2013/01/09

Ahozko komunikazioa eta Haur Hezkuntza


Horixe da biharko azterketarako jarri diguten gaia Gaitasun Komunikatiboaren Garapena II irakasgaian (irakasgaiaren atal teorikoan, praktikoan test moduko azterketa jarriko digute eta). Egoki iruditu zait irakasgaiko irakurketak eta oharrak errepasatuz bildutako ondorioak hemen jasotzea, lauhilekoan ikasitakoaren bilduma izan nahi duen blog honetan egon daitezen. Irakasgaiaren atal teorikoko materiala ez ezik, praktikokoa ere erabili dut ondorioak idazteko, baina gehienbat lehenengoaren edukiak islatuko ditut, bestela luzeegi joko lukeelako.

Lauhilekoan zehar landu ditugun materialen helburuetako bat norberaren biografia linguistikoaren gainean gogoeta egitea izan da (bereziki Iñaki Gaminderen prosodiari buruzko artikuluaren harira), eta nik gogoz heldu diot zeregin horri, oso interesgarria iruditu zait eta. Hala ere, ez zait egoki iruditu hausnarketa horien emaitzak ondorio hauetan jasotzea, bestelako zehaztasun maila dutelako; baina blogari begira baliagarriak izan daitezkeenez, beste sarrera batean bilduko ditut bigarren lauhilekoa hasi baino lehen.

Hasi aurretik, azken ohar bat: irakasgaian landu dugun materiala batzuetan aurretik nituen (genituen) ezagutzetatik urrun samar kokatu dela iruditu zait, bereziki prosodiaren gaia landu dugunean. Hori dela eta, irakurgaiak osotasunean ulertzeko behar adinako ezagutzarik ez nuela sentitu dut; momenturen batzuetan ur handiegitan ibili naizela, alegia. Horregatik, agian hemen jasoko ditudan ondorioetan hizkuntzalaritzaren ikuspegitik "zuzenak" ez diren gauzak esango ditut, baina nire helburua Haur Hezkuntzako irakasle izateko bidean "eraginkor" suertatuko zaizkidan moduan jasotzea izan da, batez ere.

Komunikazio-gaitasunaren garapenaz aritzen hasterako gogoratu behar dugu Haur Hezkuntzako etapan hitzezko hizkuntza ez dela garatu beharreko hizkuntza bakarra, eta hizkuntzetatik at dauden bestelako gaitasun orokorrak ere beharrezkoak direla komunikatu ahal izateko. Beraz, ahozkotasuna haurraren garapen globalaren testuinguru orokorrean kokatu beharra dago; pertsona izateko etengabeko bidearen alderdi bat da, beste askorekin elkarreragiten duena. Testuinguru orokorra gogora ekartzean kontuan izan beharko genuke ere Loris Malaguzzik haurraren ehun hizkuntzen inguruan adierazitakoa eta sormenari buruzko adituek esaten digutena, eskolak haurrak berez duen aberastasuna ez dezan zapuztu.

Bestetik, aurreko ikasturtean ikasi genuenaren arabera, komunikazio-gaitasuna lau azpi-gaitasunek osatzen dute, Canale eta Swain-en sailkapenaren arabera: gaitasun gramatikala edo linguistikoa (hizkuntza zuzentasunez erabiltzea ahalbidetzen du), gaitasun soziolinguistikoa (hizkuntza testuinguruari egokituz erabiltzea posible egiten du), gaitasun diskurtsiboa (koherenteak eta kohesionatuak diren diskurtsoak ulertu eta ekoiztea ahalbidetzen du) eta gaitasun estrategikoa (komunikazioa eraginkorra izatea errazten du). Hiztunaren helburua egoera bakoitzean ahalik eta komunikazio eraginkorrena lortzea izango da, eta horregatik esaten da hizkuntzaren kalitatea eraginkortasunaren arabera neurtzen dela, garai batean zuzentasunari soilik erreparatzen bazitzaion ere. Dena den, eraginkorraz gain zuzena eta jatorra (egokia) bada, hobe. Horra hor, bada, irakasleak bere komunikazio-gaitasunarekiko eta ikasle dituen haurren gaitasun komunikatiboarekiko landu beharreko helburuak.

Uri Ruiz Bikandik dio ahozko hizkuntza menderatzea "egiten jakitea" dela, eta horri gehitu beharko litzaioke, irakasgaian landu dugunaren arabera, ahozkotasuna "eginez ikasten" dela, eta egindakoaren gainean hausnartuz. Beraz, ahozkotasuna lantzeko irakaslearen eta ikasleen zeregin nagusiak hitz egitea, besteek esandakoa entzun eta ulertzea, eta guzti horren inguruan gogoeta egitea dira. Bestetik, haurrak hizketan jartzeko, irakasleak bi tresna eraginkor ditu: galdera eta isilik egote aktiboa.

Irakastea komunikatzea denez, irakaslearen gaitasun komunikatiboak ezin du edonolakoa izan (Haur Hezkuntzako etapan ere ez, baten batek kontrakoa pentsa dezakeen arren). Gainera, irakasleak gogoan izan behar du eskakizun diferenteak dituzten hiru jarduera-eremutan arituko dela: irakasle-ikasle elkarrekintzetan, irakasle-irakasle esparruan eta irakasle-familia eremuan. Horietako bakoitzean sortzen diren egoera komunikatibo, helburu eta beharretara egokitu behar du bere esku- eta parte-hartzea. Beraz, komunikazio-gaitasuna garatzeko egoerak "irakurtzen" trebatu eta horien arabera bere jarduna moldatzen ikasi behar du irakasleak. Guzti hori lortu ahal izateko Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 hizkuntza-maila definitzen duten trebetasunak izan behar ditu, Urtza Garay eta Aintzane Etxebarriaren artikuluaren arabera.

Haurren ahozkotasunaren garapena sustatzeko irakasleak egin beharrekoen artean, irakasgaian landu ditugun irakurgaietan bi ideia nagusi nabarmentzen dira: haurrak etxetik dakarrena ezagutu eta onartzetik abiatzea, eta haurrek hizkuntza haren doinutik (prosodiatik) hasita ikasten dutela. Jarraian bi alderdi hauek pixka bat sakonago landuko dira.

Haurrak etxetik dakarrenetik abiatzearen kontua Julian Maia eta Kepa Larrearen liburuaren atal batzuk aztertuz landu dugu ikasgelan, eta zuzenean eraman gaitu euskara batua eta euskalkien gaineko auzira. Euskara Batua 70eko hamarkadaren erdian finkatzen hasi zenean hizkuntza jasoa idatziz eremu formalean erabiltzeko sortu zen. Hala ere, ahozkotasunera jauzia egin zuen barietate edo erregistro horrek, egun idatziz nahiz ahoz erabiltzen da, eta urte askoz eskolako hizkera bakar bezala hartu da. 

Dena den, autore horien liburuan xehetasun asko emanez azaltzen da gaur egun hizkuntzalaritzan adituak euskararen aberastasunari eustearen aldeko direla, eta aberastasun hori euskalkietan dagoela, baita eskualde nahiz herrietako aldaeretan ere. Koldo Zuazoren esanetan, XXI. mendearen hasieran euskararen hirugarren iraultza baten aurrean gaude, euskalkien eta erregistroen suspertzea ekarriko duena, eta eskolak badu zeregina helburu horretan. Beraz, euskara batua eta tokian tokiko hizkera osagarriak dira, irakaslearen lanetako bat da bien arteko zubigintza egitea, eta eskolaren helburua hizkuntzaren erregistro guztiak erabiltzen irakastea litzateke (ez eredu bakar eta zurruna beti eta nonahi).

Hortaz, irakasleak ahozkotasuna lantzeko haurrek etxetik dakartena ezagutu eta onartzetik hasi behar duela diogunean esan nahi dugu irakasleak eskola kokatzen deneko testuinguru soziolinguistikoa ezagutu behar duela, bertako hizkera ezagutzen saiatu behar dela, eta haurrei familian eskolara iritsi aurretik erabilgarri suertatu zaien hizkuntza aberasten eta osatzen lagundu behar diela. Horretarako, garrantzitsua da eskolan testu biziak erabiltzea, haurrekin elkarrizketarako materialak (kantak, jolasak, ipuinak, eta abar) eskola kokatzen den ingurunetik jasotzea, egoera komunikatibo egiazkoak lantzea, eta material didaktikoa erabiliko den hizkerara moldatzea. Noski, tokiko hizkera ezagutzea ez da gauza erraza irakaslearentzat, baina prestakuntza dialektala eskuratzerik ez badu, euskalkiarekiko sentiberatasuna eta euskara batuarekiko ikusmolde zabala behintzat izan beharko lituzke.

Hala ere, eskolan erabiliko den hizkeraren hautua ez dagokio irakasleari egitea, erakundeak erabaki beharreko zerbait da, eta Hezkuntza Proiektuan txertatuko da. Erabaki hori herriz herri, eskolaz eskola eta ikasgelaren barruan umez ume egin beharko litzateke, gainera. Haurrak taldekatzeko orduan, bi eredu nagusi aplikatzen dira eskolan: etxetik euskaldun direnak eta euskara eskolan ikasten hasten direnak banatzea, eta biak talde bakarrean biltzea. Erabakia edozein izanda ere, aipatutako autoreen gomendioa ondokoa da: eskola kokatzen den inguruan euskalkia bizi bada (populazioaren %50 edo gehiago etxetik euskaldun badira), horrek isla izan beharko luke eskolako hizkeran; eta ingurua erdalduna bada, aldiz, hobe da euskara batua (bertako "kolore" batekin) erabiltzea. Ikasgelarako proposamen zehatza ondokoa litzateke: ikasleen %25a euskalkiduna bada, euskalkia erabili (bestela, euskara batuan aritzea hobe). Euskara batua erabiltzen denean, euskara batu zabalaren alde (tokiko ezaugarriak jarrera murrizgarririk gabe hartuko dituena) egitea gomendatzen dute ere. Tokian tokiko hizkerara jotzeko orduan, hiru hizkuntza-eredu dira erreferente nagusiak: euskalki literarioa, eskualdeko berbeta eta herrian herriko hizkera, Villasantek eta Elexpuruk proposatutakoaren arabera. Horietako zeinen alde egin eta eskolako zein eremu eta erabileretan aplikatu erabakitzeak eskolan hausnarketa sakona egitea eskatzen du.

Prosodiaren inguruan, oinarrizko zenbait kontzeptu errazago ulertu ditut Miren Lourdes Oñederraren dokumentu honetan aipatutako Iñaki Gaminderen lanean baino. Hitz gutxitan esateko, hobe duzu hizketaren alderdi musikal egokia izatea, horrela ez bada zail samarra iruditzen baitzait hura aldatzea, adituek ikas eta irakats daitekeela dioten arren, euskarak prosodia iheskorra edo zaila baitu. Lehenago esandako moduan, haurrek lehendabizi esaldiak kantatzen ikasten dute, eta ondoren txertatzen dituzte hitzak doinuan. Beste modu batera esanda: hizkuntzaren gramatika marko melodikoaren barruan ikasten du haurrak. Haurtzaroaren Psikologian hizkuntzaren garapena oso azaletik aztertu dugun arren, haurrak hizkuntzaren jabekuntzaren lehen urratsetan erabiltzen duen holoesaldian argi agertzen da kontzeptu hori. Izan ere, prosodiaren eta keinuen laguntzaz haurrak hitz bera erabiliz esanahi diferenteak adieraziko ditu ("mama", adibidez, "ura nahi dut", "begira, hor ura dago!", "hori ura al da?" edo "hara, txoriek ere ura edaten dute!" esateko erabiliko du), eta aurrerago helduarentzat batzuetan ulergaitz diren hitzak kateatuz esaldiak sortuko ditu intonazioaren bitartez.

Beraz, irakasleak bere prosodia behatu beharko luke (bereziki azentu sistema), eta eskolan eta ikasgelan erabiliko den hizkerari dagokion barietate linguistikoaren prosodia egokian aritu. Hitzen azentuari eta horri lotuta dagoen esaldiaren erritmoari erreparatu beharko die horretarako batez ere, eta gogoan izan beharko du erregistro eta bestelako barietate bakoitzak bere prosodia duela. Prosodiari buruzko guzti hau bereziki garrantzitsua da bozgora irakurtzeko orduan (adibidez, ipuinak kontatzean). Azken horri buruz, helburua hauxe litzateke: irakurritakoa bat-batekoan esandakoaren intonazio berarekin esatea. Prosodiaren inguruan egun sumatzen den arriskurik nabarmenena hizkuntzaren beste alderdi batzuetan ere ematen den hibridazioa da (jatorriz hizkuntza-eredu diferenteetakoak diren ezaugarriak elkarrekin nahastea), gehienbat barietate berrien prosodia edo prosodia gaztea delakoaren ezaugarriak barietate klasikoetara igarotzea. Kontuan izan behar da eskolarako material gehiena euskara batuan dagoela, eta horrek aipatutako arriskuaren alde jokatzen du. Bestetik, prosodia ekoizpenari lotuta ez ezik, ulermenari lotuta ere landu behar da, hau da, pertzepzioaren ikuspuntutik.

Ondorio hauekin bukatzeko, irakasgaian zuzenean lantzeko aukerarik izan ez dugun gai bat aipatu nahi nuke, baina irakurgaietan zeharka maiz agertu dena. Hizkuntza komunikazio-tresna dela eta hiztunaren helburu nagusia komunikatzea dela esan zaigu; igorle eta hartzailearen artean esanahiak adostea. Hizkuntzaren xedea komunikazio eraginkorra lortzea bada, zertarako horrenbeste hizkuntza munduan? Horretan sinetsiko bagenu esperantoa aspaldi hedatuko zen. Janariaren helburua gorputza elikatzea dela esatearen pareko iruditzen zait. Irakurgaietan hizkuntzaren funtzio sozialak, funtzio sinbolikoa, euskarri afektiboa eta horrelakoak aipatzen direnean, Erramun Baxok "tokian tokiko euskara galduz gero, ez eni erran bertze euskara mota bati lotuko zaiola gure jendea" dionean, guzti horren atzean dagoen kulturaren transmisioan kokatzen dut nik gehiago hizkuntzaren helburua; alderdi kontzientean neurri handi batean egiten den komunikazioarekin alderatuz, oharkabean transmititzen den beste zerbait horretan.

Egun, gure paisaia linguistikoa konplexua da, euskal hiztun-elkartea inoiz baino zabalagoa da, baita gazteagoa ere. Bestalde, euskarak duen erronka nagusia erabileran dago; hiztunak askotariko egoeretan hizkuntza erabiltzera bultzatu behar ditugu. Mitxelenak hizkuntzaren xedea eragitea dela dio, eta gizakia emozioek mugitzen dute. Horregatik iruditzen zait hizkuntzak emozionatu egin behar gaituela lehenik, eta Haur Hezkuntzako irakasleak hori bilatu behar duela, orain arte esandako guztiak ahaztu gabe, noski.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina