2014/02/24

Egunerokoa: harrera eta bete-betean murgilaldia

Gaur izan da practicumeko lehen eguna. Berriro elkar ikusteko eguna izan da, joan den urteko talde eta tutore berarekin bainago; aurreko ikasturtean 4 urteko gelan zeuden, eta oraingoan 5 urteko gelan.

Harrera oso beroa izan da haur ia guztien aldetik (badago baten bat niganako inolako interesik ez duena). Tutoreak atera du gaia azken egunetan, eta guztiek zekiten ni berriro ere eskolan izango nintzela haiekin. Batek joan den urtean oparitu nien ipuina apaletik hartu eta guzti egin du, esanez berak gogoan zuela nik liburu hura ekarri niela eta irakurri niela. Ilusioa egin dit.

Iloba, 5 urteko beste gelan dagoena, oso pozik jarri da ere ni han ikustean, eta gainean izan dut musuka eta besarkadak emanez denbora askoan. Azken asteetan behin baino gehiagotan esan dit bera nire gelara ni ikustera etortzen denean ez duela nahi bere gelako inor berarekin etortzea, eta gaur besteen aurrean bere "lurraldea markatzen" aritu da. Ea nola ateratzen zaion... ikusi beharko nola moldatzen den.

Dena ez da eztia izan, hala ere. Eguerdian, eskolaz kanpoko jarduera batean, gure gelako haur batek beste bat makil batekin jo eta begiaren azpian zauri bat egin omen dio, erietxera eramateko modukoa (guk ez dugu ikusi, bazkalorduan zelako). Datorren egunetan gora-behera asko sortuko duen gaia izango da, dudarik gabe. Zorionez, ez da ezer larria gertatu, baina erasotzailea agresibitatea dela eta arazo ugari dituen haurra da, terapian dagoena, eta ikusi beharko da zer gertatzen den hemendik aurrera.

Arratsaldean psikomotrizitateko saioa izan dugu. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, aurten haur gehiago daude jolas sinbolikoan murgilduta, batzuk adierazpen motorrean interes handia izaten jarraitzen duten arren. Hasi naiz autobehaketako lehen oharrak hartzen, eta horretan jarraitzeko asmoa dut datorren egunetan. Agresibitatea modu egokian bideratzeko arazoak dituen haurrarekin nire lehen esku hartzea izan dut jada, baina berarekin ez dago beste modurik: oso konstantea izan behar da harekin arauak gogorarazteko orduan eta sekulako haserrea adierazten du, baina ezin da beste aldera begiratu. Bestela, izugarri maitekorra eta lausengaria da, eta besarkada mordoa eman dizkit, baina "sermoitxoren" bat entzutea tokatu zaio ere, hura jasotzeko niregana hurbiltzea kosta bazaio ere.

Eta bihar, teorian, haiekin igaroko dut goiza bakarrik, gladiadoreak zirkuan piztiekin bezala! Goizeko 8.15etan geratu naiz tutorearekin goiza antolatzeko 45 minutu izateko, eta agian gaurko makilaren gaia dela eta erabakiko du ni bakarrik ez uztea. Ikusiko dugu.

A! Eta ia ahaztu zait esatea: ezin izan dut irribarrea aurpegitik kendu denbora guztian, hain nengoen pozik praktikak berriro hasi direlako!

Bihar gehiago!

1 iruzkin:

  1. Praktiketan errealitatearekin topo egin duzula ikusten dut. Beti izaten dira une alaiak eta ez hain alaiak baina guztietatik asko ikasiko duzulakoan nago. Batzuetan une zailak eta gogorrak izango dira baina une goxo ugari izango dituzulakoan nago eta poztasunez ibiliko zarela dudarik ez dut egiten.
    Aprobetxa une alaiak, bertatik indarberritu eta Haurren agrasibitatearen aurrean Albarok komentatzen zuen haurraren alderdi posiboa aurkituko eta erabiliko duzulakoan nago.
    Animo eta ekin lanari


    ErantzunEzabatu