2013/01/21

Ikastetxearen Antolakuntza: portfolioa I


Lehen lauhilekoa bukatzeko Ikastetxearen Antolakuntzako portfolioa prestatzea besterik ez zait falta. Ikasten noan guztia blog honetan biltzeko asmoa dudanez, horrek ere tokia behar du hemen, eta jarraian jasoko dut portfolioan bilduko dudana.

Irakasgaian lehen lauhilekoan zehar ikasitakoaren inguruan hausnartzeko eskatu zaigu, hau da, denbora epe jakin batean graduko ikasketen esparru zehatz baten barruan ikasitakoaren inguruan gogoeta egiteko. Hasteko, niretzat ia ezinezkoa da irakasgaiaren baitan eta hortik kanpo ikasitakoa bereiztea, edo lauhilekoaren barruan ikasitakoa horren aurretik ikasitakotik banatzea. Are gehiago, ariketa hori egiteak ez du inolako interesik eragiten nigan, bestelako ikaskuntzekin trabatzerik ez dudan gauzei erabilera gutxi ikusten baitiet. Hala ere, saiatuko naiz nolabait adierazten irakasgaian landutakoak zer nolako ekarpena egin dion nire ikaskuntzari, baita nik irakasgaiari nire ikaskuntzaren baitan zer nolako tokia egin diodan ere.

Irakasgaia ikasturte osoan zehar landuko dugunez, portfolioari I abizena jarri diot, prozesuaren une jakin batean ateratako argazki bat dela adierazteko asmoarekin. Azkenik, portfolioa oso motz egitea erabaki dut; lauhilekoan zehar egindako hausnarketak blogean bilduta daude, eta ez diot zentzurik ikusten horiek paperean errepikatzeari, ezer gutxi gehituko nieke eta. Practicumaren txostenarekin hori egin behar izan dut, eta ez zait erakargarria iruditu. Hortaz, lauhilekoan zehar irakasgaiaren inguruan egindako hausnarketetatik interesgarrien edo deigarrien iruditu zaizkidanak aipatuko ditut, eta bigarren lauhilekoari begira nire buruari erronkaren bat jarriko diot.

Irakasgaien eskoletan ikasitakoa blogean jasotzen joan naiz, "zid_ia?" izenburupeko hainbat sarreretan. Egia esan, sarrera gutxi samar dira, eskolak ere urriak izan direlako. Arraroa izan da praktiken egonaldiak erdibitutako lauhilekoa izatea, eta irakasgai honi dagokionean, zorte txarra izan dugu festa eta grebekin, eta ondorioz eskola dezente galdu ditugu. Irakasgaian gelan egindako lanean ikasitakoaren inguruan hiru alderdi nabarmenduko nituzke. Lehenik, antolaketaren muinean giza-harremanak daudela; horiek ondo kudeatu ezean, ez da posible izango antolaketa gauzatzea eta beronek fruiturik ematea. Beraz, eskolan (eta bizitzaren beste esparruetan, noski), giza-harremanak landu behar dira. Horri estuki lotuta gatazka dator, harreman inter- eta intra-pertsonalen nahitaezko osagaia. Bizirik egoteak gatazka izatea dakar; ez da saihestu behar, ez da ezkutatu behar, ez zaio beldurrik izan behar, eta ahalik eta hobekien kudeatu behar da. Ni ez naiz gatazken kudeatzaile ona, egia esan, baina hori ez da irakasgaian zehar egindako ikaskuntza; lehendik ere banekien. Hirugarren ideia nagusia: antolaketa eta malgutasuna hezkuntzaren txanponaren bi aldeak dira, eskutik joan behar dute. Antolakuntzarik gabeko malgutasuna desmadrea da, eta malgutasunik gabeko antolaketa errutina diktatoriala, eta eskolari ez zaizkio ez bat eta ez bestea komeni.

Gelan esplizituki landu dugunaz gain, garrantzitsuen iruditu zaidana hauxe da: dena dela ikastetxearen antolakuntza. Orain arte graduko ikasketetan landu dugunaren arabera, bi irakasgai iruditu zaizkit beste asko haien barnean hartzeko modukoak: hezkuntzaren teoria eta historia, eta ikastetxearen antolakuntza. Lehenengoaren baitan koka ditzaket pedagogia eta psikologiaren arloetan ikasitakoak, puzzle baten piezak balira bezala. Hezkuntzari buruz irakasleak bere buruaren barruan duena testuinguru zabal horretan kokatzen da, pentsamenduen mailan dagoen hori. Ikastetxearen antolakuntzaren barruan kokatzen ditut ideietatik ekintzetara jauzia egindakoan gertatzen diren beste guztiak: didaktika, metodologiak. Eta, berriz ere, bi alderdi zabal horiek bata besteari oso lotuta doaz: norberaren buruan dauden printzipio eta helburuen araberako gauzatzea lortu behar da. Joan den urteko ikaskuntza bat datorkit burura honekin batera, eta oraingoz horri indarrez eusten diot: kontzienteki antolatzen ez dena inkontzienteak antolatuko du, maiz ustezkoak diren printzipio polit horietatik urrunduz.

Lauhileko honetan ikastetxearen antolakuntzaren inguruan lehen eskuko ikaskuntza asko sortu ditugu practicumaren egonaldian. Orain arte graduan ikuspegi teorikotik baino ez dugu ikasi hezkuntzaren inguruan, eta lehen aldiz hezkuntza nola praktikatzen den ikusi ahal izan dugu. Beraz, irakasgaiaren eskoletatik kanpo ikastetxearen antolakuntzari buruz ikasteko iturri nagusia horixe izan da lauhileko honetan. Bestetik, ustez irakasgai honetatik urrun dauden irakasgaietan ere ikastetxearen antolakuntzarekin topo egin dut, eta zuzenean topatu ez dudan kasuan, bilatu eta aurkitu dut (ikusi komunikazio-gaitasunaren irakasgaiko alderdi praktikoari buruzko blogaren sarrera). Beraz, graduko edozein irakasgai ikastetxearen antolakuntzaren betaurrekoak jarrita irakur daiteke, eta irakurri behar da, zeren eta horrela egiten ez bada, pentsamenduen esparruan geratuko da, irakaslearen buruaren barruan, errealitatera igaro gabe.

Bigarren lauhilekoari begira helburu errealista eta apalak jarri nahi dizkiot nire buruari, astero bost egunez eskolak izanda, eta sei irakasgai edukita ez baitut beste aukerarik ikusten. Oso zehatzak diren bi etxeko lan jarriko dizkiot nire buruari: lauhilekoaren hasieran irakurtzen hasi nintzen txostena (Actuacines de éxito en las escuelas europeas, interneten eskuragarri) irakurtzen bukatzea, eta irakasgaiaren bibliografiako iturriei gainetik begiratu bat ematea (oraingoz, bakarrarekin egin dut, Bujan eta Aramendiren "Eskola-antolaketa", eta ez zait bereziki interesgarria iruditu, egia esan). Bigarren lauhilekoan hainbat testuren irakurketa dialogikoari ekiten badiogu, horrekin nahikoa izango dudala uste dut, eta irakurgaiak gelan lantzen ez baditugu, hortik kanpo gehixeago egiten saiatu beharko dut, baina ez dakit noiz, egia esan. 

Gelako jarduerei dagokienean, orain arte bezala elkarrekintzaren bidez denon artean ikaskuntzak sortzen nire ekarpena egiten saiatzen jarraitu nahi dut, baina irakasgaiaren tarteko ebaluazioa egin dugunean ateratako emaitzen harira, iruditzen zait ekarpena beste modu baten egiten saiatuko naizela: isilduz besteen hizketari tokia eginda. Ni bezalako berritsuarentzat erronka polita hor, batere apala ez dena, portzierto.

Autoebaluazioa egin dezagun eskatu zaigu ere. Ebaluazioaren urratsera iritsita, orain arte graduan argitu ez zaizkigun galderekin egiten dut topo: zer ebaluatu? nola? elkarrekintzan oinarritutako ikaskuntzak nola ebaluatu behar dira? besteen norberaren ikaskuntzari egindako ekarpenak nola ebaluatu? taldeak ikasitakoa eta kide bakoitzak ikasitakoa banatuta ebalua al daitezke? banatu behar al dira? Ez dugu ebaluazioaren inguruan nahikoa ikasi, nire ustez. Hala ere, irakasleak eskakizuna mailakoa egin du, eta gehienbat gure gogo eta jarrera ebalua dezagun eskatu digu. Alde horretatik, balorazio positiboa egiten dut; gogoa izan eta adierazi dut, eta interesa adierazten duen jarrera izan dut, taldearen ikaskuntzarako egokiena izan ez den arren. Azken hau eta oraindik ikasturtearen erdia baino gutxiago egin dugula kontuan hartuta, 6,5eko nota jarriko nioke nire buruari, hemendik ikasturtearen bukaerara hobekuntzarako tarte zabala utzita. Dena den, irakasgaiaren behin betiko ebaluazioari begira, errubrika bat izatea asko eskertuko nuke, autoebaluazioa egiteko beharrezko diren erreferentziak emango lizkidakeelako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina