2014/02/15

Practicum II; motorrak berotzen!

Irrikatzen nago hirugarren mailako praktikaldia hasteko. Joan den ikasturtean, practicuma izan zen nire ikaskuntzaren ardatza, dudarik gabe, eta aurtengoan ere horrela izango dela espero dut.

Aurten lehenengo egunetik hasita buruz behera botako naiz igerilekura, gainera. Joan den urteko ikastetxe, tutore eta haurren talde bera izango dudanez, tutoreak proposatu dit lehenengo egunean goiz osoa haiekin bakarrik egitea, txokeko terapia modura (espero dezagun ez dela shock-eko terapia bihurtuko...). Interesgarria izango da, taldeko satelite pare batek ez baitidate erraza jarriko.

Aurtengo plana hauxe da: haurrek ni ere tutore bezala ikustea. Horretarako, tutorea eta biok txandakatu egingo gara eskolak eramaten, nahiz eta normalean biak gelan egon. Hau da, saiatuko gara haurrek ni ez behatzaile edo laguntzaile bezala ikusten, baizik eta irakasle bezala. Lortuko dugun ala ez ikusteke dago.

Momentu askotan "gaizki" pasatzeko mentalizatzen ari naiz. Dudarik gabe, jarduerak praktikan jartzean gauza asko gaizki egingo ditut, esperientziak bakarrik ahalbidetzen duelako hainbat gauza ikastea, baina saiatua naiz, eta ez dut etsiko, ez horixe! Hala ere, uste dut esperientzia joan den urtekoa baino gogorragoa izango dela, arrisku askoz ere handiagoa hartuko dudalako. Datorren aste bukaera osoa lehenengo asterako gauzak prestatzen emango dut. Joan den urtean egin nuen autobehaketako ariketa errepikatu nahi nuke lehen astean zehar, oso interesgarria iruditu zitzaidalako, eta haurrengan zer nolako diferentzia sumatzen dudan hitzetan jartzea interesgarria izango dela uste dudalako.

Bestetik, unibertsitatetik practicumerako "etxekolan" pare bat baino ez dizkidate bidali: idazmena eta irakurmenari buruzko ebaluazio-ariketa bat haurrekin egitea (bakarkakoa denez, guztiei egitea posible ez balitz, batzuei bai behintzat), eta practicumeko tutorearen eskutik, gure musikako irakaslea denez, musikari buruzko jarduera sorta bat aukeratu (zentzu globala dutenak, ez ariketa solte hutsak), eta horiek gelan praktikan jartzea. Hizkuntza idatziari buruzko ebaluazioa haur guztiei egiten saiatuko naiz, eta musikako jarduerena oso interesgarria izango da, niri gradu guztian okerren ematen zaidan gaia izanik sekulako erronka denez. Baina, gertatu ohi den moduan, okerren ematen zaizkigun alderdi horietan asko kostata egindako lorpen txikiak izaten dira poz gehien ematen dutenak, eta horregatik gogo asko dut musikari heltzeko. Hori bai, nire buruari aste pare bat emango dizkiot praktikaldian "egokitzapena" egin arte saltsa horietan sartu aurretik, bestela gehiegizko tentsioa eragingo dit eta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina