2012/11/05

Practicum, egunerokoa: berdinen arteko elkarrekintzak behatzen

Astelehenetan irakasle laguntzailea etortzen zaigu ordu t'erdiz, eta ordu erdiko hiru saio egiten dira. Lehenengoan gela erdia beste irakaslearekin joaten da, antzerkia egitera, eta beste erdia gelan geratzen da bestelako jarduerak egiten; bigarren ordu erdian bi taldeak tokiz aldatzen dira, eta hirugarren ordu erdian hizkuntza lantzeko premia gehien dutenak irakasle laguntzailearekin joaten dira ahozkotasuna lantzera. Joan den astean eta aste honetan gelako jarduerak matematikaren ingurukoak izan dira. Tutoreak ariketa ezberdinak proposatzen dizkie umeei, eta haiek txandaka erantzuten dituzte.

Bestetik, gelan egiten diren jarduerak hiru txokotan antolatzen dira: plastikako txokoa, puzzle txokoa eta eraikuntza txokoa. Orain arte behatu dudanaren arabera, jarduera gehienak elkarrekintza indibidualista sustatzeko antolatzen dira, hau da, haur bakoitzak bere helburuak bere kabuz lortzeko moduan, besteek lortutako emaitzekiko inolako harremanik gabe. Elkarrekintza lehiakorrean norbanakoaren arrakastarako beharrezkoa da besteen porrota, elkarrekintza kooperatiboan norbanakoaren helburua lortzeko besteek haien helburuak lortu behar dituzte ere, eta indibidualistan bakoitzaren helburuak besteen helburuekiko independenteak dira; ez diote elkarri eragiten.

Batzuetan elkarrekintza kooperatiboa ematen da espontaneoki haurren artean. Horretarako txokorik aproposena eraikuntza txokoa iruditu zait, batzuetan haurrek batera eraikuntza handi bat egiten baitute. Puzzle txokoan ere batzuetan binaka egiten dituzte puzzleak, baina normalean kooperazioa sortu ordez lanen banaketa hutsa ematen da ("ni nire aldea egiten ari naiz, eta nahiko aurreratuta noa"). Aipatu ditudan matematikako ariketetan ere elkarrekintza indibidualista bilatzen da, haurren batek laguntza eskatzen ez badu behintzat.

Borobilean egiten diren jardueretan batzuetan elkarrekintza kooperatiboa bilatzen du tutoreak, galdera bat bota eta guztien artean hipotesiak eraikitzeko eskatzen duenean. Hala ere, jarduera gehienek elkarrekintza indibidualista bilatzen dute, eta maiz beste haurren partaidetza mugatzen da (arduradunak arbelean izenak idaztean, adibidez).

Elkarrekintza lehiakorra ez da batere sustatzen tutorearen aldetik, eta nire gelako haurrak ez dira bereziki lehiakorrak haien artean; haurren lehiakortasun-maila normala dute.

Laguntza eskatzea aukeren artean sartzen da beti, eta irakasleak batzuetan galdetzen dio haurrari ea laguntzarik eskatu nahi ote duen, baina badirudi haurrek ez dutela oso gustuko laguntza eskatzea, eta hori gabe saiatzen dira aurrera egiten. Agian ona litzateke bolada batez haur batek bakarkako ariketa bat egin behar duen bakoitzean laguntzaile bat aukeratzea derrigorrezko egitea. Horrela agian lotsa galduko lukete, eta bide batez irakasleak ikusi ahal izango luke haur bakoitzak zeren arabera aukeratzen duen laguntzailea (beti bere lagunik zintzoena, edo ariketaren arabera trebeen iruditzen zaiona, etab.).

Elkarrekintza kooperatiboa hain ona bada, zergatik ez da gelako jarduera guztien ardatz bihurtzen, bada? Jarduerak elkarrekintza indibidualista bilatzeko antolatzeko moduak erraz aurki daitezke, baita elkarrekintza lehiakorra sustatzen duten ariketak ere, baina elkarrekintza kooperatiboaren arabera gelako ohiko jarduerak antolatzeko ereduak ez zaizkit eskura etorri, egia esan. Batzuk diote jolas kooperatiboak gatzgabe samarrak izaten direla, eta agian ez zaie arrazoia falta, bereziki bestelako jolasen suzedaneoak direla igartzen denean. Eta elkarrekintza kooperatiboari jarraituz bideratzen badira gelako jarduerak, nola egingo da banakako ebaluazioa? Nola jakin haur bakoitzak zer ikasi duen, ariketak guztien artean egiten badituzte? Hain garrantzitsua al da haur bakoitzak ikasi duena neurtzea?

Bukatzeko, zentzurik ba al du Haur Hezkuntza elkarrekintza kooperatiboan oinarritzeak, hortik aurrera egoera indibidualistak eta lehiakorrak askoz ere arruntagoak izango badira? Horrela bada ere, elkarrekintza kooperatiboaren bidez ikasitako haurra hobe prestaturik egongo al da aurrerago egoera indibidualista eta lehiakorretan ondo aritzeko? Hori bai paradoxa: elkarrekintza kooperatiboa lehiaketa-abantaila bihurtuta!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina