2013/01/26

zid_ia?_9


Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian astez aste ikasten noana jasotzen duten sarrera bilduma honetan bederatzigarrena da hau, eta bigarren lauhilekoko lehen astean ikasitakoa jasoko dut.

Asteko bi eskolak lauhilekoaren plangitza ezagutzen eman ditugu. Lauhileko honetan eskolek egitura sendoagoa izango dute, eta egin beharko ditugun lanak ezagutu ahal izan ditugu ere. Egia esan, proposatu diguna gustuko dut, eta lauhilekoa interesgarria izango delakoan nago. Lanez gainezka izango gara, hori bai: bi irakasgaitan aste bakoitzaren bukaeran lan bat entregatu beharko dugu, beste bitan oraindik ez digute argitu zenbat lan eta noiz egingo ditugun, beste bateko irakaslerik ez dugu izango lehen bi asteetan, eta seigarrena Ikastetxearen Antolakuntza da. Eta irakasgaien lanez gain, moduluko lana izango dugu, hurrengo astean aurkeztuko digutena.

Oraingoz, ostegunetan egingo duguna lantzen hasi gara. Izan ere, taldeka zortzi gai jorratuko ditugu eta otsailaren bukaeratik aurrera talde guztiari "azaltzen" joango gara. "Azaltzen" diot, ez delako espero ohiko azalpen txaposorik egitea; gelakideek talde bakoitzari egokitu zaigun gaiari buruz oinarri batzuk ikasteko modu eraginkorragoak erabili beharko ditugu. Beraz, gaia lantzeaz gain, zer jarduera proposatuko ditugun pentsatu behar dugu, eta gelakideek ikasitakoa ebaluatzeko moduak aukeratu behar ditugu ere. Gure gaia jantokia izango da, eta hotxe ibili ginen atzo, lehen ideiak paperean jartzen (hau da, ikasten hasten). Ikaskuntza dialogikoa eta talde elkarreragileak izango dira gelan proposatuko ditugun jardueren ardatzak, gaizki ulertu ez banuen. Izugarri interesgarria iruditu zitzaidan guztia, eta aurreko urtean Hezkuntzaren Teoria eta Historian egin genuenarekiko urrats bat harago doa, orduan azalpen konbentzionalak erabili genituelako.

Asteko beste ikaskuntza interesgarri bat irakasgai honetatik kanpo egon da, eskola inklusiboaren irakasgaian, eta gelan gertatutako detaile txiki baten harira sortua da. Detaile txikiaren azalpena zertxobait luzea da, baina benetan interesgarria iruditu zaidana ateratako ondorioa da. Bigarren egunerako ariketatxo bat egin genezan eskatu zitzaigun: guraso eta aiton-amonei haiek txikitan eskolan hezkuntza premia berezietako ikaskiderik ba ote zuten galdetzea. Jasotako emaitzak partekatzeko momentuan, irakasleak hiru adin-klase ezarri zituen arbelean: 75-80 (aiton-amonak), 50 (gurasoak) eta 21 (gu, ikasleak). Hortxe izan ginen bakoitzak etxean bildutakoa kontatzen edo, hobe esanda, hortxe izan ziren, gutako batzuk ez baigenuen ezarritako adin-klaseekin bat egiten. Sentimendua arina izan zen, eta erabat kontziente naiz aurreko ikasturteko hainbat gertakarik nire sentikortasuna areagotu dutelako sortu zitzaidala, baina gauza da baztertua (pixka bat) sentitu nintzela, eta ez nintzen bakarra izan. 

Esan dudan moduan, beste egoera batean ia oharkabean pasako zitzaidan gertakari txiki hau, baina orduan irakasgai horretan lehen egunean galdetu zitzaigunean pentsatzen jarri nintzen: zer da eskola inklusiboa? Momentuan ez nuen honela erantzun, baina orain iruditzen zait lauhilekoa abiatzean hauxe dela nire erantzuna: eskola inklusiboa da bere baitan dituen pertsona guztiak "inkluituta" sentiarazten dituena. Beste modu batera esanda: inklusibotasuna/esklusibotasuna norbanakoen pertzepzioan dagoela. Maiz ez dugu hori onartu nahi izaten, eta eskolan (edo hortik kanpo) haur batek (edo helduak) baztertua sentitu dela adierazten digunean "jesus, txikikeria horregatik ez zara ba horrela jarriko!" erantzuten diogu. Egia da eskolaren hainbat ezaugarrik erraztu egingo dutela bertan dauden pertsonek hura inklusiboa dela sentitzea/pentsatzea, eta suposatzen dut hori izango dela lauhilekoan ikasiko duguna, baina aniztasunaz ere arituko garenez, gogoan izan beharko dugu aniztasuna dela eta batentzat inklusibo dena beste batentzat agian ez dela hain iklusibo izango, ezta? Ez dakit, ikusiko dugu lauhilekoaren bukaeran berdin pentsatzen jarraitzen ote dudan, eta zenbat ikasten dudan gai interesgarri horren inguruan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina