2014/04/13

Ahotsa

Practicum honetan osasunez aurrekoan baino askoz hobeto nabil. Haurren "borroka biologikoa" arinagoa izan da, eta oraingoz astebete ia ahotsik gabe baino ez dut izan. Azken asteetan haiek nahiko gaixo ibili dira, beherakoarekin eta gorakoarekin, baina nik "erasoaldiari" eutsi diot, eta tutoreak, zer esanik ez; aspaldian immunizaturik dago hura.

Ahotsarekin izan dudan arazoa dela eta pentsatzen ibili naiz. Practicum honetan eskolara joaten naizen egun guztietan ni tutorearen lanak egiten nabilenez, aurrekoan baino askoz ere gehiago hitz egiten dut. Iruditzen zait ahotsa bortxatu egiten dudala, ni konturatu ez arren, zeren eta praktiketan nabilenetik eztarria ez dut garbi, eta ahotsa normalean baino zakarragoa dudala uste dut. Horrek gogora ekarri dit graduko lehen mailako ikasgai batean egin nuen elkarrizketan Haur Hezkuntzako irakasle batek esan zidana: haren ustez, graduko ikasketen barruan ikasgai oso bat egon beharko litzatekeela ahotsari buruzkoa, hura baita irakaslearen tresna nagusia.

Arrazoia zuela uste dut, oso garrantzitsua da ahotsa nola erabili ikastea, baita ahotsa nola zaindu ikastea ere. Graduan zehar gauzatxoren bat landu dugu, baina gutxitxo. Horra hor, bada, ikasketak bukatu ondorengorako lantxo bat.

2014/04/07

Sanferminetako entzierroa

Gaur arratsaldean psikomotrizitateko saioa talde osoarekin egin dut bakarrik, bi haur ezik, tutorearekin geratu direnak eguerdian gelan paperak nahasten eta bestelako bihurrikeriak egiten ibili direlako. Orain arte, bizpahiru psikomotrizitateko saiori hasiera eman diet bakarrik, tutoreak haurren batekin beste zerbait egiten zuen bitartean (gainean pixa egindako norbait aldatu, sukarrarekin zegoen beste norbaiten gurasoei deitu eta horrelakoak), baina saio osoa ni bakarrik egon gabe nengoen.

Saioa ondo joan da, eta jasotzeko ordua iritsi denean pixka bat larritu naiz, hasieran ikusi dudalako ez zidatela kasu handirik egiten. Ez naiz estutu, kanpotik ikusita ez behintzat, eta banaka eskatzen joan naiz, kasu gehien egingo zidatela uste nuenekin hasita.

Pixkanaka, zezenak soilik zituen Sanferminetako entzierroa zirudienean joaldunak haien lan isila egiten hasi dira, eta talde osoak dena primeran bildu du. Tutoreak gelatik haurretako bat bidali dit, ea laguntza behar ote nuen galdetzeko, baina ordurako oinetakoak jantzita eta lerroan jarrita geunden. Erratz-joaldunaren beharrik ez da izan, hortaz! Hurrengorako ondo ikasi dut: bilatu gelako joaldunak, eta horiek erabili taldea kudeatzeko.

2014/04/06

Karta-jolas interesgarriaren harira

Aurrekoan aipatu nuen karta-jolasa etxerako erosi nuen atzo, dibertigarria iruditu zitzaidalako. Kasualitatez, gaur bost urteko iloba etxera etorri da, eta jolasean aritu gara. Jolas honek duen abantailetako bat da haurrak eta helduak jolasean aritzeko orduan helduek ez dutela inolako abantailarik, eta ez dagoela txikiei "irabazten uzten" ibiltzeko beharrik. Izan ere, sekulako jipoia eman dit ilobak!

Musika: erritmoa lantzeko jarduerak

Joan den aste bukaeran musikaren inguruan gelan proposatu nahi ditudan jarduerak prestatzen ibili nintzen. Astean zehar eskolako tutorearekin aztertu ditut, eta hari ondo iruditu zaizkionez, bat martxan jarri dugu jada. Orain unibertsitateko musikako irakaslearekin, practicumeko nire tutorea dena, komentatuko ditut, eta ea practicumaren azken txanpan nola ateratzen diren.

Jardueren proposamena gelako denboraren antolaketari egokituta pentsatu dut, ohiko martxan aldaketa nabarmenik eragin gabe burutzeko modukoak izan daitezen. Lau jarduera dira, eta bati lotutako bi ariketa txiki, denak musikako ikasgaiaren materialetik ateratakoak; batzuk unibertsitatean landu ditugu zuzenean, eta beste batzuk ez. Guztien helburu orokorra erritmoa lantzea da, bereziki soinua eta mugimenduaren arteko koordinazioaren bitartez, hau da, musikaren erritmoa gorputzaren mugimenduen bitartez bizitzea. Horrekin batera, ahotsa hezteko, entzumena zorrozteko, gorputz adierazpena lantzeko, gorputzarekin soinua egiteko, taldeko proiektu batean aritzeko eta euskal folklorearen ezagutza zabaltzeko aukera eskainiko dute. Gainera, jardueretako batek motrizitate fina lantzeko helburua izango du ere, eta beste bi jarduera oso aproposak izango dira musika-esaldiak identifikatzeko, esaldiekin batera gorputz-mugimenduak aldatuko direlako. Azken batean, jarduerek haurrek musika alaitasunez bizi dezatela bilatuko dute.

Metodologiari dagokionez, jarduera guztiek abesti bat izango dute ardatz. Abestia eta mugimenduak ikasteko oihartzunean landuko ditugu. Mugimenduek zailtasun apur bat duten kasuetan, lehendabizi musikarik gabe landuko dira, oihartzunean, haurrek barneratu ahal izan ditzaten; eta ondoren abestiarekin batera, oihartzunean berriro ere. Mugimenduek zailtasunik ez duten kasuetan abestia oihartzunean ikasten den bitartean egingo dira.

Eskolan musikako eta dantzako espezialistak daudenez, eta gelako haur gehienek eskolaz kanpo eguerdian eskaintzen diren musikako jarduerak burutzen dituztenez, haurrak oso ohituak daude oihartzunean lan egiten. Hala ere, practicumean zehar oihartzunean lan egiteko aukera eman duten ariketa motzak burutu ditugu, bai eskolako tutoreak lantzen ari diren proiektuari (espazioa eta planetak) lotutako olerki eta errima motzak landuz, baita nik eramandako "Axa mixa zilarra" liburutik ateratako hitz-jokoak erabilita. Ariketa horiek haurrak talde handian zeudela burutu dira, beti eskema bera aplikatuta: oihartzunean haur bakoitzak olerkiaren lehen bertso-lerroa errepikatu du, gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena... Bertso-lerro bakoitza banaka landu ondoren, ahapaldia errepikatu du haur bakoitzak oihartzunean, hau da, bertso-lerro batzuk, eta gero beste ahapaldi bat. Azkenik, olerki osoa oihartzunean errepikatu dute haurrek, normalean talde osoak batera. Landu nahi den olerkiaren luzeraren arabera moldatu behar da oihartzunean nola landuko den, astunegia suerta ez dadin. Azaldu dena prozedura egokia da lau bertso-lerro dituen olerkitxo baterako, baina luzeagoa bada, ezingo da bertso-lerro bakoitza banaka errepikatu haur bakoitzarekin, eta orduan aproposa izan daiteke taldearen erdiak ahapaldi bat errepikatzea, eta besteak beste bat, edo antzeko banaketaren bat egitea. Olerkiaren hiztegiaren zailtasunaren arabera ere beharrezkoa izango da oihartzunean egindako lana arinagoa edo zehatzagoa egitea.

1. "Kanika txiki bat dabil" abestiari lotutako jarduera
Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita. Abestia kantatzen den bitartean haurrak biribilean jarriko dira, eta bat erdian geratuko da kanika bat eskuetan duela. Abestiarekin batera eskuz esku joango da, kanika lagunen eskuen artean sartzeko plantak egiten. Horietako baten eskuetan utziko du disimuluz, besteak kontura ez daitezen. Abestia bukatzen denean parean duenari galdetuko dio ea kanika nork duen. Asmatzen badu, berak hartuko du kanika eta jolasa berriro hasiko da, eta asmatzen ez badu asmatu arte jarraituko du besteei galdetzen.

Gorputz mugimenduaren aldetik zailtasunik ez duen jarduera denez, abestia ikasten den bitartean egin daitezke mugimenduak. Abestia oihartzunean lantzeko, lehendabizi kanikarik gabe egingo da behin, irakasleak eskuen mugimendua azentuarekin batera eginez. Hortik aurrera, abestia mugimenduarekin batera landuko da.

Jolas aproposa da minutu gutxi batzuk soberan daudenerako, edo taldea biribilean eserita lagunen baten zain dagoenerako.

Jarduera honen barruan beste bi ariketa burutuko dira, motrizitate fina lantzeko helburuarekin, kanika eskutik eskura disimuluz eraman eta batean uzteak honelako trebetasuna eskatzen baitu:

a) Orria zimurtzea
Biribilean eserita, haur bakoitzak parean orri bat jarriko du lurrean (orri arrunta izan daiteke, edo zetazko paperezkoa), eta musika entzuten duen bitartean esku bakarrarekin ertz batetik hasita osorik zimurtu beharko du eskuan pilota bat eginda hartu arte. Ondoren, papera leundu eta berdina egingo dute beste eskuarekin.

b) Argizariak eskutan
Biribilean eserita, haur bakoitzari kolore bateko argizarizko margo zatiak emango dizkiogu (kolore desberdinetako bestelako objektu txikiak izan daitezke, gelan eskura daudenak). Hiru objektuak esku bakarrean hartzeko modukoak izan behar dira; hortaz, ezin dira margo handiak izan, zati txikiak baizik. Lehendabizi, hiru objektuak esku bakarrarekin hartuko dituzte eta lurrera erortzen utzi, ondoren berriro ere esku berarekin hartuz. Gero, banaka bota ditzatela eskatuko diegu: "orain, bota margo horia, baina horia bakarrik!", "ea, bada, orain bota urdina", eta horrela hirurak bota arte. Gero ariketa bera beste eskuarekin errepikatuko dugu.

Azken bi ariketa hauek ere aproposak dira denbora tarte txikia dagoenerako, eta nahi adina aldiz errepika daitezke.

2. "Nire lagunaren txakurra" abestiaren inguruko jarduera
Biribilean eserita, hankak gurutzatuta albokoaren belaunak ukitzen ditugula, abestiaren erritmoa jarraituta ezkerreko lagunaren iztarrean eta norberaren ezkerreko iztarrean joko da esku banarekin, ondoren norberaren bi izterretan, eta ondoren eskuinetara dagoen lagunaren iztarrean eta norberaren eskuineko izterrean. Horrela egingo da abestiak "nire lagunaren txakurrak" errepikatzen duen hiru aldietan. "Gitarra jotzen du" esatean, aldiz, besoekin gitarra jotzen ariko bagina bezala egingo dugu, eta "fli fla fli flaio" hiru aldiz errepikatzen den bitartean, biolina joko balitz bezala jarriko dira besoak. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Gitarra jo eta biolina jotzearen mugimenduak sartzea zailegi izango dela uste bada, izterretako gorputz-perkusioa soilik manten daiteke abesti osoan zehar. Gure kasuan, haurrak musika eta gorputz-adierazpena lantzera ohituak daudenez, iruditzen zait "Haur Jolas Abestiak III" bilduman proposatutako moduan burutu ahal izango dugula.

Lehenik gorputz-mugimendua landuko da oihartzunean, eta mugimenduak barneratuta daudela ikustean, musikarekin batera egingo dira. Kasu honetan, cda erabiliko da. Letra ikasteko erraza denez, ez da beharrezkoa ikusten entzun aurretik oihartzunean lantzea, haurrek segituan ikasiko dute eta.

3. "Itsumandoka" abestiaren inguruko jarduera
Jarduera hau plastikarako proposatuko den jarduera baten aurkezpen gisa erabiliko da, biak erlazionatuta baitaude. Haurrak biribilean eseriko dira, eta bat erdian geratuko da. Zapi batekin begiak estaliko zaizkio eta abestia kantatzen hasten garen bitartean beste haurrak tokiz aldatuko dira. "Bat, bi eta hiru" esatean guztiak geldi eta isilik geratuko dira, eta zapia begietan duen haurrari lagun batengana iristen lagunduko diogu, estropuz egin ez dezan. Ukimenaren bidez nor den asmatu beharko du, eta horrela egindakoan besteak jarriko du zapia begietan. Errazegi asmatzen badute, eserita dauden haurrei eskatuko diegu buelta emateko, burua hanken artean ezkutatzeko edo aurpegia eskuekin estaltzeko, asmatu behar duen lagunaren lana zailtzeko.

Aisia.net webgunean jasotako moduan abestuko da abestia. Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita.

4. "Txirukaka" abestiaren inguruko jarduera
Beste jarduerak gela arruntean lantzeko modukoak dira, baina honetarako espazio zabalagoa beharko da. Gure kasuan, eskolako sotoan dagoen gela handi batean burutuko dugu. Sotora jaitsi aurretik abestia gelan landuko da, oihartzunean. Aho-korapilo bat denez, lehendabizi musikarik gabe landuko dira hitzak, oihartzunean, olerki bat balitz bezala. Gero cda jarrita landuko da musikarekin, abestiaren letra osoa lehen aldiz kantatzen den bitartean soilik entzunez, eta hortik aurrera kantatuz.

Sotora jaitsi ondoren, haurrak trena egiten jarriko dira, biribilean, sorbaldatik helduta. Abestiak "txirukaka..." dioen bitartean haurrek aurreraka urratsak emango dituzte, erritmoa jarraituta. "Ñogi, ñogi, ñogi..." esatean, atzeraka emango dituzte urratsak. "Ei!" esaten den bakoitzean, aldiz, besoak gora altxatuko dira. Lehendabizi entsegu bat egingo da, abestia behin ahoz kantatuta, esaldi bakoitzari lotutako mugimendua barneratzeko, eta gero cda jarriko da, zuzenean dantzan hasteko. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Jarduerak gelan landu ahala emaitzen inguruko oharrak jasoko ditut hemen, proposamena osatzeko asmoz.


Taldekatzea gelan

Practicumaren hasieran tutoreak esan zidan hiruhileko honetan egin behar zuen gauza garrantzitsuenetako bat hurrengo hiruhilekorako gelako 18 haurren taldekatzea berritzea izango zela. Haurrak hiru taldetan banatzen dira txokoetako lanak egiteko, eta tutoreak hiruhilekoan behin edo aldatu ohi ditu talde horiek, haurrek lagun berriak egiteko aukera izan dezaten, eta ikaskuntzarako giro egokia sortzeko. Haurrak kolektiban lurrean biribil erdia osatzen direneko ordena ere hiruhilekoan behin edo aldatzen du, eta azken hori duela aste pare bat egin du.

Txokoetarako talde berriak sortzeak garrantzi gehiago du azken hiruhileko honetan, datorren urtean Lehen Hezkuntzan sortuko diren taldeei lotua dagoelako. Practicuma egiten ari naizen ikastetxeak Haur Hezkuntzako etapa bi egoitzetan banatuta dauka, bakoitza bi lerrorekin. Lehen Hezkuntza hirugarren egoitza batean burutzen da. Hortaz, Haur Hezkuntzako bi egoitzetako haurrak Lehen Hezkuntzako eraikinera joaten dira bosgarren urteko gelan azken ikasturtea igaro ondoren. Haur Hezkuntzako bost urteko lau geletako haurren kopurua dela eta, datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen mailan hiru talde egongo dira. Hortaz, bi egoitza desberdinetatik datozen haurrak hiru geletan banatuko dira. Guztia prestatzeko, bilera bat izan zuten lau tutoreek, eskolako ikasketa buruak eta zuzendariak duela hilabete edo, eta bertan egoteko aukera izan nuen. Haurrak taldekatzeko irizpideak finkatu zituzten eta adostu zuten datorren ostegunean lau gelek batera ikusiko duten antzerkiaren ondoren hamaiketakoa batera egingo zutela, eta haurrek batera jolasteko materiala eramango zutela, elkar ezagutzeko aukera bat emateko.

Haurren taldekatzea egiteko ondoko irizpideak aplikatuko dituzte: haurren arteko harremanak (haur bakoitza bere lagunetako batzuekin behintzat taldekatzea), sexua (neska eta mutilen kopuruan oreka egotea, neska gutxiago dagoela ikusita), euskara (euskararen erabileraren aldetik heterogeneoak izango diren taldeak eratzea) eta zailtasunak (zailtasunak dituzten haurrak talde guztien artean banatzea). Ez zitzaidan erabat argi geratu nola egingo duten taldekatzea; nire tutoreari ulertu nion gela bakoitzaren barruan hiru talde osatuko direla, eta talde horietako bakoitza beste hiru geletako talde banarekin batuko dela Lehen Hezkuntzako gela osatzeko, baina iruditu zitzaidan bileran beste tutore batzuk buruan zutena ez zela hori, eta ez zen erabat argitu bileraren bukaerarako. Agian ikasturtearen bukaeran argituko dute.

Nire tutorea azken asteetan haurrei haien preferentzien inguruan galdezka ibili da. Haur bakoitza banaka hartu du, eta esan dio oporrak eta gerorako txokoetako talde berriak osatzen hasia dela, eta eskatu dio esateko txokoetan aritzeko bere gustukoak diren bi neska eta bi mutil. Haur guztien iritziak jaso ondoren, aste honetan hartuko du erabakia taldekatzearen inguruan, haurren preferentziak kontuan hartuta, baita beste irizpideak ere, noski.

Egia esan, ez da edonolako erabakia hartu behar duena, haurren bizitzetan sekulako eragina izango baitu. Uste dut garai batean ez zitzaiola horrenbesteko garrantzirik ematen taldekatzeari, eta haurren interesak ez zirela ia kontuan hartzen, eta asko pozten nau egun behar bezalako arreta ematen zaiola ikusteak.

Liburuaren astea, estutasunak eta datorren asteko planak

Pasa den aste honetan liburuaren astea ospatu dugu eskolan. Egunero tutoreak gelaz aldatu dira ipuin bat kontatzeko, egunaren hasieran. Horrez gain, ipuin kontalari bat etorri da goiz batean (tamalez, ni eskolara joan ez naizen egunean), eta eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasle batzuk etorri dira hainbat jarduera burutzera: gelaz-gela bikoteka ipuinak kontatu, Andersenen printzesa eta ilarraren ipuina kamishibai teknikaren bitartez kontatu eta "Nola dastatu ilargia?" ipuina txotxongiloen bidez antzeztu. Gurasoak ere gonbidatzen dira gelara ipuin bat kontatzera etortzeko, baina gurera ez da inor animatu.

Atentzioa eman dit irakasleek orokorrean ez dutela oso gustuko gurasoak eskolara sartzea. Horren bi adibide ikusi ditut aste honetan. Alde batetik, astelehenean bost urteko beste gelako haur baten urtebetetzea zen, eta bere amak argazki bat atera nahi izan zion gelan lagunekin (hori iruditu zitzaidan ulertu nuela, ni gure gelaren barruan bainengoen); tutorea gero etorri zitzaigun kontatzera, arratsaldean kanpoan atera zezala erantzun ziola kontatzera, "guraso hauek, zer pentsatzen dute?" tonuarekin (niri behintzat hori iruditu zitzaidan). Beste adibidea hiru urteko gelako irakasle batek ekarri zuen, liburuaren astean ipuina irakurtzera gurasorik etorriko ez zela espero zuela komentatu zigunean; antzaz, aurreko urtean bat etorri zitzaion adin horretako haurrentzat batere aproposa ez zen ipuin batekin, orduan beste irakasle batek esan zion agian berak lagundu beharko ziela gurasoei ipuinak ondo aukeratzen, eta lehenengoak erantzun zuen horretarako nahiago zuela ez etortzea, lan gutxiago emango ziotelako. Ez ote zion kezkarik eragin bere haurrarentzat ipuin aproposak aukeratzeko gaitasunik gabeko gurasoa ikustea? Erraza da, bada, gurasoei aholkua ematea gai horretan; Bularretik Mintzora egitasmoaren webgunea edo materialak, nahiz egitasmoaren atzean dagoen Galtzagorri Elkartearenak haien eskura jartzea besterik ez da behar eta. Ez dut ulertzen irakasleek gurasoekiko duten ezinikusia; agian oraindik irakasle ez naizelako da. Gurasoen inplikazio faltaz kexu dira, baina ez diete parte hartzen uzten; ez behintzat nola parte hartu aukeratzen uzten, aste jakin batean ipuin bat kontatzera etortzeko ateak irekitzea nire ustez ez baita parte-hartzeko jarduera bat. Baina, tira, parte-hartzeari dagokionean ni nahiko zorrotza naiz; aurretik ere hemen argi utzi dut.

Orokorrean, nire tutoreak liburuaren astearen inguruan duen iritzia ez da oso baikorra. Jarduera asko denbora motzegian egiten direla iruditzen zaio, eta haurrak pixka bat saturatuta bukatzen dutela horrenbeste ipuinekin. Niri ez zait horrelakorik iruditu, eskolara joan naizen egunetan behintzat; haurrek pozik entzun dituzte ipuinak eta oso gustukoak izan dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek prestatutako jarduerak. Egunero ipuin bat kontatzearen aldeko naiz eta, hortaz, ipuinaren astea ikasturte osora zabalduko nuke nik, dudarik gabe.

Hori guztiaz gain, astean zehar hasi gara estutasuna nabaritzen, datorren astea oporren aurretik azkena delako. Haurren karpetak etxera eraman behar dituzte hiruhilekoko lan guztiekin, eta hortxe gabiltza, gauzak prestatzen. Ondorioz, ez da aste ona izan nik jarduerak proposatzeko, eta datorren astea ere ez dut uste horretarako aproposa izango denik. Plastikako jarduera bat dut, materiala duela hilabete edo prestatuta, eta ez dut momentu egokirik ikusi hura gelara eramateko oraindik. Egia da nik practicuma lanaldi erdian egiten dudalako oraindik denbora geratzen zaidala, baina konturatu naiz unibertsitatetik jarri diguten lana, unitate didaktiko bat burutzea, alegia, ez dela errealista.

Aste honetan musikako jardueretako bat martxan jarri ahal izan dut, eta hemendik aurrera landu nahi nahi ditudan besteak martxan jartzen saiatuko naiz. Horixe, bada, asterako nire helburua. Hori, eta ia eguneroko ipuinari berriro heltzea.

2014/04/03

Hiruhilekoaren karpetak prestatzen

Datorren ostiralean, Aste Santuko oporren aurretik azken eskolako eguna izango denez, haurrek hiruhilekoan zehar egindako lanen karpeta eramango dute etxera. Hori dela eta, aste honetan tutorea eta biok haien lanak antolatzen ari gara eta gauzak prestatzen. Atzo goizean, biok eskolak hasi aurretik bertara joaten garenez, haurren planetak prestatzen aritu nintzen, tutorea DIN A4 formatuan egindako lanak antolatzen zebilen bitartean.

Tutoreak haurrei eskatu zien astebukaeran zehar parkera joan zitezela, eta makil bat ekar zezatela, haurrak azken asteetan margotzen aritu diren planetekin zintzilikailu bat egiteko. Haurrek makilik ekarri ez dutenez, tutoreak ekarri ditu, eta goizetan biok ibili gara kartoi-mehean egindako planetak zulatu, hari bat lotu eta makilari planetak lotzen. Atzo horretan nenbilela nire buruari egin nion galdera hauxe da: baina, hori ez ote zuten bada haurrek egin beharko? Ez ote zen zentzuzkoago izango goiz batez guztiok parkera joan izan bagina, makilak biltzera, eta haurrek haien zintzilikailuak egin bazituzten?

Agian hori zen tutoreak buruan zuena, eta ni praktiketan hasi naizenetik hainbat jarduera burutu ditudalako eta gelako martxa eramaten bera baino mantsoagoa naizelako ez dio denborarik eman berak aurreikusita zituen gauzak nahi bezala egiteko.