sormena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
sormena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/04/13

Antzerkira eta parkera; errutinak

Joan den ostegunean egun berezia izan zen: goizean goiz auzoko kultur etxera abiatu ginen "On egin" antzerkia ikustera, eta ondoren parke handi batean egin genuen hamaiketakoa eta jolas ordua. Eguraldi ona izan genuenez, oinez abiatu ginen bost urteko bi gelak. Haurrak bikoteka joan ziren, beste gelako batekin, datorren ikasturteari begira Lehen Mailan taldeak nahasten dituztenerako elkar ezagutzen jarrai dezaten.

Antzerkia ez zegoen zehazki Haur Hezkuntzako haurrei zuzendua, baina desegokia ere ez zen, eta pasarte batzuk ulertu ez zituzten arren, gustura egon ziren. Batzuei ordu beteko emanaldia luzeegi suertatu zitzaien, baina normala da.

Ondoren bi taldeak parkera joan ginen, eta hantxe aritu ziren, haurrentzako jolasetan eta, bereziki, zuhaitz eta zuhaixken artean, makilak biltzen, txirbilekin eraikuntzak egiten, zuhaitzetara igotzen... Azken batean, haurren gauzak egiten. Beste gelako tutoreak hesiz inguratutako haurrentzako jolasen eremuan bakarrik ibiltzen utzi nahi zien, baina niri pena ematen zidan. Izan ere, eskolako jolastokia erabat gogorra da, eta haur hauek ez dute ia naturala den ezer manipulatzen. Hortxe ibili ohi dira, jolas tokia mugatzen duen elizaren hareharrizko paretatik harea ateratzen eta bertan zomorroak bilatzen. Eskerrak gure gelako tutoreak ere pixka bat gehiago esperimentatzen utzi nahi ziela, eta muga batzuk jarrita, haien jolaserako eremua zabaldu genuen.

Gure gelako haur bat parkean geundela inguratu egin zitzaidan, gelara noiz joango ote ginen galdetzera, hark lanak egin gabe zituela, eta gelara joan nahi zuela esanez. Egun hartako arduraduna zen, eta sobra ere kezkatuta zegoen bere txanda "alferrik galtzen" ari zela ikusita. Bizpahirutan etorri zitzaidan kontuarekin, gaixoa. Horietako batean kexati zebilela, beste haur bat gerturatu zen, hura ere gelara noiz joango ginen galdetuz, bazkaltzeko gogoa zuelako.

Gertakizun horrek ere galderak sortu dizkit buruan. Nola ote da posible haur batek nahiago izatea gelako lau pareten artean egotea parkean lagunekin nahi duena egiten egotea baino? Zergatik kosta egiten zaie haur batzuei "nahi dutena egitea"? Arduraduna hogei egunean behin soilik izatea zertarako da lagungarri, eta zertarako oztopo?

Gelara bueltatu eta bazkal ondoan arratsaldeko saioa hasi genuenean ere gaixoak goizeko lanak egin nahi zituen, eta eskatu zidan behintzat "lanetako" bat egiten uzteko. Egun hartan arduradunak lan bat bera ere egin ez zuenez, esan nien tutoreak eta biok erabaki genuela hurrengo egunean haur bera izango zela arduradun, eta orduan egingo zituela bere lanak, baina egun hartan arduradunari festa emango geniola, eta ez genuela lan bat bera ere egingo.

Egia da haur horrena kasu pixka bat berezia dela: joan den ikasturtean praktikak egiten aritu nintzenean mututze selektiboa zuen (selektiboa baino, orokorra zela esango nuke nik, praktika aldi osoan dozena erdi bat hitz baino gutxiago igarri nizkion eta, sekula ez gela arruntean) eta orain asko ireki denez, badirudi galdutako denbora guztia berreskuratu nahi duela. Bestetik, ongi egingo duela seguru dakien hura egin nahi du bakarrik, eta oso behatzaile ona denez, honez gero ondo ikasiak ditu arduradunaren betebeharrak; ondorioz, gelaren aurrean zerbait egiteko egoera egokia eskaintzen dio arduradun izateak. Sormen mugatua du maiz. Adibidez, behin batean eskatu nien "Vaya rabieta" ipuina irakurri ondoren haien burua haserre zegoenean marraz zezatela, bakoitzak haserretzen zenean egin ohi zuena egiten. Banekien haur horrek ez zuela horrelakorik marraztu nahi izango.Izan ere, haur gehienei kosta egin zitzaien onartzea haiek haserretu egiten zirela. Bizpahiru animatu ziren egiten zutena kontatzera, eta ondoren beste batzuk ere hasi ziren esaten plateren bat bota zutela inoiz, eta horrelakoak. Haur honi esan nion bere burua marraztu beharrean, nahiago bazuen marraz zezala ipuinaren protagonista, eta esan zidan berak ez zekiela nola marraztu mutiko bat. Nik nola egin behar zuen esateko eskatzen zidan, eta hortxe egon behar izan nuen laguntzen (ea, burutik hasiko al gara? nolakoa da burua? biribila? bada, marraz ezazu zirkulu bat, eta begirik ba al du mutikoak?...).

Berea kasu berezia bada ere, iruditzen zait gelako haurrak orokorrean ez direla bereziki sortzaileak. Ostiral arratsaldetan txoko libreak egiten ditugunean konturatu nintzen haur gehienek plastikako txokoan edo eraiketa txokoan aritu nahi izaten dutela, eta liburu eta puzzle txokoa nahiko hutsik geratzen dela. Pentsatu nuen Gianni Rodariren ariketaren bat proposatuko niela, haiek ausaz aukeratutako bi objekturen izenekin ipuin bat guztion artean asmatzekoa, adibidez. Goiz batean txoko horretan ari ziren haur batzuekin denbora libre pixka bat geratu zitzaidanez, haiekin probatxo bat egingo nuela pentsatu nuen. Jolasa azaldu nien, eta batek esan zidan berak ez zuela horretan ari nahi, baina besteak baietz esan zuen. Ileko kako urdina eta planeta aukeratu genituen gure ipuina egiteko. Gauza da berari ez zitzaiola ezer bururatzen; nahi zuen, baina ez zen ausartzen buruko kakoarekin eta planetarekin berak nahi zuena egiten. Jolasean oso gustura ibili ez zela iruditu zitzaidan, baina beste egun batean berriro eskatu zidan jolas hartan ibiltzea, eta harrituta geratu nintzen (zoritxarrez, momentu hartan ez genuen denborarik izan jolasean aritzeko).

Sormena bultzatzeko iruditzen zait, hasteko, komeni dela erantzun bakarra ez duten ariketak proposatzea gelan. Arduradunaren lanen artean matematikaren arloko fitxa bat jarri ohi dugu, logikakoa, hain zuzen ere. Aste honetan segida txikiekin aritu gara, segidaren oinarrizko unitatea bila dezatela eskatuz, hain zuzen ere. Fitxan dutenaz gain beste batzuk asmatu dizkiet boteprontoan, baina beti adierazi diet emaitza zuzen bakarra zutela, eta iruditu zait gaizki aritu naizela. Oporren ondorako emaitza zuzen bat baino gehiago egon daitezkeela agerian jarriko diet. Adibidez:

abbdabbdabbdabbd

Emaitza "abbd" izan liteke, baina baita ere "abbdabbd" ere, ezta? Edo:



Non oinarrizko unitateak desberdinak izango diren tamainari begiratzen badiogu (handia-txikia izango da), koloreari begiratzen badiogu (urdina-gorria-horia), edo formei begiratzen badiegu (zirkulua-karratua-hirukia-hirukia-karratua-zirkulua). Berez, azken hau da bitan errepikatuko den unitatea aldagai guztiak kontuan izanda, baina nork dio aldagai guztiak kontuan izan behar ditugula?





2013/06/27

Denboraren %20aren araua hezkuntzari aplikatuta

Zeharo interesgarria iruditu zait blogari honen sarrera, Google-ek aplikatzen duen arau hori eskoletara eramatearen abantailak azaltzen dituena. Sinplea da oso: eskolako denboraren %20a norberak nahi duen hori ikasten ematea, eta ikaskuntza horren emaitzak denen artean partekatzea.

Enpresaren munduan emaitza onak ematen omen ditu proposamen honek, langileek ordaindutako lanorduen %20a enpresarentzat interesgarria izan litekeen ideia (ero) bat lantzeko balio duena. Hori bai, porrota positiboa den zerbait bezala ikustea eskatzen du, bestela ez baita posible benetan eroak diren ametsen atzetik ibiltzea, eta ez da hain erraza porrota begi onez ikusiko duen lan ingurunean aritzea, baina tira.

Hezkuntzaren munduan, ikasleentzat ez ezik, irakasleentzat ere aplikatu beharko litzateke ekimen erakargarri hau, baita unibertsitateko ikasketen esparruan ere, zergatik ez.

2013/02/09

Haurren berezko sormena


Gelakide batek irakasgaietako baten eztabaida forora ipuin bat ekarri digu, aurreko ikasturtean bere blogera ere ekarri zuena, dudarik gabe beretzat duen garrantziagatik errepikatua. Niri ere oso interesgarria iruditu zait, eta jatorrizko iturria bilatzen saiatzean, jakin ahal izan dudanez Helen Buckleyren 1961eko poeman oinarritzen da. Hona hemen poeman oinarritutako bideoa:
Eta hemen, poema osoa.

Erabat ados nago adierazi nahi duenarekin: eskolak ez luke haurrak berez duen aberastasun eta aniztasuna eten edo berdindu behar, ez lioke bere sormenari mugarik jarri behar. Alderantziz, bere nortasunaren funtsa horietan dagoela ohartarazi beharko lioke, eta guztion onurarako direla aitortu beharko luke. Zoritxarrez, 1962ko eskola islatzen duen bideo honek oraindik ere badu gaurkotasuna...

Bestetik, ipuin honekin nolabaiteko lotura badu blog honetan kontatzen zaigun arkakusoen "alegiak"; espero dezagun XXI. mendea arkakusoek askatasuna eskuratuko duten (dugun) mendea izatea!

2012/10/07

Hurrengo asteetan sakontzeko iturriak


UEUk zabaldutako ikastaro batzuen edukietan murgiltzean, bi baliabiderekin egin dut topo. Lehenengoa SCAMPER izeneko teknika da, hementxe gainetik azaltzen dena. Irakasleak bere jardunaren inguruan hausnartzeko, eta ikasleek beraienean aplikatzeko modukoa iruditzen zait, eta ondo legoke horren inguruan zertxobait sakontzea. Beraz, hemen jasotzen dut oroigarri gisa. Bigarrenak itxura arraroa du kanpotik ikusita, baina agian merezi du pixka bat aztertzea ere: komunikazio ez-erasokorra. Informazio gehigarria hemen.

2012/05/16

Hezkuntza-sistemari esker, ala bertatik iraganatik ere?

Azken aste hauetako lanak eta azterketa prestatzeko beharragatik pilatu zaizkit blogerako gordeta nituen gaiak, baina hementxe nago, didaktika ikasten jarri aurretik hitz batzuk idazteko asmoz.

Egun berean EL PAISen bi elkarrizketa irakurri nituen, bata Antony Hegarty abeslariari egina, eta bestea Milo Manara komikigileari. Biek badute komunean ezaugarri bat, artista izatea, eta sarrerari izenburua ematen dion galdera etorri zitzaidan burura. Hezkuntza-sistemak bultzatu ala bideratuko ote zituen haien talentuaren garapenean? Ala horri kontra eginez egin ziren artista? Gogora etorri zitzaidan ere nire haurtzaroko gelakide bat, egun artista dena, umetan etengabe komikiak marrazten ibiltzen zena. Ez dut gogoratzen inoiz eskolan dohain hori goraipatu zitzaionik, eta suposatzen dut hari galdetzekotan ziurrenik esango zuela hezkuntza formala burutu izanagatik ere, artista izatea lortu zuela.

Oso bestelakoa dirudi petromonarkietako alaben gain hezkuntzak izan duen eragina, egunkari berean agertzen den berriaren arabera. Gurasoek ezarritako ezkontzik ez omen dute nahi, ezta etxean haurrak hezten geratu nahi, unibertsitatetik igaro ondoren. Normala, askatasun (erlatiboa) existitzen dela jakin ondoren, urrezko kaiola batean izanda ere, bizitzak triste samar dirudi.

Artistak eta hezkuntzara bueltatuz, nolakoa beharko luke aipatutakoak bezalako artistak sortuko dituen hezkuntza-sistemak? Idurre Tolosak eman zigun pista bere blogean, Malaguzziren poema batean oinarritutako bideoa jarri zuenean. Malaguzziren ustez 100 hizkuntzekin jaiotzen gara, eta eskolak (besteak beste) pixkanaka-pixkanaka baina atsedenik eman gabe, larrutzen gaitu 100 zeuden tokian bakar bat utzi arte.

Loreak lauhilekoa hastean orain arte ikasitakoa ahaz dezagun eskatzen zigun, baina irakasle izateko ikasketa hauetan egin beharreko lana ez al da ba 99 hizkuntza horiek berrikastea izango, oraindik ere gehiago galtzen eta ahazten ibili beharrean?

2012/05/04

Richard Gerver gehiago

Aurreko sarrera batean eta Hezkuntzaren mapa izendatu dudan orrialdean hitz egin dut Richard Gerverri buruz. Oraingo honetan, EL PAISeko elkarrizketa bat dakart hona, Madrilen App Fest izeneko jardunaldietan eta Munduko Hezkuntzaren Kongresuan hizlari gisa aritu zenean egina. Solasaldian zeharo interesgarri diren gauzak aipatzen ditu:
  • IKTen inguruan, egungo haurren hezkuntza esparru informalean ohiko direnez, esparru formalak inolako sinesgarritasunik izan nahi badu, ezinbestekoak direla adierazten du. Bereziki piztu du nire atentzioa sinesgarritasunari egindako erreferentziak, ez bainuen horretan erreparatu orain arte.
  • Hezkuntzak behar duen eraldaketak ez omen du inbertsio handirik eskatzen; hezkuntzaren giza-baliabideen aldaketa da beharrezkoa, bere ustez. Irakasleen burua aldatu behar omen da, ohiko arbelak arbel digitalez ordezkatu aurretik, edo ordezkatzeaz gain; horrela bakarrik emango baitzaie erabilera berria. Ados nago, hori ez da dirutan garesti, baina zeinen zaila den pertsonak aldaraztea!
  • Aisialdia eta ikaskuntzaren arteko lotura aurkitu beharra dagoela dio ere, bideojokoak aipatzen zaizkionean. Beraz, ez da eskolatik kanpo gertatzen dena errefusatu behar, ikaskuntzaren mesedetan erabili baizik.
  • Ebaluaketari buruz galdetzen zaionean, hausnarketa polita egiten du: alperrik da bidean aldaketak egitea, bukaerako puntua berdin mantentzen bada. Hau da, hezkuntzarako bide berriek ebaluaketa modu berriak eskatzen dituzte. Tira ba, hasieran esandakoa: goitik beherako aldaketa behar duela hezkuntzak.

Guzti horren aurrean, batzuk esango dute: bai, baina oso zaila da; edo, ez digute utziko; edo, ez dago dirurik; edo, hezkuntza ez zaio inori interesatzen... Niri konplexuago iruditzen zait pezetatik eurora gauetik egunera aldatu izana, eta guztiok ohitu ginen azkar asko, ezta? Gerverrek gomendatzen duen pasioari kemena gehitzea da behar dena, hau da, Aitzpeak proposatzen zigun bezala, "arinaiztar" izan behar dugu. Egin gaitezen, bada, familia horretako kide.