2013/09/29

Tutorea eta gurasoen arteko harremana IKTen bidez

Haur Hezkuntzarako etaparako pentsatua egon ez arren, interesgarria iruditu zait mugikorrerako aplikazio honi buruzko berria, hemendik aurrera gero eta gehiago hedatuko den gaia dirudielako. Hala ere, irakasleak beti izan beharko du gogoan eten digitala, eta horrek ikasleen eta haien familien aukera berdintasunarekiko eragin negatiborik izan ez dezan lagundu beharko du. Komunikazio digitala bai, baina horretan iaio ez direnekin aritzeko bestelako kanalak alde batera utzi gabe.

Handicapa kendu diote gaztelaniari Baleareetan

Aspaldiko berria zen arren, ikasturtearen hasieran izan du oihartzun gehien Baleareetan murgilketa programa alde batera utzi eta iraupen programa bat ezarriko dela. Gaztelania, ingelesa eta katalanari eskolan %30eko presentzia emango diete hurrenez hurren, azken %10a nori eman ikastetxearen esku utzita. Argudioa oso sinplea da: bi hizkuntza ofizialen arteko oreka bilatu nahi da, eta horregatik emango zaie pisu bera. Bizkotxo baten osagaiez ariko bagina, edo kongresuan alderdiek duten ordezkaritzaz, egoki litzateke, agian, baina joan den ikasturtean ikasi genuenaren arabera, hizkuntza gutxituei dagokienean erabat okerra da planteamendua.

Hizkuntza gutxituek eta nagusiek parekotasunean "lehia" egin ahal izan dezaten, nagusiari handicapa aplikatu behar zaio, berez duen abantaila apaltzeko. Hainbat kiroletan ohikoa den kontzeptu hau estatu mailan hizkuntzetara eramango bagenu mesede egingo liguke, guztiona den ondarea gordetzea ahalbidetuko liguke eta. Baina, noski, erabakiak hartzen dituztenek ez dituzte honelako irizpideak gogoan, edo bestelako helburuak dituzte.


2013/06/27

Legeak eta hezkuntzaren kalitatea

Campusa aldizkariaren azken alea etxera iritsi zait, eta 27. orrialdean Francesco Tonucciri egindako elkarrizketaren azken esaldiek nire atentzioa deitu dute:

"Irakasle onak eskola ona sortuko, politikarien legeak gorabehera. Irakasle eskas eta ezgai batek ezin izango du eskola ona egin, lege onak abiarazita ere."

Haur Hezkuntzako graduko ikasle bezala primerako gogoeta iruditu zait. Saia gaitezen, hortaz, ahalik eta irakaslegai onenak izaten, eta legeak alde baditugu errazago egingo zaigu hezkuntza ona egiten lagutzea, baina bestela gertatuz gero ere, aurkituko ditugu zirrikituak nonbait.

Honen harira, burura datorkit azken egunetan bolo-bolo dabilen auzia, Wert ministroak unibertsitatean ikasteko beka eskuratu ahal izateko 6,5eko nota beharko dela esan zuenean sortutakoa. Nik ez dakit 5ekoa, 5,5ekoa ala 6,5ekoa izan behar duen. Bekek baliabide ekonomiko eskasak dituzten ikasleek unibertsitateari uko egin behar ez izateko balio behar dutela argi daukat baina, aldi berean, iruditzen zait ikasleak jabetu behar duela unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izatea gizartearentzat esfortzu bat dela, eta aukera horri ahalik eta probetxu gehien ateratzeko ardura duela. Inork ez genuke nahi Osakidetzako ospital batera joan eta bere buruari 5a lortzea helburu gisa jarritako sendagile batek ebakuntza egitea, edo seme-alaba eskolara lehen egunean eraman eta bere tutorea horrelakoa izatea. Guretzat nahi ez dugun hori besteentzat ere ezin dugu onargarri ikusi, eta gizartearen zerbitzura dagoen lanbide baterako prestatzeko bidean, gure gaitasunak ahalik eta maila gorenean garatzea jarri behar dugu helburu bezala.

Denboraren %20aren araua hezkuntzari aplikatuta

Zeharo interesgarria iruditu zait blogari honen sarrera, Google-ek aplikatzen duen arau hori eskoletara eramatearen abantailak azaltzen dituena. Sinplea da oso: eskolako denboraren %20a norberak nahi duen hori ikasten ematea, eta ikaskuntza horren emaitzak denen artean partekatzea.

Enpresaren munduan emaitza onak ematen omen ditu proposamen honek, langileek ordaindutako lanorduen %20a enpresarentzat interesgarria izan litekeen ideia (ero) bat lantzeko balio duena. Hori bai, porrota positiboa den zerbait bezala ikustea eskatzen du, bestela ez baita posible benetan eroak diren ametsen atzetik ibiltzea, eta ez da hain erraza porrota begi onez ikusiko duen lan ingurunean aritzea, baina tira.

Hezkuntzaren munduan, ikasleentzat ez ezik, irakasleentzat ere aplikatu beharko litzateke ekimen erakargarri hau, baita unibertsitateko ikasketen esparruan ere, zergatik ez.

2013/06/23

IKTak Haur Hezkuntzan?

IKTak Haur Hezkuntzan aplikatzearen inguruan ditudan zalantzak oso ondo adierazten ditu blogari honek bere artikuluan. Bere abiapuntua duda horiek izanik, haur txikiekin IKTak erabiltzearen alde egiten du eta, egia esan, konbentzitu nau. Oso egokiak iruditzen zaizkit testuan behin baino gehiagotan aipatzen diren baldintzak: IKTek adin bakoitzerako egokiak eta esanguratsuak izan behar dute. Hortxe dago gakoa, dudarik gabe.

Crowdfunding hezkuntzan aplikatuta

Hezkuntza hobetzeko martxan jar litezkeen ekimenei traba egiten dieten gauzen artean maiz aipatzen da baliabide ekonomikoen falta. Hona hemen fisikoki urrun dagoen, baina IKTeei esker behatzaren puntan dugun adibide bat, ideia onentzat dirua lortzeko. Inspiragarria.

Zertarako izan irakasle?

Bada, agian Punsetek deskribatutako etorkizun hori egi bihurtzeko...