practicum II etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
practicum II etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/06/25

Nora zoaz, euskara?

Aurki sei urte beteko dituen ilobarekin igaro nuen arratsaldea atzo eta herenegun, biok eskola bukatu dugula aprobetxatuz. Ikasturte honetan, Haur Hezkuntzako etapako azkena beretzat, ia beti gaztelaniaz hitz egin dit, nik euskaraz egin diodan arren. D ereduan eskolatuta dago, aita elebiduna eta ama elebakarra ditu, eta eskolaz kanpo aitaren aldeko familiarekin duen harremana salbu, gaztelaniaz bizi den haurra dela esango nuke. Gaztelaniaz beti moldatu izan da hobeto, baina joan den udatik hona areagotu egin da bi hizkuntzen arteko tartea, eta orain oso nabarmena da hiztegia, gramatika eta jarioa bera dezente hobea duela gaztelaniaz. Practicum I eta IIa bere eskolan egin dudanez, beste lerroko gelan, ikusi ahal izan dut lau eta bost urteko geletan haurrek izan duten eboluzioa euskararen erabilerari dagokionean, eta benetan kezkagarria iruditu zait. Bost urteko gelan izan diren ikasturtean zehar haien arteko harremanak asko aberastu dira; alderdi sozialean garapen handia izan dute. Eta, aldi berean, gaztelania gailendu da erabat haien arteko komunikazioan. Etxean euskaraz hitz egiten duten haurrek ere euskararen erabileran atzerapauso nabarmena eman dute, hiztegia ahaztu dute, eta euskaraz aritzeko erraztasuna eta joera galdu dute. Salbatu diren bakarrak lagunak egiteko zailtasunak dituztenak izan dira; horiek euskarari eutsi diote.

Atzo honelako zerbait esan zidan ilobak: "zuk badakizu erdaraz, ezta? orduan, zergatik hitz egiten didazu euskaraz niri?". Ustekabean harrapatu ninduen galderak, egia esan, eta hainbat topikorekin erantzun nion: gustuko dudalako; euskara oso jende gutxik hitz egiten duelako, eta inork hitz egiten ez badu hilko delako; garai batean debekatuta zegoelako, eta orain horretarako libre garelako... Nire erantzunek ez zioten lagundu. Are gehiago, hotzikarak eman zizkidaten gauzak esateko bide eman zioten: aiton-amonak txikiak zirenean derrigorrez gaztelaniaz eskolatu behar zirela kontatu nionean, "zeinen zorte ona! niri, aldiz, euskarazko eskola batean tokatu zait" esan zuen.

Gauean buruari eragiten egon nintzen, eta nire buruari behintzat argitu ahal izan nion zergatik ez dudan amorerik ematen: niri ere bera bezain txikia nintzela euskara eman zidatelako, harri bitxiz egindako altxorra balitz bezala, eta nik ere egin nahi dudalako berdin, berari orain ikatza iruditzen bazaio ere; ez dudalako nahi gure belaunaldikoak familiako azken mohikanoak izatea; ez dudalako nire herrian arrotz sentitu nahi; ez dudalako umezurtz geratu nahi. Ez dakit hori guztia nola adieraziko diodan (orain, berari, baina inoiz irakasle banaiz, beste haur batzuei ere), baina saiatu beharko naiz.

2014/06/10

Olerkia lantzen agur esateko

Gaur arratsaldean "sorpresa" bat eraman diet haurrei: bakoitzarentzat olerkitxo bat argazki batekin.
Banaka niregana etorri eta guztion artean oihartzunean irakurri ditugu. Sorpresa bat nekarrela esatean, batek galdetu dit ea etxeko lanak ote ziren (zer nolako irudia sortu du, bada, niri buruz gaixoak?), eta ezetz erantzun diodanean "eskerrak!!" esan du. Hala ere, ez zebilen hain oker, lan pixka bat ekarri dien oparia baitzen. Baten bat eskolatik atera eta hor zebilen, olerkia irakurtzen.

Ikasturtearen amaierako txangoa

Aurreko ostegunean egin genuen ikasturtearen amaierako txangoa, bost urteko haurren lau gela Aiara eramanda. Bertako eskolako jolas tokian ibili ginen lehendabizi, motxilak frontoian utzi ondoren (tokia hartzeko estrategia bikaina izan zen). Eskolakoak jolas ordura irten zirenean frontoira joan ginen hamaiketakoa egitera, eta handik hilerriaren inguruan dagoen bueltatxo bat egitera, zomorroak hartuz eta jolasean. Gero frontoira bueltatu ginen bazkaltzera, eta bero handia zegoenez, hantxe geratu ginen jolasten autobusa hartu arte. Jolasteko baloiak, sokak eta gomak eraman genituen, eta haurrak oso gustura ibili ziren, lagun berriak egiten. Batek esan zidan hura zela bere bizitzako egunik zoriontsuena.

Ai, zenbat dugun haurrengandik ikasteko! Haien bizi-poza, eta zein gutxi behar duten zoriontsu sentitzeko.

2014/06/08

Autobehaketako jarduera

Joan den ikasturteko practicumean bezala, aurten ere egin dut autobehaketako ariketa, haurren niregan sortu dituzten pentsamendu eta emozioen ingurukoa. Iruditu zait ez zuela merezi hona igotzea, baina ondorio orokor batzuk aipatuko ditut:
  • Haur gehienetan aurreko urtean idatzitakoa aurten ere sinatuko nukeela iruditu zait. Haurrak gutxi aldatu direla esan nahi du, ala ni aldez aurretik buruan eraiki nuen iritzia aldatzeko prest ez nagoela?
  • Aldatu diren haurrak hobera egin dute nabarmen. Haurretako batek, bereziki, aurreko urtean inhibizio sakona zuena eta mututze selektiboa, beste bat dirudi. Aldatu diren haurrengan gehien nabaritu dudana haien buruengan konfiantza areagotu dela izan da; horrek ekarri du haiek "loratzea". Gainera, hobekuntza garapenaren arlo guztietan barreiatu da: kognitiboa, soziala, fisikoa eta afektiboa.
  • Bi haur daude tutorea saiatu den arren hoberako aldaketa izan ez dutenak. Batek inkognita bat izaten jarraitzen du, ez baita erraza bere garapena zerk oztopatzen duen asmatzen, eta besteak munduarekin haserre jarraitzen du, eta horrek ez dio aurrera egiten uzten. Gogorra da tutorearentzat bi ikasturteren buruan haiekin asmatu ez duela onartzea.

Hizkuntzaren ebaluaziorako ariketa

Ahozko eta idatzizko hizkuntzaren ebaluazio-adierazle taula bat prestatu nuen tutorearen laguntzarekin, eta practicumean zehar betetzen joan naiz. Egia da otsailaren bukaeran practicuma hasi nuenetik hona haur gehienek idatzizko hizkuntza garapen nabarmena izan dutela, eta ebaluazioa epe luze samarrean egin dudanez, haur guztientzat ez dudala jaso ikasturtearen bukaerako egoera. Tutore lanak egitean, hori ekidin beharko litzateke, ebaluazio guztiak epe motzean eginda. Hala ere, helburua haurrak haien artean konparatzea ez denez, ez du garrantzi gehiegirik.

Hizkuntza idatziari dagokionean, hemezortzi haurretatik zortzi gai dira deskodetzeko, baina ez beti irakurritakoa ulertzeko, eta fase alfabetikoan daude idazketan (silabaren hizki guztiak edo ia guztiak idazten dituzte). Lau haur kontrako muturrean daude, hau da, idazketa eta irakurketaren hastapenetan; irakurtzean fonemak ahoskatu edo hizkiak esaten dituzte, eta idazketan hipotesi silabikoan daude. Beste sei haur tarteko bidean daude, garapenaren urrats diferenteetan. Hortaz, Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan zehar haur hauek behintzat hizkuntza idatziarekin harremanetan hasi dira, eta batzuk interes bizia dute horrekiko (beste batzuk, aldiz, batere ez).

Ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatziaren garapena haurretako batzuetan badirudi nahiko lotua doala; hau da, hizkuntza idatzian aurreratuta dauden haurretako batzuk ahozkoan ere aberatsak dira. Baina beste batzuetan oso nabarmena da ahozkoan trebeak direla, baina idatzizkoan ez, edo beste batzuetan nabarmena da plastika-hizkuntzaren garapen handia dagoela, eta idatzizkoarena ez dela horren parekoa. Hortaz, haur bakoitzak aurrera egiten du hizkuntzak bereganatzeko bidean, eta bide guztiak ez dira berdinak.

Honelako ebaluazioa interesgarria iruditu zait bost urteko gelako azken hilabetean edo egiteko, Lehen Hezkuntzara igarotzeko momentuan lagungarri izango delako haur bakoitzaren garapenaren inguruko informazioa. Hala ere, ez nioke garrantzi berezirik emango, eta beti izango nuke gogoan Haur Hezkuntzako etaparen helburua ez dela haurrek idazten eta irakurtzen jakitea, baizik eta idatzizko hizkuntzarekin lehen harremana izatea eta horrekin gozatzea, beste hizkuntza guztiekin bezala.

2014/06/04

Plastikako kutxa sentsorialaren jarduera ebaluatuta

Arte plastikoetako portfolioan jaso dut practicumean landutako jarduera honi buruzko informazioa (prozedura, emaitzak eta ebaluazioa). Horrekin, practicumean zehar arte plastikoen arloan landutako jarduerak bukatutzat eman ditut. Izugarri gozatu dut!

2014/06/03

Practicuma azterketen ondoren luzatzeari buruz

Azterketak maiatzaren 15ean bukatu nituen arren, oraindik ere practicumarekin nabil, eta oso maldan gora egiten ari zait. Normalean, ikasturtea bukatzean indarrak xahutu egiten zaizkit, eta aste pare batez lanetik etxera bueltatu eta edozein zokotan lo hartzen dudala ibiltzen naiz. Gero normaltasunera bueltatzen naiz. Orain nire gorputzak hori egin nahi luke, baina jardueretan pentsatzen jarraitu behar dut, horiek burutu eta ebaluatzeko.

Practicuma hasi aurretik unibertsitatean baimena eskatu nuen egonaldia lehenago hasteko, azterketak bukatzerako hura ere amaituta edukitzeko asmoz. Arrazoirik eman gabe ezezkoa erantzun zidaten (horrelakoa da unibertsitatea; eskaera egiten duenari mila paper exijitu eta erantzuten duen aldeak posta elektroniko batean lerro bat bidali baino ez du egingo), eta azken egun hauetan haiekin gogoratzen ari naiz, eta nola gainera!

Niri beharrezkoa den tentsioa mantentzea kostatzeaz gain, ikasturtearen bukaera oso garai txarra iruditzen zait praktiketan ibiltzeko. Izan ere, haurrak nekatuta daude eta tutorea lanez gainezka dago (gurasoekin bilerak, ebaluazio txostenak, amaierako emanaldia eta txangoa...). Ondorioz, ez da erraza nik burutu nahi ditudan jarduerak egiteko denbora ateratzea, eta batzuetan pixka bat bortxatzen ditudala iruditzen zait. Gainera, bukatzeko ditudan bi ariketa (nire autoebaluazioa eta hizkuntzari buruzko ebaluazioa) lehenago bukatu izan banitu nire tutorearentzat baliagarriak izan zitezkeen har bere ebaluazioa egiteko, baina berak bere txostenak duela aste batzuk itxi zituen. Badakit praktiketan dagoen ikasle baten ariketa batek ez diola ezertan lana erraztuko tutoreari, baina niretzat bazen pizgarri txiki bat agian nolabaiteko erabilgarritasuna izango zuela jakiteak. Eta orain niretzat besterik ez ditut bukatuko, zeren eta ikasturtea bukatzear dagoela tutoreari horrekin denbora kentzea alferrikakoa da.

Graduko azken practicuma nire gelakideek egingo duten epe berean egin ahal izatea espero dut, eta horretan ahaleginduko naiz, beraz.

Musikako jarduera gehiago burututa

Practicumeko azken egunak direla eta, "turboa" sartuta gabiltza, egoerak gehiegi laguntzen ez duen arren, ikasturtearen bukaera astuntxoa egiten ari baitzaie haurrei (eta irakasleei ere, eta niri, zer esanik ez!). Pasa den ostegunean, jolas ordutik bueltan hainbat abesti lantzen ibili ginen.

Haurrek hemendik bi astera egingo dute ikasturtearen amaierako emankizuna haien familia eta lagunen aurrean, eta buru belarri dabiltza entseguetan. Musikan eskolaz kanpoko jardueretarako duten irakaslearekin hiru abesti prestatzen ari dira: bata euskaraz (Josu Elberdinen "Kapitain, kapitain"; partitura hemen eskuragarri, euskaraz kantatutako bideo bat hemen, eta ingelesezko bertsio ederra 2011ko Europa Cantat Junior abesbatza gazteen jaialdian), bestea gaztelaniaz ("Los cacharros", hemen bideo batean ikus dezakezuena) eta beste bat ingelesez ("Scooby dooby", hona hemen letra, eta haurren abesbatza batek abestuta bideoan jasotako bertsio dibertigarrian aurkitu dudana).

Gelako haur guztiak eskolaz kanpoko musikako jardueretan aritzen ez direnez, tutorea saiatzen da emanaldian inor lekuz kanpo senti ez dadin gelan talde osoarekin abestiak lantzen. Hala ere, tutoreak eta biok ez genituen abestiak aldez aurretik ezagutzen (tira, "Scooby doo" behin gure aurrean abestu zuten eskolaz kanpoko musikako taldekoek, baina horrekin bakarrik ez nuen buruz ikasi). Hortaz, tutoreak eskatu zion haurretako bati gidari lanak egin zitzala, eta beste guztiak bi lerrotan jarri ginen hiru abestiak abestu eta mugimenduen bidez lantzeko. Denbora askotxo eraman zigun, musikako esaldi erdiak eta esaldiak zenbat aldiz errepikatu behar ziren eztabaidatzen zutelako haien artean ("bi, lau, bi da!" zioen batek, "ez, bi, bi, bi!", besteak), baina ondo pasa genuen.

Bukatzeko, "Txirukaka" abestia landu genuen, trena egiten biribilean jarrita. Lehendabizi abestia bakarrik landu genuen behin, eta erraza denez, bigarrengoan mugimenduarekin egin genuen. Gero cda jarri, eta hortxe bukatu genuen musika saio luzea, lehen eginda eta oin dezente zapalduta, baina gustura!

Musikako jardueren ebaluazioarekin aurrera

Joan den asteazkenean "Itsumandoka" abestiaren inguruko jarduera burutu genuen gelan, plastikarako proposatu behar genuen jarduera baten sarrera bezala. Goizaren bukaeran txokoetara abiatu aurretik, biribilean eserita geundela aprobetxatuz egin genuen. Arduraduna izan zen begiak estaltzen lehena, eta gero beste bi haurren txanda izan zen. Abestia motza eta raperoa da, eta haurrei gustatu zitzaien. Errima hirutan abesten genuen bitartean haurrak tokiz aldatu behar ziren, guztiek gogoan baitute non esertzen diren gelakideak. Ondoren, begiak estalita zituena lagun batengana joan eta nor zen asmatu behar zuen ukimena soilik erabilita. Dibertigarria izan zen, eta orokorrean neska bat egokitzen zitzaienean errazago asmatzen zuten, ileak eta buruko apaingarriek informazio asko ematen dutelako. Mutilen kasuan zailagoa egin zitzaien.

Ideia ona izan daiteke aste honetan izango dugun ikasturtearen bukaerako txangoan jolas hau proposatzea, baina agian zail samarra bihurtuko da, ikastetxeak dituen Haur Hezkuntzako bi egoitzetako bost urteko lau taldeak joango gelarako, eta haurrek ez dituzte beste egoitzako lagunak ezagutzen. Tira, elkar ezagutzeko modua ere izan daiteke.

2014/05/10

"Nire lagunaren txakurrak" abestiari buruzko jarduerarekin jarraitzen

Gorputz perkusioaren bitartez erritmoa lantzeko aproposa den abesti honen inguruko jardueraren beste saio bat egin dugu aste honetan. Aurreko saioan haur bat kexu izan zen, berak nola egin ez zekiela eta. Horregatik, bigarren saiorako pentsatu nuen tutorea eta biok biribilaren alderdi berean jarri beharrean, bata bestearen parean edo arituko ginela. Horrela, haurrek argiago izango zuten zein aldetara mugitu behar zituzten eskuak musikarekin batera. Gainera, aurrekoan kexatu ziren bi haurren ondoan jarri nintzen. Hasieran abestia gogoratu genuen, gorputz perkusiorik egin gabe, eta bigarren aldian abestu genuenean mugimenduarekin batera egin genuen, mantso. Ondoren, cda jarri eta aurrekoan bezala aritu ginen, erritmoa bizitzen zenean eskuekin zein belaun jo asmatzeko lanak genituela.

Aurrekoan baino hobeto atera zen, eta orduan kexu zen haurrari erabat ondo atera ez zitzaion arren, oraingoan gusturago ibili zen. Azken batean, praktikarekin ikasten dugu guztiok, eta ziur naiz gehiagotan errepikatuz gero hobetzen jarraituko dugula. Aurrekoan bezala, gero pixka bat kostatu zitzaigun baretzea, haurretako asko paperean erabat sartu eta musika eta mugimendua bizitu ondoren denbora pixka bat behar delako lasaitzeko, baina moldatu ginen.

Zuhaitz logikoak lantzen

Aste honetan eta aurrekoan aurretik prestatutako zuhaitz logikoak landu ditugu astelehen goizetan, matematikari ematen dizkiogun saioen barruan. Txokoetako taldeetan egin dugu jarduera, eta horrela izanda aukera eduki dut lehen saioetan izandako esperientziaren arabera bigarren saiorako aldaketak sartzeko. Practicumean zehar etekin handia ateratzen ari natzaie talde txikietan egindako jarduerei, zeren eta niretzat eramaten errazagoak dira eta haurren arreta nireganatzeko esfortzu txikiagoa egin behar dudanez (normalean), energia gehiago daukat jarduera bera nola garatzen ari den behatzeko. Gainera, jarduera talde desberdinekin errepikatzen denez, aldaketak sartu eta ebaluatzeko aukera daukat.

Lehenengo saioan haurrei egingo genuen jarduera azaldu nien zuhaitz logikoetako baten aurrean: bikoteka arituko ginela argizarizko margoak sailkatzen. Zuhaitz logiko horretako urrats guztiak taldean errepasatu genituen, bakoitzean eskatzen zitzaien atributuaren balioa argi eduki zezaten. Horren ondoren, beste bi zuhaitz logikoak prestatu nituen, eta hiru bikoteak lanean aritu ziren margoak sailkatzen. Bikote batek bere zuhaitza bukatutakoan zuhaitzeko aldagaien ordena aldatu nien berriro egin zezaten. Bestetik, konturatu nintzen haurretako gehienek zuhaitzaren dinamika oso ondo ulertu arren, baten batzuk ez zutela ulertu zuhaitz logikoek egitura dikotomikoa dutela, eta oso garrantzitsua dela abiapuntutik hasi eta urrats edo maila guztiak ematea, zuzenean azkeneko urratsera joan gabe.

Zuhaitz logiko guztiak bi koloretako margoen multzo batekin hasten ziren, hiruretan desberdinak zirenak. Ondorengo sailkapena atributu hauen arabera egiten zen: kolorea, margoek "Manley" dioen etiketa edukitzea ala ez, eta tamaina (zuhaitzean itsatsitako margo bat baino txikiagoa izatea ala ez). Zuhaitzetik zuhaitzera atributu horietako bakoitza agertzen zen urratsa desberdina zen.






Lehenengo saioan izandako esperientzian hobetu litezkeen gaiak ikusita, bigarren saiorako zuhaitzaren "bideak" argiago markatu nituen kartoi-mehe beltz batzuekin. Bestetik, zuhaitz bakoitzean aldaketak sartu beharrean, hiru bikoteak zuhaitzez zuhaitz joan ziren hirurak osatu arte.











Haurrek oso gustura landu dituzte zuhaitz logikoak. Logikako ariketa asko egin dituztenez, ez dute zailtasun berezirik izan zuhaitzak egiteko. Ideia ona iruditu zait bikoteka egitearena, baina egia da bikote gehienetan ez dutela elkarrekintza kooperatiboan lan egin, baizik eta bakoitzak kolore bat aukeratu eta zuhaitzaren zati hori egiten. Hala ere, elkarri lagundu diote askotan. Bestetik, jarduerak manipulatzea eta espazioan mugitzea eskatu duenez, mahaian eserita jarduerak egiteko arazo gehien dituzten haurrek eskertu dute eta estatikoagoak diren jarduerak egiten baino hobeto aritu dira. Ez da inolako liskarrik sortu bi saioetan, eta hori seinale ona izan da. Bi saioak bukatu ondoren burutu zitzaidan oso interesgarria izan zitekeela bikote bakoitzak bere zuhaitz logikoa bukatu ondoren margo guztiak zuhaitzaren bukaeran daudenean haiekin lantzea ea zein atributu duen bakoitzak, hau da, zuhaitzean gora kontrako norabidean ibilbidea eginda ikustea nolakoak diren orri bakoitzaren gaineko margoak ("tamaina hau baino txikiagoak, eta etiketarik gabekoak eta kolore horikoak", adibidez). Nik adibide bat eman ondoren, haietako bakoitzak beste bat hitzez adierazteko eskatuko nieke, baina horrek beste batean izan beharko du.

2014/05/04

Psikomotrizitate saioa unibertsitatean

Pasa den asteartean, arratsaldez unibertsitatera joan ginen gelako haurrekin, eta ondoko gelan dagoen nire ilobarekin, unibertsitateko psikomotrizitate gelan saio bat egitera. Unibertsitatetik sei lagun aritu ginen ordu t'erdiko saioa dinamizatzen, eta orokorrean oso ondo joan zen.

Haurrak gustura ibili ziren, bereziki alderdi motorra lantzeko prestatuta zegoen gelaren zatian, bertan haien eskolan ez dauden hainbat elementu eta aukera zituztelako. Sekulako izerditua hartu zuten, eta asko saltoka ibili ziren ia etengabe. Musikako tresnak ere nobedadea ziren haientzat psikomotrizitateko gelan, eta haiekin gozatu zuten batzuk.

Fase sentromotorraren ondoren materiala bildu genuen (batzuei pixka bat kostata, ez baitzuten jarduera eten nahi), eta ipuina adi entzun ondoren, marrazki batzuk bikoteka edo hirukoteka eginez eman genion amaiera saioari. Azken jarduera horretan sortu zen arratsaldeko liskar bakarra, horretarako erraztasuna edo joera duten bi haurren artean.

Saioaren ondoren haurrak eskolara eraman genituen bueltan berriro autobusean, eta ez nuen aukerarik izan tutorearekin balorazioa egin ahal izateko, unibertsitatean eskolak nituela eta segituan bueltan joan behar izan nintzelako. Hala ere, saioaren inguruan eta, bereziki, bukaeran gertatutakoaren inguruan gogoeta egin nuen hurrengo egunean.

Burura etorri zitzaidan lehendabiziko gauza Alvaro Beñaranen irakurgai batean jasotakoa da. Berak proposatzen digu psikomotrizitateko gelan gertatutakotik geure buruari "egotzi" diezaiokeguna identifikatzeko. Saioa orokorrean ondo joan zenez, pentsatu beharko dugu gehiena ondo egin genuela saioa dinamizatzen ibili ginenak. Materialaren prestaketa erakargarria izan zen (gu iritsi aurretik prestatu zuten unibertsitateko gelakideek), eta saioa dinamizatzen ibili ginenon jarrera egokia izan zen, irekia eta laguntzeko prest, haurrak gustura ibili zirela ikusita. Sarrera errituala ere ondo joan zen eta haurrek alai bota zuten pareta.

Saioaren bukaeran marrazkiak egiten ari zirela bi haur haserretu ziren, eta batak besteari ostikada gogorra eman zion bizkarrean (badirudi besteak ere zerbait egin ziola aurretik). Ezer ote egon zen helduok egin genuena, edo egin ez genuena, gertakari hori bultzatu zuena? Berez, iruditzen zait psikomotrizitateko saioaren helburua ez dela liskarrik ez sortzea, baizik eta liskarrak modu egokian konpontzen trebatzen joatea, ezer izatekotan. Bestetik, iruditzen zait printzipioz irakasleak ez duela pentsatu behar liskarrak bere "erruz" gertatzen direnik, baina hori horrela bada ere, gaiaren gainean gogoeta egitea ona dela uste dut.

Joan den astearteko saioan iruditu zitzaidan agerian geratu zela kate bat tentsioaren eraginpean jartzean, zatirik ahulenetik puskatu ohi dela, eta horixe zen gure taldean gertatu zena: tentsioa sortzen duten egoerekiko sentikorren diren gelako bi haurrek egin zuten gainezka. Eta helduon esku zeuden alderdietatik, zerk sortu ahal izan zuen tentsioa saioaren bukaeran? Niri hiru gauza datozkit burura:
  1. Fase sentsoriomotorra bukatutakoan ipuina kontatu eta marrazkiak egiteko bankuan eseri ginenean haurrak pixka bat nahastu ziren, ez baitzuten argi saioa bukatu ote zen ala ez. Haiek ez daude ohituta saioa Aucouturierren praktika psikomotorraren arabera burutzen, eta bankuan esertzen direnean saioa bukatu delako izaten da. Oso nabarmena izan zen nahasmen txikia, haurrak oinetakoak jartzen hasi zirelako. Nik azaldu nien lehendabizi ipuina entzungo genuela eta gero marrazki batzuk egingo genituela, baina momentu horretan argitu behar nuen ere marrazkiak bukatu ondoren jarriko genituela oinetakoak eta arropak saioa bukatu eta etxera joateko.
  2. Marrazkiak libreki aukeratutako bikoteetan egitea proposatu genien, eta nire ustez horrek ondoko arazoak sortu zituen:
    • Gelan bikotekide bezala inork nahi izaten ez dituen haurrak kanpo geratu ziren, gelakoa ez zen haurrarekin batera. Azken honek ez ninduen kezkatu, konformatzen erraza delako eta oso irekia, baina horrelakoetan nekez larritzen denetakoa izan arren, bera ere alde batera utzita sentitu zen beste haurrak bikotea aukeratzen ari zirela ikusita.
    • Haien portaera modu egokian kontrolatzen ez dutelako haurrek saihesten dituzten bi lagun batera aritu ziren, eskolara etorri berria den hirugarren batekin, liskarra pizteko boleto asko zituen hirukotea osatzen. Gertatu zena aurreikusten erraza zen, beraz.
  3. Azkenik, ez genuen haurren erritmoa errespetatu. Haur batzuk marrazkiak egiteko nahikoa denbora izan zuten, eta bukatu ahal izan zituzten, baina beste batzuk denbora gehiago behar zuten. Guk, denbora gehiago eman beharrean, erlojuari begiratu genion eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen, haurrei presa sartuz. Eta orduan sortu zen liskarra, marrazkia bukatu gabe eta egileen izena idatzi gabe zegoen hirukotean.
Ondorio bezala, esango nuke marrazkiak binaka egitearena bikoteak libreki aukeratu gabe proposatuko nukeela, egitekotan; edo libreki aukeratzekotan, aipatutakoak bezalako ondoriorik izango ez duela argi izango banu soilik. Eta bikoteka egiteko bakarka egiteko baino denbora gehiago emango nieke haurrei, konplexutasun handiagoa duelako ariketak. Denborari dagokionez, iruditzen zait eskarmenturik ez dugunoi asko kostatzen zaigula gure lehentasunen arabera zintzo jokatzea, eta erraz ematen dugula amore ordulariaren aurrean. Ez diogu beldurrik izan behar saioa bost minutu berandu bukatzeari, horrela eginda taldeko kide guztien erritmoa errespetatuko badugu; eta agian hobe dugu hasieran saioaren atalen artean denbora lasaitasun pixka bat gehiagorekin banatzea, horrelakorik ez gertatzeko.

Aste Santuko oporren bueltan lehen eguna

Gogoa nuen ikusteko bi astez oporretan egon ondoren tutoreak lehen eguna nola proposatzen zuen. Joan den astelehenean gauzak lasai hartu genituen, egunaren hasierako "kolektiba" deritzona luzatu genuen, hainbat haurrek oporretan egindakoa kontatu nahi zutelako, eta arduradunaren lanak arindu genituen. Bestetik, plastikako txokoan oporretan egindakoari buruzko marrazki bat egiteko proposatu zien tutoreak, eta marrazki horiek guztiak kortxoan jartzen joan ziren, bukatu ahala, goizean hitz egin ez zutenek egindakoa kontatzeko aukera izan zezaten.

Haurrak aztoratu samarrak zeuden, batzuk behintzat, eta horrelaxe jarraitu zuten asteartean ere, baina suposatzen dut egun pare bateko kontua izango dela.

Ideia ona iruditu zait oporretan egindakoaren inguruko marrazkia egitea, batzuk kontaketa egin ahal izateko euskarri horren beharra izango dute eta.

2014/04/23

Haurren jokabidearen inguruan

Practicum honetan zehar buelta asko eman dizkiot haurren jokabidearen gaiari eta irakasle bezala izan nahi nukeen heziketa-estiloari.

Lehenengo asteetan, gelako haurrek kasurik egiten ez zidatela eta kezkatuta nenbilen, batez ere nire burua haiek mehatxatzen eta zigortzen (zigor txikiak, baina zigorrak, azken batean) ikusi nuenean. Oso gogorra da norberaren ahotik esan nahi ez dituen gauzak ateratzen direla entzutea, egiteko beste modu batzuk burura etorri ez zaizkizulako.

Kezka horiekin joan nintzen graduko lehen mailan Hezkuntzaren Psikologiako gure irakaslea izan zenarengana, eta harekin izan nintzen solasean ordu pare batez. Berak emandako aholkuak aplikatu ditut, eta eskolan ere jaso ditut hainbat irizpide eta informazio-iturri. Orain, guztiak hemen laburbiltzen saiatuko naiz.

Ezer baino lehen, oso argi eduki behar da zein den norberaren helburua; zer lortu nahi dut? Horrekin batera, argi eduki norberaren gelan zer toleratuko den, eta zer ez; hau da, zeintzuk diren norberaren arauak.

Hasteko, oso garrantzitsua da behaketa sistematikoa eta zehatza egitea: zenbat eta nortzuk dira jokabide egokia duten haurrak? nortzuk dira jokabide desegokia dutenak? zergatik dute portaera desegokia?

Bestetik, oso garrantzitsua da autokontrola, norberaren emozio eta pentsamenduen kontzientzia eta kudeaketa. Horretan lagungarri izan daiteke semaforoaren estrategia: denbora tarte bat hartu egoera aztertu eta erabakitzeko egoera aurrera egiteko modukoa den (semaforo berdea), pentsatzeko denbora hartu behar den (semaforo horia), edo geratzeko beharra dagoen (semaforo gorria).

Halaber, norberaren buruari helburu zehatz eta neurrikoak jarri behar zaizkio epe motzera: zein da nire helburua gaurko? Batzuetan, talde osoarentzat helburu bat finkatu beharrean, haur zehatz batekiko edo gutxi batzuentzat plantea daiteke. Helburua erabaki ondoren, jarraituko den estrategia erabaki behar da, eta horri eutsi, amore eman gabe.

Asko laguntzen du helburuak eta arauak esplizitatzeak, berbalizatzeak. Maiz arauak ezaguntzat jotzen ditugu, baina haurrek ez dute araua zehazki betetzen, eta ez da posible ulertu ez dena betetzea. Arauak argi azaldu behar dira, eta haurren laguntza eskatu behar da horiek betetzeko. Helburuak haurrekin partekatzea ere oso lagungarria da, eta partekatu ondoren konfiantza eman behar zaio haurrari, helburua lor dezakeela badakigula esanez. Eta, berriz ere, helburu argiak.

Arauak eta helburuak positiboan proposatu behar dira ("isilik egon" esan beharrean, "adi egon" edo "entzun"; "korrikarik ez" esan beharrean "oinez poliki"). Hau da, haurrari zer egin behar duen azaldu behar zaio, eta ez zer ez duen egin behar.

Portaera egokiak saritu behar dira, horiei eman behar zaie arreta, eta maiz kontrakoa egiten dugu. Portaera desegokiei, aldiz, atentziorik ez diegu eskaini behar (arriskutsuak ez badira, behintzat). Horrela, talde osoari portaera egokien eredua eskainiko diogu, eta portaera desegokiak ez ditugu errefortzatuko.

Koherentzia eta konstantzia oso garrantzitsuak dira, eta horregatik da hain garrantzitsua helburuak argi edukitzea. Eta, azkenik, portaerako gaiak lantzeari lehentasuna ematen bazaio, horrekin koherentea izan behar da ere. Hau da, ez du balio portaera lantzeko helburuak norberaren buruari jarri eta ordutegiaren arabera arduradunak bere lanak bukatuta eduki beharko zituen garaia iritsi dela ikusita, portaeraren gaiak alde batera utzi eta "turboa" sartuta, nola edo hala lanak bukatzea. Erabaki beharra dago zeri emango zaion lehentasuna, eta portaerako gaiei ematen bazaie, edukiak bigarren mailan utzi beharko dira, eta hori ez da erraza suertatzen.

Haurren jokabidea aldatzeko edo kudeatzeko informazio-iturriei dagokienean, practicumean zehar eskolan tutoreek izan dituzten bileretan Berritzegunean gomendatuko liburu bat aztertu zen, Stephen Garber, Marianne Garber eta Robyn Spizmanen "Portarse bien. Soluciones prácticas para los problemas comunes de la infancia". Liburutegitik hartu dut, baina oraindik ez dut aukerarik izan irakurtzeko. Bestetik, aholkulariak prestatutako bilduma bat fotokopiatu dut, bost urteko bi geletako tutoreei eman ziena, portaera arazoak dituzten haurrak daudelako bi geletan. Bilduma horretako material asko Jesús Jarque García izeneko pedagogo eta psikologoak duen blogetik aterata daude. Egia esan, oso interesgarriak iruditu zaizkit, zehatzak eta praktikoak direlako. Iruditzen zait aipatutako liburuak eta Jesús Jarqueren materialak nahiko antzekoak direla; portaera zehatz batzuen aurrean zehazki zer egin argi azaltzen dutela, alegia. Azken asteetan aurkitu dudan beste informazio iturri interesgarri bat "Buenos tratos" deritzon bloga da; berez atxikimenduko arazoak dituzten haurren ingurukoa dena, bereziki adoptatutako haurrei buruzkoa, baina bertan bildutako gai asko eta asko edozein haurri aplikatzeko modukoak iruditzen zaizkit. Kasu honetan ere, modu ulerterrazean azaltzen dira kontzeptuak, baina oinarri tekniko sendo batetik abiatuta. Adibidez, oso zentzuzkoa iruditu zait zigorraren inguruan proposatzen duena.

Practicumean zehar estrategia batzuekin probak egin ditut, eta iruditu zait emaitza onak eman ditzaketela. Bestetik, egia da gelako haurrak kasu gehiago egiten joan direla asteak pasa ahala; hortaz, eboluzioa positiboa izan da. Bereziki interesgarria iruditu zait haur zehatz bati goiz horretarako helburu zehatz bat jartzea eta berari "jarraipen berezia" egingo diodala esatea; haurrek oso ondo erantzun dute horrelako proposamena egindakoan, eta beste haur batzuk ere nahi zuten nirekin "sekretutxoa" izan. Konplizitatea lantzeko aukera eman dit ere, eta aurrerantzean erabiltzeko modukoa iruditu zait.

Bost urteko haurrak direnez, batzuetan arauen zergatia azaldu diet ere, eta iruditu zait horrek lagundu duela nirekiko errespetu giroa sortzen edo. Hau da, nire sentsazioa da haurrek uste dutela "zentzuduna" naizela, eta maiz iruditu zait arau baten zergatia azaldu ondoren hura betetzeko joera areagotu dela haiengan. Badakit Haur Hezkuntzako etapako haurrekin ekintza askoz ere gomendagarriagoa dela azalpena baino, baina iruditu zait bost urterekin gai direla hainbat arauren inguruan azalpenak ulertzeko, eta horien inguruan eztabaidatzeko ere, batez ere araua ez betetzeak ekar ditzakeen ondorio negatiboen inguruan (adibidez, pasabideak korrika joatearen ondorioz irrist egin eta min hartzea, eta horrelakoak).

Badakit aurrerantzean gehiago sakondu nahiko dudala gaiaren inguruan, baina behintzat pozik geratu naiz barruan kezka sortu eta hura arintzeko ahaleginak egin ditudalako, eta gustukoa ez nuen bide batean nire burua ikustean beste zerbait egiten saiatu naizelako. Gai hauei buruz gogoeta egiteak nire buruari buruz ikasteko beta eman dit ere, eta adibidez konturatu naiz ez naizela batere pertsona aproposa zigorra erabiltzeko, zeren eta erabili dudan batzuetan aplikatzea ahaztu zait. Adibidez, egun batean haur bat biribilean geundenean "gaizki portatu" zenez txokoetara joan aurretik minutu batzuez bertan eserita egon behar zuela esan nion, eta eskerrak bera gogoratu zen, zeren eta nik txokoetara joaterako ahaztuta nuen! Suposatzen dut ahazte horren atzean arrazoiren bat izango dela; agian benetan ez zitzaidan iruditu zigortzeko moduko zerbait, edo zigor hori ez zitzaidan batere eraginkorra iruditu, edo zigorrak ez ditut gustuko, edo guztia batera ... Baina gauza da oso inportantea dela irakasle bezala nola jardungo zaren aldez aurretik ondo pentsatzea, horretan inprobisatzeak normalean emaitza nahiko kaskarrak eman ohi dituelako.

2014/04/21

Marrazki librearen ordezkoak

Orokorrean eskoletan marrazki librea arte plastikoak lantzeko gehiegitan erabiltzen dela esan zaigu graduan zehar. Okerrago dena, gehienetan marrazki librea zer landu ez dakigunean agintzen omen dugu eskoletan.

Horregatik, interesgarria iruditu zait marrazki librea ez diren ariketak probatzea practicumean zehar, baina irakaslearen aldetik txoko horretan gidaritza gehiegi eman gabe egin daitezkeenak, bestela ezingo baitira marrazki librearen ordezko gisa erabili. Arte plastikoetako portfolioan jaso ditut egindako saiakerak.

Zuhaitz logikoak margoak antolatzeko

Practicumean zehar gogoeta egin dut eguneroko jardunak eskaintzen dituen aukerak probestuz irakasleak landu nahi dituen edukiak txertatzeari buruz. Haur Hezkuntzako gelan gutxitan burutzen dira jarduerak irakasleak pentsatutako moduan; beti sortzen dira ezustekoak eta etenak. Irakasle arrakastatsuak badaki "desbideraketa" horiek aprobetxatzen landu nahi dituen edukiak mahai gainean jartzeko. Nik bezala esperientziarik ez duen norbaitentzat oso zaila da hori egitea, burua nahikoa lanpeturik dudalako gelan egiten ari garena kontrolatzen, baina suposatzen dut saiatuz eta eginez ikasiko dudala.

Jarduera honek nahi horrekin du zerikusia. Gure gelan argizariak kolorearen arabera sailkatuta gordetzen dira kaxa txikietan.Tutoreak esan zidan haurrek maiz argizariak nahastu egiten dituztela, eta aldian behin horiek berriro sailkatu eta gordetzen jartzen dituela. Orduan aprobetxatzen dute txikiegiak diren argizari puskak botatzeko, margotzeko baliagarriak ez badira kaxetan edukitzeak zentzurik ez duelako. Hori guztia gogoan izanda, pentsatu dut ona litzatekeela margoak sailkatu eta gordetzen dituzten bitartean matematika lantzeko jarduera bat prestatzea, logika lantzeko, hain zuzen ere. Orain arte gelan zuhaitz logikoen erabilera ikusteko aukerarik izan ez dudanez, zuhaitz logiko bat prestatuko dut, oporren ondoren irakasle laguntzailea datorrenean lantzeko asmoz, baina gerorako erabilgarria izango delakoan.

Orri batzuetan laukitxoak prestatu ditut, zuhaitzaren urrats bakoitzean bete beharreko baldintzari buruzkoak, eta eskolara bueltatzen naizen egunean prestatuko dut materiala. Argizariak kolorearen arabera, "Manley" dioen etiketa dutenaren arabera eta tamainaren arabera sailkatuko dituzte. Irakasle laguntzailea etortzen denean haurrak txokoetako talde beretan banatzen direnez, talde bakoitzean sei haur egoten direla kontuan izanda, bikotetan aritzeko diseinatu dut ariketa. Horrela, erdian margoak nahastuta dituen kaxa handia jarrita, bikote bakoitzak zuhaitz logiko bat jarraituko du, bi koloretako margoak hartuta.

Psikomotrizitateko saioa unibertsitatean: prestaketa

Psikomotrizitatearen inguruan practicumean egingo dudan proposamen nagusia unibertsitatean saio bat burutzea izango da. Psikomotrizitateko irakasleak graduko laugarren mailan ikasleei proposatzen die Practicum IIIko haurren gela unibertsitatean prestatutako psikomotrizitateko gelara ekartzeko, bertan saio bat burutzeko. Nik datorren urtean seguruenik minor hori hartuko ez dudanez, irakasleari proposatu nion aurten egitea, eta onartu zidan.

Apirilaren 29an burutuko dugu saioa, eta practicumeko lehen egunean proposatu nion eskolako tutoreari, pentsatu nuelako antolaketak luze jo zezakeela. Eskolan zuzendaritzari proposatu zion tutoreak, eta haien oniritzia jasota, unibertsitatera joateko autobusa antolatu du. Eskolako autobusa jartzeko adina haur ez direnez, hiriko autobus publikoan joango gara, eta tutoreak txartel bereziak atera ditu horretarako.

Bestetik, unibertsitatean psikomotrizitateko irakasleak musikakoarekin aldatu ditu eskolak, gure saioa 15.00etan hasi ahal izateko. Aurreko astean berarekin izan nintzenean esan zidan gela aldez aurretik prest egingo dela, horma eginda eta guzti. Eskatu zidan ere nire gelakideen artean hiruzpalau boluntario eskatzeko saioa dinamizatzen parte hartzeko, eta horrela egin dut. Jada lauk eman dute izena, eta taldea osatuta daukagu.

Saioa burutu ondoren materiala haurrekin jasoko dugunez, ondoren ez dugu ezer egin beharko. Saioaren aurreko egunean gure unibertsitateko irakaslearekin geratzen saiatuko gara, materialaren inguruko informazioa biltzeko, eta hark eman beharreko oharrak jasotzeko. Eta horrekin arratsalde interesgarria igarotzeko prestaketak bukatuta egongo dira.

2014/04/13

Collagearen jarduera azalduta

Igo dut arte plastikoen portfolioko webgunera azken asteetan burututako jardueraren azalpena eta irudiak.

Musikako jardueren balorazioa

Musikaren inguruan burutu nahi ditudan jarduerak bildu nituen hemen, eta jada hasiak gara batzuk egiten. Zehazki, "Kanika txiki bat" abestiaren ingurukoa hirutan landu dugu gelan, eta haurrek oso gustukoa dute. Baten batek ez du parte hartzen, agian haien motrizitate finarenganako segurtasun faltagatik, baina nik uste dut jolasten jarraituz gero, guztiek bukatuko dutela pozik egiten. Nik ere ondo pasatu dut eritu garenetan, baina oraindik gehiago landu nahi dut abestia bera, oihartzunean eginda guztiek ondo ikasteko, eta abesten dugun bitartean abestiarekin batera eskuen mugimendua koordinatzeko.

Papera zimurtzeko ariketa ere egin genuen, talde txikietan, eta oso ondo atera zen. Tutorearen gomendioa jarraituta, zetazko papera erabili genuen, eta oso ideia ona izan zen. Eskuarekin papera zimurtzeko erritmo mantsoa marka nezala gomendatu zidan, eta "Sagu txiki" kantatzen jarri ginen, abestiarekin batera leunki papera zimur zezaten. Batzuk denbora pixka bat gehiago behar zuten paper guztia zimurtzeko (DIN A3 tamainakoak edo egin nituen zatiak, zetazko papera erraz zimurtzen delako), baina horrek ez du inolako garrantzirik. Bestetik, konturatu nintzen batzuentzat zaila zela esku bakarra erabiltzea bestea mahai gainean bazuten, eta eskatu nien erabiliko ez zuten eskua bizkar atzean jartzeko.

Papera zimurtzeko ariketaren jarraian hiru objektu txikiak bota eta hartzeko ariketa egin genuen. Tutoreak gomendatu zidan margo handi samarrak erabiltzeko, oso txikiak baziren gehiago kostako zitzaielako, eta hala egin nuen. Plastidecor lodiak erabili genituen, luzera desberdinetakoak, hori bai. Esku txikiena duen haur batek zailtasun pixka bat gehiago izan zuen, baina horrekin ere ondo moldatu ziren. Iruditu zait ariketa inoiz errepikatuko bagenu, margo lodiak eta finak nahastuko nizkiekeela, ariketa pixka bat zailtzeko.

Azkenik, ostirala oporren aurreko azken eguna izanda, gauza bereziak egin genituenez (goizean bost urteko bi taldeek hamaiketakoa batera egin zuten, eta arduradunek ekarritako fruta eta bizkotxoaz gain tutoreak olibak eta patatak ekarri zituen ere), "Nire lagunaren txakurrak" abestiarekin aritu ginen. Lehendabizi mugimenduak ikasten ibili ginen, eta horrekin nahiko lan izan zuten, bereziki tutorearen eta nire beste aldean jarrita zeudenek, gu parean ikusita kosta egiten zitzaielako eskuak nora mugitu behar zituzten asmatzea. Agian beste baterako ideia ona izango da tutorea eta biok zirkuluaren bi alde desberdinetan jartzea, eredua hobeto erakusteko. Mugimendua ikasita genuela, abestiarekin batera egin genuen. Gero cda jarrita egin genuen, eta bukaeran berriro bueltatu ginen abestira, oraingoan mugimendurik gabe. Haur pare batek negarrez bukatu zuten; batek nola egin ikastea lortu ez zuenez parte hartu ez zuelako, eta besteak bere ondokoak erritmoa bizkortzean azkarrago egin beharrean (edo horrekin batera) fuerteago jotzen ziolako belaunean. Beste guztiek oso ondo pasa zuten, baina gero pixka batean kosta zen taldea lasaitzea. Azken hori gogoan izan behar den zerbait da, honelako jarduerekin taldea pixka bat "desmadratzen" delako. Badakit "Txirukaka" lantzen dugunean oraindik ere eroagoa izango dela amaiera, baina bere onetik atera behar dira ere haurrak noizean behin, ezta? Gero adrenalina maila jaistea lortzen dugun bitartean, noski.

Nire burua ondo ikusi dut jarduera hauek lantzen. Azken aste hauetan oso lasai eta gustura nabil gelan, hasierako nerbioak gainditu ondoren, eta erabat eroso sentitu naiz.

Antzerkira eta parkera; errutinak

Joan den ostegunean egun berezia izan zen: goizean goiz auzoko kultur etxera abiatu ginen "On egin" antzerkia ikustera, eta ondoren parke handi batean egin genuen hamaiketakoa eta jolas ordua. Eguraldi ona izan genuenez, oinez abiatu ginen bost urteko bi gelak. Haurrak bikoteka joan ziren, beste gelako batekin, datorren ikasturteari begira Lehen Mailan taldeak nahasten dituztenerako elkar ezagutzen jarrai dezaten.

Antzerkia ez zegoen zehazki Haur Hezkuntzako haurrei zuzendua, baina desegokia ere ez zen, eta pasarte batzuk ulertu ez zituzten arren, gustura egon ziren. Batzuei ordu beteko emanaldia luzeegi suertatu zitzaien, baina normala da.

Ondoren bi taldeak parkera joan ginen, eta hantxe aritu ziren, haurrentzako jolasetan eta, bereziki, zuhaitz eta zuhaixken artean, makilak biltzen, txirbilekin eraikuntzak egiten, zuhaitzetara igotzen... Azken batean, haurren gauzak egiten. Beste gelako tutoreak hesiz inguratutako haurrentzako jolasen eremuan bakarrik ibiltzen utzi nahi zien, baina niri pena ematen zidan. Izan ere, eskolako jolastokia erabat gogorra da, eta haur hauek ez dute ia naturala den ezer manipulatzen. Hortxe ibili ohi dira, jolas tokia mugatzen duen elizaren hareharrizko paretatik harea ateratzen eta bertan zomorroak bilatzen. Eskerrak gure gelako tutoreak ere pixka bat gehiago esperimentatzen utzi nahi ziela, eta muga batzuk jarrita, haien jolaserako eremua zabaldu genuen.

Gure gelako haur bat parkean geundela inguratu egin zitzaidan, gelara noiz joango ote ginen galdetzera, hark lanak egin gabe zituela, eta gelara joan nahi zuela esanez. Egun hartako arduraduna zen, eta sobra ere kezkatuta zegoen bere txanda "alferrik galtzen" ari zela ikusita. Bizpahirutan etorri zitzaidan kontuarekin, gaixoa. Horietako batean kexati zebilela, beste haur bat gerturatu zen, hura ere gelara noiz joango ginen galdetuz, bazkaltzeko gogoa zuelako.

Gertakizun horrek ere galderak sortu dizkit buruan. Nola ote da posible haur batek nahiago izatea gelako lau pareten artean egotea parkean lagunekin nahi duena egiten egotea baino? Zergatik kosta egiten zaie haur batzuei "nahi dutena egitea"? Arduraduna hogei egunean behin soilik izatea zertarako da lagungarri, eta zertarako oztopo?

Gelara bueltatu eta bazkal ondoan arratsaldeko saioa hasi genuenean ere gaixoak goizeko lanak egin nahi zituen, eta eskatu zidan behintzat "lanetako" bat egiten uzteko. Egun hartan arduradunak lan bat bera ere egin ez zuenez, esan nien tutoreak eta biok erabaki genuela hurrengo egunean haur bera izango zela arduradun, eta orduan egingo zituela bere lanak, baina egun hartan arduradunari festa emango geniola, eta ez genuela lan bat bera ere egingo.

Egia da haur horrena kasu pixka bat berezia dela: joan den ikasturtean praktikak egiten aritu nintzenean mututze selektiboa zuen (selektiboa baino, orokorra zela esango nuke nik, praktika aldi osoan dozena erdi bat hitz baino gutxiago igarri nizkion eta, sekula ez gela arruntean) eta orain asko ireki denez, badirudi galdutako denbora guztia berreskuratu nahi duela. Bestetik, ongi egingo duela seguru dakien hura egin nahi du bakarrik, eta oso behatzaile ona denez, honez gero ondo ikasiak ditu arduradunaren betebeharrak; ondorioz, gelaren aurrean zerbait egiteko egoera egokia eskaintzen dio arduradun izateak. Sormen mugatua du maiz. Adibidez, behin batean eskatu nien "Vaya rabieta" ipuina irakurri ondoren haien burua haserre zegoenean marraz zezatela, bakoitzak haserretzen zenean egin ohi zuena egiten. Banekien haur horrek ez zuela horrelakorik marraztu nahi izango.Izan ere, haur gehienei kosta egin zitzaien onartzea haiek haserretu egiten zirela. Bizpahiru animatu ziren egiten zutena kontatzera, eta ondoren beste batzuk ere hasi ziren esaten plateren bat bota zutela inoiz, eta horrelakoak. Haur honi esan nion bere burua marraztu beharrean, nahiago bazuen marraz zezala ipuinaren protagonista, eta esan zidan berak ez zekiela nola marraztu mutiko bat. Nik nola egin behar zuen esateko eskatzen zidan, eta hortxe egon behar izan nuen laguntzen (ea, burutik hasiko al gara? nolakoa da burua? biribila? bada, marraz ezazu zirkulu bat, eta begirik ba al du mutikoak?...).

Berea kasu berezia bada ere, iruditzen zait gelako haurrak orokorrean ez direla bereziki sortzaileak. Ostiral arratsaldetan txoko libreak egiten ditugunean konturatu nintzen haur gehienek plastikako txokoan edo eraiketa txokoan aritu nahi izaten dutela, eta liburu eta puzzle txokoa nahiko hutsik geratzen dela. Pentsatu nuen Gianni Rodariren ariketaren bat proposatuko niela, haiek ausaz aukeratutako bi objekturen izenekin ipuin bat guztion artean asmatzekoa, adibidez. Goiz batean txoko horretan ari ziren haur batzuekin denbora libre pixka bat geratu zitzaidanez, haiekin probatxo bat egingo nuela pentsatu nuen. Jolasa azaldu nien, eta batek esan zidan berak ez zuela horretan ari nahi, baina besteak baietz esan zuen. Ileko kako urdina eta planeta aukeratu genituen gure ipuina egiteko. Gauza da berari ez zitzaiola ezer bururatzen; nahi zuen, baina ez zen ausartzen buruko kakoarekin eta planetarekin berak nahi zuena egiten. Jolasean oso gustura ibili ez zela iruditu zitzaidan, baina beste egun batean berriro eskatu zidan jolas hartan ibiltzea, eta harrituta geratu nintzen (zoritxarrez, momentu hartan ez genuen denborarik izan jolasean aritzeko).

Sormena bultzatzeko iruditzen zait, hasteko, komeni dela erantzun bakarra ez duten ariketak proposatzea gelan. Arduradunaren lanen artean matematikaren arloko fitxa bat jarri ohi dugu, logikakoa, hain zuzen ere. Aste honetan segida txikiekin aritu gara, segidaren oinarrizko unitatea bila dezatela eskatuz, hain zuzen ere. Fitxan dutenaz gain beste batzuk asmatu dizkiet boteprontoan, baina beti adierazi diet emaitza zuzen bakarra zutela, eta iruditu zait gaizki aritu naizela. Oporren ondorako emaitza zuzen bat baino gehiago egon daitezkeela agerian jarriko diet. Adibidez:

abbdabbdabbdabbd

Emaitza "abbd" izan liteke, baina baita ere "abbdabbd" ere, ezta? Edo:



Non oinarrizko unitateak desberdinak izango diren tamainari begiratzen badiogu (handia-txikia izango da), koloreari begiratzen badiogu (urdina-gorria-horia), edo formei begiratzen badiegu (zirkulua-karratua-hirukia-hirukia-karratua-zirkulua). Berez, azken hau da bitan errepikatuko den unitatea aldagai guztiak kontuan izanda, baina nork dio aldagai guztiak kontuan izan behar ditugula?