Richard Gerver etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Richard Gerver etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/05/04

Richard Gerver gehiago

Aurreko sarrera batean eta Hezkuntzaren mapa izendatu dudan orrialdean hitz egin dut Richard Gerverri buruz. Oraingo honetan, EL PAISeko elkarrizketa bat dakart hona, Madrilen App Fest izeneko jardunaldietan eta Munduko Hezkuntzaren Kongresuan hizlari gisa aritu zenean egina. Solasaldian zeharo interesgarri diren gauzak aipatzen ditu:
  • IKTen inguruan, egungo haurren hezkuntza esparru informalean ohiko direnez, esparru formalak inolako sinesgarritasunik izan nahi badu, ezinbestekoak direla adierazten du. Bereziki piztu du nire atentzioa sinesgarritasunari egindako erreferentziak, ez bainuen horretan erreparatu orain arte.
  • Hezkuntzak behar duen eraldaketak ez omen du inbertsio handirik eskatzen; hezkuntzaren giza-baliabideen aldaketa da beharrezkoa, bere ustez. Irakasleen burua aldatu behar omen da, ohiko arbelak arbel digitalez ordezkatu aurretik, edo ordezkatzeaz gain; horrela bakarrik emango baitzaie erabilera berria. Ados nago, hori ez da dirutan garesti, baina zeinen zaila den pertsonak aldaraztea!
  • Aisialdia eta ikaskuntzaren arteko lotura aurkitu beharra dagoela dio ere, bideojokoak aipatzen zaizkionean. Beraz, ez da eskolatik kanpo gertatzen dena errefusatu behar, ikaskuntzaren mesedetan erabili baizik.
  • Ebaluaketari buruz galdetzen zaionean, hausnarketa polita egiten du: alperrik da bidean aldaketak egitea, bukaerako puntua berdin mantentzen bada. Hau da, hezkuntzarako bide berriek ebaluaketa modu berriak eskatzen dituzte. Tira ba, hasieran esandakoa: goitik beherako aldaketa behar duela hezkuntzak.

Guzti horren aurrean, batzuk esango dute: bai, baina oso zaila da; edo, ez digute utziko; edo, ez dago dirurik; edo, hezkuntza ez zaio inori interesatzen... Niri konplexuago iruditzen zait pezetatik eurora gauetik egunera aldatu izana, eta guztiok ohitu ginen azkar asko, ezta? Gerverrek gomendatzen duen pasioari kemena gehitzea da behar dena, hau da, Aitzpeak proposatzen zigun bezala, "arinaiztar" izan behar dugu. Egin gaitezen, bada, familia horretako kide.

2012/04/22

Hezkuntzaren erronkak, Richard Gerver-en arabera


Ez da berria, baina paper-zorrorako prestatzen ari naizen materialarekin erlazioa duelako dakart Gerverri LA VANGUARDIAn egindako elkarrizketa hau. Esaten dituen gauza guztiak interesgarriak diren arren, hauexek iruditu zaizkit azpimarratzeko modukoak: atzoko eta gaurko helduek sortutako erronkak (arazoak esango nuke nik) egun haur direnek konpondu beharko dituzte. Horretarako, sormena, berrikuntza, haien buruengan kofiantza, independentzia, ikuspegi kritikoa, eta komunikazio-gaitasuna beharko dituzte, besteak beste. Egungo hezkuntza-sistemak ziurtasunak, ezagutza, arauak irakasten ditu; aurreikusteko modukoa da. Erronka zalantza kudeatzeko gai izango diren helduak heztean datza.

Artikulutik abiatuta aditu honen inguruan informazioa biltzen jarraitu dut, eta jarraian laburbiltzen dizkizuet erreferentzia interesgari batzuk. Gerverrek guzti hori nola egin ote daitekeen ikastetxe batean bost urtez zuzendari izan zenean gauzatu zuen. Ikastetxe horrek, Grange Primary School, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapak biltzen ditu, eta informazio gehigarria lor dezakezue bere Web orrian, baita hezkuntzaren berrikuntzari buruzkoa den Futurelab izeneko gunean, zehazki esteka honetan. Ondoko elkarrizketan Richard Gerverrek azaltzen du bera zuzendari zenean egindako lana: