2013/01/17

Irakasleen irakaskuntza-estiloak eta lauhileko berria


Ikasketa-estiloen inguruan ikasi dugu zerbait graduan zehar orain arte, baina irakaskuntza-estiloen inguruan ez horrenbeste. Lauhileko berria hastear dagoela eta, denboraz larriago gabiltzanak beldurrak akabatzen gaude hemendik aurrera sei irakasgai izango ditugulako (orain arte bost gehien jota), eta asteko egun guztietan izango ditugulako eskolak (orain arte lau).

Horren harira irakasleen irakaskuntza-estiloen inguruan pentsatzen aritu naiz, eta ikaslearen aldetik eskatzen duten esfortzuaren arabera hainbat mota bururatu zaizkit:

a) Esfortzu jarraitua eskatzen duen irakaslea
Ardatz bertikalean esfortzua legoke, eta horizontalean denbora. Denborari dagokion ardatzeko "A" hori bigarren lauhilekoaren kasuan Aste Santua litzateke, lehenengo lauhilekoan baliokide argirik ez duena (agian abenduko zubia?). "B" eskolako aldiaren bukaera litzateke.

Horrela, irakasle batzuk eskolak hasten diren egunetik azken eguna arte antzeko esfortzua/inplikazioa/lana eskatzen dute ikaslearen aldetik. Horrek nahikoa errazten du ikaslearen lana, hasierako erritmoari eustea nahikoa izango baita maiatzera bizirik iristeko; aurreikusten erraza denez, planifikazioa sinplifikatzen du. Alde negatiboan, agian ikasle batzuei monotonoegi irudituko zaie eta errazago deskonektatuko dute (motibazioa galduko dutela, alegia).

Hemen azaldutako grafikoaren hainbat aldaera daude, esfortzuaren lerroa kokatzen den altueraren araberakoak. Adibidez, bada irakaskuntza-estilo bat non eskatzen den esfortzua minimoa den. Normalean irakasleak ikaslearen aldetik eskatzen duen esfortzua irakasleak berak "ekuazioan" jartzen duen esfortzuaren pareko izaten da, eta gutxi eskatzen duenak orokorrean gutxi ematen du ere.

b) Geroz eta gehiago lehertu arte eskatzen duena

Patxadan hasi eta denbora aurrera joan ahala ikaslea geroz eta gehiago estutzen duen irakaskuntza-estiloa da, eskolek irauten duten epearen bukaeran esfortzurik handiena eskatuz. Gure graduko bigarren lauhilekoaren kasu zehatzean, Aste Santura arte mantso antzean aritu, eta ordutik aurrera "turboa" sartuko luke honelako irakasle batek, ordura artekoa baino erritmo/zailtasun/bolumen askoz ere handiagoan. Eskolek aste pare bat gehiago iraun bazuten, bukaerara iritsi ahal izango ez zela pentsatuz uzten du ikaslea. Azken honentzat ez da batere erraza planifikatzea: eskolak hasten direneko mailara egokitzen bada porrot egingo du ez delako eman beharreko mailara iritsiko, eta inolako momentuan ezingo du ordura arteko eskakizun-maila erreferentzia bezala erabili hortik aurrerakoa aurreikusteko. Hori bai, inor ez da aspertuko, eskola bakoitzak zer ekarriko ote duen erabateko inkognita izango delako. Hala ere, ikasle batzuentzat pizgarri izango dena, beste batzuk desmotibatuko ditu (bereziki une batetik aurrera eskolek hartutako itxuraren arabera kurba hemen marraztutakoa baino maldatsuagoa izango ote denaren beldur direnak).

Mota honek badu aldaera bat, niri betidanik lepoan harriz betetako zakua lotu eta errekara botatzeko modukoa iruditu zaidana: eskola bakoitzean gailurrera iritsi eta hortik aurrera bidea laua edo maldan behera izango dela dioena eta, hala ere, ekintzetan irudiko kurba mantentzen duena. Kontuan izan behar da irudi hauek irakasleei ez ezik, sendagileei, kirol-entrenatzaileei eta antzekoei ere aplikatzeko modukoak direla. Beraz, "lasai, hemendik aurrerakoak ez du minik ematen ..." eta orratza barrurago sartzen dizunaz ari naiz, edo "bost, lau, hiru, bi, bat ... eta azkena! hamar, bederatzi ..." esanez abdominal-serie amaigabeak bidaltzen dizkizunaz. Honelakoek ikaslearen plangintza hankaz gora jartzen dute, horrek esfortzua aurreikusi eta neurtu ondoren azkeneko izardi tanta botatzera behartuz (eta horren ondoren, beste bat!).

Irakasleak estilo hau erabiltzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke: norberaren lan-estiloarekin bat egiten duelako (beroketa luzearen beharra duen pertsona da, emaitzarik onena saioaren bukaeran lortzen duena), hasieran geldoegi joan eta galdutako denbora berreskuratu nahi duelako (hau da, plangintza egokia egin ez duelako), eskolen hasieran ikasleei egokitzen zaien bidea aurkitzea kosta eta hortik aurrera galdutako denbora berreskuratu nahi duelako, eskolen hasieran berritzailea/ausarta izan eta esperotako emaitzak lortu ezean ohikoagoa den bidera jo eta hortik aurrera galdutako denbora berreskuraru nahi duelako, ikasleak sufriarazten gozatzen duelako, edo zer dakit nik. Maiz irakasten hasi berritako eredua da hau, eta iruditzen zait irakasle askok a edo d eredura jotzen duela esperientzia gehiago duenean.

d) Esfortzuaren gailurra ikasturte/lauhilekoaren bukaeratik bereizten duena

Erritmo biziarekin hasi eta nahiko azkar eskakizun-maila orekatzen duen irakaslea da, hortik aurrera momentu jakin bat arte (askotan ikasleei aldez aurretik zehaztutakoa) esfortzu jarraia eskatzen duena, eta eskola aldiaren bukaeran "deskonpresiorako" epe bat uzten duena. Gure kasuan, Aste Santuko oporren ondoren eduki berriak azaldu ordez, ordura arte landutakoa "liseritzen" eta finkatzen arituko litzateke, edo landutakoaren sintesia egiten, eta ikasleei ikasitakoaz jabearazten. Eskatuko dion esfortzuaren kurba maiz aldez aurretik azaltzen dionez, ikasleari erraz egiten zaio bere burua antolatzea, eta uneren batean eskakizun-maila gogor egiten bazaio ere, jomuga begien bistan duenez, jasateko modukoa egiten zaio. Bukaerako fasean ikasitakoaz jabetzeko eta horren sintesia egiteko aukera badago, horrainoko bidea egin duen ikaslearen motibazioa areagotzen du, irakasgaiari buruzko zapore gozoa uzten baitio. Bestetik, estilo honek badu abantaila bat irakaslearentzat: beste irakasleek erabiltzen ez badute, ikasleei esfortzu gorena eskatuko dien uneak ez du beste irakasle batzuenarekin bat egingo, eta horrek aukera gehiago emango dizkio ikasleei "etekin" hobea ateratzeko.

Estilo honek ere baditu bere aldaerak; adibidez, a estiloarekin konbina daiteke eta esfortzua lerro jarrai batekin has daiteke A puntura iritsi arte, edo A punturainoko kurbak b ereduaren kurbaren itxura har dezake.

e) Esfortzu-maila oso aldakorra eskatzen duena
Honen irudirik ez dut egin, baina Tourreko mendiko etapa baten profilaren itxura izango luke, gora-behera handiekin. Iruditzen zait ez dela batere ohikoa, eta gehienetan irakaslearen egoera emozionalak bere eskakizun-mailan zuzeneko isla duelako ematen dela. Edonola ere, ez du errazten ikaslearen lana, ulertzen erraza denez.

Tira, eta estiloak azaldu ondoren, burura datozkidan galderak: zer nolako irakasleak egokituko zaizkigu datorren lauhilekoan? asmatuko al dugu haien estiloa lehen asteetan? Nire aldetik behintzat, mesedez, ez daitezela b eredukoak izan!

Haur Hezkuntzara bueltatuz: etapa horretan irakaskuntza-estilo hauek aplikagarriak al dira? zein da haurrentzat egokiena? Practicumaren egonaldian ez zitzaidan iruditu nire tutoreak hemen azaldutakoen tankerako estilorik zuenik. Izatekotan, esfortzua goiz eta arratsaldearen artean desberdintzen zuen, eta esfortzu kognitibo handiena eskatzen zuten jarduerak goizez izaten ziren, baina hiruhileko osoa eskolan igaro ez nuenez, ezin izan nuen hemen azaldutako ezer gertatzen ote zen behatu.

Azkenik, norbanakoaren ikaskuntza-estiloa eta irakaskuntza-estiloa lotzen dituen lan interesgarri hau aurkitu dut, eta pentsarazi dit ona dela irakasle izan nahi duenak bere ikaskuntza-estiloa aztertzea, eta horrek irakaskuntza-estiloan zer nolako isla izan beharko lukeen hausnartzea, bereziki gogoan izanda irakasle denean hainbat ikasketa-estilo diferente izango dituzten ikasleekin arituko dela haien garapena eta ikaskuntza sustatzeko helburuarekin. Horri lotuta, irakaskuntza-estiloa aldatzeko oztopo nagusiak eta bide horretan aurrera egiteko hainbat proposamen interesgarri aurkitu ditut hemen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina