2012/09/30

zid_ia?_3


Bukatzear dagoen aste honetan astelehenean baino ezin izan nuen Ikastetxearen Antolakuntzako eskoletara joan. Beraz, ostegunekoak galdu nituen. Gaur goizean Ixiarrek kontatu dit ostegunean egindakoa, eta horrela bihar hariaren erdia behintzat ezagututa joango naiz gelara (besteak beste, zein gelara joan behar dudan badakit Ixiarri esker).

Joan den astelehenean taldeetan banaturik tarte bat eskaini genion ikastetxearen antolakuntzari buruzko eztabaidari. Davidek bota zigun galdera ondokoa izan zen: Zeintzuk dira ikastetxe antolatuaren ezaugarriak? Zertan nabaritzen da ikastetxe bat antolatua dagoela? Suposatzen dut ikasturtearen hasieran galdera hori mahai gainean jartzeko arrazoia guk orain arte gaiaren gainean dugun ezagutza azaleratzea izan dela, eta horrela ikasturtea bukatzean galderara berriro bueltatuz zer ikasi dugun jakin ahal izango dugula. Hori horrela izanik, merezi du denbora pixka bat dedikatzea.

Nire taldeko kiderik ezean, Ainara eta Aitzpearekin aritu nintzen ezabaidan, eta egin genuen halako zerrendatxo bat onairrizko ezaugarriekin:
  • Erabakiak modu kontzientean eta hausnartuta hartzen ditu (helburu, printzipio, irizpide, eta abarrekin). Hau, egia esan, antolaturik egotearen ezaugarri baino, horretarako aurrebaldintza litzateke, edo tajuzko antolaketa egin ahal izateko abiapuntua.
  • Hezkuntza proiektu propioa du (programazioa, ordutegia, arauak...), eta aplikatzen du.
  • Organigrama du (gehienetan, hierarkizatua), eta aplikatzen du.
  • Prozedura eta protokolo zehaztuak dauzka, eta erabiltzen ditu.

Ezagutzen ez dugun ikastetxe batera joan, eta aipatutako ezaugarri horiek antzemanez gero, antolatutako erakundean gaudela ondoriozta dezakegula adostu genuen. Hori bai, antolaketa edukitzeak ez du esan nahi gure ustez egoki antolaturik egotea nahitaez. Guretzat ondo antolaturik egotea zer zen eztabadaitzean, zerrenda horri gehitzeko ezaugarri bakarra bururatu zitzaigun:
  • Aurreko guztia malgutasunez aplikatzen du.
Ixiarrek esan didanez, osteguneko saioan eztabaidan sakontzen jarraitu zuten, bereziki talde bakoitzaren ustez antolaketa egokia zer ote zen argitzen saiatzen. Bertan izan ez nintzenez, horrelako zerbait egiten saiatuko naiz. Egia esan, irakasgaia hasi genuenean, berorren izenburuari dagokionez, nire buruari egin nizkion lehen galderak hauexek ziren: ikastetxea beharrezkoa al da? antolakuntza beharrezkoa al da? Joan den ikasturtean ikusi genuen hainbat autorek defendatzen duela deseskolatzea, eta horren inguruan aurreko ikasturteko sarrera batean nire iritzia eman nuen. Oraingoz ez dut aldatu, beraz, ikastetxeak egokiago ikusten ditut etxean ikastea baino. 

Antolaketari buruz, orain arte ez dut blogean espresuki ezer jaso, eta aukera ona da hasteko (tira, hori ez da erabat egia, taldeko lanaren antolaketari buruz nire iritzia emana dudalako hemen). Antolaketa egiturarekin lotzen dut nik, hau da, nolabaiteko izaera objektiboa duen zerbaitekin. Bestetik, ale edo osagai bakarra bada, ez dago antolaketarik, hau da, unitate bat baino gehiago duten taldeak antolatzen dira. Eta egitura zergatik sortzen da, edo noiz sortzen da? Ba, helburu komun bat dagoenean, iruditzen zait niri, eta helburu komun horri baliozkoak eta euren artean osagarriak diren ekarpenak egingo dizkioten banakoak daudenean. Hezkuntzan osagai ezberdinek hartzen dutenez parte (ikasleak, irakasleak, gurasoak eta familietako beste kideak, ikastetxeko beste langileak, hezkuntza komunitateko beste eragileak, erakunde ezberdinak), eta helburu komunak adostea oso gomendagarria denez, antolaketa egotea beharrezko deritzot.

Eta, zein da antolaketa egokia? Nola desberdindu antolaketa ona eta txarra? Ba, suposatzen dut helburuen arabera izango dela. Helburua langile otzanak moldatzea bada (bide batez, ostegunean ikusi genuen Ken Robinsonen hezkuntzaren paradigmak aldatzeari buruzko bideoarekin bat egiten dut, blog honetako beste orri batean jasotzen dena), orduan erabat hierarkizatutako egitura zurruna oso egokia izango da. Eskolak iritzi propioa edukita aurrea hartzeko gai diren pertsona sortzaileak hezten laguntzea badu helburu, ziurrenik bestelako antolaketa izatea komeniko zaio. Blog honetan argi dago hezkuntzaren helburuen inguruan nire iritzia zein den, baita antolaketaren inguruko abiapuntua (Hezkuntzaren mapa izeneko orrian laburbiltzen da neurri batean). Interesgarria izango da aurtengo irakasgaia amaitzean aurretik eraikitakoari zer gehitzen diodan ikusten joatea.

Ken Robinsonen bideoaren inguruan, berriro ikustean hartutako oharren artean ondokoa iruditu zait hemen jasotzeko modukoa: ea noiz jartzen diguten hitzaldiaren bigarren zatia, paradigma NOLA aldatu azaltzen duena, paradigma aldatzearen beharraren inguruan askotxo ados baikaude. Eta horrekin lotuta, gure Didaktika Orokorreko irakaslea joan den ikasturtean izan zen Loreak bere blogean proposatzen zuen filma, La educaciĆ³n prohibida, ikusi ondoren ere antzeko ondoriora iritsi nintzen: filmak zati bat zuen faltan, hitz polit horiek guztiak nola gauzatzen zituzten jasotzen zuena, alegia. Bestelako ideiak ere etorri zitzaizkidan burura filma ikustean, baina horiek beste sarrera baterako utziko ditut.

Azkenik, joan den ostegunean Davidek aipatutako beste gauza bat dakart hona, joan den asteko sarrera baten amaieran nioenarekin erabat loturik dagoena: ikastetxea giza-harremanen lekua dela, bertan giza-harremanak sortu, garatu, kudeatu eta bermatu behar direla. Nire galderei erantzuteko asmoa du Davidek, ikusten dudanez. Aupa!

2012/09/21

zid_ia?_2


Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian aste honetan eskolak tokatzen zaizkigun bi egunetan izan ditugu.

Astelehenean Freireren testu bat lantzen aritu ginen, eta irakasgaiaren ebaluaketa metodoa eztabaidatzen. Freireren testua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Bibliografiaren inguruko hausnarketa aitzaki gisa hartuta, ikaskuntzari eta ikaskutza-irakaskuntza prozesuari buruzko gogoeta egiten du Freirek, eta bere proposamena azaltzen du, egiazko zintzotasunean, askatasunean, errespetuan, gogo bizian, jarrera kritikoan, zorroztasunean eta apaltasunean oinarritua. Hitzez hitz bat egiteko moduko sarrera egin dio gure irakasleak irakasgaiari, bere asmoak beste norbaiten hitzetan jarriz. Ebaluaketaren inguruan eztabaidatzean argi geratu zaigu ere gelan adierazten digun jarrera malguak ez duela esan nahi ikasturtea la-la-la batean pasako dugunik, kolpe zorrik jo gabe; gure proposamen adostua idatziz nahi du (uf, zail samarra ikusten dut nik hori lortzea). Bestetik, ikusi (ikasi) genuen ere irakasgairako ez duela planteamendu zehatzik egingo, gaitegi itxi batekin, eta astero zertan ariko garen aurreratuz. Hori oso gustuko izan dut, alde batetik, indefinizioak jakin-mina pizten didalako, baina bestetik langile-ikasle bizitzaren estresak eraginda estutasuna sortu dit, ez baitut daturik indarrak neurtzen eta dosifikatzen joateko. Beraz, aldi berean gustuko eta desatsegina egin zait proposamen irekia, baina ziur naiz emaitza interesgarria izango dela.

Osteguneko eskolak arratsaldeko azken orduan ditugu, eta Davidek samurretik hastea erabaki du. Horrela, liburutegira bisita gidatua egin genuen. Oso interesgarria ere. Gauza berriak ikasteko aukera eman zidan: katalogotik abiatuta artikuluak nola ikusi (eta etxeko ordenagailutik zergatik ezin izan ditudan orain arte ikusi, baita nola konpondu ere), interesgarriak izan daitezkeen datu base batzuen izenak (nola erabili behar ote diren badirudi ez dela hain sinplea), eta mediatekaren baliabideak (guztiz berria, joan den ikasturtearen bukaeran ireki baitzen). Beraz, bisita emankorra izan zen, eta azalpenak eman zizkigun bertako langile oso jatorra nirekin harremanetan jarri da jada informazio gehigarria posta elektronikoz bidaltzeko (ziur ikasturtean zehar sortuko zaizkidan dudak argitzeko lagungarria izango dela kontaktu hau). Benetan dotore eta bikaina da liburutegi berria.

Tira ba, horixe iruditu zait izan dela irakasgaian ikasitakoa aste honetan. Hala ere, irakasgaia antolaketari buruzkoa denez, iruditzen zait gai horren bueltan Daviden eskutik zuzenean baino gehiago ikasi dudala aste honetan ikasturte berriak gure gelaren antolaketan ekarri dituen aldaketekin. Izan ere, joan den ikasturtean oso trinkoa zen taldeari aurten irakasgai batzuetan beste ikasle mordoxka bat gehitzen zaio, eta badugu ikaskide berriren bat. Horrek desoreka bat sortu du gure egoeran, eta hurrengo asteetan joango gara oreka berria bilatzen denon artean. Horrez gain, joan den urtean gelako lanak egiteko taldekatzean hainbat aldaketa egon dira, batzuetan gelakide batzuk ikasketak utzi dituztelako, eta besteetan sortutako gatazken ondorioz, suposatzen dut, eta interesgarria da taldekatze berriak nola sortzen diren bizitzea. Pasa den mendeko filmetan bezala, dantzaldiaren lehen dantzaren ondoren hortxe gabiltza denak, bikotez aldatu nahi ote dugun edo ez aztertzen, eta aldatzekotan norekin nahi dugun pentsatzen, eta besteek guganako duten jarreraren inguruan hausnartzen... Egoera horien kudeaketa egokian ikusten dut nik gizakia barne duen edozein sistemaren antolaketaren muina, eta ez dakit oso ondo nola ikasten eta irakasten den hori. Ea Davidekin ikasten dugun!


2012/09/14

zid_ia?


Zer ikasi duzu Ikastetxearen Antolakuntzan aste honetan?
Izenburu horrekin jasoko ditut blogean astero Ikastxearen Antolakuntzako irakasleak, David Pastorrek, proposatutako ariketa: eskola bakoitzean zer ikasi dugun, zer izan dugun gustukoen edo zer aldatuko genukeen azaltzea.
Aste honetan eskola bakarra izan dugu, aurkezpenekoa, zelebre samarra izan zena, egia esan. Hamar minutuz Rottenmeier AndereƱoaren gizonezko bertsioa izan zen (Heidi ezagutzen dutenek ulertuko dute), eta nire onetik atera ninduen erabat, onartu beharrean nago. Hortik aurrera, askoz ere interesgarriago izan zen. Ondo egon zen oporretatik "esnatzeko" astindua jasotzea, eta kontura arazi ninduen ikasturte berriarekiko jarrera baikorra eraikitzen joateko beharra dudala, azkarregi haserretu bainintzen. Oso gustuko izan ditut luzatu dizkigun gonbidapenen artean oraingoz irakurritakoak ere: Freireren idatzia eta praktika arrakastatsuen txostena (azken hau irakurtzen hasteko beta izan dut bakarrik). Oinen aurrean zabaldu digun alfonbrak erakargarria dirudi. Aldatzekotan, ba ez nago ziur, agian "shock terapia" erabili gabe mezua helaraztea posible zen?

Bueltan


Guri ere tokatu zaigu aste honetan eskolara bueltatzea. Haur Hezkuntzako bigarren ikasturtea hasi berri dut, eta aurrekoan bezala bloga nire ikaskuntzak jaso eta antolatzeko erabiltzeko asmoa dut. Agian irakasgairen batean erabiltzeko aukera izango dut ere, baina hori oraindik ez dakit.

Udan zehar biltzen joan naiz, han eta hemen, "blogerako" izena jartzen nien estekak. Gehienak deprimitzekoak dira, krisiaren ondorioz pairatuko ditugun mozketa amaigabeen ingurukoak, eta erabaki dut ez dudala horiez hitzik egin nahi orain. Nahikoa "depre" naiz ikasturtearen hasierarekin (aurrekoan ez bezala, oraingoan ondo dakit gainera datorkidana!), eta ez dut horrelakorik behar.

Bildutako irakurketa motzen artean bakarra iruditu zait animatzeko modukoa. Eskola publiko, laiko eta literarioaren aldeko artikulua da, eta oso politak iruditzen zaizkit autoreak haurren inguruan esaten dituen hitzak eta jasotzen dituen aipuak. Haurrei eta haurtzaroari gerturatzeko jarrera egokia transmititzen du, haurtzaroak duen magikotasuna eta izaera propioaren errespetuan oinarritua, haurtzaroaren altxorra goraipatuz. Jasotzen duen Rilkeren aipuak ezin hobeto azaltzen du artikuluaren atzean dagoen ideia: haurtzaroa da gizakiaren benetako aberria. Beste ikasturte batez aberrian murgilduko naiz, bada!