2012/11/14

Practicum, egunerokoa: lehen esku-hartzearen emaitza

Tutoreari gelan jarduera bat egin nahi nuela proposatu nion, eta idatziz eraman nion nola gauzatuko nukeen. Eztabaidatu genuen, eta esan zidan arratsalde horretan bertan landutako ariketatxo guztietatik zebait aukeratu eta praktikan jartzeko. Atzo nire tutoreari arduradun izatea egokitu zitzaiola aprobetxatuz, ni bere laguntzaile aukeratu ninduela esan zien haurrei bazkal ondoan, eta hortxe jarri nintzen, bere aulkitxoan, borobilaren aurrean. Gladiadoreak zirkoan bezala.

Jarduera ez zen errutinaren barruan dagoenetako bat, aurretik landu duten proiektu bati lotutakoa baizik. Pentsatu nuen oinarrizko emozioak landu dituztenez, gelako haur batzuk landutako horma-irudiarekiko interes bizia dutenez, eta gelan oso urduriak diren haur dezente ditugunez, interesgarria izango zela urduri-lasai kontzeptuak lantzea. Planteamendua sinplea zen: zer dakigu gaiaren gainean landu, irudi baten laguntzaz, eta urduri eta lasai esperimentatzeko bi ariketa egin, ondoren eztabaidatxoa irekiz.

Emaitza parregarri samarra izango zela aurreikusita nuenez, bideoan grabatu nuen, ondoren ikusi ahal izateko.

Laburbilduz, jarduera ezin izan nuen burutu, egoeraren kontrola galdu nuelako (inoiz kontrola eskuratu ote nuen?). Ordu erdiz aritu nintzen zirkoko "pizti basati maitagarriak" otzantzen saiatzen, baina ez nuen asmatu, eta ozta-ozta lortu nuen haiek txokoetara bidaltzea. Hasieran haien interesa piztu nuen arren, ez nuen tentsioa mantentzen jakin, eta eskuen artean desegin zitzaidan azukre-koskorra uretan bezala. Gelako "espiritu libreenak" erabat askatu ziren, eta bata parkean hartu ditugun fruituekin jolasten hasten zen bitartean, bestea lurrean etzanda bueltak ematen zebilen, beste bi elkarri jotzen... Taldearen erdia baino gehixeago eserita egon zen ordu erdiz (guk haiekin pazientzia izan behar dugula diogu, baina hauek bai izan zutela pazientzia nirekin atzo!), eta besteak txandakatuz joan ziren orbitatik irtendako sateliteen moduan han-hemenka ibiltzen. Eta, bitatean, ni suak itzaltzen saiatzen, munduko lasaitasun guztiarekin, hori bai.

Eskolak bukatu eta korrika lanera joan behar nuenez, ez nuen aukerarik izan nire tutorearekin esperientziaz hitz egiteko, baina bihar eta etzi espero dut denbora izango dugula horretarako, eta jasoko ditu hemen berak esaten dizkidanak

Gaur bideoa ikusteko tartea hartu dut eta dibertigarria izan da oso. Alderdi positibotik hastearren, esango dut egoeraren kontrola galdu arren, nire buruaren kontrolik ez nuela galdu, eta hori ondo dago. Bestetik, ez nengoen larrituta edo estututa; nahiko gustura nengoela sentitu nuen atzo, eta irudietan ere hori iruditzen zait ikusten dela. Momenturen batean barrea eta guzti eragin zidan egoerak. Momenturen batean lortu nuen haien interesa neureganatzea, gutxi iraun bazuen ere. Negatibotik gehiago dago: erritmoa oso motela izan zen, erabakitzeko indarra faltan sumatzen zen, ez nuen autoritaterik eskuratu, eta ez nuen egoera ondo irakurri. Autoritaterik aitortuko ez zidatela aurreikusi behar nuen, eta haien interesari eta nobedadeari heldu erritmo bizian aurrera eginez, gelako "sateliteek" jarraituko zidatenaren esperantzaz, eta agian horrela emaitza hobeagoa lortuko nuen.

Harritu ninduen nire ohiko tokian (borobilean eserita) nagoenean baino kasu gutxiago egin zidatela ikusteak (kasu gutxi egiten dutenak esan nahi dut). Nolabait esatearren, nire tokian nagoenean agindu batzuk emateko autoritatea aitortu didate, baina haurretako batzuk nik tutorearen tokia hartzea ez zuten inolaz ere ondo ikusi (haren gidaritza eta konfiantza gehien behar dutenak), eta oso argi utzi zidaten sudur puntan jarri zitzaiena eginez.

Bestetik, harritu ninduen ere urduri jartzeko jolas bat eta lasai jartzeko beste jolas bat egitea proposatu nienean (proposamena egitera iritsi nintzen, bai), gutxitan parte hartzen duen haur batek esan zuela berak ez zuela jolas hori egin nahi. Aurretik urduri eta lasai egotea zer den eztabaidatzen saiatu ginenean, haiek azaltzen ez zekitenez esan nien batzuk esaten dutela urduri egotea triparen barruan pilotak saltoka edukitzea bezala dela, eta lasai egotea pilota horiek poliki-poliki mugitzea bezala. Noski, haur horrek pentsatu zuen nik ez niola nahikoa konfiantzarik eskaintzen nire eskutik bidaia hori egiteko, eta hori ere ez nuen aurreikusi. Bere ezezkoaren ondotik, beste batek ere esan zuen berak ez zuela jolastuko, eta nire jarrera egokia izan zen; taldeari galdetu nion ea zer egingo genuen, eta beraiek esan zuten "ba, nahi duenak jolastu, eta besteek begiratu dezatela". Aurretik esan dudan bezala, ez nuen lortu jolasak egitea, eta laguntzaile batek txokoak antolatu zituen ondoren.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina