2013/01/27

"... aparteko munduari buruzko gauzetan hezita dagoen andereño miragarria ..."


Aipua Calleja eta Irustaren Ipuinen tailerra liburutik jasota dago, eta komunikazio-gaitasunen irakasgaiaren teoriako atalaren txostenean dago ipuinak kontatzeko gomendioen artean. Ipuina kontatzean haurrek irakaslea horrela ikusi behar dutela esaten da, eta horrek zer pentsatua eman zidan, joan den ikasturtean psikomotrizitateari buruzko irakasgaian esaten zitzaigunarekin bat ez datorrela dirudielako.

Psikomotrizitateari buruzko irakasgaian, irakasleak esan zigun garrantzitsua dela haurrei errealitatea eta fantasiaren artean desberdintzen laguntzea, eta ez dugula sustatu behar haiek fantasiazko munduan bizitzea. Adibide bezala, psikomotrizitateko gelan haur batek "ni otsoa naiz" esaten bazuen, irakasleak "otsoa bazina bezala jolasten ari zara" argitu behar ziola. Ni ez nintzen batere eroso sentitzen hura entzunda, eta argumentua muturrera eramanez galdetu nion ea orduan haurrei erregeak gurasoak direla esan behar ote genien...

Eta hara non, nire iritziaren aldeko argumentua aurkitu dut aurten. Oraindik ere gogoan dut txikitan zer nolako miresmena sortzen zidaten "aparteko munduari buruzko gauzetan hezita" zeuden helduek, eta uste dut horrek haienganako harremanean izan zuela bere pisua. Astebukaeretan, aiton-amonen etxean, asko ginenez bi txandatan bazkaltzen genuen: haurrek lehendabizi, eta helduek ondoren. Gu bazkaltzen bukatzen ari ginean azaltzen ziren haiek etxera baso-erdi batzuk hartu ondoren. Osabetako batek beti berdin egiten zigun: buruan kaskarreko txikiak eman, ukabila usaindu, eta bakoitzak zer bazkaldu zuen asmatzen zuen, baita guk sinestu ere. Gogoan dut ere Txindokiko punta seinalatu eta egun batean han lo egin zuela esan zidanean urteak pasa nituela zikoinen moduan hanka baten gainean lo egin zuela pentsatzen. Bere etxeko leihora txori txiki bat guri buruzko kontuak esatera etortzen zela ere esaten zigun, eta aste horretan kontatutakoa azaltzen zigun, asmatuz gainera. Mitikoa zen erabat osaba guretzat (ez gaur egungo gazteen mitiko, baizik eta mitiko-mitikoa), gure mundura hurbiltzen bazekielako. Amari haurrei bazkaltzeko zer emango zien galdetu, edo gure gurasoek aste hartako gertakizunen bat kontatutakoan buruan gorde besterik ez zuen egin behar (tira, horrek agerian uzten du gureganako zuen interesa) gu aho zabalik uzteko.

Psikologian ikasi dugu Haur Hezkuntzako etapan zehar haurrek duten bilakaera, errealitatean geroz eta murgilduagoak egotera eramaten dituena. Bilakaera horretan patologikoa den ezer ez den bitartean, niri iruditzen zait irakasleak "aparteko ahalmen" horiei sekulako probetxua atera diezaiekeela umeekin duen lotura sendotzeko, gelan giro goxoa sortzeko, haien arreta bereganatzeko, eta abar. Eta, bide batez, haurren magiaz gozatu ahal izango du, garaiak aldatu arren umeek ume izaten jarraitzen dute eta. Horretarako,  practicumaren egonaldian ilobak bere lagunei izebaren etxera txori txiki bat leihora berari buruzko gauzak kontatzera etortzen zela azaltzen zienean begiak nola handitzen zitzaikion ikusi besterik ez dago.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina