taldeko lana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
taldeko lana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/05

Ikasturtearen amaierako gogoeta batzuk

Maiatza iritsi da beste behin, eta ikasturtearen bukaera ekarri digu. Lanak eta azterketak bukatu bezain pronto graduaren ekuadorera iritsiak izango gara, gezurra badirudi ere.

Maiatzaren bukaeran edo ekainean zehar paper-zorroan ikasturtean ikasitakoa laburbiltzeko asmoa dut, eta orain gogoeta motz bat baino ez dut egingo. Joan den urtean bezala, indarrez justu samar bukatu ditut eskolak. Poz handiz hartu dut lau hilabete baino gehiagoz etxean bazkaduko dudan epearen hasiera, niretzat sekulako aldea baitago egunerokotasunean. Maiatzaren 24a arte lanak eta azterketak egiten ibiltzea erosoago da egunero eskoletara joaten ibiltzea baino. Gainera, aurreko ikasturtean baino korapilotsuagoa izan da apirila, laneko kontuak direla eta dozena erdi egunetan eskola batzuk galdu behar izan ditudalako, eta ikasgaietan pixka bat galdua sentitzea ez dut batere gustuko izan. Bestetik, apirila taldeko hainbat lan bukatzeko hilabetea izan da, eta nik aldez aurretik laneko "interferentziak" izango nituela nekien arren, eta hori aurreikusita nire burua planifikatu dudan arren, estutasuna sentitu dut zenbaitetan.

Zoritxarrez, aurreko urtean baino zapore gaziagoa geratu zait taldeko lanen inguruan. Joan den ikasturtean izan zen lanen bat non taldekideren batek oso lan gutxi egin zuen, baina ikasturte honetan lan batean orain arte gertatu gabekoa ikusi dut: lagun batek lana aurkezteko bezperan hitz bat bera ere idatzi gabe zuen, ezertxo ere egin gabe, besteak aste batzuk lehenago lanean hasi ginen arren. Aurkezpenaren goizean Google Docs-eko dokumentuan esaldi bat idatzi, eta posta elektroniko batean "sentitzen dut missing egon izana" eta aitzaki oso pobre batekin bukatutzat jo zuen gaia; ezer esan gabe, azalpenik eman gabe, barkamenik eskatu gabe, "beste batean konpentsatuko dut" adierazi gabe. Niri erabat ulergaitza egiten zait horrelako jokabidea, erabateko errespetu falta dela uste dut, eta oso insolidarioa. Ulertu dezaket norbaitek bere buruarentzat helburu gisa nola edo hala graduko irakasgaietan nahikoa ateratzea jartzea, bizitzan beste lehentasun batzuk dituelako, eta horrela adieraztea bere taldekideei. Baina, kasualitatez, lanerako prestutasun gutxien erakusten duten horiek dira gero aurkezpenetan eta lanen kredituetan haien izena nabarmentzeaz ziurtatzen direnak, taldekideen aurrean zeken agertzeko lotsarik gabe, irakasleei begira noten zenbakietan pentsatuz.

Irakasle baten aldetik ere ikasturte honetan orain arte ikusi gabekoa gertatu zaigu: eskoletako orduetan lagun batzuekin saskibaloian aritzeko geratu zela eta, egiten ari ginena bukatutakoan gela itxi eta giltzak atarian uzteko eskatu zigun, eta hortxe joan zen, lasai asko. Gertakari hori alde batera utzita, irakasle jatorra iruditu zait, oso positiboa gelan egiten zituen ekarpenetan, eta azalpen argiak ematen zituena, baina saskibaloiaren zerak txundituta utzi ninduen erabat. Izan ere, txantxetan zebilela uste nuen, eta justu-justu konturatu nintzen horrela ez zela. Hori ere onartezina iruditu zait, egia esan, baina hona ekarri ditudan gertakariekin bizitzen jakin behar da, norberarengan duten eragina mugatzen ikasi, erraza ez den arren.

2012/03/18

Psikomotrizitatea eta taldeko harremanak

Aurrekoa asteko azken sarrera izango zela esan badut ere, aste hau oso aberatsa izan da Didaktika Orokorreko irakasleak islatzeko eskatu dizkigun "desoreketan", eta hementxe nago berriz. Gelakide batek bere blogean jaso duen moduan, aste honetan Herrerako ikastetxean psikomotrizitateko saioa behatzea egokitu zaigu. Bestetik, beste gelakide batekin hurrengo asterako psikomotrizitateko saioa prestatzen aritu naiz, eta bi ikaskide hauekin izan ditudan elkarrizketetan asko ikasi dut.

Psikomotrizitateak harreman pertsonalen esparruan eskaintzen dituen baliabideetaz hausnartzen aritu ginen, baita harreman horiek haurren kasuan behatzen ere. Psikomotrizitateak ohiko gelan ematen ez diren egoerak sortzen ditu, eta horiek oso aberasgarriak dira pertsonen arteko harremanetarako, bai berdinen arteko harremanerako, baita ikasle-irakasle harremanetarako ere. Jarduerak hain gidatuak ez izateak, kontaktu fisiko gertuak, emozioak gorputzaren bitartez adierazteko askatasunak, mina kanpoan uzten duen unitate espazial eta denborazkoa izateak, osagai oso bereziak dira, eta osagai bereziek emaitza bereziak sortzen dituzte.

Gure gelako harremanetan ere iruditzen zait oso nabarmena izan dela lauhileko honetako Musika Adierazpena eta Psikomotrizitateko irakasgaiek sorrarazi duten aldaketa (Plastikako irakasgaiaren eragina, potentzialki besteen parekoa litzatekeena, zoritxarrez ia hutsala izan dela iruditzen zait, baina hori beste kontu bat da). Gure arteko erlazioak dezente estutu direla iruditzen zait, gertutasuna, konfiantza, elkarkidetzarako giro gehiago sumatzen ditut. Horren inguruan ere ez dugu taldeko hausnarketarik egin, eta polita irudituko litzaidake oso.

Taldekideari eta bioi hurrengo asterako prestatzea tokatu zaigun saiorako, niretzat behintzat oso garrantzitsua izan da taldekide guztiek gozatzeko moduko ariketa-sortan pentsatzea, inor deseroso sentiaraziko ez duten ariketak izatea, eta bildu ditugunekin oso pozik nago. Ezin zuen bestela izan, bera bezalako bezalako kidearekin!

Taldean lan egitea

Aste honetako azken sarrera ikasturtea hasi denetik (eta horren aurretik ere denbora luzez) buruan buelta asko eman dizkiodan beste gai bati buruzkoa da; taldeko lana, alegia. Taldeko lana, ikaskuntza soziala, ikaskuntza kooperatiboa, oso erakargarri egiten zaizkidan (zaizkigun) kontzeptuak dira. Egun, denok aritu behar dugu taldean, hortxe omen dago etorkizuna, lehiakortasuna, bikaintasuna eta tankera horretako hitz potolo guzti horiek, gure politikarien ahotan sarri entzuten ditugunak.

Graduan ere taldeko lanez gainezka gaude, ia dena da taldean egin beharrekoa. Hala ere, orain arte behintzat inolako irakasgaitan ez dugu taldeko lanaren inguruan ezertxo ere landu. Gehien jota irakasleren batek aipatu du taldean lan egiteak ez duela taldeko lanik bermatzen, baina horixe izan da dena. Hara, Lorea, agian hortxe duzu aurreko batean azaldu nahi zenigun curriculum ausentearen adibide argia, gure graduan behintzat erabat ausente baitago taldean lan egiteak zer esanahi duen eta zer suposatzen duen ikastea (taldeko lanaren esperimentazio hutsez sortutako ikaskuntza da lantzen dugun bakarra, horren inguruko hausnarketarik gabe).

Gelakideen artean ere ez dugu horri buruz bereziki hitz egin. Inoiz norbaitekin gaia komentatu dudanean aipatu dugu taldeko lanak korapilatsuak direla, bakarka lan egitea baino askoz ere denbora gehiago suposatzen dutela, baina ezer gutxi gehiago.

Nik sareko lanean sinisten dut, eta kontzeptua adierazteko iruditxo bat jartzen dizuet:


Sare bat nodoz eta loturaz osatua dago. Nodo bakoitzak izaera propioa du, balioa du bere horretan, baina beste nodo batzuekin sortzen dituen loturei esker nodo bakunen baturarengandik desberdina den egitura sortzen da, hau da, sinergiaren kontzeptua barne du ideiak. Egitura horrek izaera tridimentsionala du, eta malgua da. Nodo guztiek laguntzen dute egitura sortzen, eta horietako bakoitzaren arabera egitura tridimentsional horrek itxura bat izango du, ala bestea. Beraz, nodo batek huts egiten badu, egitura osoari "beheraka" tira egiten dio, eta alderantziz.

Taldeko lana ulertzeko ikuspegi honen aplikazioaren iritzi bat duzue honako blogean, eta aipatzen duen PIGS dinamika edo teknikari buruzko azalpenak hemen. Ni bat nator erabat planteatzen dutenarekin. Bestetik, taldeko lanak nola egiteari buruz, gure estatuko unibertsitateen Web orrietan ez dut horren inguruko argibiderik aurkitu (bilaketa oso azaletik egin dut, egia esan), baina bai asko unibertsitate anglosaxoietako Web orrietan. Guztien artean interesgarrien iruditu zaidana hauxe da; taldean lan egiteari buruzko aholku eta azalpen argi eta erabilgarriak ematen dituelako.

En fin, sarrera hauek Didaktika Orokorreko irakasleak besterik ez irakurtzen ez dituenez, ea berari bururatzen zaion honen inguruan zer egin daitekeen.