2012/11/08

Practicum, egunerokoa: irteera eta psikomotrizitateko saioa

Gaurko eguna bizipenez betea egon da. Goizean ikasturteko lehen irteera egin dugu, Cristina Eneako parkera, 4 urteko beste gelarekin batera. Geletako bi tutoreak, ostegunetan beste gelara joaten den irakasle laguntzailea, eta lauok joan gara hemeretzi haurretako bi talderekin. Gure taldean kudeatzen zail samarrak diren hiruzpalau haur ditugunez, esperientziaren emaitzen inguruan kezka puntutxo bat bagenuen, baina nire tutoreak oso ondo darama taldea, eta ikasturtearen hasieratik asko landu ditu jokabidearen oinarrizko arauak. Beraz, dena ondo irtetea espero genuen, baina beti geratzen da duda puntutxo hori.

Haurrak eskutik bikotetan joan dira bide osoan, eta orokorrean oso txintxoak izan dira. Parkean gustura entzun dituzte tutoreen azalpenak, eta gogoz egin dituzte haientzat prestatu ditugun jarduerak: enbor ezberdinen azalen ehundurak argizariekin paperaren gainean kalkatzea eta hosto eta fruituak biltzea. Bildu dugun materiala hurrengo egunetan gelan lantzeko aukera izango dugu. Haurrek asko gozatu dute haien eguneroko testuingurutik kanpo, zuzendutako jarduerak haien jolas librearekin tartekatuz. Hori bai, elkarlanean aritzea zaila egin zaie (enborren azala bikoteka kalkatzeko eskatzen genien, batek papera eutsita eta ondoren txandakatuz), eta gelara bueltatzean bakoitzak hartutako hosto eta fruituak kartoi mehe bakar baten gainean nahastea ez dute oso gustuko izan, baina tutoreari garrantzitsua iruditzen zaio indibidualtasuna lantzeaz gain taldearen kontzeptua lantzea ere.

Arratsaldean haien arteko harremanak indar handiz islatzen diren beste jarduera batean aritu gara; psikomotrizitateko saioan, hain zuzen ere. Gaur nahiko harmonia izan dugu, baina ordu t'erdian (beno, berez saioak ordu bete irauten du, beste ordu erdi behar baita gelara jaisteko, arauak gogoratzeko, eta saioa amaitzean gelara bueltatu eta etxera joateko prestatzeko) denbora ematen du hozkada batzuk eta haserreak egoteko. Gaur haur askoren artean etxe handi bat eraiki dute aparrezko blokeekin, eta kooperaziozko elkarrekintza nagusitu dela esango nuke. Gainera, gelan hitzik egiten ez duen haurrak esaldi oso bana esan dizkigu tutoreari eta niri, orain arteko solasaldirik luzeena. Beraz, harremanak aberatsak izan dira gaur.

Bestetik, ikastetxeko klaustroan egoteko aukera izan dut, gaur onartu baita urteko plangintza. Generoaren ikuspegitik, oso nabarmentzekoa da irakaslegoa ia osotasunean emakumez eraturik egon arren, zuzendaritza taldea gizonez osaturik dagoela. Kasu honetan, hala ere, ez dut argi diskriminazioa zein norabidetan ematen den, emakumezkoek esan baitidate inork ez duela zuzendari izan nahi, eta gaiaren inguruko bromak egin dituzte bileran zehar, zuzendaritza taldeko emakumezko birtual batek ordenagailutik egindako harreratik hasita. Zuzendaritza taldeak hamar urte daramatza lanean, eta badirudi denak pozik daudela egoera horrekin.

Bukatzeko, atzo eta gaur ez dut denborarik izan nire tutoreari soziogramaren kontua galdetzeko. Gezurra dirudi, baina ez dago horretarako denborarik. Komunera joateko ere komeriak ditugu, egia esan, jolasorduetan ere haurrekin egoten baikara. Nire tutorea lanera 45 minutu goizago joaten da egunero gauzak prestatzeko, bestela denborarik ematen ez baitio, eta nik normalean ezin izaten dut goizago joan, nire laneko posta elektronikoa garbitzen dudalako goizetan. Tira, ea hurrengo asteartean ikastetxera bueltatzen naizenean goizean goiz joateko aukera dudan, eta galdetzen diodan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina