Paper-zorroa_2/3

Haur Hezkuntzako bigarren eta hirugarren ikasturteetako paper-zorroa

Bigarren ikasturtea (eta maila) gogorra izan zen, eta azterketak bukatu ondoren ez nintzen gai izan nire burua paper-zorroa idazten jartzeko. Horregatik, bigarren eta hirugarren mailena aldi berean idatzi dut.

Behin lehen maila bukatutakoan, zaila da ikaskuntza berriak aurrekoetatik bereizten, guztia sare korapilatsua bihurtzen baita, niretzat behintzat. Bigarren mailaren errepasoa egiteko, gutxien gustatu zitzaidanetik hasiko naiz, errazagoa baita. Eskola inklusiboaren inguruan ikas genezakeena baino askoz ere gutxiago ikasi genuela iruditu zitzaidan (ez niri bakarrik, egia esan). Pena izan zen, gaia benetan interesgarria eta mamitsua baita. Haurtzaroaren psikologia interesgarria izan zen, nahiz eta kontzeptuetako batzuetan lehen mailan ikasitakotik gutxi urrundu ginen; agian pixka bat gehiago sakonduko genuela espero nuen. Komunikazio gaitasunaren garapena eta hizkuntzaren didaktikaren inguruko bi ikasgaietan asko gozatu nuen, eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan, aldiz. Berdin gertatu zitzaidan garapenean eta ikaskuntzan zailtasunen gaineko ikasgaiarekin, gizarte eta kultura ingurunearen ezagutzari buruzkoarekin, eta IKTei buruzkoarekin; arinak, praktikoak eta biziak izan ziren. Ikastetxearen antolakuntza eta practicuma izan ziren ikasturte osoaren hezurdura osatu zuten ikasgaiak, niretzat behintzat. Horiek eman zioten zentzu berezia, eta praxiari begira jarri ninduten ikuspegi globalarekin. Interesgarria izan bazen ere, oro har, ikasturtea luzea eta maldan gora egin zitzaidan. Nire burua oraindik erdira iritsi gabe ikusten nuen, eta ez nekien indarrik izango ote nuen ikasketak bukatzeko.

Hirugarren maila, aldiz, izugarri arina iruditu zait. Ikasketak bertan behera uztea serioski pentsatu ez dudan lehen ikasturtea izan da, eta hori oso atsegina izan da. Gaikako didaktiken urtea izan den arren, nik irakaslearen jardunaren gai orokor eta oinarrizkoen inguruan bueltaka jarraitu dut. Aurten ere practicuma esperientzia ikaragarria izan da, eta tutore eta gela berarekin egin dudan arren, zeharo desberdina, tutorearen lekuan jarri naizelako denbora guztian. Berde nago, baina asteak pasa ahala hobekuntza nabaritu dudanez, ez nau kezkatzen; egitearen poderioz hobetuko naiz, horretarako aukera badut. Ikasgai guztien gozamen-maila oso orekatua izan da niretzat aurten; oso zaila egiten zait gustukoen bakarra aukeratzea, guztiekin asko ikasi dudalako eta oso ongi pasa dudalako. Nolabait, lehenengo mailako gai batzuetara bueltatzeak (musika, arte plastikoak, psikomotrizitatea) zikloa itxi du, eta ordutik hona zenbat ikasi dugun agerian utzi du ere. Ikasketen barruan etapa bat itxi da; datorren urtean ez dugu ordutegi bera izango, ez gara talde berean egongo, bakoitza bere minorrean arituko da. Eten hori jada nabaritu da practicuma atzerrian egin dutenekin aurten, haiekin harremana galdu dugulako bigarren lauhilekoan, baina datorren urtean askoz ere nabarmenagoa izango da. Talde ona osatu dugu hiru urte hauetan, eta hori ez da hain maiz gertatzen bizitzan. Oso aberasgarria izan da nire gelakideekin ikastea, eta haien bitartez nolabait berriro bizi ahal izan dut ardura batzuk gabe bizitzea nolakoa zen, gauzek betirako ziruditen garai haietan.

Orain azken txanpa baino ez zaigu geratzen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina