2012/10/24

Practicum I, egunkaria: biharamonarekin

Atzo nire lehen eguna izan zen, eta eguna bukatzean nire tutoreak galdetu zidan ea nekaturik ote nengoen. Momentuan ezetz esan nion, horrela iruditu zitzaidalako, baina iluntzean konturatu nintzen sekulako burukomina nuela, tentsioari lotzen zaion horietakoa, eta leher eginda nengoela. Ez da harritzekoa, haurrek eskolako lehen egunaren antzekoa izan nuen eta; estimuluen gaindosia. Eta gaur biharamonarekin esnatu naiz, goizeko seirak baino lehen, gelako egoerak buruan nituela. Espero dut normaltzen joango naizela, bestela practicuma arrastaka bukatuko dut eta! Hori bai, niretzat sekulako lorpena den zerbait lortu nuen: haurren hemeretzi izenak ikasi nituen, eta heldu mordoxka batenak ere.

Berandu denez, gaurko behaketaren inguruan gauza gutxi batzuk aipatuko ditut. Alderdi positiboan, testuinguru orokorrari buruz ari garenez, deigarria iruditu zait nire ikastetxean Haur Hezkuntzako irakaslegoaren egonkortasun-maila: egoitza bana du ikastetxeak bi auzotan, eta bakoitzean bi lerro. Ba, bitik bost urtera doazen geletan dauden hamasei irakasleetatik, hamabosten lanpostuak finkoak dira. Derrigorrez nabaritu behar da hori koordinazioan, irizpide eta helburuen garapean, eta informazioaren elkartrukaketan. Errazagoa da haurrentzat inguru segurua sortzea inguru hori egonkorra bada (egonkortasuna soilik nahikoa ez bada ere). Bestetik, eta agian ez du harreman zuzenik aste honetako behaketa-gaiarekin, baina izugarri gustukoa izan dut tutoreak arratsaldean gelan sortu duen momentu bat. Umeetako baten urtebetetzea zela eta, beste guztiek (guztiok esan beharko nuke, ni ere gonbidatu nautelako ariketa egitera) marrazki bat egin diote, eta irakasleak enkoadernatu egin du beretzat opari gisa etxera eramateko. Eguneko momentutxoa irakasleak kontu handiz eta tempoa maisuki maneiatuz poliki-poliki marrazkien bilduma pinotxo paperean goxoki erraldoi bat bailitzan bildu duenean sortu du; segundu luze batzuz hamazazpi haurrek arnasa eutsi dute, magia saio batean izango balira bezala.

Haurrek marrazkia egitera gonbidatu nautela aipatu dut, eta horrek gelan dudan estatusa aztertzera narama. Praktiketako ikasle bezala, ni linboan nago; ez naiz irakasle (beno, batzuk andereño deitzen didate, baina tutorea bere eserlekutik joaten bada, kolektiban gutxinaka kaosa hazten doa, nik hori gelditzeko inolako indarrik ez dudala), eta ez naiz haur (baina haien artean esertzen naiz, oraingoz behintzat). Autoritaterik ez dut (ez daukat hori lantzeko behar larririk, uste dut), baina horrek bestelako gertutasuna ematen dit umeekiko, eta horri probetxu ateratzen ari naiz.

Alderdi negatiboan, atzo denbora aipatu banuen, gaur espazioari tokatzen zaio. Egia da espazio gehiegi izatea, bereziki biltegi gisa erabiltzekoa bada, arazo bihur daitekeela, erabiltzen ez diren gauza mordoa pilatzeko erabilia bada. Baina espazio-eskasia ez da ona ere. Nire ikastetxean irakasleen lan pertsonalerako espazioa oso urria da (ia batere ez), eta gelan gauzak gordetzeko espazioa mugatua da ere (gaur altuera handian dagoen apal batetik material astuna jaisten ibili gara, eta beldur nintzen ez ote zitzaigun zerbait eroriko). Baina daukatenarekin oso ondo moldatzen dira, esan beharra dago.

Bukatzeko, atzo ez nuen aipatu, baina practicumaren barruan autobehaketako ariketa txiki bat egitea erabaki dut, eta blogean jasoko ditut horren emaitzak. Zehazki, Hik Hasi aldizkarian argitaratutako ariketa da, gelako haurrek norberan sortzen dituzten pentsamendu eta emozioei buruzkoa, eta horiei lotuta haiekin ezartzen den harremanari buruzkoa. Joan den urtean Hezkuntzaren Psikologian aipatu ziguten, eta nire gelakide batzuk goi mailako moduluko ikasketen praktiketan aplikatu zuten, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan galdera honekin erlazionaturik: nola egiten du irakasle batek gustuko ez duen haur batentzat bera izan daitekeen irakaslerik hoberena izateko?

2012/10/23

Practicum I, egunkaria: lehen eguneko murgilketa

Gaur izan da nire lehen eguna ikastetxean; 19 ume dituen 4 urteko gelan, hain zuzen ere. Nahita ez dut aurretik planifikatu gaur egin beharrekoa, nahiago nuelako zetorkidanari irekia egotea, aurretik erabakitako zerrenda bateko aldagaiak bilatzen ibiltzea baino. Azken horretarako tartea aterako dut ere, noski, baina lehen egunak lasaixeago hartu nahi nituzke. Hala ere, gaur nire paper guztiekin joan naiz eskolara, haurrak lehen egunean haien panpinekin joaten diren bezalaxe, baina ez ditut atera.

Pellok proposatu digunaren arabera, testuinguru orokorraren behaketarekin hasi behar dugu (astebetez edo). Behaketa hasi aurretik behatu beharreko aldagai edo alderdien zerrenda bat idatzi behar dugu, eta hortik abiatuta egunero egindako behaketaren alderdi positibo edo interesgarrienak, negatiboenak edo gustuko izan ez ditugunak, eta ideia berriak edo hausnarketak idatzi behar ditugu egunerokoan. Testuinguru orokorra behaketa amaitzean, ondorio nagusi batzuk adierazi behar ditugu. Dinamika bera aplikatuko dugu beste lau gai behatzeko eta aztertzeko: irakasle-ikasle harremanak, ikasle-ikasle harremanak, metodologia (irakaskuntzaren ikuspegitik) eta metodologia (ikaskuntzaren ikuspegitik).

Beraz, lehendabizi testuinguru orokorrari buruz behatu beharrekoen zerrenda prestatuko dut, Practicum Ierako eman diguten gidatik abiatuta. Oraingoz bururatu zaidan zerrenda hauxe da:
  • Auzoaren ezaugarri sozioekonomiko eta kultural orokorrak (biztanle kopurua, biztanlea adinaren arabera, familien tamaina, jarduera ekonomikoak, langabezia-tasa, etxebizitzen salneurria, euskararen erabilera etxean...)
  • Ikastetxearen kokapena, eta haurrak bertara iristeko moduak.
  • Ikastetxea inguratzen duten eraikin eta kaleen ezaugarriak (erabilerak, trafikoa, espazio irekiak eta gune berdeak...).
  • Eraikinaren ezaugarriak: solairu kopurua, espazioen banaketa, irisgarritasuna, erosotasuna (argiztapena, aireztapena, beroketa...).
  • Jolastokiaren ezaugarriak: tamaina, jolaserako materialak, zoladurak, estalkia, elementu naturalak...
  • Ikastetxearen ezaugarri orokorrak: izaera publiko/pribatua, mailak, lerro kopurua, egoitzak/guneak, hizkuntz eredua...
  • Zerbitzu osagarriak (garraioa, jangela, eskolaz kanpoko jarduerak, laguntza eta bekak...).
  • Haur Hezkuntzako etaparen antolaketa orokorra: Ikastetxeko Proiektua
  • Haur Hezkuntzako etapan hezkuntza formalaren giza-baliabideak eta horien antolaketa: zuzendaritza, tutoreak, irakasle laguntzaileak, espezialistak, koordinatzaileak, aholkulariak... Koordinaziorako mekanismoak, prestakuntzazko jarduerak, elkartrukatze eta kolaboraziorako jarduerak, ordezkapenen antolaketa eta irakasle berriei harrera...
  • Bestelako giza-baliabideak: jangelakoak, eskolaz kanpoko jardueretakoak, atezaintzakoak, garbiketakoak...
  • Gurasoen parte-hartzea eta haiekin harremana: gelako gurasoekin taldekako bilerak, banakako bilerak, harreran eta agurtzean harreman informalak, idatzizko oharrak, gurasoen antolaketa ereduak, gurasoen partaidetza formala eskolan, gurasoen partaidetza informala gelan...
  • Gelaren antolaketa espaziala eta denborazkoa: egutegia, eguneroko errutinak, txokoen kopurua eta antolaketa...
  • Gelako baliabide materialak eta funtzionalak: materialen bildumak (kokapena eta eskuratzea), materialen mantenua, IKTetako baliabideak, materialak noiz atera/aldatzen diren, materialak gordetzeko tokiak eta prozedurak, hondakinen kudeaketa gelan...
  • Tutorearen antolaketa didaktikoa: programazioa eta unitate didaktikoen diseinua, didaktikaren antolaketarako denbora eta espazioak, pedagogia eta didaktikarako baliabideak eta elkarlana...

Egia esan, zerrenda luze samarra da. Ikastetxearen testuinguru fisikotik hasita gelaren antolaketa orokorrera doazen hainbat alderdi iruditzen zaizkit garrantzitsuak ikastetxeari buruzko ideia orokor bat izateko, baina zerrenda luzeegia iruditzen zait alderdi bakoitzean sakoneko behaketa egiteko. Hala ere, egia da lehen egun honetan jada zerrendako alderdi askoren inguruko informazioa jaso dudala; agian ez izugarrizko zehaztasun mailarekin, baina bai ideia orokor bat izateko modukoa.

Gaur behatutakoen artean interesgarri eta positiboena haurrak berak izan dira, dudarik gabe. Oso harrera ona egin didate, tutoreak bezala, eta haiekin eroso sentitu naiz erabat. Eguna oso motz egin zait! Gaurko finkatua nuen helburua haur guztiekin lehen kontaktua egitea zen, guztiekin hitz egitea, eta haien izenak ikastea, eta bete dut (beno, badugu haur bat helduekin hitzik egiten ez duena, baina hori beste kontu bat da). Goizean txokoetan egon diren bitartean banaka egon naiz tartetxo batez bakoitzarekin, eta horrez gain egunean zehar eskaini dizkidaten elkarrekintzarako aukerak probestu ditut, noski. Haur gehienak irekiak dira eta segituan hartu dute konfiantza nirekin, baina beste batzuk oraindik "koarentenan" utzi naute, normala den bezala. Gela bera atsegina iruditu zait ere, orokorrean gauzak haurren tamainara egokituta daude, eta horrek haien autonomia errazten du (ura edateko orduan, materiala atera eta gordetzeko orduan).

Aderdi negatiboak, edo oztopoak ondoko gaietan ikusi ditut: lau urteko gelako beste tutorea atzo hasi zen lanean, orain artekoak baja hartu ondoren, eta aukera izan dut ikusteko ez dagoela baliabiderik pertsona berri horri informazioa emateko eta behar bezalako harrera egiteko. Eskerrak aurretik ere ikastetxean lanean izana dela, eta urteetako eskarmentua duela, baina nola demontre moldatuko dira lehen aldiz ordezkapen bat egitera doazen irakasleak? Suposatzen dut practicumek horretarako balioko dutela, besteak beste. 

Oztopo gehiago: tutoreak egunean zehar pentsatzeko astirik ez du, eta egiteko ere ozta-ozta. Lan pertsonalerako ordu gutxi daude egutegian, beste tutorearekin gaiak prestatzeko orduak urriak dira ere, eta guzti hori espero nuen. Gaur sorpresa handixeagoa eraman dut "lanerako" dagoen denbora mugatuarekin: haur guztiak ordu berean iristen ez direnez, hasierako kolektiba hasterako minutu batzuk igarotzen dira, ondoren ingelesa izan dute ordu erdiz, gero txokoetan aritu dira tarte luze batez, jolastokira irten gara ondoren, eta hortik bueltan bazkal ordura arte jarduera bat hasteko denbora besterik ez da egon. Bazkalondoan psikomotrizitateko gelan egon gara, baina hor ere denbora luzea pasa dugu gure gelatik irteteko prestatzen, eta saioa ez da hain luzea izan. Tira, iruditu zaidala irakasleak adi-adi egon behar duela sortzen diren egoera ezberdinetan landu nahi dituen gaiak ateratzeko. Hau da, irakasleak garatu nahi dituen jarduerak planifikatzeak baino etekin hobea eman dezakeela gelako ohiko egoeretan helburu horiek nola landu pentsatzeak.



2012/10/21

Komunikazio gaitasunekin jolasean

Orain arte ez dut blogean jaso lauhileko honetan izugarrizko gozamena ematen ari zaidan Komunikazio Gaitasuna II irakasgaia. Egia da praktikan irakasgaia bitan banatu izanari (teoria irakasle batekin lantzen dugu, eta praktikak beste batekin, baina errealitatean banatutako bi irakasgai motz bihurtu dira) abantaila baino desabantaila gehiago ikusten dizkiodala baina, hala ere, oso gustuko dut/ditut. Aurreko ikasturtean Komunikazio Gaitasuna I oso interesgarri iruditu zitzaidan ere.

Haur Hezkuntzako irakaslearen komunikazio gaitasunen inguruan hausnartuz hasi genituen eskolak, eta atal praktikoa horiek lantzera bideratzen ari da bereziki. Azaletik begiratuta, pentsa liteke Haur Hezkuntzan aritzeko irakaslearen komunikazio gaitasuna ez dela gai garrantzitsua; izan ere, adin horietan haurrak hizketan hasi berriak dira, eta hizkuntza idatziari dagokionez, gure gizartean "benetan" balio duena, etaparen bukaeran hastapenak baino ez dira lantzen. Beraz, zer inporta dio irakasleak hobetoxeago edo okerxeago hitz egiten badu?

Ba, ikasi dugunaren arabera, berebiziko garrantzia du, umeek hizkuntza orokorretik zehatzera garatzen dutelako. Haur Hezkuntzaren ondoren etorriko diren etapetan hizkuntzaren inguruko trebetasun eta konpetentzia zehatzagoak behar bezala garatu ahal izateko, Haur Hezkuntzako etapan zehar lortzen duten hizkuntzaren ezagutza globalak egokia behar du izan, eta irakasleak ardura galanta dauka horren garapenean.

Bestetik, denbora dezente eman dugu ahozko hizkuntza lantzen, behar bezalako arreta jasotzen ez duen beste alderdi bat; irauteko jaiotzen ez denez (idatzizkoa ez bezala), zergatik kezkatu ahozkotasunaz, ezta? Ba, jesus, horretan aditu direnek sekulako mamia ateratzen diote gaiari, eta prosodiaren garrantziaz ohartzeko aukera izan dugu.

Landutako beste gai bat euskarari buruzkoa da baina, egia esan, beste edozein hizkuntzari aplika dakioke: euskara batuaren eta euskalkien erabilera eta horiei egin beharko litzaiekeen tokia Haur Hezkuntzan (eta gure bizitzan, orokorrean). Gai horrekin bai ari naizela gozatzen! Benetako aurkikuntza suposatu du niretzat hizkuntzalaritzan gai hori lantzen ari direla jakiteak, eta aztertu ditugun proposamenak erabat bat datoz urteetan izan ditudan kezkekin.

Ulertu dudanaren arabera, eta agian urrunegi noa nire interpretazioan, euskara batuak euskalkiekiko izan duen eragina nolabait konparagarria da erderei euskararekiko egozten zaienarekin, bereziki batua ahozko erregistroetara iragan eta barietate berriak sortzen hasi delako. Bestetik, 60ko hamarkadatik hona euskara bateratzeko ahaleginak indar handiz bultzatu dira (eta horrela behar omen zuten, euskarak iraungo bazuen) eta, jakina, zail samarra da bateratzeari kementsu ekitea bidean aniztasuna galdu gabe. Eta euskarak bazuen (oraindik ere, ba al du?) egundoko aniztasuna eta aberastasuna, neurri handi batean euskalkiei esker. Orain, euskara batua ia eraikita dagoenez, badirudi indarrak aniztasun eta aberastasunari eustera bideratu beharko genituzkeela.

Hizkuntzalaritzaz pitzik jakin gabe ikasitakoak dira guzti hauek, irakasgaian eman zaizkigun irakurgaietako batzuetan nahiko galduta ibili ondoren eraikitakoak, eta hortxe ikusten diot koska gaiari: graduan ez dugula gaia nahikoa landuko irakasle izatera iristen garenean kanpoko baliabiderik gabe bide horretan modu eraginkorrean lagundu ahal izateko. Interesa piztu zaigu, saiatuko gara, baina horrekin ez da nahikoa izango proposatzen zaizkigun helburuak lortzeko.

Euskalkien inguruan, eta komunikazio gaitasunaren inguruan, urteetan egiten ausartu ez naizen ariketatxo bat egin dut. Lotsa baino, errespetu kontuagatik uste dut ez dudala saiakerarik egin orain arte, eta emaitzak hemen jasoko ditut. Jakina da estandarra edo batua gutako batzuren euskalkitik gertuago dagoela, eta horrek asko errazten digula egunerokoa. Hala ere, behin baino gehiagotan egokitu zait bizkaieraz hitz egiten duen entzulegoari zuzentzea, eta deseroso sentitu naiz haiengana gerturatu ahal ez izateagatik. Bestetik, ariketa gisa, interesgarri iruditu zait beste barietate klasiko batzuetako hiztunek batuan aritzeko egin behar duten esfortzuaz jabetzea, eta hori esperimentatzeko modurik hoberena ez al da ba neroni kontrakoa egiten saiatzea?

Nire burua prestatzearren, ondoko bi iturrietara jo nuen: bizkaierari buruzko Web orri bat, eta Labayru Ikastegiaren argitalpen bat. Prestakuntzarako denbora gutxi izan nuen, eta gainetik irakurri baino ez nituen egin. Hantxe ibili nintzen, "aditzak, zatozte nigana!" nire buruari eskatuz, eta horiek ezetz, ez zutela etortzeko asmorik... Bizkaieraz ari naizenik ezin esan daiteke, baina ariketa gisa arrakastatsu iruditu zitzaidan, batetik bestera igarotzeko zailtasuna ezagutzeko aukera eman zidalako, baita hizkuntzarekin jolasteko ere. Azken batean, hizkuntza beti izan da jolas niretzat, ikastea bera bezala. Helduak garenean badirudi zerbaitetan saiatu eta ondo burutzen ez badugu emaitza okerra dela pentsatu behar dugula. Gehiagotan pentsatu beharko genuke jolasean ari garela, eta horrela ikusita ni "bizkaieraz ariko banintz bezala jolasean" nengoke bideoan, besterik ez, ezta?

2012/10/13

zid_ia?_5


Aste honetan ere astelehenean baino ez genituen eskolak izan Ikastetxearen Antolaketan eta, ondorioz, astea motza izan da. Motza eta gatazkatsua, gainera. Ikasleon grebaren inguruan irakasleei esan beharrekoaren inguruan gatazka izan genuen gelan (edo gatazka sortu nuen esan beharko nuke?), eta aurrerago irakasleetako batekin ere gatazka izan genuen. Bien oinarrian komunikazio arazoak zeudela esan liteke, baina ez hori bakarrik. Bigarrenean esango nuke aurreiritziek pisu handia izan zutela, baita ziurraski aurretik pilatutako tentsioa (bi aldeetan, agian?).

Gatazken harira, aste honetan ezer berririk ikasi ez dudala esan beharra daukat. Ezagunak egiten zaizkit biak, ez dira batere originalak izan.

Gure gelako gatazkaren inguruan, orain arte jaso dudan feed-backaren arabera (batere ez, ni konturatu naizenik, baina agian ez naiz jabetu), uste dut ez joan den ikasturtean, ez oraingoan ere, ez naizela gai izan nire gelakideen jarreran gustuko ez dudana zer den azaltzen (edo agian ondo ulertu didate?). Benetan, niretzat kontuak ez zuen greba egitearekin erlaziorik inondik inora. Gustuko ez dudana gehiengoaren arrabola da, talde txiki batean edozein erabaki hartzeko garaian sistema bakarra erdia gehi bat pertsonen behar/nahiak galdera itxi baten bidez ezagutzea izatea. Erabaki bat hartzeko garaian gehiegoari (batez bestekoari, normala denari) begiratzen zaionean beti dago gutxiengo bat kanpoan geratzen dena, eta gauzak bai/ez moduko galdera itxi baten gainean erabakitzen badira, emaitzak beti sortzen ditu irabazleak eta galtzaileak (eta, okerrena, energia guztiak norbera galtzaileen aldean ez egotera bideratzen dira, irtenbide interesgarriak pentsatzera bideratu beharrean).

Uste dut ni horren aurka hain sutsu aritzearen atzean dagoen arrazoia hezkuntzan aritzeko bidean egotea dela. Hezkuntza-sisteman oso errotua dago gehiengoaren tirania, eta ni ia beti egon naiz banaketa-kurba normalaren bi ertzetan geratzen diren horiei begira (edo horien artean). Ikuspuntu horretatik begiratuta, irakasle gisa, guztientzat abantailatsu den irtenbidea asmatzerik lortzen ez dudanean konformatu beharko naiz gehiengoarentzat balio duen irtenbidearekin, eta porrot moduan biziko dut une hori.

Hala ere, nire indarrak mugatuak direla kontuan izanda, iruditzen zait graduan pragmatikoagoa izaten ikasi behar dudala, eta nire berehalako interesei begiratu. Azken batean, Eskolak ematen dizkigun jai egunez gain nire gelakideek beste batzuk ematen badizkidate, ongi etorriak izan daitezela! Horien beharrean nago, egia esan (uf, eta ikasturtea hasi besterik ez da egin!).

A, eta blogean aipamen berezia merezi du gelako ordezkari izatera eraman nauen nire baldarkeriak. Barkaezina da nire adinean hain baboa izana, hara zer nolako hankasartzea nirea! Erabat ironikoa den egoera. Eta hortxe ikasteke dudan beste gauza bat.

2012/10/07

Arratsalde bat ilobarekin, eta hizkuntzaren funtzioak haurrengan


Aste honetako azken sarrera Practicumari begira (eta bestela ere) duela gutxi izandako esperientzia bati eskainiko diot. Joan den ostiral arratsaldea iloba gazteenarekin (4 urte) egoteko gorde nuen. Ikasturtean zehar nahi baino gutxiago ikusten dut, eta hura ikusteko irrikan nengoen. Normalean, hark nahi duena egiten dugu, batzuetan nik proposamenen bat egiten diodan arren. 

Eskolatik irten eta bere lagunekin jolasten geratu zen atarian. Hantxe bildu ginen bere gelakideen gurasoak eta ni (gehienak bistaz baino ez ditut ezagutzen). Inguruko parke batera joateko asmoa zutela esan zuen batek, eta ilobak ere joan nahi zuenez, hara abiatu ginen. Parkera iristean bere lagunak esan zuen parkea inguratzen duten eraikinetan bizi zen beste lagun baten etxera joan nahi zuela, eta ilobak harekin joan nahi zuela esatean nik erantzun nien berdin zitzaidala, ni ondo moldatuko nintzela haiek gabe, eta topatuko nuela lagunen bat parkean (bost urteko haurra bainintzan, ezta?). Hitza hartu zidaten (haurrak izanik, hizkuntzak funtzio bakarra betetzen du berbaldi bakoitzean haientzat), eta hantxe abiatu ziren beste lagunaren amarekin (noski, ezin ninduen beste baten etxera gonbidatu), segituan jaitsiko zirela esanez. Ordubete luzez izan nintzen toki berean zutik zain. Lagunen batekin egin nuen topo, egia da, eta haurrak behatzen entretenitu nintzen, baina denbora gehiena triste samar igaro nuen; egiteko ditudan gauza guztiak alde batera utzi, eta ilobarekin arratsalde bat antolatu honetarako? Pentsatu nuen ona zela berak nirekin egotea ohikotzat jo eta horrela jokatzea ere, baina horrek ez ninduen gehiegi kontsolatu, egia esan. Beraz, arratsaldeko ikaskuntza horixe izan zen: haurrekin hizkuntza ezin dela erabili esanahi bat baino gehiago adierazteko, argi hitz egin behar zaiela, alegia. Eta merezitakoa jaso nuela, dudarik gabe.

Ikasitakoa ilobarekin partekatu behar nuela iruditu zitzaidan, eta gertatu zitzaidana kontatu nion: bera hortik joan eta ni parkean bakarrik geratzea inporta ez zitzaidala esan banion ere, bera joan zenean konturatu nintzela ez zela horrela, lana eta eskola direla eta berarekin egoteko denbora gutxi dudanez, bera ikusteko gogo handia nuelako. Barkatzeko eskatu zidan parkeko zalditxo baten gainean jolasten zegoela, "zaldian jolasten bukatzen dudanean egingo dizut kaso" esanez.

Nire ikaskuntza prozesuaren mamuak


Ikastetxearen Antolakuntzan eskolako lehen eguneko esperientzia bat hemen jasotzeko nuen oraindik. Davidek Freireren testu bat eman zigun irakurtzeko, eta galdetu zuen ea berari buruz zer genekien. Momentu horretan, aspaldian izan ez dudan sentsazioa izan nuen: glup, sabelean estutasuna, eta "baina ez al zenuen ba hainbeste ikasi joan den ikasturtean, Miren? Eta non dago ba dena?!" buruan. Sentsazio bera gogoratzen dut txikitan biderkatzeko taulak ikasturte batean ikasi eta hurrengoaren hasieran erabat ahaztuta nituela konturatzean. Nire ustez ongi finkatu gabeko ikaskuntzak direlako gertatzen zait hori (Hezkuntzaren Psikologian ez genuen zehazki fenomeno hori landu), eta horregatik ekin diot joan den ikasturteko kaiera eta bloga irakurtzeari, eraikitakoa (?) berreskuratzen saiatzeko. Kontua da sekula ez nintzela gai izan biderkatze taulak buruz ikasteko. Espero dut graduan ikasi beharreko guztiarekin horrelakorik ez gertatzea...

zid_ia?_4


Aste honetan ere ostegunean ezin izan nuen Ikastetxearen Antolakuntzako eskoletara joan eta, beraz, egun bakarrari buruzko gogoeta dut hemen egiteko.

Joan den astelehenean ikastetxearen antolaketaren inguruan hausnartzen jarraitu genuen, talde gero eta jendetsuagoan. Azkenean, gelako kideok bi taldetan adostutako eskemak jaso genituen arbelean, eta Davidek aurreko urteetan ariketa bera egitean beste ikasle batzuk lortutako emaitzak erakutsi zizkigun. Gauza beretsuak bildu genituen, modu desberdinean adierazita, eta horren ondoren gaiaren inguruan pentsatzen jarraituta honela laburbilduko nuke ikasitakoa:

  • Ikastetxearen antolaketan (antolaketa eta antolakuntza gauza bera al dira?) osagai edo elementu ezberdinek hartzen dute parte: pertsonak, erakundeak, baliabide materialak, baliabide teknikoak, baliabide ekonomikoak, baliabide kulturalak eta hainbat zerbitzu (autobusa, jangela, garbiketa, eskolaz kanpoko jarduerak, eta abar). Ikastetxearen antolaketa elementu horien arteko harremanez eta erabilerez arduratzen da, horiek onartuz, sustatuz, edo arautuz, kasu bakoitzean egokien jotzen duenaren arabera.
  • Ikastetxearen antolaketa eta bere hezkuntza helburuak, printzipioak eta irizpideak estuki lotuta daude; nolako helburuak, halako antolaketa eta, alderantziz, antolaketa jakin bat ustezko helburuen alde edo kontra joango da.
  • Ikastetxearen antolaketa bi dimentsio edo planotan ematen da: pertsonei dagokiena bata, eta erakundeei dagokiena bestea. Adibidez, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Saileko ikuskariari harrera egitean bi erakundeen arteko harremanen ordezkariaren rola hartuko dute biek (normalean). Aldiz, gela bereko lagun taldea osatzen duten ikasleen arteko harremana pertsonen arteko eremukoa izango da. Irakaslea bi plano horien artean etengabe mugitzen ariko da: haurrekin pertsonei dagokiena, gurasoekin erakundeen (familia eta eskola) arteko harremanen planoan egongo da batzuetan, baina pertsonen artekora gerturatuko da ere (eta ongi neurtu beharko du zenbateraino horretan murgildu) beste batzuetan, edo beste irakasleekin eta ikastetxeko profesionalekin ere plano bietan ariko da. Beraz, tentuz jokatu beharko du irakasleak eta egoera bakoitzari dagokion planoa zein ote den "irakurtzen" ikasi beharko du.
  • Ikastetxearen antolaketak baditu eskala desberdinak: gelako mikroeskalatik hasita (gehiago jaitsi gaitezke, eta gelaren zatien antolaketaz arduratu beharko da irakaslea, hala nola, txokoen antolaketaz), haurrek egunero erabiltzen dituzten guneen (haurren eskura dauden baliabide materialen) tarteko eskala, ikastetxe osoa orokorrean hartuta sortzen den makroeskala, eta ikastetxearen gune fisikotik at baina bere eragin-esparruaren baitan dagoen guztia (auzoa, herria, Hezkuntza Saila, udala, Berritzegunea, eta abar) barne hartzen duen mega-eskala. Antolaketak guztiak hartu behar ditu kontuan, eta kasu bakoitzean desberdina izango da antolaketa egitearen ardura bere gain hartuko duena, baita ikastetxeak antolaketa ezartzeko izango duen ahalmen-maila ere.
  • Azkenik, joan den ikasturtean irakurritako liburu batean (La práctica de la innovación educativa) atentzioa deitu zidan zerbait: ikastetxeak, erakunde gisa bere ikaskuntza-prozesu propioa garatu ahal izateko moduko antolaketa izan behar du. Hau da, ikastetxeak berak, erakunde bezala hartuta, ikasi behar du, eta bere antolaketak horretan lagundu behar dio. Beraz, ikastetxearen antolaketak, joan den ikasturtean ikasitakoaren arabera, Elliottek proposatzen duen moduan planifikatu-ekin-behatu-hausnartu-berriro planifikatu gisako zikloan oinarritu behar du, ikastetxeak ikasiko badu behintzat.