2014/02/15

Eskutitza Haur Hezkuntzako gelan

Duela aste pare bat eskolan jardunaldi batzuk izan ziren eskola txikien inguruan, eta ikasleoi gela batean Francesco Tonuccik emandako hitzaldiak streaming-ean entzuteko eta ikusteko aukera eman ziguten bideoaren bidez beste gela batean.

Tonuccik esan zituen gauza asko joan den urteko maiatzeko Kursaaleko jardunaldietan kontatutakoak ziren, baina gauza berriak ere egon ziren. Horien artean, izugarri gustatu zitzaidan bat, Reggio Emiliako eskoletan 70ko hamarkadan eskutitzari ematen zitzaion erabilerari buruzkoa. Haur Hezkuntzako haurrek postontzi txikia zuten, norberak berea, batak besteari mezuak bidali ahal izateko; kasu hartan, maitasunezko eskutitzak. Haurrek idazten ez bazekiten, idazten zekien bati laguntza eskatzen zioten eta hark idazkari lanak egiten zituen, eta irakurtzeko, berdin. Neska-mutil bikote batek elkarri idatzitako bi eskutitz polit ekarri zizkigun, bide batez maitemintzearen inguruko emozio eta sentipenak haurtzaroan helduaroan bezalaxe agerian utzi zutenak.

Oso polita iruditu zait ideia, eta Haur Hezkuntzan 4 eta 5 urteko geletan martxan jartzeko aproposa. Lotsa edo erreparo pixka bat ematen dieten gauzak esateko bide bezala aurkeztuko nuke, edo zerbait kontatu eta besteak erantzun baino lehen ondo pentsatzeko denbora eman nahi diogunerako. Irakurtzen eta idazten irakurriz eta idatziz ikasteko modu polita, dudarik gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina