2014/03/15

Zigorrak, mehatxuak eta txantaiak

Aspaldidanik gordeta daukat Nerea Mendizabalek UEUko ikastaroen artean eskainitakoari buruzko informazioa, berak aplikatzen duen Marshall Rosemberg-en "komunikazio ez-bortitzaren" metodoaren ingurukoa. Blog honetara behin baino gehiagotan ekarri ditut gai honen inguruko gogoetak eta kezkak, zigorrik gabe hezteko ditugun aukeren ingurukoak.

Aurreko ikasturteko practicumean ikusitako teknika konduktistei buruz jaso nuenaren arabera, urrutitxo gaude zigor eta mehatxurik gabeko heziketatik gure eguneroko bizitzan eta eskolan. Aurten behatutakoa gogoan izanda, esango nuke zigorra gehiegi erabiltzen dugula eskolan, eta mehatxua barra-barra. Bost urteko gelan haur bat "gaizki portatzen" ari delako gelatik kanpo zigortzea eraginkorra al da? Haur horrek, kanpoan dagoen bitartean, gogoetarik egingo al du gertatutakoaz? Zerbait ikasiko al du? Gela barruan besteak ikasten ari direna, galduko duen hori konpentsatuko duen ikaskuntzarik sortuko al du bakardadean? Ala haurra kanpora bidaltzea irakaslearentzat da beharrezkoa, bere pazientzia agortzeko bidean dagoelako, eta haur hori begi bistatik kendu nahi duelako? Bihurrikeria egin duen haurra jolastorduan gelan egotera zigortzean, lortuko al du jolastorduaren ondorengo orduak jarrera gogotsuarekin igarotzeko lasaitasuna eta armonia bere barruan? Haize fresko pixka batek eta korrika egiteak ez al dio, bada, gehiago lagunduko? Orduan, zergatik eta zertarako uzten dugu haurra zigortuta? Irakaslearen autoritatea kolokan jar ez dezan? Nolako sendoa da, bada, irakaslearen autoritatea, bost urteko ume batek arriskuan jar badezake?

Neroni naiz lehenengoa aurtengo practicumean hasieratik zigor txikiak eta mehatxuak erabiliz aritu dena. Egin, egiten dut oso ondo ikasitako bidea delako niretzat, eta beste modu batera haurrek kasurik egitea lortzen ez dudanean bestelako aukerarik burura etortzen ez zaidalako. Baina lotsa ematen dit horrela egitea, oso gaizki sentitzen naiz eta erraiak nahasten dizkit; hori ere aitortu beharra daukat.

Zer egin pentsatzeko denbora nahikoa izan dudanean, iruditzen zait gehiago asmatu dudala. Adibidez, aste honetan eskolara astelehen, astearte eta ostiralean joan naiz (jardunaldi erdian nabil practicuma egiten aurten ere, eta horrela jarraituko dut ekaina arte), eta astearte arratsaldearen bukaeran haur batzuk esan zidaten beste batek bere azpilean nik ipuinaren ordurako erabiltzen dudan zorroaren luma berde mordoa zituela gordeta. Erakutsi ere egin zidaten, haurren legean okerra egin duenaren azpila bere baimenik gabe irekitzea ez baitago gaizki, antzaz. Etxera joateko prestatu behar ginenez, ez zitzaidan momentu aproposa iruditu haurrarekin hitz egiteko. Gainera, nahiko gatazkatsua den haurra da, eskolaren aldetik jarraipen berezia duena, eta iruditu zitzaidan ondo pentsatu behar nuela zer egin. Asteazken eta ostegunean eskolara joan ez nintzenez, denbora izan nuen horretarako, eta nire buruan gertatutakoa nola landu nahi nuen irudikatu nuen. Ostiral goizean eskolara joan nintzenean aukera paregabea sortu zen haurrarekin hitz egiteko, zeren eta bera ere eskolak hasi aurretik joaten da bertara, haurtzaindegi zerbitzura, eta normalean sotora jaitsi aurretik kuku egiten digu tutoreari eta bioi. Gainera, aurreko egunean eskolara ekarri zuen espazio ontzia erakutsi zidan, nik esan nahi nionerako oso erabilgarria izango zena.

Berarekin hitz egin nahi nuela esan nion, eta eskatu nion mesedez nirekin esertzeko, azpilen parean. Bere azpila erakusteko eskatu nion, eta ireki zuenean harridura keinu txiki bat eginez lumak aipatu zituen. Horretaz hitz egin nahi nuela esan nion; ea nondik atera ziren lumak (beste bi gelakidek batzuk eman zizkiotela eta beste batzuk berak hartu zituela), ea lumak norenak ziren (nireak), ea baimenik eskatu ote zuen horiek hartzeko (ezetz), ea hori ondo ote zegoen (ezetz). Galdetu nion ea bera nola sentituko zen nik bere espaziontzia berak ikusi gabe hartu eta pusketak apurtzen hasiko banintz (haserre), eta orduan ea nola uste zuen berak sentitzen nintzela ni nire lumak bere azpilean ikusita (haserre). Eta galdetu nion ere ea zer egin genezakeen gaiaren inguruan (ez zekiela), ea lumak bere azpilean utziko genituen (ezetz). Plastikozko poltsa bat eman nion lumak sartzeko, eta orduan azaldu nion zoritxarrez lumak ezin zirela berriro zorroan jarri, eta ea orduan zer egingo genuen lumekin (apalaren gainean utzi, denen bistan). Esan nion agian nik pentsatuko nuela lumekin egin zitekeen beste zerbait, eta iruditzen zitzaidala berak nire gustukoa ez zen zerbait egin zuenez, nire gustukoa zen beste zerbait egin behar zuela niregatik; erreparazioa nahi nuela adierazi nion, alegia. Galdetu nion ea bera prest ote zegoen nire gustukoa izango zen zerbait egiteko, eta baietz esan zuen. Eta eskatu nion egun osoz biribilean talde osoa esertzen ginen tarteetan guztion arteko eztabaidan parte hartu nahi zuen bakoitzean eskua altxatu eta nik hitza eman arte isilik egoteko (normalean eskua altxa orduko hizketan hasten da). Esan nion ere egunaren amaieran berriro hitz egingo genuela biok, nire eskakizunaren inguruan. Eta horrelaxe bukatu zen gure elkarrizketa. Pozik geratu nintzen eta bera ere pozik geratu zela uste dut. Egun osoan gogoan izan zuen nik eskatutakoa, baita ondo bete ere. Zoritxarrez, arratsaldean etxean izandako matxura bat zela eta, 15 minutu lehenago joan behar izan nuen, eta ezin izan nuen berarekin hitz egin zoriontzeko. Bestetik, arratsaldea gatazka gogor batean murgilduta bukatu zuen, beste haur bat jo ondoren, eta bere onetik erabat irtenda zegoen. Hortaz, lehentxeago alde egin behar izan ez banu ere, haurra ez zegoen hizketan aritzeko moduan. Hala ere, honelako egoerak ia egunero gertatzen dira eskolan, eta ez dauzkat bi egun horietako bakoitzari buruz pentsatzeko; azkarrago erantzun behar dut.

Batek pentsatuko luke haurrak zigorrarekin jotzen ditudala edo eguna garrasika ematen dudala, eta ez da horrela, baina hobetzeko asko dudala iruditzen zait. Eta, guztiaren gainetik, uste dut mehatxu eta zigorren bideak ez diola haurrari aurrera egiten uzten, ez duela hura hezten, bide horretan gutxi ikasten duela, eta ikasten duen hori nahiko negatiboa dela, beretzat eta ingurukoentzat.

Baina, nola egin bestela aritzeko?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina