2015/07/18

Eta orain, zer?

Gradua bukatu ondoren bi aukera nagusi ditut buruan datorren urteari begira, eta pentsatu dut ibilbide horretan bloga bezalako tresna bat lagungarri bazait ez dudala honetan idazten jarraituko. Nolabait, hau graduko ikasketen ibilbideko kontakizuna izan da, eta hortik aurrerakoak beste toki bat eskatzen duela iruditzen zait. Internet unibertsoa bezala bukaezina dela dirudienez, libre naiz beste zerbait sortzeko.

Beste zerbait prestatu arte interesgarriak iruditzen zaizkidan gaiak hemen biltzen jarraituko dut, eta aurrerantzean jarraipena beste bide batetik ematen badiot, estekatuko ditut biak. Bukatzeko, ikasturtea bukatu berritan nola sentitzen naizen ondo islatzen duen abesti batekin itxiko dut bidalketa hau.


Zergatik dira gure eskolak hain pobreak arkitekturaren ikuspegitik?

Ikasturtean zehar ez dut denborarik izan blogera irakurri ditudan hainbat eta hainbat gauza ekartzeko. Orain, uda iritsita, ez daukat asmorik honetan lanean aritzeko, baina arkitekturaren gaia ekarri nahi nuen, zeharka baino ez dudalako aipatu orain arte, eta oinarrizkoa iruditzen zaidalako.

Ikastetxe batean funtsezko osagaia da arkitektura, eta horrek baliabideak baldintzatzen dituen modua ia aldaezin bihurtzen da. Ikastetxeko giza-baliabideak eta baliabide tekniko-teknologikoak ia etengabe aldatzen dira, baina arkitekturak sortu eta moldatutakoak hamarkada luzeetan bere horretan mantentzen dira.

Gurean, badirudi ikastetxeak eraikitzeko orduan bizpahiru eredu daudela, eta edozein tokitan aplikatzen direla, bertako baldintza espazialak, klimatikoak, sozio-ekonomikoak eta abar kontuan izan gabe.

Hezkuntza eredua aldatu nahi dugu, baina erabakiak hartzen dituztenak antzaz ez dira konturatu horretarako eskolak ere alderdi fisikotik hasita aldatu beharko ditugula. Eduki berriek edukiontzi berriak behar dituzte, eta berrikuntza komunikatzeko modu eraginkorrena itxura aldatzetik hasten da maiz (noski, itxuran bakarrik geratu gabe).

Hona hemen eskolako espazioak sustatu nahi diren elkarrekintza eta ikaskuntzekin batera pentsatu, diseinatu eta eraiki diren adibide parea, Japonian bata, eta Finlandian bestea.

2015/07/17

Gradua, zifretan

Lau urte, 34 ikasgai, 240 kreditu eta blogeko 330 mezu ondoren, Haur Hezkuntzan graduatua naiz. Blog honetan zehar graduko ikaskuntzak kualitatiboki aztertzen eta adierazten joan naiz, eta alderdi kuantitatiboari ere erreparatzeak merezi du, agian. Ikasle moduan maiz kexu agertzen gara, zenbaki bat baino ez garela esanez. Ikasle bezala identifikatzen gaituen zenbakia baino ez gara maiz unibertsitatearentzat; graduan sartu ahal izateko selektibitateko nota baino ez ginen izan zerrenda batean, Minorra aukeratzeko orduan hirugarren maila arteko espedientearen notak ordezkatu gintuen, eta laneratzeko orduan ere zenbaki bihurtuko gara egoera askotan. Nolakoa naiz ni, Haur Hezkuntzako graduko zenbakitan? Bat egiten al dute zenbakiek azken lau urteetan zehar hemen bildu ditudan iritzi eta sentsazioekin?

Emaitza akademikoen datu hutsek honelako itxura dute:
  • Batezbesteko nota: 9.61
  • Ohorezko matrikulak: 14 (kredituen %42.5)
  • Beste kalifikazioak:  17 bikain (kredituen %50) eta 3 oso ongi (kredituen %7.5)
  • Lehen deialdian gainditutako ikasgaiak: 100%

Noski, datu horiek interpretatzeko testuingurua ezagutu behar da. Interesgarria litzateke promozioko batezbesteko nota ezagutzea, baina ez dago eskuragarri, agian iraila arte ikasturtea amaituko ez delako. Garai bateko ohituraren kontrako muturrera jota, egun unibertsitatean oso gutxitan zabaltzen dira ikasle guztien notak publikoki. Ondo iruditzen zait izen-abizenak erabili ordez NANa erabiltzea, baina norberaren emaitzak taldekideen artean nola kokatzen diren ez jakiteari ez diot abantailarik ikusten, egia esan. Azken batean, lanak guztien aurrean aurkezten dira, eta ez irakaslearen aurrean bakarrik, eta lanak neurri handi batean publikoak badira ez dut ulertzen zergatik ebaluaziotik eratorritako zenbakia ez den publikoa.

Lehen begiradan, nire zenbakiak oso potoloak iruditzen zaizkit, baina graduan zehar ikasi dut horiek bere tokian jartzen ere. Lehen mailan lehenengo hamarra jarri zidatenean, irakasleari nire kezka adierazi nion, zenbakia altuegi ez ote zelakoan. Hark emandako erantzuna oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta lagungarria izan zait ordutik hona: notak 0-10 tartean jar daitezkeen arren, hark oso argi zuen 11, 12 edo 15eko ikasleak izan zituela. Ondorioz, lasai asko jartzen zien 10a.

Irakaslearen aldetik arbitrariotasuna behin bakarrik sumatu dut notetan, hilabetez espedientera ohorezko matrikula bat igo ondoren irakasle batek beste ikasle bati kontsolazio-sari bezala emango ziola esan zidanean. Baina, noski, agian nik ere jaso dut horrelako "sariren" bat ezustean eta ez dut jakin atzetik zer gertatu den.

Bestetik, gradu osoan sei ikasgaitan ezagutu ahal izan ditugu talde osoaren notak (kasu batean, goiz eta arratsaldeko taldeen notak). Orokorrean, ez dago ia inor ikasgai horiek gainditu ez dituena, klasera joaten ez zen ikasleren bat salbu. Ikasgaia gainditu ez dituzten gutxi horiek alde batera utzita, hiru ikasgaitan ez dago ikaslerik 6ko notatik behera (ikasgai batean notak 7.7etik gorakoak dira). Orokorrean, ikasle gehienek 7-8 bitarteko notak dituzte, eta ikasgai batzuetan 9ko notak ikasle mordoxka batek jaso dituzte. Datu horiek ikusita, nire zenbakiak ez dira hain deigarriak. Nabarmenena ikasgai eta ikasturte guztietan maila bertsua izatea da, agian.

Bestetik, goizeko eta arratsaldeko taldeen notak eskura izan ditugun ikasgaian deigarria da orokorrean nota baxu gehiago daudela goizeko taldean, eta arratsaldekoak altuak direla orokorrean. Gradu osoan zehar hainbat irakaslek aditzera eman digute arratsaldeko taldearen maila altua zela, oso motibatuak geundela eta gogor egiten genuela lan. Gainera, ikasteko baldintza hobeak izan ditugu ere, taldea nabarmen txikiagoa zelako. Beraz, talde horretan egoteak mesede egin die nire emaitzei, dudarik gabe.

Bukatzeko, emaitzen eta nire pertzepzioaren artean alderik ote dagoen pentsatuta, jasotako notaren arabera ikasgaiak ordenatu eta nire iritziarekin alderatuko banitu, alde batzuk egongo lirateke, niretzat zentzua dutenak, baina kanpotik ikusita hutsalak izango liratekeenak.

Orokorrean, esango nuke zenbakiek ondo islatzen dutela ikasle heldua eta aurretik goi-mailako ikasketetan eskarmentua duena naizela, eta graduan zehar ia lanaldi osoan lanean aritu naizen arren ikasketak eraginkortasun handiz burutu ditudala. Nolabait esatearren, lanbidez ikasle naizela diote zifrek, eta horrekin konforme nago. Hori guztiaren azken arrazoia motibazioan jarriko nuke nik; neronek nire buruari eragindakoa eta nire gelakide eta irakasleek eman didatena, landu ditugun gaiak hain interesgarri izana gehituta.