2012/11/18

Bizikidetza eta gatazkei aurre egiteko ikaskuntzak, practicumeko egunerokoari lotuta

Lehendik ere lanpeturik nenbilen arren, bukatzear dagoen aste honetarako "baketik" erakundeak antolatutako ikastaro batean izena eman nuen, bizikidetzaren ingurukoa. Duela dozena erdi bat urte, edo gehiago, izan nintzen erakunde horrek gai beraren gainean antolatutako beste ikastaro batean, eta ikusi nahi nuen zer nolako eboluzioa izan duten denbora honetan.

Lanean partaidetza ekimenak antolatzea eta bideratzea egokitzen zait maiz, eta bizikidetzaren inguruko hausnarketa eta prestakuntza beharrezko nituela iruditu zitzaidan orduan, eta berdin pentsatzen jarraitzen dut orain ere. Bizitza pertsonalean ere, nola ez, beharrezkoa den alderdia da, eta duela aste gutxi gelan sortu zen gatazka bat zeinen gaizki kudeatu nuen begiratu besterik ez dut ikasten jarraitzeko beharra dudala aitortzeko. Graduko ikasketen inguruan, bizikidetza Haur Hezkuntzako adinetatik hasita landu beharreko gaia dela argi dago. Beraz, betebeharretara ezin iritsirik banabil ere, izena eman nuen, eta lehen saiora joan nintzen.

Graduko ikasketak direla eta, ikuspuntu berria gehitu diot gai hauen gaineko hausnarketari, eta interesgarria da. Lehenengo saioan azaldu zizkiguten baketikek izan duen ibilbidean haiek atera dituzten ondorio nagusietako batzuk, norbera gatazkaren aurrean kokatzeko oinarrizko lau ikaskuntzen ingurukoak:
  • Norberaren eta bestearen izaera eta gaitasun mugatua onartzea.
  • Esker ona bilatzea eta esperimentatzea.
  • Kontzientziari entzutea, estimulua eta erantzunaren artean horretarako tartea sortuz.
  • Giza duintasuna kokatzea, giza duintasuna errespetatzea.

Oinarrizko lau ikaskuntza hauen osagarri diren hiru ikaskuntza instrumental daude; elkarrizketaren plusa, enpatiaren plusa, eta pazientziaren plusa, baita funtsezko beste ikaskuntza bat: maitasuna. Azken hauek ez genituen saioan landu.

Graduko ikasketen testuinguruan kokatuz, begi bistakoa iruditzen zait gai hauek hezkuntzan duten isla. Haur Hezkuntzako curriculuma eskuartean hartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Practicumari dagokionez, nire esperientzian behatutako hainbat jarduera, ekimen eta jokabide ikaskuntza horiekin lotuta daude. Ikastea bera gatazkaren ondorio da, gatazka kognitiboa edo desorekaren ondorio, une jakin bat arte ezaguna zaigun eskema kolokan jartzen duen gertakizuna beharrezkoa da ikaskuntza berria sortzeko. Beraz, pertsona, haurra kasu honetan, gatazka horrekiko nola kokatzen den erabakigarria izango da bere garapen kognitiborako. Gatazka saihesten duen haurrak nekez egingo ditu aurkikuntza berriak, bere gaitasunak mugatuak direla onartzen ez duenak frustrazio gaindiezina biziko du, munduarekin eta bizitzarekin beti haserre dagoenak ezingo du esker oneko izan.

Bestetik, elkarrizketa (komunikazioa), enpatia, pazientzia eta maitasuna esanahi betea duten kontzeptuak dira Haur Hezkuntzan. Beraz, badu zentzua txikienen hezkuntzari begira ere gai honek.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina