2012/11/11

Practicum, egunerokoa: asteko behaketen ondorioak


Aste honetan berdinen arteko harremanak behatzeari ekin diogu. Astean zehar aipatu dudanez, soziograma bat egiteko asmoa dut, eta ezin izan dut burutu aste honetan zehar; beraz, gai honi buruzko behaketa zertxobait luzatuko zait, baina hurrengo astean zehar soziograma egiteko moduan izango naizela espero dut, nire tutoreari ongi iruditzen bazaio, behintzat.

Ondorioei begira, soziogramaren emaitzak ezagutzen ez ditudan arren, interesgarria iruditu zitzaidan astean zehar aurkitu nuen artikulu hau, teknika soziometrikoen emaitzen egonkortasunari buruzkoa. Bertan teknika soziometrikoen aplikazioan oinarritutako ikerketa baten emaitzak jaso eta analizatzen dira. Zehazki, 4, 5 eta 6 urteko geletan bi test soziometriko aplikatu ziren, eta handik hilabetera errepikatu ziren, estatus soziometrikoa denboran zehar egonkorra ote den aztertzeko asmoz. Laburbilduz, ondorioak hauek dira: Haur Hezkuntzako etapako adinetan estatus soziometrikoak egonkortasun txikia du (hilabetera testa errepikatzean 4 urtekoen gelan haurren %5ak mantendu zuen aurreko estatusa), egonkortasuna handituz doa adinarekin (6 urtekoen gelan %65ak eusten zion aurreko estatusari), eta estatus soziometrikoaren klaseen artean gaitzetsien klaseak besteek baino egonkortasun nabarmenagoa du (4 urtekoen gelako haur gaitzetsien %33k eusten dio kategoria horri handik hilabetera, eta portzentajea %83ra igotzen da 6 urtekoen artean). Nire practicumeko gelan egingo dudan soziogramaren ariketari begira, beraz, gogoan izan behar dut haurrek 4 urte dituztenez berdinen arteko harreman oso dinamikoen argazkia aterako dudala, momentu jakin bati dagokiona, eta duena baino pisu edo garrantzi gehiago ez niokeela eman behar. Izatekotan, gaitzetsien taldeko haurrei eman beharko litzaieke arreta gehixeago, horiek baitute klase berean mantentzeko joera nabarmenagoa.

Azken horrek asteko behaketen beste gai batera narama: zer egin gaitzetsitako haurrekin? Galdera hori nire tutoreari luzatu nionean (astean zehar sortutako egoera zehatz baten inguruan, beste sarrera batean azaldutakoa), "ahal den moduan toreatu" erantzun zidan. Hau da, behin gertatuz gero, ez da kudeatzen erraza den egoera. Nire tutoreak errefortzu positiboa aplikatu du egun hauetan, haur gaitzetsia baztertzen ez duten haurren jokabidea denen aurrean goraipatuz. Suposatzen dut, orduan, gaitzespenaren inguruan egokiena prebentzioa izango dela. 

Gorago aipatu dudan artikuluak bi test aplikatzen zituen, bata estatus soziometrikoa neurtzeko, eta bestea hiru jokabide talde identifikatzeko (jokabide erasokorrak, isolamenduzkoak eta prosozialak). Gelako kideen ustez, gaitzetsitako haurrek jokabide erasokorrak beste klaseetako haurrek baino gehiagotan dituzte, eta haur ospetsuek, aldiz, jokabide prosozial gehiago dituzte. Adinean aurrera egin ahala, gaitzetsitako haurrengan jokabide erasokorrak nabarmenagoak dira, eta ospetsuak diren haurrengan erasokortsuna gutxituz doa, jokabide prosozialak areagotuz doazen artean. Bitxikeria bat: ikerketa horretan hiru klase soziometriko desberdintzen dira (ospetsuak, gaitzetsiak eta tartekoak), eta jokabide erasokorrak ospetsuen artean tartekoen taldean baino altuagoak dira, erasokortasun ezak ospetsu izatea bermatzen ez duela erakutsiz. 

Beraz, prebentzioaren mailan lan egiteko hezkuntza emozionalaren arloa lantzea oso erabilgarria izango da, orain arte behatu dudanaren arabera erasokortsuna neurri handi batean emozioen erregulazio eskasari loturik baitago (baita komunikazio-gaitasun eskasari ere). Adimen emozionala eta emozioen hezkuntza gai berri samarrak dira hezkuntzan, eta oraingoz graduan ez ditugu sakontasunez landu. Aurtengo Haurtzaroaren Psikologian ikusitako bideo batean honako iturri hau gomendatzen zuten, abiapuntu gisa interesgarri iruditu zaidana. Joan den ikasturtean, Didaktika Orokorrean egin behar genuen taldeko lan baterako beste iturri bat erabili genuen, aspaldiko sarrera batean aipatu nuena. Nire ikastetxean hiruhileko honen hasieran, nik practicuma hasi aurretik, oinarrizko emozio batzuk landu dituzte (pozik, triste, haserre), norberarengan eta besteengan emozioen antzematearen mailan, baina ez dut aukerarik izan tutorearekin sakonki zer eta nola landu zuten ezagutzeko. Joan den astean proposatu nion landu zituzten emozio horiei beste binomio bat gehitzea, urduri/lasai, bereziki emozioen hormairudiei kasu gehien egiten dieten haurrak emozioen kudeaketan baliabide gutxien dituztenak direla ikusi nuelako. Ondo iruditu zaio proposamena, eta aste honetarako eraman behar diot jarduera baterako planteamendua. Jasoko ditut emaitzak aurrerago, bada.

Gaitzetsien kontuaren gainean azken galdera bat: hezitzailearen helburuak zein behar du, gaitzetsitako haur bat bera ere ez izatea gelan? Posible al da hori? Aipatu dudan artikuluak literaturaren berrikuspen arina egiten du hasieran, ohikoa izaten den bezala, eta horren arabera, gela bakoitzean haurren % 10-15 gaitzetsiak izaten dira. Beraz, gelan haur gaitzetsirik ez izatea lor daitekeen helburua da, ala kimera hutsa?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina