2014/05/04

Psikomotrizitate saioa unibertsitatean

Pasa den asteartean, arratsaldez unibertsitatera joan ginen gelako haurrekin, eta ondoko gelan dagoen nire ilobarekin, unibertsitateko psikomotrizitate gelan saio bat egitera. Unibertsitatetik sei lagun aritu ginen ordu t'erdiko saioa dinamizatzen, eta orokorrean oso ondo joan zen.

Haurrak gustura ibili ziren, bereziki alderdi motorra lantzeko prestatuta zegoen gelaren zatian, bertan haien eskolan ez dauden hainbat elementu eta aukera zituztelako. Sekulako izerditua hartu zuten, eta asko saltoka ibili ziren ia etengabe. Musikako tresnak ere nobedadea ziren haientzat psikomotrizitateko gelan, eta haiekin gozatu zuten batzuk.

Fase sentromotorraren ondoren materiala bildu genuen (batzuei pixka bat kostata, ez baitzuten jarduera eten nahi), eta ipuina adi entzun ondoren, marrazki batzuk bikoteka edo hirukoteka eginez eman genion amaiera saioari. Azken jarduera horretan sortu zen arratsaldeko liskar bakarra, horretarako erraztasuna edo joera duten bi haurren artean.

Saioaren ondoren haurrak eskolara eraman genituen bueltan berriro autobusean, eta ez nuen aukerarik izan tutorearekin balorazioa egin ahal izateko, unibertsitatean eskolak nituela eta segituan bueltan joan behar izan nintzelako. Hala ere, saioaren inguruan eta, bereziki, bukaeran gertatutakoaren inguruan gogoeta egin nuen hurrengo egunean.

Burura etorri zitzaidan lehendabiziko gauza Alvaro Beñaranen irakurgai batean jasotakoa da. Berak proposatzen digu psikomotrizitateko gelan gertatutakotik geure buruari "egotzi" diezaiokeguna identifikatzeko. Saioa orokorrean ondo joan zenez, pentsatu beharko dugu gehiena ondo egin genuela saioa dinamizatzen ibili ginenak. Materialaren prestaketa erakargarria izan zen (gu iritsi aurretik prestatu zuten unibertsitateko gelakideek), eta saioa dinamizatzen ibili ginenon jarrera egokia izan zen, irekia eta laguntzeko prest, haurrak gustura ibili zirela ikusita. Sarrera errituala ere ondo joan zen eta haurrek alai bota zuten pareta.

Saioaren bukaeran marrazkiak egiten ari zirela bi haur haserretu ziren, eta batak besteari ostikada gogorra eman zion bizkarrean (badirudi besteak ere zerbait egin ziola aurretik). Ezer ote egon zen helduok egin genuena, edo egin ez genuena, gertakari hori bultzatu zuena? Berez, iruditzen zait psikomotrizitateko saioaren helburua ez dela liskarrik ez sortzea, baizik eta liskarrak modu egokian konpontzen trebatzen joatea, ezer izatekotan. Bestetik, iruditzen zait printzipioz irakasleak ez duela pentsatu behar liskarrak bere "erruz" gertatzen direnik, baina hori horrela bada ere, gaiaren gainean gogoeta egitea ona dela uste dut.

Joan den astearteko saioan iruditu zitzaidan agerian geratu zela kate bat tentsioaren eraginpean jartzean, zatirik ahulenetik puskatu ohi dela, eta horixe zen gure taldean gertatu zena: tentsioa sortzen duten egoerekiko sentikorren diren gelako bi haurrek egin zuten gainezka. Eta helduon esku zeuden alderdietatik, zerk sortu ahal izan zuen tentsioa saioaren bukaeran? Niri hiru gauza datozkit burura:
  1. Fase sentsoriomotorra bukatutakoan ipuina kontatu eta marrazkiak egiteko bankuan eseri ginenean haurrak pixka bat nahastu ziren, ez baitzuten argi saioa bukatu ote zen ala ez. Haiek ez daude ohituta saioa Aucouturierren praktika psikomotorraren arabera burutzen, eta bankuan esertzen direnean saioa bukatu delako izaten da. Oso nabarmena izan zen nahasmen txikia, haurrak oinetakoak jartzen hasi zirelako. Nik azaldu nien lehendabizi ipuina entzungo genuela eta gero marrazki batzuk egingo genituela, baina momentu horretan argitu behar nuen ere marrazkiak bukatu ondoren jarriko genituela oinetakoak eta arropak saioa bukatu eta etxera joateko.
  2. Marrazkiak libreki aukeratutako bikoteetan egitea proposatu genien, eta nire ustez horrek ondoko arazoak sortu zituen:
    • Gelan bikotekide bezala inork nahi izaten ez dituen haurrak kanpo geratu ziren, gelakoa ez zen haurrarekin batera. Azken honek ez ninduen kezkatu, konformatzen erraza delako eta oso irekia, baina horrelakoetan nekez larritzen denetakoa izan arren, bera ere alde batera utzita sentitu zen beste haurrak bikotea aukeratzen ari zirela ikusita.
    • Haien portaera modu egokian kontrolatzen ez dutelako haurrek saihesten dituzten bi lagun batera aritu ziren, eskolara etorri berria den hirugarren batekin, liskarra pizteko boleto asko zituen hirukotea osatzen. Gertatu zena aurreikusten erraza zen, beraz.
  3. Azkenik, ez genuen haurren erritmoa errespetatu. Haur batzuk marrazkiak egiteko nahikoa denbora izan zuten, eta bukatu ahal izan zituzten, baina beste batzuk denbora gehiago behar zuten. Guk, denbora gehiago eman beharrean, erlojuari begiratu genion eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen, haurrei presa sartuz. Eta orduan sortu zen liskarra, marrazkia bukatu gabe eta egileen izena idatzi gabe zegoen hirukotean.
Ondorio bezala, esango nuke marrazkiak binaka egitearena bikoteak libreki aukeratu gabe proposatuko nukeela, egitekotan; edo libreki aukeratzekotan, aipatutakoak bezalako ondoriorik izango ez duela argi izango banu soilik. Eta bikoteka egiteko bakarka egiteko baino denbora gehiago emango nieke haurrei, konplexutasun handiagoa duelako ariketak. Denborari dagokionez, iruditzen zait eskarmenturik ez dugunoi asko kostatzen zaigula gure lehentasunen arabera zintzo jokatzea, eta erraz ematen dugula amore ordulariaren aurrean. Ez diogu beldurrik izan behar saioa bost minutu berandu bukatzeari, horrela eginda taldeko kide guztien erritmoa errespetatuko badugu; eta agian hobe dugu hasieran saioaren atalen artean denbora lasaitasun pixka bat gehiagorekin banatzea, horrelakorik ez gertatzeko.

1 iruzkin:

  1. Kaixo Miren,
    Nik, kanpotik ikusita eta haur taldea bat ere ezagutu gabe, oso egokia ikusi nuen astearteko saioa. Egia da zuk aipatzen dituzun horiek gertatu zirela baina holakoak, edo antzekoak, beti gertatuko dira.
    Dena den, “eta helduon esku zeuden alderdietatik, zerk sortu ahal izan zuen tentsioa saioaren bukaeran? Niri hiru gauza datozkit burura” atal horren inguruan niri ere hauexek bururatzen zaizkit:
    • Adierazpen motorraren ondoren haurrak nahastea normala da haiek beste modu batera ohituta badaude. Hori ekiditeko sarrera erritualean oso garbi esan behar zaie haurrei nondik nora joango den gaurko saioa. Honetaz gain, nagusi asko zeundetela aprobetxatuz, zuetakoren bat bankuetan gelditu beharko zuen haurrei une bakoitzean egingo zena (ipuina, marrazkia, irteera-errituala,...) esateko.
    • Marrazkiaren inguruan, nik uste dut ezin ditugula haurrak behartu marrazkia binaka egitera eta are gutxiago bikoteak haiek aukeratuta. Eta horrela egitera, nagusi bat jarri beharko zen “zintzilik” gelditu diren horien ondoan lanean lagundu eta “akonpainatzeko”. Gainera, beste guztiak oso ondo funtzionatzen ari zirela ikusita, zergatik ezin diegu guk gure presentzia eta arreta eskaini “behar bereziak” dituzten horiei?
    • Denbora eta espazioa. Koordenada horietan bizi gara gu. Haurrak ez, ordea! Haientzako denbora oso pertsonala da. Bakoitzak behar duena, alegia. Baina eskolak egutegi eta ordutegi bat bete beharra dauka... Nik uste dut tentsio horretan mugitzen jakin behar dugula ahalik eta malgutasun gehienarekin baina batzuetan zaila egingo zaigu.

    Gaztelaniaz esaten den bezala “después de visto, todo el mundo es listo” eta ziur naiz holako guztiak kontuan eginda ere beste zerbait gertatuko zela.... Dena den, nik uste dut oso saio majoa izan zela eta haurrek, zuek eta irakasleok ere (Kontxi eta biok) zenbait gauza berri ikusi/ikasi genituela.
    Luispe Gutiérrez

    ErantzunEzabatu