2012/11/14

Practicum, egunerokoa: ikaskuntza-irakaskuntza prozesuarekiko irakaslearen estrategia eta metodologiak behatzen


Aste honetan irakasleak aplikatzen dituen estrategia, metodologia eta teknikak behatzen jardungo gara. Atzo ikastetxean egon nintzenean gelako lagunen zerrendaren bigarren edo hirugarren buelta bukatu zuten, egunero baitago arduradun bat, zerrenda horren araberako txandak hartuz. Atzo berriz ere lehenengotik hastea egokitu zen, eta irakaslea da lehenengoa zerrendan. Orain arte, arduradun izatea egokitzen zitzaion haurrak goizaren hasieran ondoko betebeharrak zituen:
  1. Gelako lagunei banan bana ea etorri ote diren galdetzea ("x etorri da?"), bakoitzak ozenki "hemen nago" erantzuna eman behar zuelarik. Kasu horretan, irakasleak eredu bat eman zien, bi esamolde zehatzekin, eta errepikapenaren bitartez horiek barnera zitzaten zen bere helburua. Bide batez, lagunen izenak nola idazten diren ikasen joan dira eguneroko ariketa horrekin, eta egiten dituzten beste batzuekin, izenak letra larriz idatzita baitaude zerrendan, haur bakoitzaren argazkiaren ondoan. Txokoetako taldeen kolorezko kartoi meheek ere haurren izenak dituzte, eta ikasturtearen hasieran horietan ere argazkia zegoen bakoitzaren izenaren ondoan, baina aste batzuk pasa ondoren irakasleak esan zien jada izenak ikasten ari zirenez, txokoetako hiru taldeen zerrendetatik argazkiak kenduko zituela. Horrela, haurrak ohitzen joan dira gutxinaka lagunen izenen itxurara, bakoitzaren hizki konbinazioa izenari lotuz. Egun batzuetan, haurrak sortzaileak izan dira, eta "hemen nago" erantzun beharrean "egunon" erantzun du baten batek, jarraian batzuk esamoldea imitazioz kopiatu dutelarik. Irakasleak onartzen ditu horrelako aldaerak, baina ez erabateko gogoz, eta saiatzen da berriz ere "hemen nago" esamoldera buelta daitezen, erantzun zuzen bakarrera buelta daitezen, alegia.
  2. Etorri ez diren lagunen izenen txartelak "etxea" irudikatzen duen kartoi mehean jartzea, eta horien kopurua adieraztea, dagokion zenbakia itsatsiz. Irakasleak galderen bitartez laguntzen zien (zenbat lagun daude ba etxean? eta jarrita dagoen zenbakia ondo al dago? orduan, zer egin behar duzu? eta horrelakoak).
  3. Asteka proiektu gisa landu dituzten gaien inguruko ekarpen pertsonala egiten, komunikazio-gaitasuna lantzea helburu garrantzitsutzat zuen ariketa baten bidez. Nik practicuma hasi aurretik emozioak landu zituzten, eta haur bakoitzak azaldu behar zuen egun horretan pozik, triste, haserre edo beldur ote zen, eta irakasleak galderak egiten zizkion horren inguruan. Ni praktiketan nagonetik gustuko objektua eta tokia izan dira gaia, eta haur bakoitzak ekarri behar zuen gustukoen zuen jostailua eta gustukoen zuen tokiaren argazkia edo marrazkia, aurretik gurasoen laguntzarekin landua (irakasleak ohar bat bidaltzen zien zein egunetan ekarri behar zuten esanez). Haur bakoitzak ahozkotasuna lantzen zuen, irakaslearen galderei erantzunez. Haurrek ekarritakoekin horma-irudi bat osatu dute denen artean. Haur bakoitzak nahi zuena ekarri du, eta nahi zuena kontatu du, bere interesei jarraituta.
  4. Lagun baten izena aukeratu, eta hori idatzi arbel magnetikoan, plastikozko hizki handiak erabiliz. Izenak velcroz itsatsita daude zerrendan, eta irakasleak velcro zati bat jarri zuen arbelean, haurrak nahi bazuen lagunaren izena bertan itsatsi eta izenaren eredua aurrean zuela letrak aukeratzeko. Haur batzuk hasieratik hartzen zuten eredua; beste batzuk hori gabe hasten ziren, baina zerrendari begiratzen zioten tarteka; eta beste batzuk eredurik hartu gabe eta begiratu gabe aukeratzen zituzten hizkiak.
  5. Lagunaren izenaren hizkiak zenbatu, eta dagokion plastikozko zenbakia laukitxo batean jarri. Irakasleak galderen bidez gidatzen zuen haurra (eta orain zer egingo duzu? zenbat hizki ditu, orduan? eta nondik hartuko duzu zenbakia? zoaz, bada).
Atzo esan zien arduradunaren txanda berria hasten zenez, ariketa pixka bat zailagoa egingo ziela. Batetik, izenen ondoko argazkia kenduko zuela, eta gordeko zituela argazkiak beste zerbait egiteko. Eta, bestetik, esan zien jada ez zutela lagun baten izena idatziko, denek oso ondo zekizkitelako izenak; hemendik aurrera norberaren izenari arreta handiz begiratuko geniola, eta izenaren lehen hizkia bakarrik idatziko zutela arbelean. Bere izena hartu zuen adibide, eta "k" jarri zuen arbel magnetikoan. Haur bakoitzari banan bana errepikatu arazi zien hizkiaren soinua, eta esan zuen pixka bat zaila denez ahoskatzeko, "k" hizkiak laguntzaile batzuk izaten dituela, bokalak, alegia. Bokal bakoitza txandaka jarri zuen "k"ren ondoren, eta konbinazio bakoitzak sortutako soinua errepikatu arazi zien haurrei banan bana. Konbinazio bakoitzean, soinu horrekin hasten ziren izenak esateko eskatzen zien haurrei, batzuetan pistak emanez ("ko"ren kasuan, "animalia bat, uretan bizi dena, eta hortz asko dituena..."). Bokal laguntzaile bakoitza "k"ren ondoren jartzean, irakasleak galdetzen zien ea orduan zein zen soinua, eta haurrek erantzuten zuten bokalaren soinua emanez (arbeleko "k"ren ondoren "a" jartzean, adibidez, haurrek erantzuten zuten soinua "a" zela). Irakasleak zioen egia zela, hura "a" zela, eta aurreko "k"rekin batera "ka" soinua sortzen zuela.

Irakasleak erabiltzen dituen estrategia, metodologia eta tekniken beste adibide batzuk astelehenetan lantzen den matematikan aurki ditzakegu. Tira, astelehenetan lantzen dela diot, baina benetan noiznahi lantzen da. Astelehenekoak saio bereziak dira, hala ere. Irakasle laguntzailea datorrenean taldea zatitzen dela aprobetxatuz, matematikako hainbat ariketa lantzen dira. Adibidez, egun batean hiru uztai lurrean jarri, eta kolorezko argizarizko margoekin txandaka ariketa egin zuten haurrek, irakasleak eskatutako kopuruak batean eta bestean sartzen. Haur bakoitzaren mailaren araberako eskakizunak egiten zituen irakasleak; batzuei "uztai handian margo asko, uztai txikian batere ez, eta uztai ertainean margo gutxi" sartzeko esaten zien bitartean, beste batzuei kopuru zehatzak jartzeko eskatzen zien. Irakasleak ez zuen zuzenketarik egiten, gehien jota galderen bitartez ariketa berrikusteko eskatzen zien (orduan, nik zer eskatu dizut, uztai handian zenbat jartzeko? Eta zuk zenbat jarri dituzu? Ea, kontatu banan bana behatzarekin, Ondo al dago, bada?). Asko-gutxi, kopuru zehatzak eta aurretik dagoena baino bat gehiago kontzeptua lantzeko ariketa hauek askotan lantzen dituzte gelan, manipulazioan oinarritutako hainbat jarduera eginez, eta eskuekin objektuak kokatuz eta lekuz aldatuz jarduera asko landu ondoren, azken urrats gisa, puzzle txokoan fitxen bidez lantzen dituzte ikasitako kontzeptuak. Adibidez, ni praktiketan hasi aurretik fitxa batean gomets asko jarri behar zituzten fitxan marraztutako poltsa baten kanpoan, eta gomets gutxi poltsa barruan, edo egin berri duten beste fitxa batean abako batean azpian adierazitako kolore bakoitzeko gomets kopurua jarri behar zuten marraztutako abakoan. Nire tutoreak dio espresio grafikoa dela zailtasun handiena duena, eta horregatik beti doala manipulaziozko ariketen ondoren, azken urrats gisa.

Beraz, orain arte behatutakoaren arabera esan dezaket jokabidea gidatzeko teknika konduktistak erabiltzen dituela tutoreak, baina bestelako ikaskuntzak sustatzeko orduan ohikoagoak direla informazio-prozesatzearen eredu transmisiboari eta eredu konstruktibista-kognitibistari lotutako estrategia eta teknikak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina