Hezkuntzaren mapa

Didaktikako paper-zorroaren abiapuntua eta horren inguruko lana

Blogaren orrialde honetan Didaktika Orokorra bigarren lauhilekoan hasterako lehen lauhilekoan aurreratutakoa azalduko dut, Didaktika Orokorrean orain arte ikusi dugunaren arabera iruditzen zaidalako Hezkuntzaren Teoria eta Historian abiatutako bideari jarraitzea proposatzen digula gure irakasleak.

Hezkuntzaren Teoria eta Historian landutakoa bildu zuen kaiera hona igo beharrean, hobe deritzot nolabaiteko sintesi bat egitea, eta aldi berean orduan egindakoa lantzen jarraitzea. Beraz, Didaktika Orokorrerako nire buruari proposatuko niokeen helburuetako bat litzateke kaiera horri jarraipena ematea, sakonduz, osatuz, zuzenduz...

Lehenik, argitu beharra daukat kaiera hori lauhilekoko bost irakasgaietan izandako ikaskuntzak lantzeko eta biltzeko tresna moduan erabili nuela. Kaieran azaldutako kontzeptuekin bi mapa kontzeptual (edo antzeko zerbait, ez baitira Loreak esandako CmapTools horrekin egiten direnak bezain zehatzak) osatu nituen hezkuntzari buruz nire ikuspegia sintetizatzeko asmoz. Bi egiteko beharrean ikusi nuen nire burua, ondorio honetara iritsi nintzelako lauhilekoan zehar: hezkuntzaren esparru informalaren bitartez hezkuntzari buruzko ikuspegi bat jaso dudala (eta nik nahi baino gehiagotan transmititzen dudala), eta orain esparru formalean kontzienteki beste eredu bat sortzen hasi naizela. Beraz, mapa kontzeptualetako bat nire iparrorratza litzateke, eta bestea jarduera behatzean argi gorriak pizteko check-list moduko bat. Hauxe da mapa kontzeptualetako bat:
Bestea erakargarriagoa da:
Mapa kontzeptual hauek kaieraren bukaeran zihoazen, eta aurreko ataletan azaldutako hainbat kontzeptu aukeratu eta elkarren artean erlazionatuz (kokapenaren arabera) osatu nituen. Hala ere, mapa kontzeptualak aurkeztean kaieran ez nuen azaldu kontzeptuak zergatik aukeratu nituen esplizituki, ezta niretzat duten esanahia ere (kaieraren ordez entziklopedia ez idaztearren), nire ustez aurretik idatzitakotik nahiko erraz ondoriozta zitekeelako. Blog honetarako, interesgarri deritzot azalpen horiek ematea bigarren maparen inguruan, eta saiatzea kontzeptuak hobeto zehazten eta antolatzen, ortodoxoago den mapa kontzeptual bat eraikiz. Beraz, horixe da irakasgaiaren inguruan nire buruari jartzen diodan helburuetako bat. Horrela, blogaren orrialde nagusian jasotakoaren eta orrialde honetan landutakoaren artean bi orrialdeen erdian dagoen paper-zorroa osatzea espero dut.

Kontzeptuen azalpenak

a) Printzipio orokorrak
Atal honen barruan sartzen dira hezkuntza ulertzeko moduaren oinarrian dauden hainbat kontzeptu zabal, korronte edo eredu pedagogiko zehatz bati lotzen ez direnak. Praxia bustitzen duen zoparen osagaiak lirateke.

1. Pasioa
Bizitza ulertzeko modu gisa ikusten dut nik. Hezkuntzari dagokionez, batzuetan entzuten dugu irakasleak ilusioa izan behar duela. Niri ilusioa ez zait nahikoa iruditzen; pasioa da behar dena. Bestetik, pasioaren beste ikuspegi bat ezinbesteko iruditzen zait hezkuntzan ere: Ken Robinsonek ondoko elkarrizketan aipatzen duen "elementua", norbera bere saltsan egoteari erreferentzia egiten diona, denbora konturatu gabe igarotzen den horri (nahiago dut Edward Hallowell-ek erabiltzen duen "flow" terminoa, jarioa).


Ezinbesteko deritzot irakasleak bere jardunean "jario" hori esperimentatzea, eta baita ere haurrei hezkuntza formalaren baitan "jarioa" esperimentatzeko aukerak ematea, haien "elementua" aurkitzeko bideak eskura jartzea.

Pasioarekin esan nahi dudana ondo azaltzen duen beste bat Didaktika Orokorreko Moodleeko materialean jasota dugun Richard Gerver da, ondoko Redes programako elkarrizketan:



2. Jarrera baikorra
Azalpen handirik ez du behar, ezta? Hezkuntzaren Psikologian landu ditugun hainbat gairekin du lotura honek: adimenaren garapenean izaera pertsonalak duen garrantzia; intrintsekoak, egokorrak eta kontrolagarriak diren motibazioak bilatzearen garrantzia; azken finean, motibazio-estilo egokia moldatzearen garrantzia. Hau garrantzitsua da bai irakaslearentzat, baita ikaslearentzat ere. Agian kontzeptuaren izenburua aldatuko nuke, gehiago zabalduz, ikaskuntzari orientatutako izaera pertsonal eta motibazio-estilo positiboak edo horrelako zerbait esanez.

3.Sintonia
Kontzeptu hau aurreko lauhilekoko Irakasle Funtzioko irakasgaian egindako elkarrizketaren ondorioz sartu nuen. Irakasleak lan egiten duen ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren eta irakasleak hezkuntza ulertzeko duen moduaren artean sintonia egotea beharrezko jotzen dut, hori gabe pasiorik eta motibazio egokirik ematea ez baita posible. Bestetik, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua taldean gertatzen denez, taldearen barruan sintonia egotea beharrezko da ere, bai irakasleen artean, bai ikasle-irakasle harremanetan, baita ikasleen artean ere.

4. Elkarkidetza
Jatorrizko mapa kontzeptualean jasota ez zegoen printzipioa da hau. Sintonia egoteaz gain, elkarkidetza sustatu behar da hezkuntza komunitatearen maila guztietan. Ikasleei dagokienean, zehazki, ikaskuntza soziala bultzatu beharko litzateke, Vygotsky-ren ikuspegiari jarraituz.

5. Etengabetasuna
Azalpen handirik behar ez duen beste kontzeptua, hezkuntza bizitzeko jarrera dela adierazi nahi duena. Etengabe hezten gara, etengabe eragiten dugu besteen heziketan, etengabe ikas dezakegu, eta etengabe irakatsi. Sarrera honekin ere erlazioa badu kontzeptuak. Etengabetasuna, beraz, denboran eta espazioan ematen da, hau da, momentuoro eta edozein tokitan eman daiteke hezkuntza.

6. Ez-linealtasuna
Aurreko kontzeptuari oso lotua, agian askatasunaren kontzeptu globalaren barruan sar liteke. Hezkuntza formalak aditzera ematen du, hezkuntza-sistemaren ibilbide kurrikular zurrunen bidez, hezkuntza aurretik finkatutako helburu zehatzera eramaten gaituen bide zuzena dela. Aurreko lauhilekoan ikasi genuen Bergerren eskutik gure bizitzaren puntu batera iritsi eta atzera begiratzean historiaren berrinterpretazio bat egiten dugula, egungo egoerara gure ustez ekarri gaituzten gertakariak aukeratu eta guretzat zentzua duten ordenan jarriz, baina linealtasun hori ilusioa besterik ez da.

7. Ekitatea, aukeren berdintasuna
Hezkuntza-sistemaren baitan ekitatea eta aukeren berdintasuna sustatzea agian ez da erraza norbanakoarentzat, baina gelan ekitatea eta aukeren berdintasuna bultzatzea irakaslearen esku dago. Horrekin lotura zuzena du norberak gauzatutako profeziak edo Pigmalion efektuak, irakasleak bere jardunean oso presente izan beharreko gaia, ekitatearekin eta aukeren berdintasunarekin harreman estua duelako.

8. Errespetua
Oinarrizko beste kontzeptua, haurra gizaki oso gisa kontuan hartzetik datorrena. Eskolak eta hezkuntzak haurrarekiko errespetutik abiatu behar dute (noski, hezkuntza-komunitateko kide guztien errespetutik), eta errespetuaren balioaz jabetzea izan behar du Haur Hezkuntzako helburu nagusietako bat elkarbizitzaren inguruko konpetentzien artean.

9. Educere
Hezkuntza terminoaren jatorri etimologikoari lotuta, eredu kontzeptual orokor baten alde egiten dut, hezkuntza azaleratzearekin erlazionatzen duena, norbanakoaren barruan ematen den prozesua dela adieraziz. Ez-zuzendaritzazkoa den ereduaren alde egiten dut, askatasuna, sormena eta autonomia bezalako kontzeptuei lotua dagoena.

10. Eklektizismoa, heterodoxia
Nire izaerarekin bat egiten duen kontzeptua da, ez-linealtasunari lotua, praxia bideratzen duten eredu pedagogikoei eta metodologiei begira jarrera eklektiko eta heterodoxoa egoki ikusten dudalako. Jarrera kritikoarekin erlazionaturik dago ere. Irakaslearen jardunaren oinarri izateaz gain, ikasleengan sustatu beharreko zerbait da ere, Hezkuntzaren Psikologian landu ditugun ikaste kognitiboen artean ikaskuntza dibergentearekin erlazioa duena, azken hau asko errazten baitu.

11. Kalitatea
Kasu honetan, bat egiten dut erabat John Elliott-ek hezkuntzaren kalitateaz duen ikuspuntuarekin, hezkuntzaren kalitatea errendimendu akademikoarekin inolaz ere lotu behar ez dela dionean. Elliottek proposatzen dituen kalitatearen adierazleak oso erlazionaturik daude nire mapa kontzeptualean adierazten diren ideiekin; berak proposatzen du tankera honetako osagaiak agertzen ote diren ala ez neurtzea hezkuntzaren kalitatea ebaluatzeko.

12. Kontzientzia
Aipatutako kontzeptu ia guztien atzean kontzientziaren beharra dago. Irakasleak bere jardunari buruzko kontzientzia izan behar du, eta ikasleengan ere kontzientzia, jabetzea, sustatu behar dira. Kontzientziatik abiatzen da aldaketa, eta zer da ba ikaskuntza aldaketa baino?

13. Askatasuna
Askatasun osoa posible ez bada ere, pertsona askeak sortzea hezkuntzaren helburu nagusietakoa izan behar du. Oso lotua dago oinarrizko printzipioen artean dauden beste kontzeptu guztiekin, baina ez nintzateke ausartuko haien arteko mailak bereizten, horregatik daude denak maila berean mapa kontzeptualean.

14. Autonomia, ardura pertsonala
Beharrezkoa ere, bai irakaslearentzat, bai ikasleentzat ere. Autonomia zentzu zabalean esan nahi dut: ikastetxearen autonomia hezkuntza-sistemaren baitan, irakaslearen autonomia ikastetxearekiko, ikasleen autonomia irakaslearekiko, haurren autonomia sustatzea ... Noski, autonomia ardurari itsatsia doa, ezin baita bata ulertu bestea gabe, autonomia arduraz aplikatu behar da, eta autonomiaz hartutako erabakien ardura onartuz.

15. Partaidetza
Hezkuntza hainbat eragileren parte-hartzearekin ematen den prozesua denez, ezinbestekoa da guztien partaidetza. Partaidetza diodanean Arnstein-en eskailera ezagunaz ari naiz:

Benetako partaidetza seigarren mailatik gora ematen hasten da, eta ni maila horietako partaidetzaz ari naiz kontzeptu hau sartzen dudanean.

16. Malgutasuna
Orain arte aipatutako kontzeptu askorekin du lotura, baina, aldi berean, beste ikuspuntu bat gehitzen du. Malgutasuna hezkuntza-sisteman, ikasketa-estilo ezberdinak kontuan hartzean, adimen-mota ezberdinak gogoan izatean, planifikatzean, ebaluatzean, besteekin harremanetan ... Aplikatu eta ikasi beharreko kontzeptua da, bizitzeko jarrerari lotutako beste kontzeptu horietakoa.

17. Apaltasuna
Ikuspuntu ezberdinetatik aplikagarri iruditzen zait kontzeptu hau. Alde batetik, Irakasle Funtzioko irakasgaiko elkarrizketaren ondorioz sartu nuen, elkarrizketatu nuen irakaslearen jardunean oso liraina iruditu zitzaidan xumetasuna behatu nuelako berak gelan zuen jarreran, beharrezko jotzen zuenean soilik esku hartuz, neurtuz. Irakasle honek, gainera, eskarmentu handia izan arren, hezkuntzaren inguruan bere ikuspegia azaltzean "oraingoz" esaten zuen, hau da, aldaketari irekia zegoen, umiltasunetik hitz egiten zuen.

Bestetik, gelako botere-banaketan oreka lortzeari lotua dago ere, irakaslearen eta ikasleen artean boterea modu orekatuagoan banatzeko beharrarekin erlazionatua. Azkenik, Weber-i jarraituz, norbanakoaren ekintzek duten eragin, ondorio eta garrantzia erlatibizatzeko beharra irakaslearen jardunari aplikatzea beharrezko jotzen dut, hau da, aurreikusi eta bilatu gabeko ondorioak ematen direla ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan, eta askotan hoberako (horren adibide bat landu dugu Garapen Psikomotorra I irakasgaiko kasu praktikoan, non egoera korapilatsu bat irakaslearen esku-hartze zuzenik gabe konpontzen den, berdinen arteko elkarreraginaren bitartez).

18. Jakin-mina, aurkikuntza, esperimentazioa
Ikaskuntzen oinarrian jakin-mina, aurkikuntza eta esperimentazioa daude, nire ustez. Beraz, Foucault-ek aldarrikatzen duen aurkikuntza, edo Bruner-en aurkikuntza bidezko ikaskuntzaren aldeko naiz, orokorrean, eta bereziki Haur Hezkuntzako etapari begira. Hau da, orokorrean ikaskuntza zehatzetik orokorrerako ibilbide gisa landuko litzateke Haur Hezkuntzan, eta ez alderantziz; beti ere kontuan hartuta ikasle bakoitzaren ikasketa-estiloa (orokortzailea den haurrarentzat planteamendua egokitu beharko da).

19. Aniztasuna
Jatorrizko mapa kontzeptualean sartu ez nuen kontzeptua da hau, baina oinarrizko printzipioen artean egon beharrekoa. Aniztasuna aberastasunarekin lotzen da; zenbat eta anitzago egoera, orduan eta aberatsago izateko aukerak sortuko dira. Hala ere, aniztasunak badu aztoratzearen arriskua, eta Haur Hezkuntzan neurtu beharra dago estimuluen, baliabideen, jardueren aniztasuna; gehiegizkoa ez den aniztasuna behar da, eta neurrikoa eta gehiegizkoaren arteko marra pertsona bakoitzarentzat desberdina izango da, noski. Beraz, aniztasuna curriculumean adierazten dena baino zentzu askoz ere zabalagoan esan nahi da hemen.

20. Sormena
Abiapuntuko pasioarekin harreman estua du sormenak. Antzaz, denak jaiotzen gara sortzaile, eta hezkuntza formala arduratzen da sormena gugan pixkanaka ezabatzeaz. Joera hori itzulbiratzea bilatzen du printzipio honek, noski.

Atala ixteko Robinsonen beste bideo bat, Adierazpen Plastikoko irakasgaian ikusi genuena, eta orain arte azaldutako kontzeptu asko modu sortzailean adierazten dituena:



b) Eredu pedagogikoaren ezaugarriak
Atal honetan azaltzen diren kontzeptuak zehatzagoak dira, eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari zuzentzen dira zehazki. Korronte pedagogiko, eredu, metodologia nahi autore zehatzei lotuta daude, eta aurreko atalean azaldutako printzipio orokorrekin bat datoz.

21. Hezkuntza formal eta informalaren uztartzea
Orain arte ikasitakoaren arabera, hezkuntza ez-formala beste bien luzakin moduan ikusten dut, eta horregatik ez dut izenburuan sartu, besteekin batera doalako. Edozein modutan, hiru esparruak uztartu beharko lirateke, eta horien artean harmoniazko erlazioak ematen direla bermatu.

22. Publikotasuna, unibertsaltasuna, baliabide ekonomikoekiko menpetasun eza
Agian honek kontzeptu orokorretan egon beharko luke, ekitatea eta aukeren berdintasunaren kontzeptuaren barruan, azken bi hauek lortzeko baldintzetako batzuk direlako hezkuntzaren publikotasuna, unibertsaltasuna eta norbanakoaren baliabide ekonomikoekiko menpetasun eza.

23. Heziketa-estilo demokratikoa, heziketa etikoa
Heziketa-estilo orokor gisa, azaldutako printzipioekin bat eginez, estilo demokratikoaen alde egin behar da, dudarik gabe. Hala ere, printzipioetan aipatutako eklektizismoa eta heterodoxiari kasu eginez, egoki ikusten dut haurrek heziketa-estilo ezberdinak ezagutzea, etorkizuneko bizitzan agian ez baitira estilo demokratikoan antolatzen den egitura sozial batean egongo, eta baldintza ezberdinetan moldatzen ikastea oso garrantzitsu jotzen dut. Aniztasuna behar da alderdi honetan ere. Bestetik, John Elliotten heziketa etikoarekin bat egiten dut, ikaskuntza dialogikoari lotua dagoena.

24. Errefortzua
Heziketa-estilo demokratikoarekin erlazionatuta, aplika daitezkeen tekniken artean errefortzua litzateke erabiliena, zigorraren ordez.

25. Inklusibotasuna
Printzipio orokorrekin bat egiten duen heziketa-ereduaren ezaugarrietako bat inklusibotasuna litzateke, ikasle guztien ezaugarriei egokitutako hezkuntza bermatzea, alegia. Inklusibotasuna ez litzateke hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin soilik lotu behar, modu zabalagoan hartu beharko genuke kontuan, aniztasunari orokorrean lotuz (adimen anitzak, ikas-estilo anitzak, biorritmo anitzak, etab.).

26. Pertsonalizazioa
Aurrekoarekin oso erlazionatua. Argiago geratzen bada, inklusibotasuna hezkuntza-premia bereziekin erlaziona daiteke soilik, eta orduan pertsonalizazioa bestelako aniztasun-mota guztiei hezkuntza prozesua egokitzean datza. Kontzeptua oso ondo azaltzen du Gardner-ek ondoko bideoan:



Gardnerrek bere garaian hezkuntzari sekulako erronka bota zion, adimen anitzen teoriarekin, eta elkarrizketa honetan harago doa, egungo iraultza digitalaren garaian hezkuntzaren gakoa hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzearekin ikasle bakoitzarentzat ikasteko modurik egokiena zein den identifikatzea dela esaten digunean. Trebetasun sozial eta emozionalen garrantzia azpimarratzen digu ere, adimen interpertsonala garatzea ezinbestekoa dela, eta bizitza osoan ikasten jarraitzea.

27. Laikotasuna
Gure hezkuntza-sistemaren historiari begiratuta, askatasunaren printzipioari kasu eginez, sartu beharreko ezaugarria da oraindik ere. Hezkuntza-sistemak elizarekiko izan duen menpetasunaren ondorioak oso negatiboak izan dira nire uste apalean, eta horregatik iruditzen zait hezkuntza-sistemak laikoa behar duela izan, publikotasun eta unibertsaltasunari lotuta. Beste modu batean esanda: ez dut nire burua ikusten laikoa ez den ikastetxean, sintoniaren printzipioari jarraituz.

28-30. Hezkuntza-komunitatea, hezkuntza dialogikoa eta talde elkarreragileak
Partaidetzaren printzipio orokorra eredu pedagogikora aplikatzean Freireren hezkuntza dialogikoa eta hezkuntza-komunitatearen inplikazio aktiboa agertzen dira ezaugarri moduan, eta eragile ezberdinen partaidetza printzipioetan azaldutakoari jarraituz artikulatzen da (Arnsteinen eskailerarekin adierazitakoari jarraituz). Ramon Flecha-k honako artikuluan ondo adierazten dizkigu hezkuntza dialogikoa, hezkuntza-komunitatea eta talde elkarreragileak bezalako kontzeptuak, baita bideo honetan ere:



Talde elkarreragileei dagokienez, gogoan izan behar da ez dutela zertan adin edo gela bereko ikasleek osaturik egon behar; maila ezberdineko ikasleak egon daitezke, baita hezkuntza-komunitateko beste eragile batzuk ere (gurasoak, auzokoak, etab.). Talde elkarreragileen funtsa hezkuntza kooperatiboa eta berdinen arteko tutoretza sustatzea da.

31. Sarea
Sare hezitzaileen kontzeptua, Illich-ek plazaratu zuena, blog honetako sarrera batean azaldutako HourSchool ekimenak nahiko ondo islatzen du. Sarearen kontzeptuari beste sarrera bat eskaini diot ere blogean, erreferentzia interesgarriak dituena. Noski, talde elkarreragileekin lotura du, ikaskuntza soziala taldean egiteaz gain, talde horiek sarean antolatzearen abantaila azpimarratuz. Sarean antolatzea ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari aplikatzeaz gain, irakaslearen jardunari eta irakasleak bestelako eragileekin dituen harremanei (beste irakasleak, ikastetxeko beste lankideak, gurasoak, etab.) aplikatuko litzaioke ere.

32. Irakaslearen protagonismo eza
Ezaugarri hau aurretik aipatu den Irakasle Funtzioko elkarrizketatik eratorria da ere. Irakaslearen jardun guztiari eragiten dion ezaugarria da, ikaskuntza-irakaskuntza prozesu osoa irakaslearen protagonismoa murriztera bideratzea suposatzen baitu. Horrela, jarduerak ikasleek autonomiaz egiteko modukoak izango dira, irakaslearekiko mendetasuna ezinbestekoa izatea saihestuz; berdinen arteko harremanak bereziki sustatuko dira, banakako ikasleen eta irakaslearen arteko harremanen multzoaren gainetik; eta irakasleak bere esku-hartzea kontuz neurtuko du, oso selektiboa bihurtuz. Honako aipuak laburbiltzen du kontzeptuaren atzean dagoena: "no se debe ofrecer nunca menos ayuda de la necesaria ni más ayuda de la suficiente" (Zabalzaren 2002ko La enseñanza universitaria: el escenario y sus protagonistas).

33. Berehalako Garapen Esparrua
Vygotskyren teorietatik zuzenean datorren kontzeptua da, ikaslearen autonomiari eta irakaslearen protagonismo ezari lotzen zaiona. Izan ere, ikaslearen Berehalako Garapen Esparruan aurkitzen diren helburu eta edukiak lantzen direnean, ikaskideen nahiz irakaslearen laguntza pittin batekin ikaskuntza eskuratzea lortzen da. Beraz, ezinbesteko suertatzen da eremu horretan aritzea, eta ikasle bakoitzarentzat Berehalako Garapen Esparrua zein den ezagutzea, pertsonalizazioaren ezaugarriari jarraituz.

34. Hizkuntza
Ezaugarri hau Vygotskyri lotua dago ere, hark haurraren garapenean hizkuntzari ematen dion garrantziagatik. Inguruaz jabetzeko eta besteekin harremanetarako tresna izateaz gain, garapena aurrera doan neurrian hizkuntza norberaren buruarekin komunikatzeko, jokabidea erregulatzeko eta garapen kognitiboa gidatzeko erabiltzen dugula dio autore honek. Beraz, garapen kognitiboa hizkuntzaren garapenaren eskutik doanez, hizkuntza Haur Hezkuntzan ahalik eta modu aberatsenean landu beharreko gaia litzateke.

35. Adimen anitzak, adimen emozionala
Gardner eta Goleman-en lanetatik datozen ezaugarriak dira hauek. Gardnerrek bere adimen anitzen teoria plazaratu zuenean, duela hogei urte, adimena gaitasun zabala dela adierazi zuen, zazpi edo zortzi adimen motaz osatua. Hezkuntzaren Psikologian aztertu dugunez, helburua ez litzateke ikasle guztiek zortzi adimen mota hauek maila berean garatzea, baizik eta ikasle bakoitzak zortzi adimen motei dagokienez duen garapen-maila gogoan izanda jarduerak eta azalpenak egokitzea, bakoitzari moldatzen zaion ikaskuntza-irakaskuntza prozesua diseinatu ahal izateko, eta zortzi adimen motak garatzen joateko aukerak eskaintzen dituen ingurune anitz eta aberatsa sortzea hezkuntza formalaren baitan. Bestetik, bakoitzaren adimen-motei egokitzeak asko errazten du Robinsonen "elementua" deritzona aurkitzea. Honako bideoan azaltzen dira Gardnerren ideiak hobeto:



Golemanen adimen emozionalak, adimen kontzientearen aurrean, beste dimentsio bat gehitzen die Gardnerren adimen anitzei, adimen interpertsonal eta intrapertsonalari bereziki. Emozioak gugan eta besteengan ezagutu eta kudeatzeko gaitasunak egungo mundu aldakorrean garrantzi handia duela ia esateko beharrik ez dago, ezta? Robert Roeser-en elkarrizketan Golemanen proposamenak zehazki irakasleen trebakuntzari aplikatzeaz hitz egiten da:



36. Bizipenean oinarria
Ausubel-en ikaskuntza esanguratsuarekin erlazionatzen da ezaugarri hau. Eskolan egiten denak ikaslearentza zentzua izan behar du, eta hori lortzeko modurik errazena bere bizipenetan oinarritzea da. Harreman estua du esperimentazioa, aurkikuntza eta jakin-minaren printzipioekin, guzti horiek bultzatzeko aukera oso egokia ematen baitu ikaslearen bizipenean oinarritzeak.

37. Irakasle ikertzailea
John Elliottek hezkuntzan teoria eta praxiaren arteko dualismoari buruzko kezka adierazten duenean, eten hori gainditzeko ekintzan oinarritutako ikerketa proposatzen du, non hezkuntza prozesua hobetzeko hezkuntza-komunitate osoak parte hartuko duen. Beraz, irakasleak bere praktikaren ikertzaile izan behar duela dio. Hezkuntzaren alderdi teorikoa pentsatzearekin lotzen badugu, eta alderdi praktikoa egitearekin, Elliottek esaten digu eginez pentsatu behar dugula, eta pentsatuz egin. Gainera, bi alderdiak pertsona berean eman behar dira, hau da, irakasleak bere praxiaren ikertzaile behar du izan, ikerketaren ondorioen arabera praktika etengabe moldatuz, eta praktikan sortzen diren erronkak ikertuz. Honako estekan aurki dezakezue informazio gehigarria guzti honi buruz, abiapuntu gisa.

38. Ebaluazio argitzailea
Hamilton-ek, Elliotten moduan, teoria eta praxia uztartzeari garrantzi handia ematen dio. Ebaluazio argitzailea proposatzen du, ebaluazioa hezkuntza prozesuaren urrats gisa ulertuta (ez amaiera), prozesu horretaz jabetzeko balioko duen tresna bezala. Praxia ere ikuspegi argitzaile horretatik bideratzea proposatzen du, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua modu kontzientez aztertuz, hobekuntzak proposatzeko. Beraz, ebaluazioa ez litzateke ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren emaitzak ikasleak eskuratutako edukien arabera ebaluatzeko tresna, prozesua bera ebaluatzeko tresna baizik, eta ez litzateke prozesuaren amaieran soilik emango, horren ordez, tarteko urrats bihurtuz. Azkenik, ebaluazioa ez da ikasleari soilik aplikatzen zaion urratsa edo prozedura; irakasleak ere ebaluatu behar du bere jarduna. Ebaluazioaren helburua, hortaz, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari buruz jabetzea litzateke, eta horrenbestez, lotura zuzena luke metakognizioarekin eta motibazioarekin. Ezaugarri hau hezkuntza-komunitatearekin eta hezkuntza dialogikoarekin uztartzean sekulako erronka sortzen da; izan ere, nola inplikatu hezkuntza-komunitateko eragile guztiak ebaluazioan?

d) Gelako esperientzien eta dinamiken ardatzak
Aurreko ataletan adierazitako printzipio eta ezaugarriekin bat eginez, gelako jarduerak ondoko ardatzen inguruan antolatuko lirateke:

39-40. Egotea eta ikuspegi orokorra
Irakaslearen oinarrizko lana egotea da, orainean eta tokian kontzienteki, eta gelaren ikuspegi orokorra mantentzea, begirada periferikoaren bitartez. Horrela bakarrik aplikatu ahal izango ditu adierazitako printzipio eta ezaugarriak, burua beste nonbait badu ez baita posible izango. Begirada periferikoa mantendu ahal izateko, ezinbestekoa da ikasleek autonomiaz egin ahal izateko moduko jarduerak proposatzea, momentu jakinetan haur zehatz bati arreta berezia emateko aukera edukitzea beharrezkoa den arren.

41. Plazera
Adierazitako guztiarekin bat eginez, hezkuntza formala plazeran oinarritu behar da, horrela sortuko baitira pasioa, jakin-mina, sormena, jarrera baikorra, motibazio egonkorra, etab. Ikasleek eta irakasleak plazera esperimentatu behar dute haien jardunean, baita hezkuntza-komunitateko beste eragileek ere. Honek ez du esan nahi eskola parke tematiko bihurtu behar denik, haurrak dibertitu eta entretenitzeko gune soila; haurrek ikasi behar dute betebeharrak plazeraren iturri nola bihurtu, eguneroko gauza txikietan ere plazera aurkitzen. Beraz, metamotibazioa eta norberaren motibazioa zeharka Haur Hezkuntzako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan landu beharreko gaiak dira.

42. Irakaslearen jardunaren zikloa
Irakasleak planifikatu-ekin-behatu-hausnartu-planifikatu zikloan oinarrituko du bere jarduna, etengabe hobetzeko moduak bilatuz eta aurretik egindakoa zalantzan jarriz. Jarduna, beraz, ez da lineala, espiral modukoa baizik.

43. Ikasleen jardunaren zikloa
Ikasleen jardunerako egoki iruditzen zaizkit Edward Hallowell-ek proposatzen dituen bost urratsak, egitura ziklikoan ematen direnak: konexioa-jolasa-jardutea-maisutasuna-errekonozimendua-konexioa. Konexioa norbanakoa baino zabalagoa den zerbaiten parte izatearen sentsazioa litzateke, jolasa konexioak ematen duen segurtasunetik abiatuta mundua esploratzea, jardutea gustuko den jolasari kementsu heltzean etorriko litzateke, maisutasuna lortzera eramango gaituena, eta azken honek norberaren eta besteen errekonozimendua ekarriko du, konexioa areagotuz eta, bide batez, hezkuntza arrakastatsuaren espirala sendotuz.

Haurren egunak eskolan errutina horren inguruan antolatzea egoki deritzot, horrelako prozedura eta kontzeptuetan oinarritzen den errutinan, eta ez hainbeste ura-animaliak-gorputzaren atalak-munduko kulturak eta antzeko errutinen inguruan. Nire ustez, gehiegitan Haur Hezkuntzan zuhaitzek basoa ikustea galerazten digute zentzu honetan.

Adierazi ditudan printzipio eta kontzeptu orokor horien eta irakasgaian landu ditugun programazioa eta unita didaktikoen diseinuaren artean jauzia handiegia dela iruditzen zait, eta horren ondorioz uste dut erraza dela programazioa eta unitate didaktikoak osatzen jardutea oinarrizko printzipioak alde batera utziz (zer esanik ez programaziorik eta unitate didaktikorik gabe zuzenean gelan lantzeko ariketa eta jarduerak diseinatuz antolatzen bada irakaslearen jarduna). Niretzat ezinbestekoa da bata eta bestearen arteko koherentzia bermatzea eta, ondorioz, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ebaluazioaren atal bat prozesua gidatzen duten oinarrizko printzipioen eta eguneroko ekintzen artean trazabilitaterik ote dagoen aztertzera zuzendu behar da.

Beraz, irakasgaian programazioa eta unitate didaktikoen inguruan ikasitakoa niretzat oinarri bat da, nolabait esatearren, ortodoxiak agintzen duen urratsen azterketa, baina iruditzen zait oinarri horren zuzeneko aplikazioarekin ez nukeela lortuko hemen jaso ditudan nire hezkuntza idealaren osagaiak garatzea.

Ondorioak eta mapa kontzeptuala berregitea
Aurreko atal luzean emandako azalpenetatik zatirik handiena kaieratik dator. Kontzeptu gutxi batzuk gehitu ditut, baten bat berrizendatzea proposatu, kontzeptu gehienak lauhileko honetan ikasitakoarekin lotu eta zabaldu ditut, baina ez zait iruditzen sortutako "desoreka" mapa kontzeptual berri bat eraikitzeko modukoa izan denik. Iruditzen zait oraindik ere lan gehiago behar duela gaiak, eta agian hurrengo ikasturtean edo berrantolatu ahal izango dudala orain arte eraikitakoa.

Beraz, oraingoz ez dut ikusten mapa kontzeptual berria egiteko aukerarik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina