2014/09/12

Azken mailako lehen astea

Iritsi da, azkenean; ikasturte honetan egunero izango da azken eguna (azken ikasturteko lehen eguna, practicumera joan aurretik azken azken eguna, azken azterketa eguna...). Gradua hasi genuenean inoiz iritsiko ez zela iruditzen zitzaidan, eta hemen dago, egi bihurtu da. Hori bai, azken egun luzea izango dela argi geratu zait lehen aste honetan. Honezkero hasi zaizkigu lanak bidaltzen, mordo nahiko potoloa osatu arte.

Nik azken maila arinagoa izango zenaren esperantza nuen, ikasgai gutxiago ditugulako besterik ez bazen ere, baina erabat uxatu zait. Aurten kirol pixka bat egitera berriro bueltatuko nintzela uste nuen, eta polikiroldegian  izena eman nuen udan (inozoa!), baina hasi aurretik bertan behera utzi dut, inondik inora posible izango ez dela ikusita. Datorrenean beharko du.

Bestetik, aldaketa handiak ditugu: talde berria, minorra hasi dugulako, eta ordutegi berria. Askoz hobeto moldatzen nintzen orain arte, goizean lan egin eta arratsaldez eskoletara joaten, baina suposatzen dut lortuko dudala chipa aldatzea. Oraingoz, onartu beharra daukat maldan gora egin zaidala astea: berriz ere Txantxilo bezala poltsaz beteta, iluntzean etxera bueltatu eta hurrengo eguneko bazkaria prestatzea...

Ea beste aste bateko epean neurria hartu eta gozatzen hasten naizen, horretxek arinduko baitit gehien urtea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina