laburbil nezake beste noizbait.

Autoebaluazioari dagokionez, zoritxarrez, ezin izan nuen eskoletara joan gelakideek ebaluazioari buruzko talde elkarreragileen jarduerak burutu zituztenean, eta oraindik Moodle-en materiala igo ez dutenez, ezin izan dut haiek esandakoa kontuan izan autoebaluazioa egiteko. Ebaluazioaren inguruko dudak edukitzen jarraitzen dut, eta espero dut graduaren azken erdian argitu ahal izango ditudala.

Ikasgaiaren autoebaluazio orokorra egiteko, lehenik eta behin esango nuke jabetzen naizela ez naizela ikasle erosoa, nire galdera eta iritziekin gelaren erritmoa eta irakaslearen antolakuntza eteten dudalako maiz; batzuetan harira datozen gaiekin, eta beste batzuetan irakasleak saiorako ezarritako asmoekin bat egiten ez duten ekarpenekin, edo gutxi gehitzen duten hitzekin. Hori egiteko hainbat arrazoi uste dut daudela, baina ez naiz orain horiek azaltzen hasiko. Irakasleak batzuetan nitaz baliatzen dira, zentzu horretan; beste batzuetan kate luzea ematen didate, gehiegizko arretarik eman gabe; eta beste batzuetan etenik ez sortzea nahiago dutela aditzera ematen didate (beti oso modu onez). Ni irakasle bakoitzaren “esanetara” moldatzen saiatzen naiz, baina suposatzen dut nahi baino gutxiagotan asmatuko dudala. Ikasgai honen bigarren lauhilekoan gutxiago hitz egiteko saiakerak ez du zerikusirik azken honekin, hala ere.

Bestetik, eta azaldutako nire jarrera orokorrari lotuta, esango nuke maiz nire buruari eta besteei frogatu beharreko zerbait dudanaren moduan interpretatzen dela eta, nire ustez, interpretazioa okerra da (edo, beste modu batera esanda: interpretazio horretara bideratuko duten mezu okerrak bidaltzen ditut nik). Unibertsitateko ikasketei dagokienean, aurretik egindakoetan frogatu nuen onena eta txarrena egiteko gai naizela. Errazenetakoa izatearen fama zuen karrera ikasi arren (magisteritza baino zailxeagoa, baina hortxe-hortxe ...), teorian bost ikasturte behar zutenak niretzat sei izan ziren, eta horretarako suspentso asko atera behar dira. Aldi berean, ohorezko matrikulak ez zitzaizkidan ezezagunak egin. 

Notek ikaslearen ibilbidearen berri eman beharko lukete, zentzu orokorrean, eta egindako esfortzua eta lortutako aurrerapena ahalik eta modu zehatz eta justuenean islatu beharko lituzkete. Batzuetan irakaslearen notak eta ikasleak bere buruari jarriko liokeenak bat egiten dute, eta beste batzuetan ez horrenbeste. Nik neronek, gradu honetan zehar baditut nota gutxi batzuk erabat gustuko ez ditudanak, batzuetan merezi nuena baino gehiago jaso dudala iruditu zaidalako, ikasgai horretan gehiago ikasi behar nuela iruditzen zaidalako, eta beste batzuetan egindako lana lortutako nota baino hobea zela iruditu zaidalako.

Autoebaluazioarekin jarraituz, ikasturtean zehar ikasgai honekiko adierazi dudan gogoa eta jarrera oso modu positiboan baloratuko ditut; aktiboa izan naiz talde handian, talde txikian eta bakarkako lanetan, eta nire gelakideek positiboa eta eraikitzailea den moduan parte hartu dudala adierazi didate beste ikasgai batean egindako ariketan. Orokorrean, helburuen eta taldearen kohesioaren aldeko rolak hartu ditudala esango nuke, eta gustura aritu naiz gutxiago hitz eginez parte hartzen ere.

Ikasturtean zehar ikastetxearen antolakuntzaren inguruan asko ikasi dut, eta ikasitakoa modu egokian sintetizatu eta laburbildu dudala iruditzen zait; ikasitakoaz neroni jabetzeaz gain, irakasleak ebaluatu ahal izateko moduan jarriz.

Lehen portfolioari begira eskatu zitzaigun notaren zenbaki zehatza jartzeko, aurreko urtean irakasle batek hamarra jarri eta ni horrekin erabat eroso sentitzen ez nintzela ikusita esan zidana ekarriko dut gogora. Berak esan zidan 10eko ikasleak eduki zituela, baita 14 eta 15ekoak ere, baina ebaluazio sistemak 10ean topea jartzen duenez, hori zela jar zezakeen notarik altuena. Horrela konformeago geratu nintzen 10arekin, egia esan. Lan guztiak egin daitezke hobeto eta, zentzu horretan, ikastetxearen antolakuntzaren inguruan gehiago eta hobeto ikas nezakeen, eta beti izango dira nik baino gehiago eta hobeto ikasiko dutenak, noski. Hori gogoan izanda, nire buruari ondoko nota jarriko nioke ikasgaian: > 9, dezimala zehaztea zailagoa denez, azken hori irakasleari utzita.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Albaladejo, M. (2009). Entrevistarse para entenderse. «Trucos» para conducir las entrevistas con los padres. Padres y maestros, 324, 10–13.

Antúnez, S. (1997). Claves para la organización de centros escolares: (hacia una gestión participativa y autónoma) (3. arg.). Barcelona: ICE, Universitat de Barcelona : HORSORI.

Anzieu, D. (1971). La dinámica de los grupos pequeños. Buenos Aires: Kapelusz.

Benne, K., & Sheats, P. (1948). Functional roles of group members. Journal of Social Issues, 4, 41–49.

Bujan Vidales, K., & Aramendi Jauregi, P. (2005). Eskola-antolaketa. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Darder, P., & Mestres, J. (1994). La coordinación. In Organización de centros educativos: aspectos básicos (or. 345–368). Barcelona: Praxis.

Gairín Sallán, J., & Darder Vidal, P. (1994). Organización de centros educativos: aspectos básicos. Barcelona: Praxis.

Ministerio de Educación. (2011). Actuaciones de éxito en las escuelas europeas. Madrid: Ministerio de Educación, Subdirección General de Documentación y Publicaciones.

Paredes Labra, J., Herrán Gascón, A. de la, Santos Guerra, M. Á., Carbonell Fernández, J. L., & Gairín Sallán, J. (2009). La práctica de la innovación educativa. Barcelona: Síntesis.

Torres González, J. A. (2012). Estructuras organizativas para una escuela inclusiva: promoviendo comunidades de aprendizaje. Educatio Siglo XXI, 1(30), 45–70.

2013/03/10

Haurren partaidetza

UNICEFeko irakurgai bat aitzaki hartuta, ikasleen partaidetzari buruzko idazlan bat prestatzeko eskatu zaigu Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian, gonbidatutako irakasle batekin egindako saioan. Argitalpenaren abiapuntua blog honetan aspaldian lantzeko dudan gai bat da: Haurraren Eskubideen inguruko Hitzarmena. Gogoan izan behar da 1989ko hitzarmen hori ez dela Nazio Batuek haurren inguruan onartutako bakarra; hortxe daude 1973ko (lanerako) gutxieneko adinari buruzkoa, 1999koa haurren lanik okerrenen ingurukoa, eta hainbat deklarazio eta bestelako arau-dokumentu 1959ko Haurraren Eskubideen inguruko Deklaraziotik hona onartutakoak. Bereziki, badut gogoa haurren eskubideen aitorpenak hezkuntza-sisteman izandako isla aztertzeko, haurren gizatasunaz jabetzeak hezkuntzan zer nolako eragina izan duen aztertzeko. Baina horrek beste batean izan beharko du, orain partaidetzaz aritu behar gara eta.

Aipatutako Hitzarmenak aitortzen duen haurren eskubideetako bat parte hartzeko eskubidea da. Irakurgaiak hiru esparru nagusi identifikatzen ditu haurraren partaidetzarako aproposak direnak: familia, eskola eta udalerria, edo tokiko maila. Maila pedagogikoan aipaten diren erreferenteak Freire, Giroux eta Apple dira. Bukatzeko, blog honetako Hezkuntzaren Mapa izeneko orrian landutako Arnsteinen eskailera aipatzen da irakurgaian:







Arnsteinek 1969an zioen moduan, benetako partaidetza seigarren urratsetik aurrera ematen da, eta guk landu dugun UNICEFeko irakurgaiak aipatzen duen Roger Hart-ek 1992an Arnsteinen eskailerako zortzi urratsak haurren partaidetzari buruzko argibideekin azaltzen ditu. Argi dago, hortaz, informatzea, galdetzea edo despotismo ilustratuan egiten zen moduan, haurrentzat baina haurren partaidetzarik gabe erabakiak hartzea ez dela haurren partaidetza bermatzea.

Irakurgaia lantzen hasi bezain pronto Tonucciren "La Città dei Bambini" (Haurren Hiria) egitasmoa etorri zait burura, haurren partaidetza errealitate arrakastatsu bihurtzea posible dela frogatu duena mundu osoko ehunka hiritan. Beste sarrera baterako utzi beharko dut ekimena sakontasunean ezagutzea eta horren inguruan gogoeta egitea. Haurren partaidetza sakontasunean landu duen beste eredu bat, kasu honetan blogean jada landutakoa, Ekuadorreko Pesta eskola litzateke.

Bukatzeko, hezkuntzan ikasleen partaidetzaren alde egiteko eskatu zaigu hasieran aipatutako gelako saioan. Nik proposatutako goiburua ondokoa litzateke: partaidetzak egiten du komunitatea. Hortaz, hezkuntzan inplikatutako eragile guztien parte-hartzerik gabe ez dago hezkuntza-komunitaterik. Ikasleen partaidetzak dakartzan abantailak azaltzeko beste sarrera batean aztertu nuen hitzaldia erabiliko nuke, bigarren lauhilekoaren ardatza aniztasuna izanik, bereziki aproposa dena. Bertan, Chimamanda Adichie-k adierazten diguna hezkuntzan haurren partaidetza txertatzeari aplikatuz, esango genuke haurren (eta beste eragile guztien) begirada alde batera utzita eraikitzen den hezkuntza nahitaez izango dela osagabea, duen potentzialtasunaren zati handi bat itzalpean ezkutatuko baitu.

2013/02/09

Ez-eskola den eskola


Graduan badugu gure artean Haur Hezkuntzarekin oso kritikoa den gelakide bat. Bitxia da bere buruarekin duen lehia ikusi ahal izatea, gradua ikasten egon eta, hala ere, Haur Hezkuntza (hemen ulertzen dugun moduan, behintzat) gustuko ez duela aitortzen duelako. Berak aurkeztua da ondoko bideoa, Ekuadorreko Pestalozzi eskolari buruzkoa. Nolabaiteko Neill-en Summerhill kutsua ikusten diot eskoletara joateko obligaziorik ez dagoelako, eta oso Pestalozziarra (Rousseauarra, zentzu horretan), naturarekin duen harremanagatik. Arraro egin zait eskolaren sortzaileek alemanez hitz egiten dutela ikustea (agian Alemaniarako dokumentala zen?), baina irudietan aditzera ematen denez, tokian erabat integratutako eskola da. Haurren interesei jarraituz eskola antolatzeko eredu interesgarria da, dudarik gabe. Bideoa 2006koa da, eta hiru zatitan aurki daiteke Interneten; hementxe daude bata bestearen jarraian.




Jatorrizko sarrera idatzi ondoren bideoa gelan ikusi eta idazlan bat egiteko eskatu zaigunez, jarraian aurretik idatzitakoa osatuko dut, lehendabizi bideoan azaltzen diren alderdi naguasiak azalduz, eta bukaeran nire gogoeta pertsonala gehituz.

Leonardo eta Rebeca Wild-en proiektu pertsonala izan zen Pesta eskola (Centro Experimental Pestalozzi): 1977an haien seme zaharrenarentzat haurreskola sortzearekin hasi zen, 1980an fundazio bihurtu zen (Fundación Educativa Pestalozzi), eta 2005a arte 3-18 urte bitarteko haur eta gazteak hezten jardun zen. 2005ean eskola itxi ondoren proiektu berria abiarazi zuten, komunitate oso bat sortzeko, "El León Dormido" izenekoa.

Bideoetan ikusi dugunez, Pesta eskola erabat irekia zen: aterik gabea, haurrei irekia, helduei irekia, esperimentazioari irekia. Itxuraz oso espontaneoa dirudien arren, oinarrian xehetasun handiz antolatu eta prestatutako espazio eta jarduerak daude. Helduen papera espazioak prestatzea da, gonbite bat luzatzea, eta haur bakoitzak erabakitzen du eskaintzen zaizkion jarduera guztien artean zein aukeratu. Pertsonaren garapen globala eta holistikoa bilatzen dira, autonomian eta autoerregulazioan oinarritutako sistema baten baitan, alderdi emozional eta afektibotik oso aberatsa eta segurua den ingurune batean autonomiaz norberaren garapenaren protagonista izatea.

Pedagogiaren aldetik, gehienbat ikuspegi konstruktibista-kognoszitiboa aplikatzen dela iruditu zait, Piageten garapenaren etapei jarraituz, eta Montessoriren pedagogiako elementu asko sartuz (zentzumenenen bidez lan egiteko material asko ikusten da, gelen antolaketa bera eredu horrekin lotzen dut). Ondorioz, Haur Hezkuntzako etapan alderdi sentso-motorra eta jolasa dira jardueren ardatzak, eta Lehen Hezkuntzan arauak lantzen hasten dira astero ospatzen den batzarrean guztien artean elkarbizitzaren inguruko erabakiak hartuz. Hala ere, egia da elkarrekintza eta berdinen arteko tutoretza asko bultzatzen dela eta, zentzu horretan, ikuspegi konstruktibista-sozialaren elementuak ere nabarmentzen dira bideoan ikusten den eskolan. Rebeca Wild-ek idatzitako artikulu honetan ezagutu daiteke hobeto eskola honen alderdi pedagogikoa.

Bestetik, autoebaluazioari garrantzia handia ematen zaio Pestan. Izan ere, haurra da Lehen Hezkuntzako etapatik Bigarren Hezkuntzara igarotzeko prest dagoela erabakitzen duena, ikastetxe honetan ez baitago eskolarik, azterketarik nahiz notarik.

Irakasleek etengabeko behaketan eta prestakuntzan oinarritzen dute haien jarduna, haurrentzat esanguratsuak izango diren ikaskuntzak eman daitezen baldintzak sortzea baita beren ardura. Irakasleen inplikazio estuaz gain, gurasoen parte-hartzea oso nabarmena da ere. Gurasoentzat gau-eskolak daude (kasu honetan Milani dakar burura Pesta eskolak, bete-betean), eskola eta etxearen artean harmonia egon dadin bilatzen baita.

Bideoaren hirugarren zatian gurasoen inplikazioaz gain komunitate osoaren garrantziaz hitz egiten zaigu, norabide bera duten bestelako ekimenekin sinergiak sortzeari buruz. Kasu honetan CEPAk (Centros para Actividades Autónomas) aurkezten zaizkigu, Ekuadorreko hainbat herritan sortutakoak, komunitate osoa barne hartzen dutenak, eredu sozioekonomikoa eraldatzea (Freire dakar burura kasu honetan bideoak), merkatu alternatiboak eta dolarretik aldenduz ekonomia garatzea bilatzen dutenak.

2005ean Pesta eskola itxi ondoren erabat arrotz eta erasokorra iruditzen zaien gizarte horretatik babesteko asmoz Wild-tarrek komunitate oso bat eraikitzen dute, hainbat familia orokorra den sistema horretatik at bizitzeko adinakoa izango dena.

Gogoeta pertsonalari dagokionez, pedagogiaren alderditik Pesta oso erakargarria iruditu zait. Planteamendu orokorraz gain, interesgarria iruditu zait eskolaren xumetasuna baliabide materialen aldetik; eskura dauden materialak erabili dira, esfortzua benetan garrantzia duten elementuetan jarri da, modak eta azken irrintziak alde batera utzita. Munduaren gure aldean itxurari gehiegizko garrantzia ematen zaio, baita hezkuntzan ere, eta oso azalekoak diren gauzetan galtzen dugu energia.

Erabat ados nago haurraren autonomia ahalik eta gehien lantzearen inguruan egiten den proposamenarekin, batzuetan hiruzpalau urteko haurrak sekulako zerra eskuan hartuta egurra mozten ikusteak beldurra eragiten didan arren. Autonomiaren inguruan duela gutxi irakurritako sarrera bat etorri zait burura, oso polita dena.

Oso gustukoa dut ere eredu honetan ikusten den eskola eta komunitatearen arteko elkarrekintza, eta bide horretan aurrera egiten duen eskolarekin bat egiten dut erabat. Bestelako eredu batzuk ezagutu ditugu graduan zehar pedagogiaren aldetik interesgarriak iruditu zaizkidanak, baina ingurunetik isolatzean oinarritzen direnak (barnetegiak, adibidez), eta ez dut horretan sinesten, batez ere gaur egun, mundu globalizatu honi ihes egiten saiatzea ezinezko eta zentzurik gabekoa iruditzen zaidalako.

Hala ere, galdera eta kezka batzuk ere sortu zaizkit bideoa ikustean: oso pertsonala den proiektu batek arrakasta denboran zehar mantendu al dezake? Sortzaileak desagertzen direnean nola lortu irautea? Nahikoa irekia al zen Pesta (inguruneari, komunitateari, esan nahi dut)? Horrela bazen, zergatik itxi zen? El León Dormido ez al da Pesta baino askoz ere itxiagoa den zerbait eraikitzeko ekimena, bere burua aski izango duen zelula, beste inoren beharrik izango ez duena? Mundutik at bizi ahal izateko Edena, azken batean gutxi batzuen eskura baino egongo ez dena? Ez da hori nire ideala, egia esan, baina badirudi kemenez eta ideia onez betetako pertsona askok azkenean haien buruak horrelako zerbait sortzera behartuak ikusten dituztela, Pestaren sortzaileen moduan.




2012/10/13

zid_ia?_5


Aste honetan ere astelehenean baino ez genituen eskolak izan Ikastetxearen Antolaketan eta, ondorioz, astea motza izan da. Motza eta gatazkatsua, gainera. Ikasleon grebaren inguruan irakasleei esan beharrekoaren inguruan gatazka izan genuen gelan (edo gatazka sortu nuen esan beharko nuke?), eta aurrerago irakasleetako batekin ere gatazka izan genuen. Bien oinarrian komunikazio arazoak zeudela esan liteke, baina ez hori bakarrik. Bigarrenean esango nuke aurreiritziek pisu handia izan zutela, baita ziurraski aurretik pilatutako tentsioa (bi aldeetan, agian?).

Gatazken harira, aste honetan ezer berririk ikasi ez dudala esan beharra daukat. Ezagunak egiten zaizkit biak, ez dira batere originalak izan.

Gure gelako gatazkaren inguruan, orain arte jaso dudan feed-backaren arabera (batere ez, ni konturatu naizenik, baina agian ez naiz jabetu), uste dut ez joan den ikasturtean, ez oraingoan ere, ez naizela gai izan nire gelakideen jarreran gustuko ez dudana zer den azaltzen (edo agian ondo ulertu didate?). Benetan, niretzat kontuak ez zuen greba egitearekin erlaziorik inondik inora. Gustuko ez dudana gehiengoaren arrabola da, talde txiki batean edozein erabaki hartzeko garaian sistema bakarra erdia gehi bat pertsonen behar/nahiak galdera itxi baten bidez ezagutzea izatea. Erabaki bat hartzeko garaian gehiegoari (batez bestekoari, normala denari) begiratzen zaionean beti dago gutxiengo bat kanpoan geratzen dena, eta gauzak bai/ez moduko galdera itxi baten gainean erabakitzen badira, emaitzak beti sortzen ditu irabazleak eta galtzaileak (eta, okerrena, energia guztiak norbera galtzaileen aldean ez egotera bideratzen dira, irtenbide interesgarriak pentsatzera bideratu beharrean).

Uste dut ni horren aurka hain sutsu aritzearen atzean dagoen arrazoia hezkuntzan aritzeko bidean egotea dela. Hezkuntza-sisteman oso errotua dago gehiengoaren tirania, eta ni ia beti egon naiz banaketa-kurba normalaren bi ertzetan geratzen diren horiei begira (edo horien artean). Ikuspuntu horretatik begiratuta, irakasle gisa, guztientzat abantailatsu den irtenbidea asmatzerik lortzen ez dudanean konformatu beharko naiz gehiengoarentzat balio duen irtenbidearekin, eta porrot moduan biziko dut une hori.

Hala ere, nire indarrak mugatuak direla kontuan izanda, iruditzen zait graduan pragmatikoagoa izaten ikasi behar dudala, eta nire berehalako interesei begiratu. Azken batean, Eskolak ematen dizkigun jai egunez gain nire gelakideek beste batzuk ematen badizkidate, ongi etorriak izan daitezela! Horien beharrean nago, egia esan (uf, eta ikasturtea hasi besterik ez da egin!).

A, eta blogean aipamen berezia merezi du gelako ordezkari izatera eraman nauen nire baldarkeriak. Barkaezina da nire adinean hain baboa izana, hara zer nolako hankasartzea nirea! Erabat ironikoa den egoera. Eta hortxe ikasteke dudan beste gauza bat.