Paper-zorroa_1

Didaktika Orokorra irakasgaiko ikaskuntza prozesuaren inguruko narrazioa

Paper-zorroaren sarrera honetan Didaktika Orokorra izena duen irakasgaian jasotako ikaskuntza prozesua narratu behar dut. Irakasgai hori Haur Hezkuntzako graduko lehen ikasturteko bigarren lauhilekoan lantzen ari gara.

Asteak aurrera joan ahala, blogak naturalki izan duen bilakaerak ikaskuntza prozesuaren narrazioa orrialde nagusiko sarreretan islatzera eraman nauela konturatu naiz. Bestetik, Hezkuntzaren mapa izendatu dudan beste orrialdea lantzen hasi naizenean ere, bigarren lauhilekoko irakasgaien ikaskuntzan lehenengo lauhilekokoekin lotzen eta osatzen joan naiz, eta horrela narrazioaren beste zati bat orrialde horretara joan da. Guzti hori dela eta, pentsatu dut Paper-zorro honetan narrazioa baino gogoeta islatuko dudala. Beraz, Lorea, narrazioa ezagutu nahi baduzu pazientzia handia beharko duzu 46 sarrerak eta Hezkuntzaren mapa luzea irakurtzeko!

Bloga abiatzean egin nuen planteamendua hauxe da: lehendabizi, modu arinean bada ere, garrantzitsua iruditu zait helburu batzuk finkatzea irakasgaiarekiko, eta horien inguruan nire aurrekariak edo abiapuntua zehaztea; hortik aurrera "benetako" lana hasteko asmoa nuen, eta blogean ideia/kontzeptu solteak pilatzen hasi, ordenari garrantzi berezirik eman gabe; azkenik, kristalizazioa narrazio jarrai moduan gertatzea espero nuen. Nire laneko sistemari buruz gogoeta sarrera honetan adierazi nuen, eta argi zegoen hori horrela izanda, ideia/kontzeptu solteentzat tokirik aproposena blogeko orrialde nagusia izango zela.

Nire aurrekariei edo abiapuntuari dagokionez, aurreko lauhilekoan Hezkuntzaren Teoria eta Historiako kaiera erabili nuen irakasgai guztietako ikaskuntzen bilduma osatzeko tresna gisa, eta blog honetako orrialde berri batean islatu dut horren nolabaiteko sintesia. Azkenean, sintesia izan beharrean sakontze lana izan da, kontzeptu batzuk gehitu dizkiodalako kaieran aurretik idatzi nionari, eta bigarren lauhilekoko irakasgaietako ikaskuntzak bilbatu ditut aurretik egindako narrazioan, lehen ikasturteko bi lauhilekoetan ikasitakoa islatuz. Hezkuntzaren mapa izena duen orrialdean ikus daiteke egindako lana. Pozik nagoela esan behar dut, lehen ikasturtea amaitzear dagoen une honetan irakasgaiei mami aberatsa atera diedala iruditzen zaidalako, lanean dabilen ikaslea izanik denboraren aldetik dudan muga estua kontuan izanda. Nire aldetik, lan bikaina egin dudala iruditzen zait, eta horixe izan da lehen lauhilekoan nire irakasleen aldetik jaso dudan mezua ere.

Helburuei dagokienean, Loreak bereak adierazi ditu programa eta materialen bitartez, irakasgaia landuko dugun moduaren bidez, baita errubrikaren bidez ere. Horietatik abiatuz helburuen nire interpretazioa egiteko asmoa nuen, baina lauhilekoaren erdia pasa ondoren oraindik egin ez nuela konturatu nintzen. Aldez aurretik finkatutako helbururik gabe abiatzea beharrezkoa izan daiteke batzuetan, baina orokorrean emaitza eskaserako bidea hartzea suposatzen du, nora joan ez dakienari edozein helmuga irudituko zaiolako apropos (edo desapropos). Beraz, aukeran berandu bada ere, helburuak jarri nizkion nire buruari:

  1. Didaktika zer den argitzea. Didaktika Orokorra izenburua duen irakasgaiari buruzko bloga izan arren, ez pentsa erraza izango denik. Oraingoz, didaktika zer den ez dut argi. Baina, lortuko dut; dudarik gabe.
  2. Lauhilekoan zehar irakasgai honetan eta besteetan izandako ikaskuntza nabarmenenak biltzea. Hau erraza izango dela iruditzen zait, blogean hartu dudan martxa ikusita. Interesgarria izango da sarrera guztiak lauhilekoaren bukaeran errebisatzea, eta ikustea ea zein ikaskuntza garrantzitsu geratu diren islatu gabe, eta zergatik.
  3. Blogak ikaskuntza prozesuan izan duen paperari buruz gogoeta egitea. Blogik izan ez balitz berdin izango al zen ikaskuntza prozesua? Zein desberdintasun dago aurreko lauhilekoko kaiera eta blogaren artean horri dagokionean?

Orain, maiatzako lehen egunak iritsita, Paper-zorroa osatzeko garaia iritsi da eta, honenbestez, jarritako helburuen ebaluazioa egiteko unea da. Lehenengo helburuari dagokionean, aitortu beharra daukat irakasgaiak ez duela guztiz bat egin nik hasi aurretik nuen irudiarekin. Kaiera idatzi nuenean jaso nuen nolabait adieraztearren graduko irakasgaiak "egiturazko" eta "instrumental" artean banatzen nituela, eta nire ustez ezinbesteko nuela "egiturazkoetan" esfortzu handia egitea, irakasgai "instrumentaletan" eskaintzen zaizkidan teknika eta metodologia zehatzek nire hezkuntzaren mapamundian tokirik ba ote duten erabaki ahal izateko. Nik uste nuen Didaktika Orokorra erabat "egiturazko" irakasgaia izango zela zentzu horretan, eta izaera mistoa izan duela iruditu zait azkenean. Hori ez da ez ona eta ez txarra, noski; esperotakoaren desberdina soilik. Hezkuntzaren Psikologia, aldiz, "instrumentala" izango zela pentsatzen nuen, eta planteamendua dela eta, mistoa izaten bukatu du ere. 

Gelan adierazi zitzaigun didaktika irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren azterketaz arduratzen den zientzia dela. Hezkuntzaren Psikologian ere gauza bera esan zitzaigun, aspaldiko sarrera batean kezkaz adierazi nuen moduan, beraz, zertan datza desberdintasuna? Irakasgaietako bakoitzean landu duguna kontuan hartuz, iruditu zait Hezkuntzaren Psikologiak ikaskuntza-irakaskuntza prozesua aztertzen duela prozesuan parte hartzen duten pertsonen kognizioaren (ez bakarrik, baina bai gehienbat) ikuspuntutik, pertsona horien pentsamenduen ikuspuntutik. Didaktikak, aldiz, prozesua bera aztertzen du, eragileak, baliabideak, testuingurua eta mota guztietako baldintzak kontuan hartuta; eta prozesua eraginkorragoa izan dadin antolatu egiten du prozesu hori, programazioa eta unitate didaktikoen bitartez. Noski, eraginkortasuna zer ote den, eta prozesua hobetzeko bideak zeintzuk direnaren gainean ikuspuntu desberdinak egongo dira, eredu didaktikoen arabera. Eta eredu horien arabera suposatzen dut ere didaktika batez ere "egiturazkoa" dela esango dute batzuk, besteek nabarmenki "instrumentala" dela uste duten bitartean. 

Duda-muda hauek argitzeko edo Lorearen blogeko bibliografiaren ataleko liburu batera jo dut, oraindik guztiz irakurtzen bukatu ez dudana, "La práctica de la innovación educativa" izenburua duena (portzierto, ideia ona litzateke gure campuseko liburutegiak beste aleren bat izan dezan eskatzea, bakarra baitu, eta irakasleren batek hartua du urte bukaera arte). Bertan ikusten dudanez, didaktikak (edo didaktika "onak" esan beharko nuke, agian) uztartu egiten ditu bi alderdi horiek. Niri bereziki interesatu zaizkit 1, 2, 3, 8 (eduki gehienak Haur Hezkuntzan zuzenean aplikagarri ez diren arren), eta 10. kapituluak. Oso interesgarri, bereziki, azken hau, aurretik ez bainuen sekulan pentsatu eskola beraren ikaskuntza prozesuan, erakunde gisa. Edozein modutan, liburuaren egileek "hezkuntzaren berrikuntza" moduan hartzen dituzten ikuspegi eta praktikekin guztiz bat egiten dudala ikusi ahal izan dut, eta begi bistakoa da Hezkuntzaren mapa(mundia) deitu diodan orrialdeko kontzeptu asko eta asko liburu horretan lantzen eta praktikan jartzen direla.

Nire ustez, azken gai honetan sortu zaigu irakasgaiarako planteatutako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren puntu ahula. Izan ere, irakasgaia didaktikaren oinarrietatik hasi genuen (irakasgaiaren "egiturazko" alderdia), eta oso "oinarrizkoak" ziren oinarrietatik abiatuta (hezkuntzaren esparruak, oinarrizko terminoak, hezkuntza-kultura-gizarteratzea, neutraltasuna/objektibotasuna) jauzi handia egin dugu irakasgaiaren alderdi "instrumentalera", diseinu didaktikoaren prozesuetara, alegia. Azken hauen bitartez jakin dugu programazioa eta unitate didaktikoak egiteko prozedura zein den, baina nik faltan bota dut azken atal horretan taldean hausnartzeko aukera: zer programatu? zergatik? zertarako? nola? Adibidez, moduluko lanen aurkezpenetako batean gure psikomotrizitateko irakasleak adierazi du bera psikomotrizitatean programazioa eta unitate didaktikoak egitearen erabat aurka dagoela, eta horren inguruan gelan eztabaidatzea interesgarria izan zitekeela uste dut.

Nire egungo lanean plangintza estrategikoko prozesuetan parte hartzea egokitzen zait maiz, eta oso tipikoa izaten da "egiturazkoa" den proiektuaren atala (askotan diagnostiko izena duena) amaitzean, "instrumentala" den atalari (ekintza plana) ekitea aurrekoan egindakoa erabat ahaztuta, zerotik hasiko bagina bezala. Didaktikan ere iruditzen zait erraza dela programazioa eta unitate didaktikoen prozedura metodikoaren trena hartu eta aurrera egitea, nora joan nahi dugun gure buruari galdetu gabe.

Bigarren galderari erantzun aurretik blogeko sarrera guztiak jarraian irakurri ditut berriro. Nire lehenengo pentsamendua hauxe izan da: jesus! a zer nolako lan piloa egin duguna! Eta horrek hirugarren galderara narama: bloga oso tresna baliagarria da norbanakoaren ikaskuntza prozesuaz jabetzeko, diziplina pixka batekin erabiltzen bada, dena bukaera arte utzi gabe. Blogaren sarrera asko Hezkuntzaren mapa deitu diodan beste orrialdeko kontzeptuekin lotuta daude, hau da, kasu askotan nire atentzioa deitu duena aurretik nituen iritzien aldeko argudioren bat izan da. Beste sarrera batzuk eguneroko berriekin izan dute lotura, beti ere hezkuntzari dagozkionak. Izan dira ere unibertsitatean nire egoera pertsonalari lotutako sarrerak, baita gure gelako taldeari buruzko gogoetak ere. Sarreren beste zati garrantzitsuak lauhilekoko beste irakasgaietako ikaskuntzak islatzeko balio izan du, eta horretan oso interesgarri egin zait gela arruntetik kanpo egiten diren jarduerek taldearen izaeran duten eraginaz jabetzea; ikaskuntza polita izan da hori. Nik esango nuke niretzat garrantzitsuen izan diren gaiak bilduta daudela sarreretan (ez da zaila, ezta, hainbeste izanda!); ez dut ezer faltan botatzen. 

Sarreretan atentzioa deitu didan beste zerbait: nire ikaskideen blogei aipamenak oso maiz egiten ditudala, eta aipamen zuzenik egin gabe beste batzuk adierazitakoaren harira idatzi ditudala sarrera batzuk. Izan ere, orain arte gelako kide guztiek egin dituzten sarrera guztiak irakurri ditut, baita paper-zorro batzuk ere. Ez dut esan nahi sarrera guztiak gustuko izan ditudanik; batzuekin ez nago ados, beste batzuk hutsak iruditu zaizkit, ekarpen pertsonalik gabeak, beste batzuk oso azalekoak, eta asko oso interesgarriak. Eta guzietatik ikasi dut. Eta oso arraro egin zait besteek ondokoak idazten zuena begiratu gabe idazten zutela ikustea; lotsa eta guzti eragin dit. Beldur nintzen konstruktibismoaren ikuspegi historiko-sozialarekin alde egitea ez ote zen maila teorikoan soilik mantentzen dudan zerbait, baina blogak frogatu dit ez dela horrela, praktikara eramaten dudala; nik taldean ikastean sinisten dut, bakarka ere oso ondo aritu naitekeen arren.

Hirugarren galdera borobiltzeko, esango nuke blogak paperean egindako kaieraren aldean bestelako formatua ematen diola narrazioari, egitura askoz ere xumeagoa delako. Horrek arrisku bat du: bloga noraezean dabilen norbaiten isla bihurtzea, nire sarreretako batean nioen moduan. Paperean egindako lanak egitura azkar ematera behartzen zaitu (askotan, egitura aldez aurretik ematen dizu irakasleak aurkibide moduan), baina blogak desegituran eroso sentitzeko gaitasuna eskatzen du, eta agian ez du pertsona guztientzat balio. Ni moldatzen nahiko erraza naizenez, gustura ibili naiz, eta abantaila handia aurkitu diot: aurreko lauhilekoan ere egunkarietan eta web orrialdeetan gai interesgarriak bilatzen jarduten nintzen, baina ez nuen non bildu, eta ordenagailuko irakasgaien karpetetan galduta geratzen zitzaizkidan. Blogari esker, hemendik aurrera izango dut non jaso.

Bukatzeko, lehen sarrerara bueltatuz, dudarik gabe betekizuna nahi bihurtu dela esan behar dut.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina